Albiste eta informazio interesgarriak        2023ko uztailak 8 

Interesgarritzat jotzen ditugulako banatzen ditugu pentsiodunen mugimenduko berri hauek

1.- Europako Herrietako Pentsiodunen Lehen Topaketa egiteko data aldaketa. 

Asteazkenean Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez plazaratutako oharraren bidez, Europako Herrien Pentsiodunen Lehen Topaketa egiteko data aldaketaren berri eman zuen. Bertan jasotzen da:

Idazki honen bidez, EHPM-MPEHk jakinarazten dizuegu, deialdia egin duten pentsiodunen gainerako plataforma eta mugimenduekin bat etorriz, uztailaren 20an eta 21ean Bilbon egiteko zen Europako Herrietako Pentsiodunen Lehenengo Topaketaren data aldatzea erabaki dugula. 

Gonbidatuak izan diren hainbat erakundek topaketara joateko interesa agertu dute, baina ezinezkoa zaie egun horietan bertaratuko direla ziurtatzea. Hori dela eta, topaketa datorren udazkenean egitea erabaki dugu, zehaztu beharreko datan. 

Barkamena eskatzen diegu bertaratuko zirela baieztatu zutenei, erabaki horrek sor diezazkiekeen eragozpenengatik, baina, zalantzarik gabe, gurekin partekatuko dute parte hartzeko interesa agertu duten erakunde guztien ahalik eta gehien bertaratuko direla bermatzea komeni dela. 

Aukeratutako data guztiontzat egokiena izan dadin lan egingo dugu, eta topaketa hori Europako Herri guztiek pentsio publiko, duin eta beharbestekoen aldeko dinamika partekatu bat egituratzeko baliagarria izateak poztuko gaitu. Ildo horretan egingo ditugun urratsen berri emango dizuegu, eta datorren udazkenean elkartuko gara. 

Oharrean, EHPM-MPEHren logoa eta topaketa deitu duten Estatuko gainerako Herrietako pentsiodunen plataforma eta mugimendu guztien logoak agertzen dira.


Inork ez du zalantzarik Europa mailako pentsiodunen horrelako topaketak duen garrantziaz eta interesaz, bereziki pentsio-sistema publikoak murrizteko politika orokor bat agerian dagoenean, eta baita murrizketa horiek geldiaraziko dituzten eta mundu guztiarentzat pentsio publiko eta duinak bermatuko dituzten ekimenak bultzatu eta koordinatu beharraz ere.

2.- Benetako zerga-zordun handi batzuk

Duela egun batzuk, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Foru Ogasunek dagozkien zerga-zordun handien zerrendak ezagutzera eman dituzte. Aipatzekoak dira, besteak beste, Jabyer Fernandez enpresari bizkaitarra eta 200 milioi euro inguru zor dituen enpresa multzoa. Era berean, Gipuzkoako Lagilur eraikuntza-enpresak 80,2 milioi euro zor ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) zordun handiek 1.058 milioi euro zor zizkieten Foru Ogasunei 2022ko abenduaren 31n. Horietatik 607 milioi euro Bizkaiari dagozkio, 319 Gipuzkoari eta 132 Arabari. Eta guztira 472 zergaduni dagokie.

Azpimarratu nahi dugu zordun handietako batzuk direla, ez baitaude denak kontrolatuta eta identifikatuta, eta, gainera, Bizkaian eta Gipuzkoan 600.000 euro baino gehiago, eta Araban 1.000.000 euro baino gehiago, zor dituztenak bakarrik daude zenbatuta.

Nafarroan baterako zorra 307 milioi eurokoa da eta pertsona fisiko edo juridiko zordunak 643 dira. Kopuru hori, termino erlatiboetan, EAEko zordunena baino askoz handiagoa da, baina hori horrela da Nafarroan 120.000 euro baino gehiago zor duten pertsona zordun guztiak zenbatuta daudelako. Hau da, EAEko Foru Ogasunetan irizpide berari jarraituko balitzaio, zordunen kopurua askoz handiagoa izango litzateke, baita zor metatu guztia ere.

Estatuko gainerakoan ere, Zerga Agentziak 600.000 euro baino gehiago zor dituzten zordunen zerrenda argitaratu du. Zerrenda horretan 6.076 zergadun daude eta 15.212 milioi euro zor dituzte.

Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Foru Ogasunek oso modu serioan kontrolatzen dituzte besteren konturako langile guztien eta pentsiodunen diru-sarrerak eta PFEZ aitorpenak. Eta dagokiona ordaintzen ez bada, berehala hipotekatzen edo exekutatzen dute zorra. Ez da horrela gertatzen enpresaburu askorekin. Beraiek mila trikimailu erabiltzen dituzte dagokiena ez ordaintzeko, edo, besterik gabe, zorrak ez dituzte ordaintzen edota ordainketa mugarik gabe luzatzen dute. Eta Ogasunek beste alde batera begiratzen dute edo ez dute jarduten langileekin eta pentsiodunekin duten erabakitasun eta bizkortasun berarekin.

Foru Ogasunek, bai EAEn, bai Nafarroan, bai eta Estatuko Zerga Agentziak ere, irmo jokatu behar dute zordun horiekin, enpresaburuek, bankariek eta multinazionalek egindako zerga-iruzurraren kontra jotzeko, eta zerga-erreforma bati ekin behar diote, gehien dutenek gehiago ordain dezaten. Horrek aukera emango luke zergen bidezko diru-sarrera dezente handiagoak izateko eta diru-sarrera horiek, diru-sarrera eta irabazi handiak dituztenen eta gizartearen gehiengoaren arteko desberdintasun gero eta handiagoaren ondorioz, egunetik egunera zabaltzen ari diren gizarte-premia askotara bideratzeko.

3.- Osakidetzak anbulatorioak ez ezik, ospitale-oheak eta ebakuntza-gelak ere murriztu eta itxiko ditu uda honetan

Duela aste batzuk salatu genuen Osakidetzak, EAEko 342 osasun-zentroen arteko 136 zentroen zerbitzuak murriztea planifikatu duela, hau da, guztizkoaren % 40 inguru, baita zentro batzuk ixtea ere, batez ere, kontsultategiak. Ehuneko hori are handiagoa da Bizkaian, bertan dauden 171 osasun-zentroetako 89tan (% 52) murrizketak ezarriko baitira.

Anbulatorioetan eta kontsultategietan egindako murrizketekin batera, Osakidetzak iragarri du 800 ospitale-ohe itxiko direla egunotan, dauden ohe guztien %17. Era berean, ebakuntza-gela asko, adibidez, Gurutzetako (Barakaldo) Ospitaleko 33 geletatik 11 edo Basurtuko (Bilbo) Ospitaleko 21 geletatik laurden bat itxiko dira. Bestalde, Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak onartu du kirurgiako itxaron-zerrenda, batez beste, 68 egunekoa dela eta pandemia baino lehen 48 egunekoa zela, hau da, 20 egun gutxiagokoa.

Osasun Sailburua eta Lakuako Gobernua behin eta berriz saiatzen dira neurri horiek justifikatzen udako eskaerak behera egiten duela eta profesionalei oporrak eman behar dizkietela, eta, beraz, jendeari arreta emateko askoz gutxiago dagoela argudiatuz. Osasun-profesionalei dagozkien atsedenaldiak guztiz zuzenak eta beharrezkoak dira. Baina ez dezatela hainbeste gezurrik esan eskaeraren murrizketa dela eta.

Hainbat medikuk eta erizainek adierazi dute eskaera ez dela hainbeste jaisten, Gotzone Sagarduik adierazi bezala. Nabarmendu dutenez, “gure adineko askok, gaixo kritikoak dituen kolektiboak, ez du oporretara joaten, eta haiek dira osasun-zerbitzuak gehien erabiltzen dituztenak”. Gaineratu duenez, “jarraipena egiten ez bazaie edo arreta ematen ez bazaie anbulatorioetan profesionalik ez dagoelako, larrialdietan amaitzen dute horrek dakarren ondorio guztiekin”.

Gotzone Sagarduik eta Lakuako (Gasteiz) Gobernuak itsu eta gor jarraitzen dute, eta nagusikeriaz hitz egiten dute, errealitatea aitortzeari eta Osakidetzaren hondatzea geldiarazteko neurriak hartzeari uko eginez. Ahalik eta protesta eta mobilizazio bateratuenak eta irmoenak bultzatu beharko dira berriro, jarrera aldatzera behartzeko.

4.- Osakidetzako garbiketako langile azpikontratatuek gatazka konpontzeko aurreakordioa blokeatu dutela salatu dute

Sektoreko gehiengo sindikalak (LAB, UGT, CCOO eta ESK), astelehenean, Gurutzetako Ospitalearen atarian egindako prentsa-agerraldian, ehun bat langilek lagunduta, Osakidetzak bertako gatazka konpontzeko akordioa oztopatzen ari dela salatu zuen.

Garbiketa-kontratetako emakumezko langileen kolektibo horrek ehun bat egun daramatza gatazkan. Joan den astean amaiera bat izan zezakeela zirudien, ekainaren 26an enpresek eta gehiengo sindikalak Enplegu eta Lan Sailburuordetzaren bitartekaritzaren bidez lortutako aurreakordioaren ondoren. Baina enpresen eta langileen ordezkarien artean hitzartutakoa egia izan dadin, beharrezkoa da Gotzone Sagarduik zuzentzen duen Sailaren bermea, azpikontratek eta Lakuako gobernuak akordioaren ondorio ekonomikoei nola aurre egin adostu behar baitute.

Aurreakordioak honako hau jasotzen du: “Osakidetzako langileekiko homologazio-printzipioa mantentzea. 2021, 2022 eta 2023 deialdietako karrera profesionala aintzatestea. Txanda-kontratuari lotutako erretiro aurreratua. Lanpostu hutsen sistema zabalagoa. Baimenak eta lizentziak zabaltzea, Osakidetzako langileei aitortuetara egokitzeko”.

Ulertezina da Enplegu eta Lan Sailburuordetzaren bitartekaritzaren bidez egindako aurreakordio bat Gotzone Sagarduiren Sailak blokeatzea. Nolabaiteko sen ona espero daiteke Osasun Sailburuaren aldetik; dirudienez, akordioa “aztertzen” ari dira. Baina atzo ostiralerako ez bazen akordioa errespetatzen eta aurrez adostukoa onartzen, langileek elkarretaratzea egingo zuten 11:00etan Sabin Etxearen (EAJren Bilboko egoitza nazionala) aurrean.

5.- EHPMko 1.500 kide baino gehiago Tourreko bidean, beren peto, zapi eta banderekin 

Tourraren hiru etapak igaro zituzten bai EAEko hiru hiriburuetan, bai Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako herri askotan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko (EHPM) kide taldeak agertu ziren, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzen duten beren peto, zapi, banderola eta pankartekin. Beste ekimen bat gehiago izan zen, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta pentsiodunen beste aldarrikapen batzuk berehala onartu eta aplikatu behar diren eskaerak ikusarazteko eta ahalik eta jende gehienari helarazteko.

6.- Gizarte Ekimena Nafarroan ORAIN ETA HEMEN 1.080 

Nafarroako Pentsiodunen Mugimenduak uste du 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren aldarrikapenak, zenbateko horretatik beherako pentsioak dituzten egungo pentsiodunentzat ez ezik, eskaera horrekin sentsibilizatuta dagoen eta defendatzeko prest dagoen gizarteko sektore zabal batentzat, batez ere emakumeentzat baduela interesa. Hori dela eta, ekainaren 21ean hainbat erakunde sindikal eta sozialekin bildu zen, eskaera hori bultzatu eta defendatuko duen ekimen sozial, bateratu eta zabal bat abian jartzeko prest dagoela jakiteko.

Ekimenaren proposamenari harrera ona egin zioten beren erakundeen ordezkari izan ziren pertsona guztiek, eta uztailaren 4an bigarren bilera bat egin zuten. Bertan, parte hartzeko erabakia berresteaz gain, aurrera egin dute eta irailera begira eman beharreko urratsak zehaztu dituzte, funtzionatzeko modua eta garatu beharreko jarduera ezarriz, indarrarekin hasteko. Errebindikazio horren alde mobilizatzeko giro ona eta prestasuna ikusten da.

Orain itxaron egin behar da Nafarroako Gobernu berria onartu eta berehala 2024rako aurrekontuak prestatzen hasteko. Uste da Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuak badituztela behar adina eskumen legalak, juridikoak eta ekonomikoak, eta hurrengo aurrekontuetan partida ekonomiko zehatz bat bideratu behar dela gutxieneko pentsioak osatzeko 1.080 eurotan, 14 ordainsaritan.

Interes handiko ekimena da, zalantzarik gabe; izan ere, Nafarroako pentsiodunen mugimenduaren berezko mobilizazioek ezinbestekoak izaten jarraitzen badute ere, eta aldarrikapen horren funtsezko sostengua eta babesa, ahalik eta gizarte zabalena lortzea, horrelako ekimen bateratuen eta zabalen bidez, funtsezkoa da hurrengo parlamentuak eta Nafarroako Gobernuak 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren osagarri hori aitortu eta aplikatzea onar dezaten.

7.- Pentsiodunen manifestazioa Iruñean, uztailaren 23aren aurrean alderdiei pentsioekin konpromiso argia izatea eskatzeko

Astelehenean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako lehen manifestazioa egin zen Iruñean. Gasteizen eta Donostian uztailaren 15ean egingo dira eta Bilbon uztailaren 17an. Guztien helburua da alderdi politiko guztiei eskatzea uztailaren 23ko hauteskunde orokorren aurrean pentsio publiko eta duinak defendatzeko konpromiso argia.

Bertan, 240 pentsiodunek hartu zuten parte, beren peto berdeekin, 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren eskakizuna azpimarratuz. Udaletxetik abiatu eta udaletxearen aurrean amaitu zuten, hainbat kale zeharkatu eta Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean geldialdia egin ondoren. Manifestazioaren buruan zegoen pankartak manifestazioaren eskaerak laburbiltzen zituen: Gutxieneko pentsioa 1.080 gutxieneko pentsioa. KPI erreala berrikustea. Pentsionistak aurrera. Azken manifestuan, pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapenak, alderdiei pentsioen defentsan konpromiso argia hartzeko eskaera eta uztailaren 23a mobilizazio-egun bat besterik ez dela jasotzen zen, botoarekin pentsioak murriztearen alde egiten dutenei berriro egin eta duten helburua eragozteko eta gure aldarrikapenak behingoz errealitate bihur daitezen eskatzeko.

Mobilizazioa aperitibo on batekin, Sanferminak pasatzeko nahiarekin eta pentsio publiko eta duinak lortu arte mobilizazioekin jarraitzeko borondate irmoarekin amaitu zen.

8.- Kaleratzea merkatzea eta erretiroa 72 urtera luzatzea eskatu du Enpresaburuen Zirkuluak

Proposatu du legezko erretiro-adina 68 urtekoa izatea, eta borondatez berrezarri ahal izatea 72 urtera arte. Era berean, Feijoori eskatu dio sanchismoa mapatik ezabatzeko, kotizazioen jaitsierarekin, zergak kentzearekin eta aldi baterako kontratua berreskuratzearekin.

Oraingoz, CEOEk ez ditu bere egin Enpresaburuen Zirkuluaren proposamenak. Ezta Feijook ere, hauteskunde-kanpainan kritikak eta higadurak saihesteko. Baina VOXen proposamenetara gero eta gehiago jotzen du, eta ez du enpresa-sektore kontserbadore eta ultraliberalenen botoa eta babesa galdu nahi.

Views: 2
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude