Albiste eta informazio interesgarriak 2024-Irailak 21

1.- Pentsiodunen mobilizazioa hilaren 26an, Gasteizko Legebiltzarraren aurrean
Datorren ostegunean, hilak 26, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) aurkeztutako Herri Ekimen Legegilearen proposamena emango zaio Gasteizko Legebiltzarrari, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) gutxieneko pentsioak osatu daitezen, Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) kopurura iritsi arte.
Prentsaurreko bat emango da Legebiltzarraren barruan, EHLaren edukiaren eta hari laguntzeko aurreikusitako ekimenen berri emateko. Eta EHLaren proposamen honen aurkezpenari bere arrope soziala erakusteko, Legebiltzarreko ateen aurrean pentsiodun kontzentrazio garrantzitsua egingo dugu, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako EHPMko pentsiodunen parte-hartzearekin.
Joan den astelehenean, lau hiriburuetan eta Hego Euslal Herriko beste 75 herritan egin ziren pentsiodunen kontzentrazioetan, labur-labur jakinarazi zen EHLaren oinarrizko edukia eta osagarri horren aplikazioan errespetatu nahi diren irizpide zehatzak. Era berean, pentsiodun kide guztiei dei egin zitzaien goizeko 11etan Legebiltzarraren atarian deitutako elkarretaratzearekin bat egiteko.

Astelehenean bertan, lagun talde handi batek kontzentraziora joateko izena eman zuen eta autobusak eta autoak antolatzen ari gara jendea eramateko. Eskura ditugun datuei esker, kontzentrazio ikusgarria, aktiboa eta asistentzia onekoa izango dela aurreikus dezakegu.
2.- Durangaldeko eskualde maiako mobilizazio garrantzitsua Berrizen, mediku faltaren eta Osakidetzako murrizketen aurka
Azken hilabeteotan mobilizazio eta protesta handiak izan dira Berrizen eta Zaldibarren herriotan medikua falta delako eta Osakidetzaren murrizketengatik. Gainera, Durangaldeko herri askotan gertatzen da gauza bera.
Udan areagotu den egoera kezkagarri horren eta Osakidetzaren eta Osasun Sailaren konponbide faltaren aurrean, ostegun honetan, hilak 19, eskualdeko manifestazioan 1.200 pertsona egon ziren Berrizen. Eta atzo, ostirala, beste bat Zaldibarren, herri mailakoa.
Osakidetzak orain arte izan duen jarrera ikusita, ekimen eta mobilizazio berriekin jarraitzea erabaki dute, horretarako herriz herri mota guztietako erakunde sozial, sindikal eta politikoak elkartzeko ahalegina egingo dute, sustatu beharreko ekimenen espazio bateratua lortzeko; halaber, eskualdeko udaletan aurkeztuko dituzten mozioen bidez, dauden arazo larriei irtenbideak bilatzea eskatuko dute eta osasun publiko, unibertsal eta kalitatezkoa defendatzea.
Espazio ireki eta bateratu horiek zabaltzea ezinbestekoa da herritarren ahalik eta babes sozial handiena lortzeko, orain arte bultzatzen ari diren ekimenen gehienak eskualdeko pentsiodunen mugimenduaren bizkar baitaude. Hala ere, aipatzekoa da osteguneko mobilizazioan OPA Herri Ekimenak, osasun publikoaren aldeko tokiko plataformak, emandako babesa.

Galdakao. Duela hilabete eta erdi emakume bat hil zen anbulantziak denbora asko behar izan zuelako herrira joateko, eta jaietan egon diren aste honetan manifestaldi esanguratsu bat antolatu dute, batez ere pentsiodunek animatuta, anbulatoriora, murrizketen aurka protesta eginez eta asteburuetan mediku bat eskatuz.
3.- Mikel Torresek iragarri du EAErako gutxieneko soldata propioa sustatuko duela
Mikel Torres Gasteizko Gobernuko Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, legealdi honetarako dituen planak azaltzeko astelehenean Gasteizko Legebiltzarrean egindako agerraldian, iragarri zuen Euskal Autonomia Erkidegorako (EAE) Estatukoaz bestelako lanbide arteko gutxieneko soldata bat sustatuko duela, Erkidego honi dagozkion baldintza ekonomiko eta sozialekin bat datorrena.
Asmo onak bai baina besterik ez da ikusten, zeren, hori lortzeko edo ezartzeko aukera patronalaren eta sindikatuen arteko akordio baten esku utzi baitu. Eta gogoratu behar da, 2021eko abenduan, Urkulluren gobernuak ere gauza bera egiteko konpromisoa hartu zuela EH Bildurekin egindako 2022ko aurrekontuetarako hitzarmenean, baina ezerezean geratu zen, ordutik ez baita aurrerapen zehatzik eman gai horren inguruan.
EAErako eta Nafarroarako lanbide arteko gutxieneko soldata ezberdin bat ezartzea, justifikatuta dago, lehenik eta behin, bi erkidegoetako batez besteko soldata estatukoa baino handiagoa delako; bigarrenik, bizitzaren kostua ere estatuko batez bestekoa baino handiagoa delako, eta era berean, Hego Euskal Herriko bi erkidegoetan baldintza duin minimoetan bizi ahal izateko gutxieneko soldata handiagoa behar delako.
Europako Gutun Sozialaren arabera, gutxieneko soldatak bat etorri beharko luke batez besteko soldataren %60rekin, baina hori ez da gertatzen Espainiako Estatuko Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin, eta are gutxiago EAEri edo Nafarroari legokiokeenarekin.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) begi onez ikusgen du ezaugarri horiek dituen gutxieneko soldata bat lortzea; izan ere, ez litzateke soilik positiboa izango langile-talde handi baten soldatak hobetzeko. Gutxieneko soldata egokiak gizarte-segurantzari gehiago kotizatzea ere ekarriko luke, eta horrek eragina izango luke, etorkizuneko pentsioetan, eta baita, gizarte-segurantzaren kutxaren sarreretan ere.
Gainera, bada beste arrazoi interesgarri bat EHPMrentzat. Hilaren 26an Gasteizko Legebiltzarrari aurkeztuko dion Herri Ekimen Legegilean pentsio minimora heltzen ez direnentzako diru-osagarria eskatzen da; horrela bien arteko batuketa estatuko LGSren berdina edo parekoa izatea nahi da. Baina, era berean, EAEn batez besteko soldataren %60arekin bat datorren lanbide arteko gutxieneko soldata ezartzen bada, gutxieneko pentsioa ere soldata horrekin parekatzeko osagarria izatea eskatzen da.

EAEn edota Nafarroan planteatutako ezaugarriak dituen LGS lortzea erronka eta garrantzi handikoa da langile eta pentsiodunentzat. Aurreikuspenen arabera baliteke patronalak uko egitea irizpide hori duen LGS bati. Sindikatuei, lehenik eta behin, helburu horren alde borrokatzea dagokie, baina Legebiltzarrak eta Gasteizko Gobernuak konpromiso sendoa hartu behar dute haien alde egiteko. Hori lortzeko, ekimen bateratuak eta gizartearen mobilizazioak planteatu beharko dira.
4.- Euskal Autonomia Erkidegoko diru-sarrera fiskalak handitzea
Aurtengo lehenengo zortzi hilabeteetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Ogasunek 11.601 milioi euroko diru-sarrera fiskalak izan dituzte, iazko aldi berean baino 242 milioi gehiago.
Eta hori, 1978a baino lehen lan-mutualitateetan kotizatu zuten pentsiodunei itzuli egin zaien arren PFEZren bidez orduan ordaindutakoa, ‒nahiz eta Araban eta Bizkaian oraindik dena ez duten itzuli‒. Argi geratu da El Correo egunkariak 2025erako diru-bilketan eta aurrekontuetan izango zen eragin “oso larriari” buruz egindako aurreikuspenak faltsuak direla. Komunikabide horretako kudeatzaileei ez zaie batere axola pentsiodunek diru hori hartzeko duten legezko eskubidea.
Beti bezala, bilketaren zatirik handiena PFEZri eta BEZri dagokie. Eta PFEZren bidez lortu diren sarrerak, berriz ere, bilketa orokorraren batez bestekoaren oso gainetik hazi dira; zehazki, %10,7 Gipuzkoan eta %5,7 Bizkaian. Diru-sarrerak are gehiago handitu litezke soldatak duinak izango balira, hau da, altuagoak izango balira, eta gazteei lana eskainiko balitzaieke, hauek baitira gehien sufritzen dutenak prekarietatea.
Diru-bilketaren igoera honekin, eta hemendik urte amaierara oraindik gehiago sendotuko dela aurrikus daiteke, eta azken urteotako emaitza positiboei gehitzen badiegu, Imanol Pradales buru duen Gasteizko gobernuari ez zaio justifikaziorik geratzen gutxieneko pentsiora heltzen ez diren pentsiodunei diru osagarria ez emateko. Eskaera hori beste behin ere Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) egingo du, oraingo honetan Eusko Legebiltzarrean 5 egun barru aurkeztuko dugun Herri Ekimen Legegile baten bidez.

5.- Adinekoen Nazioarteko Egunaren ospakizuna
Urriaren 1ean Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Baina Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak irailaren 30a, astelehena, aukeratu du ospatzeko, pentsiodunen kontzentrazioak erregulartasunez egiten ditugun asteko eguna baita, eta aukera ematen digu pentsiodun gehiagorengana iristeko eta egun horretako ospakizunetan parte hartzeko, adinekook pairatzen ditugun arazoak salatzeko eta ditugun beharrak eta eskubideak aintzat hartzearen garrantzia salatzeko egun garrantzitsu da.
Halaber, ospakizun hori egun berean egingo da Espainiako Estatuko beste herri eta erkidego batzuetan. Ekimen hori herri eta komunitate horietako pentsiodunen plataforma eta mugimenduekin adostutako eta koordinatutako ekimena da.
Egun horretan, berriz ere adieraziko dugu adinekook bizi-baldintza duinak izateko eskubidea dugula, eta horrek esan nahi du pentsio publiko nahikoak, kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak eta etxebizitza osasungarriak izatea. Eta azpimarratuko dugu erabaki nahi dugula nola bizi, nola zaindu nahi dugun geure kabuz gai ez garenean, eta nola hil nahi dugun.
Euskal Herrian kezka handia dago pertsona ahulenek bizi duten egoeragatik, horietako asko laguntza-zentroen eta etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren erabiltzaileak baitira, gutxieneko pentsio eskasak eta oinarrizko zerbitzu publikoen murrizketak, pribatizazioa eta garestitzea direla eta.
Horregatik, gutxieneko pentsio publiko eta duinen eskakizunak nabarmenduko ditugu, eta, bereziki, premia duten adineko pertsona guztientzako arreta eta zaintza publikoko eta kalitateko sistema izateko premia. Eta arreta eta zaintza faltaren arazo larri honen aurrean dimentsio zabalagoa eta parte-hartze sozialagoa emateko, pentsiodunen mugimendua egun horretan mobilizatuko da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako egoiliarren senideen elkarteekin batera, Foru Aldundien eta Gasteizko Gobernuaren diskurtso propagandistak eta autokonplazienteak salatuz.
Lau hiriburuetan eta Hego Euskal Herriko herri askotan manifestazioak edo elkarretaratzeak egingo ditugu egun horretan. Nafarroan, Altsasun, mobilizazioa eskualdekoa izango da eta larunbatean, hilak 28, egingo da.

Zenbait herritan Adinekoen Nazioarteko Eguna ez da irailaren 30ean egingo diren manifestazio eta kontzentrazioetara mugatuko. Bergaran eta Arrasaten, adibidez, pentsiodunen mugimenduak, adineko pertsonen beste elkarte batzuekin batera, jarduera-programa bat antolatu du, hainbat egunetan zehar, hitzaldi, omenaldi, elkarretaratze eta bestelako jarduera ludikoekin. Hilaren 28ko Buletin honetan ekimen horiei buruzko informazio zabalagoa emango dugu. Azkenik, adierazi behar dugu, halaber, EHPMk kartel bat argitaratuko duela eta egoiliarren senideen elkarteekin batera manifestu bat argitaratuko dugula.
