Albiste eta informazio interesgarriak 2024ko abuztuak 17

1.- Etzi pentsiodunen manifestaziora Bilbon!
Datorren astelehenean, abuztuaren 19an, hitzordu garrantzitsu bat dugu Bilbon: pentsiodunen manifestazioa eguerdiko 12:00etan hasiko da Eliptiko plazatik eta Udaletxe aurrean amaituko da.
Manifestazio distiratsu eta koloretsua izango da. Bilboko pentsiodunez gain, Bizkaiko eta Euskal Herriko beste herri batzuetako pentsiodunak hurbilduko dira, baita Estatuko beste erkidego eta herri batzuetako taldeak eta ordezkaritzak ere.
Beste behin ere, pentsioei buruzko aldarrikapenak azalduko ditugu herritarren aurrean, bereziki 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren eskaria; Osakidetzaren murrizketak eta egoitzetako arazoak, etxez etxeko arreta eta abar salatuko ditugu, eta, aldi berean, izaera publikoa, unibertsala eta doakoa izatea defendatuko dugu; baita, gure pentsio duinak lortu arte gure protesta eta mobilizazioekin jarraitzeko borondatea agertuko dugu.

Erakutsiko dugu festa eta aldarrikapena ez direla bateraezinak. Aitzitik, beste kolektibo sozial batzuk bezala, pentsiodun mugimendu alaia, bizia eta eskubideen subjektua garela adieraziko dugu, pertsona guztiak bezala. Eta manifestazioaren amaieran, konpartsetako txosnek prestatutako aperitibo batez eta gure gustukoak diren Aste Nagusiko jai-ekitaldiez gozatuko dugu.
2.- EAEko ogasunen arteko aldeak, mutualitateei egindako kotizazioen itzulketei dagokienez
EAEko Foru Ogasunen portaera oso desberdina da mutualitateei egindako kotizazioengatiko PFEZaren itzulketetan.
Gipuzkoan 2023ko PFEZaren aitorpenari dagokiona eguneratu eta ordaindu da, 2019., 2020., 2021. eta 2022. urteetakoa, 1967tik 1978ra mutualitateetan kotizatzeagatik, bai eta 1967. urtea baino lehen kotizatu zutenei ere. Hala ere, Bizkaian eta Araban 2023ko aitorpena eta 1967. urtea baino lehenagokoa bakarrik eguneratu dira, eta ez dakigu noiz ordainduko duten 2019., 2020., 2021. eta 2022. urteetako itzulketen erregularizazioa. Bi probintzietako ogasunek jakinarazi dute datozen hilabeteetan egingo dutela, urtea amaitu baino lehen, betiere.
Ez da ulergarria eta justifikagarria modu berean ez jokatzea, are gutxiago Bizkaian eta Araban hilabete batzuetan atzeratzea 2019., 2020., 2021. eta 2922. urteetako itzulketak. Hiru Ogasunek duela hilabete batzuetatik dituzte itzulketen kalkuluak egiteko datu guztiak. Oso egun gutxiko aldearekin, 2023ko PFEZaren aitorpenak egin eta erregularizatu behar ziren aldia ezarri zuten. Are gehiago, 2023ko itzulketarekin erregularizazioa ere modu orokorrean egin da hiru Ogasunetan. Ondorioz, zaila da ulertzen portaera desberdin hori eta 2019., 2020., 2021., eta 2022.an urteetako deklarazioei dagozkien itzulketen atzerapenak, Bizkaiko eta Arabako Ogasunenak.

Lankide pentsiodun batzuek zalantzak azaldu dizkigute itzulketei buruz, besteak beste, ez zaielako zehatz-mehatz jakinarazi zer kontzepturi dagozkien; eta ezin dugu ziurtatu eskubidea duten pentsiodun guztiei ordaindu zaien ala ez. Nahiz eta pentsiodun batzuentzat zail samarra izan, zalantzarik izanez gero, egokiena telefonoz deitzea edo Ogasunera bertaratzea da, argi diezaguten.
3.- Osakidetzako Larrialdiak Kudeatzeko Taldearen kudeaketa negargarria
Uda honetan, 100 aldiz baino gehiagotan, Osakidetzako Larrialdiak Kudeatzeko Taldeak ez die behar bezala erantzun zerbitzu horren kudeaketa kaskarrari. Horren arrazoia anbulantzia medikalizatuak medikurik ez izatea eta 112-Osakidetzako zentro koordinatzaileetako langileak behar den gutxienekotik behera izatea.
Medikuen gabezia estaltzeko irtenbiderik ez dagoenez eta langileen proposamenei jaramonik egin ez zaienez, “konponbide” bakarra eskualde bateko herritarrak babestea dela erabaki du, beste eskualde baten kaltetan. Ondorioz, adibidez, behin baino gehiagotan erabaki du Debagoieneko anbulantzia medikalizatuko medikua beste eskualde bateko anbulantziara eramatea, 60.000 pertsona baino gehiago osasun arretari edo laguntzarik gabe utziz.
Era berean, berdin jokatu dute Langraiz, Laudio eta Gernikako anbulantzia medikalizatuarekin. Eta horiek beste eskualde batzuetako antzeko egoeren adibideak baino ez dira, batez ere landa-eremukoak, askotan premiazko arreta behar duten adinekoekin.

Bestalde, 112-Osakidetzako koordinazio zentroetan ia inoiz ez dira betetzen medikuen txandak, eta, beraz, EAEko ondoko beste probintzia bateko medikuak erantzun behar die bizi-larrialdiko deiei.
Kudeaketa Taldeak hartutako erabakiek pazienteen osasunari eta segurtasunari kalte egin diote; izan ere, ondorio latzak izan ditu herritarren laguntzan: berandu artatutako bihotz-biriketako geldialdiak, iristeko 35 minutu baino gehiagora dauden anbulantzia medikalizatuek artatutako garaiz aurreko erditzeak, anbulantzia medikalizatuak iristeko 40 minutu baino gehiago behar izan zituen suteak eta abar.
Egiten ari den kudeaketa justifikaezin hori Osakidetzaren funtsezko zerbitzuetako bat hondoratzen ari da, ospitaleetatik kanpo bizitzak salbatzen dituena. Ezinbestekoa da kategoria guztietako lanpostuak betetzea, eta hori ez da betetzen ari duela hilabete batzuetatik.
