Albiste eta informazio interesgarriak          2024ko ekainak 8 

Interesgarritzat jotzen ditugulako zabaltzen ditugu pentsiodunen mugimenduko berri hauek

1.- Inflazioa %3,6ra igo da maiatzean

Estatistikako Institutu Nazionalak (INE delakoak) aurreratutako datuaren arabera, inflazioa hiru hamarren igo da maiatzean, eta %3,6an kokatu da, hau da, otsaileko %2,8 baino zortzi hamarren gehiago. Erosketa-saskiaren prezioen igoerari dagokionez, datu ofizialen arabera, apirilean %4,7koa izan zen, inflazioa baino puntu bat eta zertxobait gehiago.

Urtarrilaren 1ean, Gobernua hasi zen kentzen prezioen igoerari aurre egiteko ezarri zituen Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZ) murrizketetako batzuk. Eta, orain, ekainaren 30ean, aurreikusitakoa betetzen badu, erosketa-saskia osatzen duten oinarrizko elikagaien BEZaren beherapena amaituko da.

BEZaren beherapenek ez zuten prezioen igoera eskandalagarria mugatzea lortu; besteak beste, elikagaiak banatzeko azalera batzuek eta hainbat supermerkatuk ez zituztelako beren produktuetan beherapen horiek islatu. Ekainaren 30etik aurrera erretiratzen badira, ikusi beharko da aitzakia horrekin ez ote diren prezioak berriro igotzen, berez oso altuak direnak.

Prezioak kontrolatzea eta mugatzea eta pentsioak eta soldatak hobetzea da gehiengo sozialaren erosteko ahalmenaren galera geldiarazteko modu bakarra. Eta hori are justifikatuago dago bankuak, energia-enpresak eta elikadura-kateak etekin handiak lortzen ari direnean, inolako lotsarik gabe gainera.

2.- EHPMaren gutunak ematea Europako hauteskundeetara aurkezten diren alderdiei

Maiatzaren 23an eta 24an Sarrikoko (Bilbo) Ekonomia eta Enpresa Fakultatean egin zen Pentsiodunen Plataformen eta Sindikatuen Topaketan, batetik, Espainiako Estatuko eta Europako beste herri edo Estatu batzuetako pentsio-sistema publikoen diagnostikoa egin zen. Bertan, nabarmendu zen pentsio-sistema publikoak murrizten dituzten erreformetan murgilduta gaudela, eta erreforma atzerakoi horiek areagotu egin daitezkeela Europako parlamentu berrian eta bertatik eratorritako Europako erakunde politikoetan eskuinak eta ultra eskuinak indartzen badira; bestetik, Europa mailako ekimen partekatuak sustatzeko interesa, murrizketa horiei aurre egiteko eta Europar Batasuneko herri guztientzat pentsio publiko eta duinak defendatzeko.

Europako Parlamenturako hauteskunde-kanpaina bete-betean gaudela kontuan hartuta (bihar, ekainak 9, izango dira hauteskundeak), Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM), joan den astelehenean, hauteskundeetara aurkezten diren alderdi politikoei, VOXi izan ezik, gutun bana emateko ekimena egin zuen. Gutunean planteatzen genien bere egin zezatela pentsio duinen sistema publikoen defentsa, bai hauteskunde-kanpainan geratzen ziren egunetan, bai Europako parlamentu berrian, europarlamentariak lortzen bazituzten.

Gutun horiek banatu aurretik, manifestazioak egin ziren Hego Euskal Herriko zenbait hiriburutako hainbat alderdiren egoitzetatik igaroz, baina, lau hiriburuetan, EHPMak aurrez aurreko eran helarazi zizkieten gutunak, europarlamentariak lortzeko aukera zuten alderdi guztiei, VOX –lehen aipatu dugunez– entrega horretatik kanpo utzita.

Lerro hauek idatzi ditugunean, alderdi batzuek gutun horri erantzun diote. EAJk adierazi duenez, “kanpainan murgilduta daude, gutuna jaso dute eta arretaz aztertuko dute”. Bestalde, Pernando Barrenaren bitartez, EH Bilduk azpimarratu du arreta handiz hartu duela gutuna eta prest dagoela Europako Parlamentuan alderdi politikoei eskatu diegun pentsio sistema publikoen defentsan aritzeko. Posizio hori bera helarazi digute Sumar-ek eta Podemos Euskadik.

Oso garrantzitsuak dira Europako Parlamentu berria eta parlamentu horretatik sortuko diren Europar Batasuneko erakunde politikoen eraketa. Jokoan daude pentsioen eta gizarte-babesaren sistema publikoak, langileen soldatak eta lan-baldintzak, zerbitzu publiko guztiak, migrazio-politikak eta askatasun demokratikoak. Arriskua dago gobernu-estilo autoritarioak areagotzeko, askatasunak murrizteko eta Europako gizarte eta herri gehienen interesetatik at dagoen politika militarista indartzeko. Ezin dugu alde batera utzi gizarte-arazo horiek hartzen ari diren dimentsioa; izan ere, gizarte-aktibazioaren beharrak berebiziko garrantzia hartzen du arazo horien aurrean.

3.- Mugikortasun urriko pertsonak Renfeko aldirietako C-3 lineako trenetara sartzeko kanpainak aurrera jarraitzen du

Aiaraldeko eta Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioen eta bestelako ekimenen egutegiarekin jarraitzen du. Maiatzean, mozio bat aurkeztu zuten Aiaraldeko eta Bizkaiko zenbait udaletan, non Renfeko aldirietako C-3 linea bertatik igarotzen den. Mozio horretan, babesa eskatzen zuten Renfek neurri egokiak har ditzan mugikortasun urria, mugatua edo zailtasunak dituzten pertsonak ibilbide hori egiten duten trenetara sar daitezen. Beste herri batzuetan ekainean aurkeztuko da mozioa.

Orain arte, mozio hori Laudio, Ugao eta Arrigorriagako udaletan onartu da. Bidebieta-Basauriko Udalean ez zen Osoko Bilkuran eztabaidatu ere egin, “udalez kanpoko” gaia dela argudiatuz. Aitzakia berbera erabili zuen, halaber, duela hilabete batzuk EHPMak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 1.080 euroko gutxieneko pentsioen osagarriaren alde aurkeztu zuen mozioa zela eta. Pentsiodunen mugimenduko lagun talde bat Osoko Bilkuran egon zen, eta udalbatzaren gehiengoaren jarrera horrekiko bere protesta eta haserrea adierazi besterik ezin izan zuen egin; izatez, jarrera horrek uko egiten dio beste udal askotan zailtasun handirik gabe jorratu ohi diren herritarren ekimenak jorratzeari.

Urduñako eta Amurrioko udaletan ere mozio hori aurkeztu da, baita Bilbokoan ere, eta, ziurrenik, ekainaren 27an aztertuko da osoko bilkuran. Herri batzuetan sinadurak biltzen hasi dira, eta hala egiten jarraituko dute, hilaren 17an, astelehena, geltokietan aurkeztuko diren banakako erreklamazioei eransteko. Egun horretan, aldiriko trena igarotzen den herrietan, pentsiodunen elkarretaratzeetan parte hartzen dutenak Renfeko geltokietara joango dira. Hilabete hauetan beren eskaera lortzen ez badute, uda ondorengo beste ekimen batzuk aurreikusi dituzte arazoari ikusgarritasun handiagoa emateko eta babes sozial handiagoa lortzeko.

4.- ZAINTZAREN HERRIA prestatzen

Mugimendu feminista, joan den azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra bultzatu zuten hainbat eragile sozial eta sindikalekin batera, jardunaldi bat prestatzen ari da zaintzari buruz eztabaidatzeko, sistema publiko-komunitarioaren definizioan sakontzeko, zaintzaren kultura zabaltzeko, eta baita ondo pasatzeko ere. ZAINTZAREN HERRIA deitu diote eta Bilbon izango da, urriaren 5ean. Asmoa da diseinatzea nolakoa izan behar duen guztiok zainduko gaituen hiriak, zehazki Bilbok,. Ekimen hau joan den larunbatean, ekainaren 1ean, aurkeztu zen Bilboko Areatzan egin zen prentsaurrekoa.

Aurretik, Bilboko Zainketen Museoan zeharreko ibilaldia egin zen. Museo horretan, Areatzako hiru espaziotan, gaur egungo Bilboko zaintza arloko hiru elementu landu ziren, hainbat gizarte-eragileren parte-hartzearen bidez. Horietako batean Zaintzen duen Hiri Eredua jorratu zen (etxebizitza, turismoa, hirigintza, kontsumo iraunkorra…); beste batean, Zainduak eta Zaintzaileak, aniztasun funtzionala duten pertsonei, Mbolo manteroen plataformari edo Bilboko eskoletako guraso-elkarteei ahotsa emanez; azkenik, Zaintzako Zerbitzu Publikoen eremuan, Lehen Mailako Arretari buruz hitz egin zen, medikalizazioaz baina harago doan proposamen komunitario baten ikuspegitik, eta baita erabat pribatizatuta dagoen esku-hartze sozialaren egoeraz ere. Urriaren 5ean hitzordu garrantzitsua dugu Bilbon zaintza erdigunean jartzen jarraitzeko.

5.- Osakidetzak anbulatorioetako arreta are gehiago murriztu du uda honetan

Udan, Osakidetzak 77 anbulatoriotan murriztuko ditu arreta-ordutegiak; 44 anbulatoriotan zenbait egunetan itxiko ditu zerbitzuak, eta beste 10 itxita egongo dira. Zerbitzuen murrizketa hori beste uda batzuetan baino zabalagoa da, ekainean hasi baita, beste urte batzuetan uztailean eta abuztuan aplikatzen zen bitartean. Murrizketa horiek justifikatzeko Osakidetzaren aitzakia betikoa da: udan arreta-beharrak gutxitzen dira, osasun-profesionalek oporrak hartzeko eskubidea dute, eta ez dugu behar besteko medikurik Lehen Mailako Arretako zentroetan behar bezalako arreta emateko.

Ez dituzte onartu nahi Osakidetzaren egitura-arazoak: plantillarik eza, lan-gainkargak, profesional askorentzat lan-baldintza eskasak edo batere erakargarriak ez direnak, azpiegitura eta zerbitzu guztiak hobetzeko inbertsioak mugatzea, hori bai, osasun pribatua bultzatzen den bitartean. Sindikatu guztiek kritikatu eta salatu dute egoera hori, eta, jakina, Imanol Pradalesek, EAJren hautagai eta Gasteizko Gobernuko hurrengo lehendakariak Osakidetzaren arazoak konpontzeko egin zituen promesez gain, ez dugu egoera hori gainditzeko neurrien plan zehatzik ezagutzen.

Egia da oraindik ez dela eratu Pradales buru izango duen gobernu berria, baina beldur gara erantzuteko mobilizazio sozial zabal eta bateraturik gabe –jarraian jasotzen ditugun tokiko edo unean unekoak alde batera utzita–, oso zaila izango dela Gasteizko gobernu berriak eta osatuko den Osasun Sailak Osakidetzaren hondatzeari amaiera emango dioten neurriak sustatu eta planifikatzea.

6.- Tokiko protestak nonahi, Osakidetzaren murrizketen eta ezintasunen aurrean

Hamaika dira egunotan Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat herritan EAGen itxieren, anbulatorioetan mediku eta bestelako profesionalen faltaren, Lehen Mailako Arretako eta ospitaleetako zerbitzuen murrizketen eta abarren aurka egiten ari diren protestak.

Berriz (Bizkaia)

Hirugarren astez jarraian, mobilizazio garrantzitsuak egiten ari dira herrian, anbulatorioan hiru medikuren beharra betetzeko eskatuz. Gaur egun, mediku bakarra dute Berriz eta Garai herriak artatzeko, 5.000 biztanle duen herrian. Aurreko bi asteetan, aste bakoitzeko egun batean, elkarretaratze bat egin zuten eguerdian, herriko pentsiodunen mugimenduak bultzatuta, 400 pertsona inguru bildu zituen anbulatorioaren aurrean. Eta arratsaldean, beste talde politiko eta sozial batzuek deituta, manifestazio bana egin zen, udaletxetik hasi eta herriko plazan amaitu zena, 1.500 lagun inguru izan ziren. Eta aste honetako ostegunean ere mobilizazio horiek errepikatu dira, parte-hartze handiarekin. Udalak ere mozio baten alde bozkatu zuen, anbulatoriorako hiru mediku eskatuz, baina orain arte Osakidetzak ez du pausorik eman eta litekeena da jendea nekatu eta protestak eta mobilizazioak bertan behera geratu arte itxaroten egotea.

Gasteiz

Ekainaren 3an, astelehenean, pentsiodunek elkartasuna adierazi zieten Gasteizko Txagorritxuko Larrialdietako langileei, pairatzen ari diren arazoak direla eta. Horregatik, manifestazio bateratua egin zuten Olagibelgo anbulatorioraino. Gaur larunbata, hilak 8, beste manifestazio bat egingo da euren aldarrikapenen alde.

Gernikako ospitalea

Gernikan urteak daramatzate borrokan, ospitaleko hirugarren solairuan oheak jartzeko eskatzen Busturialdeko premia larriei erantzuteko. Eta une honetan sindikatuek salatu dute ospitaleko Larrialdi Zerbitzuan urteak daramatzatela erizain eta laguntzaile falta pairatzen. Gaur egun, lantalde oso txikia dago txanda bakoitzean lanean, eta, beraz, larrialdiren bat dagoenean, zerbitzua hutsik geratzen da, ospitaleratutako pertsonak arriskuan jarriz. Gainera, Lehen Mailako Arretaren saturazioa dela eta, larrialdiak gainezka egiten ari dira, eta zerbitzu hark ezin duena bere gain hartzen ari dira. Horregatik guztiagatik, sindikatuak eskatzen ari dira plantilla handitzea eta bertako profesionalen kopurua Galdakaoko Ospitaleko Larrialdietako plantillarekin parekatzea.

Abadiño

Udalaren beraren ekimenez, elkarretaratzeak egiten dira asteazkenetan, herriko jende askoren parte-hartzearekin, Pediatria zerbitzua eskatuz.

Views: 9
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude