Albiste eta informazio interesgarriak 2024ko irailak 14

Interesgarritzat jotzen ditugulako zabaltzen ditugu pentsiodunen mugimenduko berri hauek

1.- EAEn legegintzako herri-ekimena gutxieneko pentsioak osatzeko 

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) bultzatuta, etzi ‒irailak 16‒, astelehenean hiriburu eta herrietako kontzentrazioetan ezagutarazi egingo da EHPMaren Koordinakundearen erabaki bat: EAEko Legebiltzarrean Legegintzako Herri-ekimen bat aurkeztea (LHE), hain zuzen gutxieneko pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) parekatzeko; Gutun Sozial Europarrean ezarritakoaren arabera, diru-sarreren nahikotasunaren irizpidea aplikatzearen ondorioa da, konkretuki batez besteko soldataren %60ari dagokiona.

Lehenik eta behin, azpimarratu behar da sei urte baino gehiago daramatzagula hori eskatzen gure mobilizazioetan, baita ere 150 udalen babesa jaso dugula aurkeztu ditugun mozioak onartuz, eta bada garaia Legebiltzarrean dauden alderdi politiko guztiek urrats bat haratago emateko eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko. Ekimen honekin adierazi nahi dugu, eta legebiltzar-taldeei eskatzen diegu, eztabaidatu ondoren, pentsiodunen eskarien mailan egon daitezen eta aho batez eskatutako gure proposamena onartu dezaten. 

Aurkezten den LHE proposamena argia bezain ezinbestekoa da. Pentsiodunok, behar adina diru-sarrera jasotzeko eskubidea dugu, bizi-baldintza duinak izateko. Pentsiodunei bermatuko dien gutxieneko pentsioa eskatzen dugu, Europako Gutun Sozialaren irizpideen arabera ezarritako LGSren pareko diru-sarrera. Eta helburu hori lortzeko bidean, EAEko Aurrekontuetan gutxieneko pentsioak osatzea eskatzen dugu, gure pentsiodun izaeraren arabera. Beraz, hau da berezko ezaugarriak dituen prestazioa. 

Laburbilduz, LHE honetan proposatzen dena hauxe da: 1. Eskatzen den osagarria egiturazko izan, ez osagarri puntual edo aldi baterako; 2. Pentsiodunaren eskubidea izan, ez bizikidetza-unitatearen diru-sarrerek mugatua; 3. Osagarria izan, bai lan egiteko ezintasuna daukan pentsiodunarentzat, zein pentsioa (kontributiboa ala ez) daukanarentzat; 4. Osagarri hori gainera genero-arrakala murrizten laguntzen du, erreprodukzioa eta zaintzan aritu eta pentsioa jasotzerako lanaldi laburragoa izateagatik emakumeak kaltetuak direlako.

EHPMaren ustez, EAEko Legebiltzarrak LHE hori onartzea lortzea neurri handi batean gure mobilizazio-gaitasunaren arabera izango da, horrelaxe lortu baitugu zenbait neurri erregresibo indargabetzea, pentsioak errebalorizatzea (modu mugatuan bada ere) edo jasangarritasun-faktorearena, “ezinezkoa” zena esan zutenean. Ildo horretan, LHE irailaren 26an Legebiltzarrean entregatuko dela jakinaraziko da, eta horren azalpen zehatza emango da prentsaurreko batean bertan eta hori guztia babesteko pentsiodunen kontzentrazio handia egingo da kanpoan, Legebiltzarkideek onar dezatela eskatzeko. Aipatzekoa da, halaber, tramitera onartu ondoren, dozenaka mila sinadura bilduko ditugula laguntzeko.

Legebiltzarrean prentsaurrekoa eta Legebiltzarreko ateen aurrean elkarretaratzea goizeko 11:00etan egingo da. Eta bertara joateko autobusak eta autoak antolatuko dira. 

Erronka oso interesgarria eta garrantzitsua da. Horregatik, EHPMak dei egiten du pentsiodunak, langileak eta, oro har, herritarrak helburu horrekin inplikatzera. Eta bereziki gazteak, batzuetan egunen batean pentsio duina jasotzeko itxaropena galdu baitute.

2.- Lanaldiaren murrizketaz bueltaka

Uda aurretik Pedro Sanchezen Gobernuak lanaldia murrizteko egin zuen proposamena, 38,5 ordu 2024an (legea indarrean sartzen den egunetik aurrera) eta 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera 37,5 ordu, badirudi luzatu egingo dela, ez baitakigu oso ondo noiz aplika daitekeen eta zer baldintzatan. 

CEOErekin eta Cepymerekin aurrez aurre jartzeko borondaterik ez izateak eta akordio bat adosten saiatzeak, patronalari kontzesioak eginez, aplikazioa atzeratzen den egoerara eraman dezake; are gehiago, proposamen hori oso hustuta edo desnaturalizatua geratzean, hasierako izaera positiboa galduz. 

Negoziazioetan Patronala planteatzen ari den proposamenak ildo horretatik doaz. Adibidez, aparteko orduen muga ‒80 ordu‒ handitzea; ordutegi-malgutasuna zabaltzea, lan-kargagatik interesatzen zaionean, orduak edo lanaldiak gehituz, langileen atseden-, familia- eta gizarte-bizitzaren baldintzen kaltetan; eta hainbat produkzio-sektoreren arabera, lanaldi-murrizketa hori aplikatzea. Era berean, legez lanaldia murriztearen aurka agertu da, gaia enpresen edo sektoreen araberako negoziazio kolektibora alboratuz; horrela aplikazio orokorra planteatutako baldintzetan neutralizatuko litzateke.

Gobernua ez da ausartzen bere proposamena aurrera eramaten CEOE-Cepymeren babesik gabe, nahiz eta CCOOren eta UGTren babesa izan eta orain arte hala esan duen. Aitzitik, horrela kontzesioak egiteko prest dago, Patronalaren babesa izanez gero.

Azken proposamena enplegu berrien hobariak ETEei ematea da, kotizazioak murriztuz lanaldiaren murriztearen truke. CEOEren ustez, “ez-nahikoa” da eta ez litzateke harritzekoa horrelako proposamen bat enpresa-sektore zabalagora zabaltzen saiatzea; horrela balizko lanaldi-murrizketa aprobetxatuz, kontratu berrietan kotizazio-murrizketa orokortzeko. 

Pepe Álvarezek, UGTko idazkari nagusiak, hirugarren agintaldi baterako aurkeztu denak, adierazi du: “gai erabakigarrietan borrokatzen jarraituko dugu, hala nola lanaldia datorren urtean 37,5 ordura murriztea, etorkizun hurbilean 32 ordura iritsi arte“. CCOOk eta UGTk aurreikusita dute mobilizazio batzuk egitea ere lanaldi-murrizketaren alde. Baina ohituta gaude adierazpen irmo asko, gero ezertan geratuak, Patronalarekin akordioak lortzeko interesen aurrean. Ikusiko dugu zertan geratzen den lehen lanaldi-proposamena azkenean, printzipioz langileentzat interesgarria den proposamen aurrerakoia.

3.- Aberastasun handiek %6ko ekarpena baino ez dute egiten Europar Batasuneko (EB) diru-kutxa publikoetan

Oxfam-en ikerketa batek (desberdintasunari aurre egiteko gobernuz kanpoko erakundeen nazioarteko konfederazioa) egiaztatzen du, Eurostaten eta Europako Batzordearen datuetan oinarrituta, zerga-karga lan-errenten eta kontsumoaren gainekoa dela, hain zuzen diru-kutxa komunitarioetara iristen diren 10€tik 8€; dirutza handienarena, berriz, 0,6€ . 

Zehazki, 2022an, ondarearen gaineko zergak EBeko zerga-bilketaren %5,8 izan ziren. eta kapitalaren etekinei, sozietateen gaineko zerga barne, aplikatu zitzaizkienak %16,2. Aitzitik, lanaren gaineko zergak, bereziki errentarenak, %50,6 baino gehiago izan ziren eta kontsumo-tasenak, hala nola BEZarenak, %27,3. 

Eta hori 2022an gertatzen da, Europar Batasuneko ondare personalaren laurdenak aberatsen %1en jabe zelarik eta superaberatsek %237an gehitu zuten beren aberastasuna. Hori guztiori, azken urteotan haien zergak murriztu egin dira eta, aldiz, europar ertainari eragiten diotenak igo egin dira. 

Hego Euskal Herrian antzeko portzentajeak ditugu diru-bilketan, hau da, langileok eta herri-sektoreok (PFEZ) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta BEZaren bidez %80 inguruko ekarpena egiten dugu zerga-bilketan; enpresa-mozkinak, dirutza handiak eta ondareak, berriz, oso ekarpen gutxi, eta gero eta gutxiago proportzionalki. Gainera, leku guztietan, inolako lotsarik gabe, beren etekin eta aberastasun eskandalagarrien harrokeria egiten dute, gutxiengo aberats baten eta gizartearen zati handi baten arteko desberdintasuna gero eta handiagoa nabarmenduz, gehiengoaren erosteko ahalmena murriztu bitartean, gainera azken hauetako kopuru garrantzitsu bat miserian sartuta.

Europar Batasun “soziala eta eskubiderena” hauxe da, eta Euskal Herrian ere parekoa. Datozen hilabeteetan 2025ari begirako eztabaida fiskala presente egongo da, bai EAEn zein Nafarroan. Zalantzarik gabe, zerga-neurriei buruzko eztabaida horietan zein alderdik defendatzen dituen irizpide neoliberalak, nolabaiteko aldaketen aurka, eta zeintzuk defendatzen dituzten hobekuntza aurrerakoiak. Joan den uztailaren 15ean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, EAJk, EH Bilduk eta PSEk oinarrizko proposamen bat adostu zuten. Baina oraindik ez da zehaztu edukia, ezta foru-arauaren zirriborro erregistratu jakiteko 2025aren hasieran zein lege egongo den indarrean. Adi egongo gara zer gertatuko den hilabete hauetan EAEko eta Nafarroako Ogasun sailetan, ea berdin jarraitzen dugun edo hobekuntzak egongo diren.

4.- Nafarroa mutualistei 2019ko Pertsona Fisikoen Errenta Zerga (PFEZ) itzultzen ari zaie 

Jubilatuen 30.000 pertsona inguruk eskatua zuten (2019) ekitaldi horretan ordaindutakoa zuzentzeko, lan-mutualitateei egindako ekarpenengatik. Eta Nafarroako Foru Aldundiko Ogasuna dagoeneko hasi da itzultzen 2019ko PFEZan soberan ordaindutakoa, mutualistek 1978 baino lehen mutualitate zaharrei egin zizkieten ekarpenengatik. 

Gogoratu behar da, EAEn eta Estatuan ez bezala, Nafarroan 2019an onartu zen eta 2020tik indarrean dagoen erreforma indargabetzen ez den bitartean, jubilatuek 2019ko PFEZaren zuzenketa bakarrik eska dezaketela, eta hori da orain itzultzen ari direna.

Pentsiodunen Mugimenduaren eta pentsiodun eta mutualisten beste elkarte batzuen kexen ondoren, Nafarroako Foru Ogasunak, udaberrian, inprimaki bat jarri zuen martxan bere webgunearen bidez, ekitaldi (2019) horretako erreklamazioa egiteko. Prozedura hori uztailaren 22 arte egon zen irekita eta, erakunde horren arabera, 30.000 erreklamazio inguru jasoak izan dira. 

Nafarroak 2019an onartu zuen araua indargabetzea, PFEZren kenkariak murrizten ari dena, Gobernuak EH Bilduren talde parlamentarioarekin 2024rako onartutako aurrekontu-akordioaren puntuetako baten zatia da eta Nafarroako Parlamentuaren oniritzia beharko du, baina ez dirudi arazoa izango denik; izan ere, ñabardura batzuekin bada ere, talde guztiek indargabetze hori bultzatzeko beharra partekatzen dute. Hala ere, aldaketa horrek agian ez lezake nahikoa gaiari irtenbide zehatza emateko. 

Balio izango du, bai, Nafarroako jubilatuek 1978a baino lehen lan-mutualitate zaharrei egindako ekarpenak, ofizioz jasotzeko 2024ko ekitaldiko errenta-aitorpenean (2025eko udaberrian egingo dutena) dagozkien itzulketak, baina oraindik irtenbidea falta da beste ekitaldietarako (2020, 2021, 2022 eta 2023).

5.- Berrizen manifestazioa, Durangalde osokoa, hilaren 19an, mediku falta eta Osakidetzaren murrizketak direla-eta

Durangaldean ekainean eta uztailean egindako mobilizazioei jarraipena emanez, aurreko astean Berrizen elkarretaratzeak egin ziren, Osasun Zentroaren aurrean eta manifestazioak herrian zehar, medikurik herrian ez dagoela salatzeko eta kalitatezko Osakidetza publikoa defendatzeko. 

Zehazki, Berrizko Osasun Zentroari hiru mediku dagozkio. Baina normalean gaur egun, lanpostu bat bakarrik dago, eta gainera udan, mediku horrek justifikatutako ezintasunagatik, biztanleria abandonatuta egon da, hau da, medikurik gabe. Horrek bestalde eragina izan du: osasun-laguntza jasotzeko arreta behar zuten adineko pertsonek, eta beste herri edota erreferentziazko zentro batzuetara joateko zailtasunak izanik, horko zentroetako murrizketengatik gainezka zeudela ikusi dute. 

Berrizkoaren antzeko arazo bat gertatzen ari da Zaldibarren ere. Hemen ofizialki jakinarazi zitzaien langileei, Udalari eta herritarrei, herria bi hilabetez medikurik gabe egongo zela, nahiz eta bi dagozkion. Egoera horren aurrean, mobilizazio izugarria egin zen joan den astean eta, orain, “ofizialki” jakinarazi dute, gabeziak “asko jota” irailaren amaiera arte jarraituko zuela.

Durangaldean, Osakidetzaren murrizketen inguruko kezka soziala nabaria da. Hori dela-eta, datorren ostegunean ‒19an‒, Berrizen manifestazio bateratua egitea erabaki dute. arratsaldeko 7etan, udaletxetik Olakueta plazaraino. Aste honetako ostegunean (12), Berrizen beste elkarretaratze bat egin zen Osasun Zentroaren aurrean. Osasunaren Publikoaren Aldeko (OPA) herri plataformako koordinazioak komunikatu baten bidez deia egin du hilaren 19an, Berrizen, manifestazioari elkartasuna adierazteko eta Durangaldean babesa lortzeko. 

6.- EHPMak elkartasuna adiera du Argentinako pentsiodunen mugimenduarekin, beren pentsioen murrizketen eta jasaten ari diren errepresioaren aurrean

Javier Milei ultraeskuindarra Argentinan boterera iritsi zenean, zerbitzu publikoei erasoa eta pribatizazio politikak inoiz ez bezalako maila altuenera heldu dira. Horrekin batera, krisi ekonomiko sakona eta inflazioak eta prezioek mugarik gabeko gorakada izan dute, eta, horren ondorioz, oso nabarmen okertu dira langile, eta klase herrikoien bizi-baldintzak, pentsiodunenak besteak beste.

Egoera horren aurrean, pentsiodunen mugimenduak (hainbat elkartek eta kolektibok osatzen dute mugimendu hori) asteak daramatza mobilizazio tinkoak egiten, beren pentsioak oso baxuak direlako (batez beste, 225 euro hilean), sendagaiak ordaintzeko laguntzak kendu dizkietelako eta prezioak izugarri igo direlako, erosteko ahalmena izugarri okertu zaielako.

Bere protestak probintziako hiriburu guztietara zabaltzen dira, bereziki Buenos Aires hiriburuan, Kongresuaren inguruan. Milei gobernuaren erantzuna oso errepresio gogorra izan da. Joan den astean, poliziek manifestari pentsiodunen aurka tiro egin zuten, gas negar-eragileak eta borrak erabiliz, hogeita hamar bat zauritu eragin zituzten. Baina pentsiodunen mugimenduak borrokarekin jarraitzeko prest jarraitzen du eta hainbat kolektibo sozial, sindikatu eta alderdiren babesa du. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bere borrokari eta aldarrikapenei elkartasuna adierazten die eta datorren astelehenean Hego Euskal Herriko hiri eta herrietan egingo diren elkarretaratzeetan adieraziko du.

Views: 2
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude