Albiste eta informazio interesgarriak                           2024ko urriak 27

Interesgarritzat jotzen ditugulako zabaltzen ditugu pentsiodunen mugimenduko berri hauek

1.- Atzo pentsiodunen mobilizazioa Madrilen

Estatu osoko milaka pentsiodun, tartean Euskal Herrikoak, Atochatik abiatu eta Puerta del Solen amaitu zen manifestazioan parte hartu genuen atzo. Espainiako Estatuko hainbat herri eta erkidegotako pentsiodunen plataforma eta mugimenduen arteko Ekintzarako Batasunak deitu zuen, eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) parte hartzen du bertan. Manifestazio koloretsua izan zen, herri eta komunitate ezberdinetako pankarta eta banderekin, tartean han zeb gure ikurrina. EHPMko ordezkaritza zabala izan zen, 150 pentsiodun euskaldunekin.

Komunikatu bateratuan, ibilbidean zehar oihukatutako kontsignen oinarrian eta ekitaldiaren amaieran egindako hitzaldietan, honako hau adierazi zen:

. Banaketako pentsioen sistema publikoa ez dago erabat bermatuta 2011tik aurrerako erreformen ondoren.

. Gutxieneko pentsioen balioa handitzeaz gain, Lanbide arteko Gutxieneko Soldatatik (LGS) gero eta urrunago daude.

. Genero-arrakalak lan prekarioak eta aitortu gabeko zaintza-lanak egiten dituzten emakumeak miserian kokatzen dituzten pentsioetara kondenatzen ditu oraindik ere.

. Legez edo Legez Besteko Proposamenen bidez hartutako konpromisoak bete gabe jarraitzen dute, hala nola Gizarte Segurantzako kontuen auditoria egitea edo 40 urte edo gehiagoko kotizazioarekin erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak indargabetzea.

. Pentsioen birjarpen-tasak behera egiten jarraitzen du 2011koa bezalako erreformak aplikatzeagatik edo 2024ko uztailaren 31ko CEOE/CEPYME, CCOO eta UGTren arteko akordioan jasotako kontuengatik. Akordio horrek erretiro-adina are gehiago desarautzen du, eta sektore prekarizatuak lana eta pentsioa partekatzera kondenatzen ditu.

Era berean, nabarmendu zen hori gertatzen den bitartean, egungo Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak, Elma Saiz Delgadok, ez diola erantzun duela hilabete batzuk egindako bilera-eskaerari. Eta parte-hartzaileen artean argi geratu zen mobilizazioekin jarraitzeko borondatea.

2.- Finantza arloko eragileei zuzendutako pentsioei buruzko nazioarteko topaketa dela eta, Pentsiodunen Mugimenduaren salaketa Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre-en (BEC)

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) sustatuta, hilaren 22an, asteartean, 200 pentsiodunek elkarretaratzea egin zuten Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakustazokaren atarian, finantza arloko eragileei zuzendutako pentsioei buruzko nazio-arteko topaketa salatzeko. Topaketa 22an eta 23an egin zen.

Topaketa horren helburua izan da, alde batetik, mundu mailako herritarren bizi iraupena luzatuz doala aitzakitzat erabiliz, pentsioen sistema publikoak jasanezinak direla frogatzea, eragiten dituen kostuengatik eta sortzen dituen zor publikoengatik; eta bestetik, pentsioen funts pribatuak sustatu beharra justifikatzea.

Topaketa honetan parte hartu dutenen kezka ez da pentsio-sistema publikoak sustatu eta mantentzeko neurriak hartzea, pertsona guztien-tzat pentsio publiko duinak bermatzea, eta are gutxiago egoera txarrenean dauden sektoreentzat, batez ere miseriazko pentsioak dituzten emakumeentzat. Aitzitik, haien interesa horiek ahultzea da, eta kasu batzuetan likidatzea, eta gainera, gizarteko gutxiengo sektore baten-tzako pentsio-sistema pribatuak sustatzea, finantza-funtsen bidez, sekulako etekinak lortzeko.

Pentsiodunen Mugimenduk  egin zuen elkarretaratzean parte hartze zabala eta sutsaua izan zen. Elkarretaratze horretan agerian geratu zen EHPMk irmo defendatzen dituela gure herrialderako eta nazioarte mailan pentsio publiko eta duinak, eta, bereziki, Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) pareko gutxieneko pentsioak.

Lakuako Gobernuak topaketetan parte hartu zuen, enplegu-pentsioen sistema pribatuak bultzatzeko dituen planak aurkeztuz eta ematen zaizkien laguntza fiskalak goraipatuz. Demokratikoagoa eta sozialki zuzenagoa izango zen EHPMk aurkeztutako Herri Ekimen Legegilea onartzeko ahaleginak egin balitu, zeinetan Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE) gutxienezko pentsioak LGSrekin parekatzea proposatzen den.

3.-Mutualistak ez gara Euskal Autonomi Erkidegoko (EAE) diru-sarrera txikiagoaren erantzule

Joan den asteartean Herri Dirubideen Euskal Kontseilua (HDEK) bildu zen, eta, hurrengo egunean, berriro irakurri genituen hau bezalako titularrak: “Euskadik bere zerga-bilketaren errekorra hautsi du, mutualistei egindako itzulketak gorabehera”. Bilera horretan, 2024rako diru-bilketaren aurreikuspenak egin ziren. Aurreikusitakoak baino ia 700 milioi gutxiago (- %3,7) biltzea espero da, nahiz eta iazkoa baino zertxobait handiagoa izan. Jaitsiera handia. Baina, diru-bilketa txikiago horren kausak eta ondorioak aztertu beharrean, titular horien bidez bi ideia nagusi zabaltzen dizkigute: 1) errua pentsiodunena da; 2) gure zerga-sistemak bikain funtzionatzen du eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko aukera ematen digu. Bi gezur handi.

Mutualistei egindako itzulketek eragina izan dute diru-sarrera txikiagoan, noski, baina arrazoi gehiago daude. Zerga ezberdinen bilakaera aztertuz gero, ikusten da Balio Erantsiaren gaineko Zergan (BEZ) 640 milioi gutxiago biltzea espero dela (- % 8), mutualistei itzulitako 700 milioi horien antzeko zenbatekoa. Baina ez ordezkari instituzionalek, ez komunikabideek, ez dute BEZaren jaitsiera hori aipatu.

Ez zaie interesatzen BEZaren bidezko diru-bilketa txikiagoa izatearen arrazoiak azaltzea. Tipoak murriztu izana da arrazoi bat, baina baita ere prezioen igoerak pertsona asko kolpatu dituela, tartean pentsiodun asko, bereziki emakume pentsiodunak, hilabete amaierara ailegatzeko zailtasunak dituztenak, eta, beraz, kontsumoa jaitsi da. BEZaren bidez gutxiago biltzeak adierazten du egoera ekonomikoa ez dela aditzera eman nahi duten bezain ona, eta gure zerga-sistemak ez duela hain ondo funtzionatzen.

EAErako 2024ko aurreikuspenen arabera, ia 7.647 milioi Pertsona Fisikoaren Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) bidez bilduko dira, eta Sozietateen gaineko Zergaren bidez, enpresek beren mozkinengatik, kasu askotan milaka milioikoak diren mozkinengatik ordainduko dutena, berriz, 1.773 milioi izango dira, hau da, PFEZaren bidezkoa baino 4 aldiz gutxiago. Azken batean, diru-bilketaren zatirik handiena langileei, pentsiodunei eta herri-sektoreei dagokie. Ez da zerga-sistema bidezkoa, ezta progresiboa ere. Eta ez da nahikoa beharrezko zerbitzu publiko guztiak bermatzeko. Baina ez dute horretaz hitz egin nahi.

Ekonomia ondo doala zabaltzen jarraitzen dute, baita krisiak ez duela diru-bilketan eraginik izango, eta, horregatik, HDEKn %7,7ko igoera aurreikusi dute 2025eko diru-bilketan. BEZa aurten %8 baino gehiago jaitsiko dela aurreikusi arren, 2025ean %8 igoko dela esan dute. Eta hori guztia azaltzen dute aurreikuspen horiek sostengatzen dituen txosten ekonomikorik gabe. Baina bost axola zaie. Imanol Pradales Gil lehendakariak esan zuen bezala, 2025eko aurrekontuak “inoizko handienak” izan daitezen, diru-bilketa handitu behar da. Eta kitto!

Diru gehiago behar dugu bai, gizarte-zerbitzu publiko, unibertsalak eta kalitatezkoak bermatzeko, gutxieneko pentsioa 1.080 €-ra igotzeko,… baina horretarako zerga-sistemaren erreforma sakona behar dugu, gehien duenak, dagokion neurrian, gehiago ordain dezan.

4.- Nafarroako mutualistek ere Pertsona Fisikoaren Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) itzulketak lortzen dituzte

Lan-mutualitateetan kotizatu zuten Nafarroako pentsiodunek ikusiko dute, halaber, PFEZ zergaren arloan duten egoera fiskala Euskal Autonomia Erkidegoko eta Estatuko gainerako zergadunenarekin parekatzen dela, 2020tik ezberdinak ziren araudiak. Hori horrela da parlamentuak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu eraberritua aldatzeko Foru Legearen proposamena onartu ondoren.

Mugimendu Pentsionista aitzindaria izan da itzulketa horiek lortzen. Azaldu behar izan zuten mutualitateak ez zirela istripuen mutualitateak. Erreklamazioak hasi ziren, eta 2020tik aurrera PFEZaren aitorpenei zegozkienak berreskuratzea lortu da.

Oso pozik daude lortutakoarekin, uste baitute dagokien dirua berreskuratu dutela mutualitateei 1978. urtearen amaierara arte egindako kotizazio batzuengatik, errenta-aitorpenetan desgrabatu beharrekoak. Eta gaineratu dute Mugimendu Pentsiodunaren lorpen horrek berriro ere betikoa jartzen duela mahai gainean: mobilizatuz eta presionatuz bakarrik lortzen dira gauzak eta ez da murrizketarik edo atzerapausorik jasaten. Orain, are gogo handiagoarekin sentitzen dira 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren osagarria lortzeko, Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzeko bidean.

5.- Abian da mugikortasun mugatuko pertsonek Urduña eta Bilbo arteko C-3 lineako trenetara sartu ahal izateko kanpaina berria

Joan den astelehenean, hilak 21, mugikortasun mugatuko pertsonek Urduña eta Bilbo arteko C-3 lineako trenetara sartu ahal izateko kanpaina berriaren barruan, Urduña, Amurrio, Laudio, Ugao eta Basauri herrietako pentsiodunen mugimenduko kideek, linea hori igarotzen den herrietako tren geltokien aurrean bildu ziren. 250 pentsiodun inguru, eta esku-orriak banatu zituzten. Bertan, ekimenaren berri eman zen eta datozen asteetan egingo dituzten beste batzuen informazioa zabaldu zuten, ekimen horrekiko elkartasuna eta babes soziala bilatuz.

Zehazki, tren-linea hori igarotzen den herrietako udal guztiei idazki bat aurkeztuko die, afektatuak gutxi izan arren, esanguratsua den sektore bati eragiten dion gizarte-eskaera horri laguntzeko konpromisoa har dezatela eskatuz; izan ere, dituzten mugikortasun-mugengatik beste sektore batzuk baino laguntza gehiago behar baitute. Herri batzuetan, gainera, alkateekin elkarrizketak eskatuko dituzte, trenaren geltokietara edota geralekuetara sartzeko dituzten arazo espezifiko batzuk planteatzeko.

Bere ekimen nagusia azaroaren 4an, astelehenean, burutuko da. Egun horretan, herri bakoitzeko pentsiodunen mugimenduko kideek, ekimenarekin bat egiten duten beste pertsona batzuekin batera, trena hartuko dute euren herrian, Bilboko plaza Biribilean Bizkaiko hiriburuko pentsiodunekin bat egiteko. Ondoren, kale Nagusitik plaza Eliptikora joango dira eta bertan Gobernu Zentralaren  ordezkariordetzan Oscar Puente Garraio eta Mugikortasun ministroari zuzendutako idazki bat entregatuko dute.

Manifestazioaren buruan mugikortasun urriko pertsonak joango dira. Pertsona horiek adierazpenak egin ahal izango dituzte komunika-bideen aurrean, eta agerian utzi ahal izango dute beren arazoari irtenbidea emateko premia. Pankarta bat eramango dute aurrean, “Tren irisgarriak orain! Horrekin esan nahi da planteatzen den eskaria ez dela soilik Renferen Urduña eta Bilbo arteko C-3 lineako arazoa konpontzea, baizik eta egoera berean dauden tren linea guztietan. Tokiko komunikabide batzuek interesa agertu dute gai horren inguruan, eta ikusarazi egin behar da, zoritxarrez arazoa konpontzea dagozkienek ez baitute aintzat hartzen.

6.- OPA (Osasun Publikoaren Alde) Herri Plataformen bilera Osasun Itunaren idazkariarekin

Ostegunean, OPA Herri Plataformen Koordinakundeak Euskal Osasun Itunaren aldeko mahaiko idazkari teknikoarekin alde biko bilera egin zuen. OPA Herri Plataformak erakundearen arabera, argi utzi zioten osasun publikoaren aldeko gure borroka iraunkorrarekin Osasunaren aldeko Itunaren mahaian parte hartzeko eskubidea irabazi dugula, gainerako eragile sozialen baldintza berdinetan.

Osakidetzaren aldetik, Itunaren idazkariak esan zien berak ez duela erabakitzeko inolako ahalmenik, bilera informala zela eta egiten ari zirenaren berri ematera eta dokumentu batzuk ematera mugatzen zela bere helburua. Jarrera horren aurrean, Koordinakundeak erabaki du ez parte hartzea edukirik gabeko eta Osasunaren aldeko Itunetik kanpoko aldebiko bilera gehiagotan, bertan erabakitzen baitira gauzak, eta salatu du Osakidetzak aurpegi-garbiketa bat baino ez duela bilatzen, eta baztertzen jarraitzea.

Bileran, proposatu duzun diagnostikoari buruzko jarrera kritikoa azaldu zizuten. Alde batetik, ez duelako jasotzen Osakidetza egoera kritiko horretara eraman duten arrazoien balorazio bat, eta, beraz, ezinezkoa delako egiturazko arazoei benetako konponbideak aurkitzea. Bestetik, eztabaidatik kanpo uzten direlako pribatizazioa eta horrek osasun publikoan dituen ondorio gaiztoak. Era berean, ez du aztertzen aplikatzen ari diren murrizketen eta Lehen Mailako Arreta uztearen eragina. Plataformek berretsi egiten dute Osakidetzak pairatzen duen gainbeheratik ateratzeko proposamenak egiten jarraitzeko borondatea eta mobilizazio ahalik eta zabalenak eta bateratuenak egiteko beharra, %100 publikoa, kalitatezkoa, integrala eta unibertsala izango den osasuna lortzeko.

7.- Astelehenean Palestinarekiko elkartasunak oihartzun handia izan zuen Euskal Herriko udaletxeen aurrean

Astelehen goizean zehar hainbat elkarretaratze egin ziren (batez ere delegatuenak) sindikatu ia guztiek batera deituta, Bilbon, Gasteizen, Donostian, Iruñean eta Tuteran. Era berean, protesta-ekintza batzuk burutu ziren baita ere unibertsitateetan eta bestelako ikasketa-zentroetan.

Baina mobilizazio handienak arratsaldean egin ziren 204ren bat udaletxeren aurrean. Milaka lagunek hartu zuten parte Palestinako eta Liba-noko herritarrei elkartasuna adierazteko. Herri palestinarrak jasaten jarraitzen duen genozidioaren amaiera eskatzen zuten oihuek eta “Boicot Israel, Palestina Askatu!” aldarrikapenak bertaratutako ia guztien artean ozen entzuten ziren. Azken kontsigna horrekin, Israelgo Estatuari boikot militarra, ekonomikoa, politikoa eta diplomatikoa egiteak duen garrantzia nabarmendu nahi zen, Netanyahuren gobernua eta Israelgo armada lur-errearen eta genozidioaren politika basatia geldiaraztera behartuta egon daitezen. Palestinako herria Gazatik eta Zisjordaniako eremu zabaletatik kanporatzeko eta kolonoek eta Israelgo administrazio sionistak okupatzeko diseinatutako gerra-politika.

Udaletxeen aurrean elkarretaratzeak deitu zituen Gernika-Palestina herri plataformak, Israelgo gobernu sionista geldiarazteko mobilizatzen jarraitu behar dela adierazi zuen. Zoritxarrez, ez baitago basakeria hau gelditzeko mobilizatzen jarraitu eta areagotzea beste erremediorik.

Views: 4
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude