Albiste eta informazio interesgarriak 2024ko uztailak 13

1.- Europa Sozialaren eta Herrien Europaren aldeko Topaketa finantzatzeko EHPMk sustatutako laguntza-bonuaren lehen saria
Europa Sozialaren eta Herrien Europaren aldeko eta Pentsio Publiko eta Duinen defentsarako Topaketa maiatzaren 23an eta 24an egin zen Sarrikoko (Bilbo) Ekonomia eta Enpresa Fakultatean. Topaketa Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) sustatu zuen, Estatuko hainbat Herri eta Erkidegotako pentsiodunen plataforma eta mugimenduekin batera. EHPMak 5.000 bonu editatu zituen, bi eurotan eta bi sarirekin, topaketa hori finantzatzen laguntzeko, ez baitzegoen beste inolako laguntza edo diru-laguntzarik.
Lehen saria Zumaiako Zelai Talasoterapia Hotelean bi lagunentzako egonaldia zen, irailaren 6tik 8ra, itsasora begira dauden logeletan, afariak, gosariak eta zirkuitu termalak barne. Eta dagoeneko jakina da zenbaki sariduna 1.156 da, hau da, 2024ko uztailaren 6ko ONCEren kupoiaren azken lau digituak.

Albisteen Buletin honen bidez ematen dugu horren berri, bonu hori erosi zuten eta buletin hau jasotzen duten pertsona askok, batez ere pentsiodunek, zenbaki zaridunaren berri izan dezaten eta, aldi berean, zenbaki hori duen pertsonak dagokion sariaren berri izan dezan.
Bigarren saria gaurko, uztailaren 13ko, ONCEren kupoiaren azken lau digituen zenbakiari dagokiona izango da. Datorren asteko Buletinean horri buruzko informazioa emango dugu.
Sarituak zoriontzea besterik ez zaigu geratzen, sari biez goza dezaten, baita bonuak erosi zituzten guztiak ere, horrela pentsiodunen plataformen eta sindikatuen topaketa finantzatzen lagundu baitzuten, arrakastatsua eta interes handikoa izan zena. Era berean, bonu guztiak saldu zirela jakinarazi nahi dugu, lortu zen elkartasun-babes zabalaren adierazgarri. Beraz, EHPMak eskertu besterik ezin du egin.
2.- Arrigorriagako alkate andrearen bilera Renfeko arduradunekin, C-3 lineari (Urduña-Bilbo) buruz jasotako kexak direla eta
Renferen C-3 lineak (Urduña-Bilbo) ordutegien atzerapenei, maiztasunei eta irisgarritasunari dagozkien etengabeko hutsuneek bultzatu zituzten Arrigorriagako bizilagunak kexa horiek Udalari helaraztera, haien babesa jasotzeko asmoz.
Hori dela eta, alkate andreak bilera bat eskatu zien Renfeko arduradunei, kexak azaltzeko eta zerbitzua hobetzeko eskaera egiteko. Bileran Maite Ibarra alkateak eta Gaizka Ibarretxe zinegotziak parte hartu zuten, eta Renfeko ordezkariek adierazi zuten hainbat neurri hartuko direla zerbitzua hobetzeko, besteak beste, tren berriak egokitzea, irisgarritasun sistema ona bete dezaten.
Bestalde, eta aldi berean, udal gobernuak Adifekin (trenbide azpiegituren enpresa arduraduna) harremanetan jarraitzen du eta laster bilera bat izango dute soinu-traben gaia aztertzeko.
Arrigorriagako Udalaren ekimen hau C-3 lineako trenetara sartu ezin diren mugikortasun urriko pertsonek bultzatutako kanpainaren ondoren gauzatu da, eta Aiaraldeko eta Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduaren babesa eta konpromisoa izan du. Kanpaina horren barruan, besteak beste, eta Pentsiodunen Mugimenduak bultzatuta, mozioak aurkeztu dira C-3 linea hori igarotzen den geltokiak dituzten herrietako udaletan, gutxienez konboi bakoitzeko bagoi batek mugikortasun urriko pertsonak trenera sartzeko neurriak izan ditzan.

Arrigorriagako Udala izan da, hain zuzen ere, Amurrioko eta Ugaoko udalekin batera, mozio horri babesa eman diotenetako bat, eta prest agertu zen bere esku zegoen guztia egiteko arazo horri irtenbidea aurkitzeko.
Ezin dugu gure kezka nabarmendu gabe utzi Bilboko Udalean gertaturikoaz; izan ere, bere gobernu-batzordea osatzen duten bi indar politikoen (EAJ eta PSE-EE) babes esklusiboarekin, inolako zehaztasunik eta konpromisorik gabeko mozio bat onartu zuen, eta ez zion bide eman Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak (BPM) aurkeztutako mozioari. Mozio horretan, Udalak Renferi irisgarritasunaren arazoa konpontzeko neurriren bat hartzeko eskatzea besterik ez zen eskatzen.
Kasu honetan tristeena da Udaleko zinegotziak, PSEko kide eta mugikortasunaren arduradunak, BPMaren mozioa atzera botatzeko argudio gisa erabilitakoa. Bere esanetan, mozioan planteatzen zena “teknikoki bideraezina eta edonola ere gastu handikoa” zela. Renfeko arduradunek Arrigorriagako alkateari emandako erantzuna ez dator bat Bilboko Udaleko mugikortasuneko zinegotziaren baieztapenekin.

Nolanahi ere, aipatu behar da Renfeko arduradun horien hitzak, konpainiako beste zuzendari batzuenak bezala, beste batzuetan entzun ditugula, tren berriak berritzeko eta egokitzeko promesekin, mugikortasun urriko pertsonak horietara sar daitezen. Tren-flota berri baten zain egon gabe, ez baitakigu noizko egongo diren instalatuta eta martxan, berehalako neurriak har daitezke, eta Renfeko sektore batzuetan aplikatzen ari dira, mugikortasun urriko jendea horietara sar dadin. Udan ez badute inolako urratsik ematen, mugikortasun urriko pertsonek eta Aiaraldeko eta Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak ekimen berriak bultzatuko ditugu.
3.- Elkarretaratzeak Zornotzan eta Berrizen, anbulatorioetako murrizketen aurka
Astelehenean, Zornotzan, herriko Pentsiodunen Mugimenduak eta beste gizarte talde batzuek bultzatuta, elkarretaratzea egin zen anbulatorioaren aurrean, 200 pertsona bertaratuz. Era berean, joan den asteko ostegunean, Berrizko ehun bat lagun pentsiodunek elkarretaratzea egin zuten anbulatorioaren aurrean, herriko beste kolektibo politiko eta sozialekin batera duela zenbait astetik hona bultzatzen ari diren protestei jarraipena emanez.

Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat herritako bi adibide baino ez dira horiek; izan ere, protestak egiten ari dira osasun-zentroetako ordutegi-murrizketen eta mediku eta beste osasun-profesional batzuen faltaren aurrean, batez ere udako hilabete hauetan.
4.- Pentsiodunen Plataformen eta Mugimenduen Estatu mailako Ekintza Unitatearen agiria
Uztailaren 8an, Pentsiodunen Plataforma eta Mugimenduen Estatu mailako Ekintza Unitateak (EHPM horren parte da) agiri bat plazaratu du. “Ziurgabetasunaren aurrean, batasuna eta irmotasuna” izenburu pean, ekainaren 9ko Europako azken hauteskundeen emaitzak eskubide sozialen eta askatasunen gaineko mehatxuak areagotzea dakarrela nabarmentzen da, baita horiei gizarte-mobilizazioen bidez aurre egiteko beharra ere.
Inbestiduraren alde egin zuten Diputatuen Kongresuko talde parlamentarioekin, PSOErekin izan ezik, izandako bileren ibilbidea jasotzen du eta gogorarazten du gure aldarrikapen nagusiak bizirik jarraitzen dutela eta ez dituztela aintzat hartu. Halaber, azpimarratzen ditu joan den maiatzaren 6an egin zen mobilizazio bateratua, lurraldeka eta era deszentralizatuan; bertan, 141 aldarrikapen-ekitaldi egin ziren Estatu osoan (horietako 81, Euskal Herrian), eta baita maiatzaren 23an eta 24an Bilbon egin zen Pentsiodunen Plataformen eta Sindikatuen Nazioarteko Topaketa ere.

Pentsiodunei ohartarazten die, nahiz eta udan bidezko atsedena hartzeko eskubidea izan, erne egon behar dugula udako aisialdia pentsioen pribatizazioa bizkortzeko aprobetxatzeko arriskuaren aurrean. Agiria amaitzeko, datorren udazkenerako bi mobilizazio egun sustatzeko erabakia hartua dela gogorarazten du: 1.- Astelehena, irailak 30. Hurrengo egunean, urriaren 1eko “Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunaren” ospakizunaren barruan kokatuta. Lurralde bakoitzean modu bateratuan garatuko dena, kartel eta manifestu bateratuarekin. 2.- Urriaren 26a, larunbata. Pentsiodunen, langileen eta herritarren manifestazioa Madrilen.
5.- Ultraeskuinak ez du lortu Frantziako indar nagusia izatea
Joan den igandean Frantziako Estatuan egindako legegintza-hauteskundeen bigarren itzuliak kolpe handia eman zion ultraeskuinak zuen helburuari, hain zuzen, indar nagusia izateari eta lehen ministroaren figura eta Errepublikako gobernuaren boterea bereganatzeari.
Lehen tokia, Fronte Popular Berriak lortu zuen, 182 diputaturekin. Bigarrena, Emmanuel Macron presidentearen taldea izan zen, 168rekin. Hirugarrena, ultraeskuindarren zerrenda, 143rekin. Ondoren, laugarren postuan, eskuin tradizional gaulista, 45 diputaturekin. Azkenik, 40 diputatu inguru alderdi txikien esku geratu ziren, Asanblada Nazionala osatzen duten 577 eserlekuak osatu arte. Merezi du azpimarratzea, Ipar Euskal Herriko hiru hautetsiak Fronte Popularra Berrikoak izan zirela, Alderdi Sozialistako bi kide eta EH Baiko bat.

Frantziako Estatuko hauteskunde horiek nolabaiteko galga ekarri diete ultraeskuineko indarrei, Europan duten eragina handitzen ari baita, Europako azken hauteskundeetan eta Europar Batasuneko hainbat estatutan lortu duten boterean agerian geratu zen bezala. Eta horrek langileentzako, pentsiodunentzako, emakumeen mugimenduentzako eta beste herri-sektore batzuentzako arazo handiagoak iragartzen ditu.
Pozik egoteko modukoa da Fronte Popular Berriak Frantziako legegintza-hauteskundeak irabazi izana, Europa osorako erreferentzia baita. Baina, oraingoz, oso zaila da Frantziako Estatuan zein lehen ministro eta gobernu berri era daitekeen jakitea.
Nolanahi ere, gogoratu behar da Fronte Popular Berriaren sinesgarritasuna eta babesa ez dela soilik ultraeskuinaren aurkako jarrera argiagatik etorri, baizik eta hura osatzen duten alderdiek izan dituzten babes sindikal eta sozialengatik, eta hauteskunde-kanpainan defendatzeko konpromisoa hartu duten gutxieneko programagatik. Programa horrek, beste neurri batzuen artean, erretiro-adina 62 urtetik 64ra igotzea ekarri duen pentsioen erreforma indargabetzea jasotzen du, edo Macronen gobernuak ezarri izan duen murrizketez osatutako langabezia-sistema. Era berean, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata 1.600 eurora igotzea eta eskubide sozialak eta askatasun demokratikoak defendatzea aurreikusten ditu.
Fronte Popular Berriak mantendu eta indartu nahi badu, gobernu berri bat zuzentzen hasten bada zein oposizioan geratzen bada, hura osatzen duten alderdiek sindikatu, mugimendu eta kolektibo sozialak izan behar dituzte kontuan, horiek funtsezkoak izan baitira, ez bakarrik bere garaipenerako, baita ezker politiko eta sozialaren itxaropenak berreskuratzeko ere. Horretarako, ezinbestekoa da beraien mobilizazioak babestea, adosturiko gutxieneko programan jasotakoa eta plantea daitezkeen aldarrikapen berriak irmoki eta kontsekuenteki defendatuz.
