Albiste eta informazio interesgarriak         2025-01-18

Interesgarritzat jotzen ditugulako zabaltzen ditugu pentsiodunen mugimenduko berri hauek

1.- EHPMk sustatutako HELren aurkezpen publikoa Gasteizko Parlamentuan.


Joan den astelehenean, hilak 13, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM), Herri Ekimen Legegilearen sustatzaileak, agerraldia egin zuen Gasteizko Legebiltzarreko prentsa aretoan. Helburua Legibiltzarrak eztabaidatu eta erabaki behar duen parlamentu berean HELren aurkezpen publikoa egitea izan zen.

Pentsiodunen sustatzaileetako bi bozeramailek, HELren eta berau sustatzeko kanpainaren aurkezpena egin zuten, non beste sustatzeileetako kide batzuk ere egon ziren. Sustatzaile batzordea 15 lagunek osatzen dute EAEko lurralde historiko bakoitzeko 5 kidek (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa). Hilaren 15ean 7 urte bete direnez Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak etenik gabe egin dituen mobilizazioen urteurrena, ospatzeko pentsiodunen mugimendua egiten ari den ekitaldien berri eman zuten; eta azpimarratu zuten datozen hilabeteetarako erronka nagusia aurkeztutako HEL bultzatzea izango dela. Legebiltzarraren egoitzaren atarian Gasteizko 200 pentsiodun ere konzentratu ziren, sustatzaile taldeari babesa emateko.

Aurkezpenera hainbat komunikabide joan zen, eta hilaren 13an eta biharamunean bertan azaldutakoaren berri eman zuten.

Lehenik eta behin, adierazi zen Pentsioak Osatuko dituen Euskal Sistema bat sortu nahi dela, Euskadin bizi diren eta erroldatuta dauden 60 urtetik gorako pentsiodun guztiei Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) %100aren diru-sarreraren baliokidea ofizioz bermatuko diena, eta pentsioetan dagoen genero-arrakala ekidingo duena. Era berean, egun horretatik apirilaren 24ra bitartean gure jarduera nagusia urriaren 30ean Eusko Legebiltzarreko Mahaiak izapidatzeko onartu zuen Herri Ekimen Legegilea ezagutaraztea eta babesak lortzea izango dela iragarri zuten. Epe hori abenduaren 24an hasi zen formalki, eta apirilaren 24an amaituko da sinadurak biltzeko legezko lau hilabeteko aldia.

Komunikabideei emandako txostena, HELren testu artikulatuaren laburpena da. Baina azpimarratzekoa da HELren sustatzaileentzat eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarentzat proposamen hau azaltzen eta justifikatzen dituzten arrazoien garrantzia.


Laguntza emateko zergatiak eta arrazoiak

Euskal Autonomia Erkidegoan, hiru pentsiodunetik bat LGSk eskaintzen duen diru-kopuruaren azpitik kobratzen du, eta hoietatik %70 emakumeak dira, gehienak hilean 850 eurora ez direnak heltzen, duintasunez bizitzeko aukera gutxirekin. Emakume pentsiodunek diru-sarrerarik txikiena izatearen arrazoia lanbide diskriminatuetan eta adin gabeen zein mendeko senideen zaintza-lanetan aritu izanean dago, bere garaian ez direlako baloratu ez kotizatu.

Gure ustez, ez da bidezkoa lan-bizitza oso baten ondoren, zahartzarora heldu eta pentsiodunek bermatuta ez izatea etxebizitza eroso bat, mugikortasun- eta tenperatura-beharrak asetuta, edo oinarrizko eskubide sozialak, hala nola osasunarena, elikadura osasungarriarena edo mendekotasuna artatzeko zerbitzu egokiak izatearena.

Pentsionista bakoitzak pertsona bakarreko unitate ekonomikotzat hartzeko eskubidea izatea ere planteatzen dugu, bizikidetza-harremanak alde batera utzita. Pentsioen osagarria bizikidetza-unitatearen diru-sarrerek baldintzatzen dutenean, barne-desberdintasunik ez balego bezala, emakumea zigortzen da, eta desagerrarazi beharreko sostengatzaile maskulinoa eta mendeko bikotea duen familiaren kontzeptua indartzen dira.

Euskal Autonomia Erkidegoak lege hau onartzeko eskumena eta baliabideak ditu. EHPMk komunikazioa bidali die EAEko udal guztiei, legeak eskatzen dien moduan ekimen honi laguntza eman diezaioten, eta baita fede-emaile publiko bihurtzeko betebeharra duten udal-idazkariei ere.

EAEko edozein udalerritan erroldatuta dauden eta egoera administratibo erregularrean dauden 18 urtetik gorako pertsona guztiek sina dezakete ekimen hau. Gutxieneko sinadurak 10.000 badira ere, hainbat mila gehiago lortu nahi ditugu.

HELren aldeko laguntzak eta ekimenak

Nabarmendu zuten dagoeneko erakunde sindikal eta alderdi politiko guztiekin egon direla, eta bakar bat ere ez dela gure ekimenaren aurka agertu. Kanpainan zehar berriro jarriko gara harremanetan beraiekin, kontsekuenteak izan daitezen eta Legebiltzarreko Osoko Bilkuran administrazio-tramitea onar dezaten. Era berean, kanpaina honetan astelehenetako mobilizazioei eutsiko diegu eta beste jarduera osagarri batzuk ere egingo ditugu.

Laster, ekitaldi publiko bat egingo dugu Bilbon, non, EAEko berrehun eta berrogeita hamar pertsona ezagun baino gehiagok gure ekimenari babesa adieraziko dioten. Era berean, Gasteizen elkarretaratze handi bat antolatzea pentsatu da sinadurak aurkeztuko ditugun egunean. Halaber, hitzaldiak eta mota guztietako ekitaldiak antolatzen ari gara udalerri askotan; eta Eusko Jaurlaritzari dei egiten diogu HEL arautzen duen legeak agintzen dion babesa eta bultzada eman diezaion eskura dituen bitarteko guztiekin, EITB bezalako komunikabide publikoa barne, gure ekimen legegilea ezagutzera eman dezan eta gizarte-eztabaida sakona sortu daiten.

Eta amaitu zuten esanez, pentsiodunen mugimenduak frogatu duela, zazpi urteko borrokaren ondoren, gizarte-mobilizazioak emaitzak lortzen dituela eta aurkeztu dugun lege-proposamen hau bidezkoa, beharrezkoa eta premiazkoa dela. Horregatik, dei egin zien 18 urtetik gorako guztiei langileei, pentsioduneei, emakumeei, gizoneei zein gazteei HEL hau sinatzera, Gasteizko Legebiltzarrean eztabaidatu eta bozka dezaten.

2.- Manifestazioak egingo dira gaur Eibarren eta Bilbon, EHPMren 7. urteurrena dela eta

Joan den astelehenean, hilak 13, EHPMk bultzatutako kontzentrazio gehienetan leku garrantzitsua hartu zuen etenik gabeko 7 urteko borrokaren ospakizunak. Borroka horrek harrotasunez betetzen gaitu, eta erreferentziala da langileentzat eta euskal gizarteko beste herri-sektore batzuentzat. Eta gaur, hilak 18, larunbata, are gehiago nabarmenduko da urteurren hori, Eibarren eta Bilbon egingo diren manifestazioekin. Eibarren, manifestazioa eskualdekoa izango da, Untzan 12:00etan hasiko da. Eta eguna behar bezala amaitzeko, 14:00etan bazkaria egingo dute.

Bilbon, manifestazioa herrialde mailakoa izango da. Eta 17:30ean abiatuko da  Eliptika plazatik udaletxearen aurrean amaitzeko. Bi agerraldi horietan EHPMren peto berria nabarmenduko da, datozen hilabeteetarako eskari nagusia nabarmenduz: Gutxieneko Pentsioa = Gutxieneko Soldata.

3.- EAEn eta Nafarroan lanbide arteko gutxieneko soldata baten aldeko ekimen sindikalak

Azken bi asteetan hainbat ekimen sindikal jakitera eman dira, EAErako eta Nafarroarako lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) onartu daiten. Estatu mailan ezarritakoa labur geratu baita bi erkidego hauetarako.

Alde batetik, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek Herri Ekimen Legegileak aurkeztu zituzten hilaren 8an, EAEn eta Nafarroan lanbide arteko gutxieneko soldata propioa aitortzeko eskubidearen alde. Aldi berean, ekimen horrekin batera, EAEko Confebask eta Nafarroako CEN patronalekin negoziazio-mahai baterako deialdia egin dutela iragarri zuten, bi erkidegoetan lanbide arteko gutxieneko soldata ezartzeko akordio batera iristeko.

Bestalde, 14an, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek, bakoitzak bere aldetik, EAEko Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean erregistratu zuten otsailaren 6rako Negoziazio Kolektiboko Mahaiaren eta Confebasken arteko bilera baterako deialdia, Euskal Autonomia Erkidegorako lanbide arteko gutxieneko soldata baten inguruan negoziatu eta akordio batera iristeko. Patronala bilera horretan parte hartzeko prest agertu da.

Aurkeztutako HELren inguruko jarrera sindikal desberdinen edota EAEn eta Nafarroan batera jarduteagatik sortu diren kontraesanez aparte, zalantzarik gabe interes sozial handia du bi erkidegoentzako LGS bereizia lortzeak. Kontuan hartu behar da Hego Euskal Herriko baldintza sozioekonomiko espezifikoak Estatukoren gainetik daudela, eta beraz, bi erkidegoetara egokituta leudekeen LGS bana edukitzea garrantzitsua litzateke.

Adibidez, aurkeztutako HELren zioen azalpenean jasotzen den bezala, honako hauek dira 2024an Europako hainbat herrialdetako LGSk: Alemaniak 2.054 euro, Frantziak 1.766,9 euro, Britainia Handiak 2.230,9 euro, Belgikak 2.070,5 euro, Luxenburgok 2.570,9 euro, Herbehereek 2.134,1, Irlandak 2.146,3 euro eta Islandiak 2.493,2 euro. Bien bitartean, Espainiako Estatuko LGSa, 2024an, 1.323 euroko baliokidea izan zen (hamabi ordainsaritan), Euskal Herriaren antzeko egitura duten herrialdeetatik eta langileen beharrizanetatik urrun. Datu horiek argi eta garbi adierazten dute euskal langileei ezarritako LGS bidegabea dela.

EAEn eta Nafarroan beren egoera ekonomiko eta sozialarekin bat datorren LGS propioa lortzea, lehenik eta behin, positiboa da soldata txikienak dituzten langileentzat. Baina ez hori bakarrik, horrek Gizarte Segurantzari kotizazio eta diru-sarrera handiagoak izatea ekarriko lioke, beraz, pentsioak egokitu eta pentsio publikoen sistema hobetzea ere ekarriko luke. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak beti defendatu izan du soldatak eta pentsioak hobetzeko interes bateratua, erabat uztartuta baitaude. Horregatik, EAEko eta Nafarroako baldintzetara egokitutako LGS bat lortzea positibotzat baloratu behar da.

Beste gauza bat da, hori lortzeko, patronalaren kontrako jarreren aurrean, batasun sindikalerako esparru handiagoak eta mobilizatzeko, presioa egiteko eta borrokatzeko borondatea eta gogoa beharko direla. Halaber, Eusko Jaurlaritzak ere ezin du albora begira geratu gizarte-eskari hain oinarrizkoaren aurrean, milaka langileei, bereziki emakumeei, eragiten diolako.

4.- Bidasoako mugan migratzaileei laguntza emateagatik akusatuei elkartasuna adierazteko ekimenak.

Frantziako Estatura sartu ahal izateko Bidasoako muga igarotzeak hainbat migratzaile hiltzea, eta beste batzuk polizia frantsesak beroan itzultzea ekarri du. Euskal Herria banatzen duen mugaren bi aldeetan dauden hainbat sare sozialen elkartasuna eta babesa etengabea izan da. Eta hori estatuek, bereziki kasu honetan estatu frantsesak, onartu ezin duen zerbait da. Hori dela eta, 7 ekintzaile epaitu eta zigortu nahi dituzte, Korrikan 36 pertsona lagundu zituztelako migrazio prozesuan.

Epaiketa eta zigor saiakera honen aurrean hainbat elkartasun ekimen antolatu dira. Igandean, hilak 26, 11:30ean Fikoban (Irun) egingo den kontzentrazioarekin hasiko den manifestazioa Santiago Zubitik igaro eta Hendaiako komisariara joango da. Eta hilaren 28an, asteartean, beste manifestazio bat, 13:00etan, Baionako epaitegiaren aurrean.

Deialdi horiek migratzaileei laguntzen dien sare sozialek, sindikatuek eta hainbat gizarte-taldek babesten dituzte. Eta autobusak antolatu dira Euskal Herriko hainbat herritatik, jende gehiagok bat egin dezan, batez ere igandean, hilak 26, egingo den mobilizazio solidarioarekin. Txingudiko Pentsiodunen Mugimendua oso adi eta solidarioa da migratzaileei laguntzeko ekimen ororekin, eta dagoeneko bere babesa eta konpromisoa adierazi du aurreikusitako ekimenekin.

5.- Iruñeko etxez etxeko arreta-zerbitzuak erabiltzaile eta laguntza-ordu gehiago izan ditu

Iruñeko Udalaren Etxez Etxeko Arreta Zerbitzuak (ELZ) 144.343 asistentzia ordu egin zituen iaz, 2023arekin alderatuta %12,8 gehiago, eta ELZ biziberritzeko eta zerbitzua bateratzeko indar aurrerakoiek sinatu zuten akordio programatikoa betetzea dakar, zeina udal langileek zuzenean artatu baitzuten kudeaketa publikoaren bidez, zerbitzuaren kalitatea eta langileen enpleguarena hobetzeko.

Gizarte Ekintzako zinegotzi delegatuak emandako informazioaren arabera, Udalak kudeatzen dituen adinekoentzako apartamentuetan bizi diren pertsonak artatzeko familia langileak batetik laura pasatu dira. Eta etxez etxeko arretan, lanaldi partzialeko 18 plaza gehitu dira lanaldi osoan. Lanpostuaren osagarria ere %3,5 handitu da, Udalean dagoen genero arrakala zuzentzeko.

Gogorarazi zuenez, “UPNren agintaldietan erabilitako pribatizazio partzialaren aurrean, zeinak lan desberdintasunak eta zerbitzuaren okertzea ekarri baitzituen, egungo sistemak 16.360 arreta ordu gehiago egin ditu zentsura mozioa aurkeztu zenetik lehen urtean, zuzeneko arretarako udal zerbitzu bakar baten bateratzea osatu da, eta plantilla indartu da etxez etxeko arreta orduen gehikuntzari erantzuteko”.

Zinegotziak berretsi zuen udal ordenantzan aldaketa bat bultzatzeko asmoa dagoela, mendekotasun maila handiena duten pertsonei arreta emateko orduak gehitzeko. Era berean, nabarmendu zuen Udal osoko langile gehien dituen zerbitzuetako bat dela, eta aurreratu zuen programa pilotu bat jarriko dela abian mendekotasun egoeran dauden adinekoei prestakuntza eta laguntza eman ahal izateko, beren etxean senide bat zaintzeko prestazioak jasotzen baitituzte. 2025era begira, adierazi zuen “zerbitzua hobetzeko bide horri jarraituko diogula, hiriaren historiako aurrekonturik handiena dugulako”.

Urrats horiek positiboak dira, baina mugatuak. ELZen gaitasuna handitu behar da etxeetan arreta integrala eskaintzeko. Kontuan izan behar da gero eta ordu gehiago behar direla mendetasun aitortuko egoerei erantzuteko, eta horri ematen zaio lehentasuna. Horrek hauskortasun egoerei arretarik ez ematea eragiten du, eta ELZren prebentzio funtzioa murrizten du.

Ikusten dugu Nafarroako Gobernuari falta zaiola udal ELZen garapenean konpromiso handiagoa hartzea, urteetan zehar noraezean uzten ari da, baliabide egokiak eman gabe, gero eta handiagoak diren beharretarako behar den finantzaketarekin. Itxarote-zerrendak, tasa handiak dira, eta, horren ondorioz, familiek zerbitzuari uko egin behar izaten diote eta laguntza ekonomikoa jaso behar izaten dute. Laguntza hori ez da inola ere irtenbidea, eta, gainera, laguntza batez ere emakumeek egiten dute, eta emakumeak, batez ere, adinean urrera doazenak. Hamaika behar daude eta, beraz, gabeziak. 

Views: 195
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude