Albiste eta informazio interesgarriak 2025eko apirilak 5

Berrien aurkibidea – 2025eko apirilaren 5a
1. Pentsio eta soldata duinen mobilizazio masiboak Euskal Herrian
Milaka pentsiodun eta langilek Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea eta Eibarko kaleak hartuko dituzte bidezko bizi-baldintzak eskatzeko. “Pentsioen eta soldata justuen inguruan pentsiodunek deitutako mobilizazio honen alde aurrekaririk gabeko batasun sindikala lortzeak duen garrantzia mugarria da gizarte-borrokan”, nabarmendu dute antolatzaileek, eta patronalak negoziatzeari uko egin diola nabarmendu dute.
2. “110.000 sinadura baino gehiagok gutxieneko pentsio duinen aldeko Herri Ekimen Legegilea babestu dute. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurreikuspenak gainditu ditu gutxieneko pentsioak LGSrekin parekatzeko laguntzak biltzean. Ekimena maiatzaren 15ean aurkeztuko da Eusko Legebiltzarrean, manifestazio handi batekin batera.
3. Osasun publikoa arriskuan: pobreziak eta soldata baxuek desberdintasunak larriagotzen dituzte. Osasun-erakundeek protestak babesten dituzte, soldata eta pentsio nahikorik ez izateak osasunari kalte egiten diola adieraziz. Pobreziak elikadura, etxebizitza eta oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko aukera mugatzen du, gaixotasunak eta gizarte-bazterkeria izateko arriskua handituz.
4. Euskaraldia 2025: bultzada kolektiboa euskara normalizatzeko Maiatzaren 15etik 25era, euskararen erabilera eguneroko bizitzan sustatzea du helburu ekimenak. Belarriprest eta Ahobizi modalitateekin, herritarrak hizkuntzarekin konprometitzera gonbidatzen ditu, euren presentzia soziala indartuz.
5. Gazako genozidioa gainditzea: mobilizazioak Euskal Herrian Gernika-Palestina plataformak protestak deitu ditu apirilaren 8rako euskal udaletxeen aurrean, Israelen krimenak salatzeko. 50.000 hildako baino gehiagok eta osasun-sistemaren suntsipenak nazioarteko premiazko erantzuna eskatzen dute.
6. Osasuna eta Gizarte Ongizatea, kexa nagusiak Nafarroako Arartekoaren aurrean. Nafarroako Arartekoak % 18,8ko igoera izan zuen erreklamazioetan 2024an. Osasun publikoko, mendekotasuneko eta etxebizitzako arazoak dira nagusi salaketetan, eta funtsezko zerbitzuetan gabeziak daude.

1.- Gaur apirilak 5 pentsiodunak eta Euskal Herriko langileak kalera
Milaka pentsiodun eta langile aterako gara gaur Bilboko, Donostiako, Gasteizko, Iruñeko eta Eibarreko kaleetara; “Soldata eta pentsio duinak orain, hemen eta denontzat !” leloaz bizi-baldintza duinak defendatzeko eta exijitzeko, pentsiodun zein langile guztiei bermatzeko bizi baldintza duinak izango dituztela.
Ehunka mila euskal herritar dira oinarrizko premiak bete ezin dituztenak. Pentsiodun horiek pentsio txikiak edo miseriazkoak jasotzen dituzte, baita langileek estatu mailan ezarrita dagoen LGS dutenek (Lanbide arteko Gutxieneko Soldata), eta horrekin hemen Euskal Herrian ezin zaio aurre egin bizitzaren kostuari.
Hori onartezina da finantza- eta energia-enpresa handiek irabazien marka itzelak eta enpresa-mozkinak soldatak baino lau aldiz gehiago ehunekotan hazten direlarik. Eta aldi berean, zerga-politikak kapitalaren errentei mesede egiten die lanaren errenten kaltetan, aberatsak gero eta aberatsagoak dira jendartearen gehiengoaren kontura; eta pentsioen erreformek gutxieneko pentsio miserableak iraunarazten dituzte gero eta urrunago LGStik (Lanbide arteko Gutxieneko Soldatatik).
Confebask patronalak EAEn eta Nafarroan CENek uko egin diote gutxieneko soldata negoziatzeari eta Hego Euskal Herriko baldintza sozioekonomikoen arabera adosteari. Eta ikusi beharko da Gasteizko zein Iruñeko gobernuek zer erantzun emango dioten EHPMren eskaerari, Euskal Herrian gutxieneko pentsioak LGSrekin parekatu arte osatzeari.
Gaurko mobilizazioen erronka garrantzitsua da, milaka pentsiodunek eta langileek eskaera indartuko baitute kalean. Baina ulertu egin behar da beste urrats bat bezala, datozen hilabeteetan bultzatuko diren ekimenetan. EHPMri dagokio sinadura-ekinaldiarekin jarraitzea, Gasteizko Legebiltzarrean maiatzaren 15ean aurkeztuko dugun HELren aldeko sinadurak, manifestazio batekin batera. Sindikatuei hainbat mobilizazio-ekimen hartzea egokituko zaie, Confebasken eta CENen itxikeriarekin amaitu eta LGS duina negoziatu eta adostu nahi badute.
Bien bitartean, Maiatzaren 1a hitzordu garrantzitsu bat izango da, Langile Klasearen Nazioarteko Eguna. Egun horrek beste mobilizazio- eta errebindikazio-eguna izan behar du, non langileek, pentsiodunek eta beste kolektibo sozial eta herrikoi batzuek gure eskaerak partekatuko ditugun, baita gero eta kezkagarriagoan eragiten diguten beste batzuk ere. Sistema neoliberal kapitalistak, bere esplotazio, zapalkuntza, gerrak eta berrarmatzeaz, gero eta gehiago mobilizazio zabalagoak eta bateratuak bultzatzeko beharra ezartzen digu, narriadura sozial eta politikoa geldiaraziko dutenak, bai Euskal Herrian zein nazioartean.
MANIFESTAZIOAK
Bilbo, 17:30 Jesusen Bihotza. Donostia, 17:30 Boulevard. Gasteiz, 12:00 Artium, Iruñea, 18:00 Baluarte. Eibar, 12:00 Untzaga plaza

2.- Dagoeneko 110.000 sinadura baino gehiago jaso dira HELren alde
Astea joan eta astea etorri, Herri Ekimen Legegilearen (HEL) alde bildutako sinaduren kopurua gero eta handiagoa da, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) aurkeztua. Dagoeneko 110.000 sinadura baino gehiago dira, eta oraindik aste batzuk geratzen dira ekinaldia itxi arte.
Nahiz eta kanpaina batez ere kaleetan gauzatu, komunikabide gehienen baliabideen laguntzarik gabe ezta alderdi politikoek hauteskunde-kanpainetan dituzten baliabiderik gabe, bildutako sinaduren kopuruak dagoeneko soberan gainditu ditu Gasteizko Legebiltzarrean ordezkaritza duten sei taldeetatik horietako hiruren hauteskunde-botoak.
Hori guztia HELk jasotako eskaerarekiko gizarte-babesaren isla baino ez da, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) gutxieneko pentsioak, lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatu arte. Era berean, erakusgarria da ere EHPMk egindako lanaren aitortzea eta 7 urte baino gehiago etengabeko mobilizazioak egitea pentsio publiko eta duinen alde, batez ere gutxieneko pentsioen alde, gehienbat emakumeei eragiten dietenak. Eta hori gainera, beste mobilizazio batzuei eta aldarrikapen sozialei ematen dien laguntza ukatu gabe.
Geratzen diren asteetan sinadura gehiago biltzeko azken ahaleginak indartzeak merezi du. Maiatzaren 3a -larunbata- kanpainari amaiera emango diogu eta kaleetara aterako gara hiru hiriburuetan eta EAEko 70 herri baino gehiagotan sinadurak biltzera. Eta maiatzaren 15ean Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztuko ditugu, pentsiodunen manifestazio indartsu baten laguntza eta babesaz; bertan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako pentsiodunez gain Nafarroako ordezkaritza zabal batez ere parte hartuko du.
Harrigarria eta ulertezina litzateke alderdi edo talderen batek HELi oztopoak jartzea, sinadura-dimentsio horrekin, Gasteizko Legebiltzarrean eztabaidatu eta bozka dadin; baita EHPMren ordezkaritza batek bertan HEL justifikatu eta defendatu ezin izatea. Bakarrik antidemokratikotzat eta ulertezintzat joko lezake euskal herritarren zati handi batek; are gehiago Legebiltzarreko talde politiko guztiek baieztatzen dutenean subiranotasuna Eusko Legebiltzarrean datzala eta herritarren parte hartzeko eskubidea Euskal Autonomia Erkidegoan.

3.- Pentsio eta soldata duinak oso beharrezkoak dira osasunerako
OPA Herri plataformaren Koordinatzaileak eta Nafarroako Osasuna Plataformak egunotan argitara emandako prentsa oharrean babesa eman die gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Eibarren egingo diren manifestazioei, azpimarratuz pobrezia ezabatuko duen gutxieneko pentsioa eta gutxieneko soldata duina lortzea, positiboa eta ezinbestekoa dela osasun egokirako.
Nabarmendu egiten dutenez, “ebidentziak erakusten digu pobreziak elikadura desorekatua izateko arriskua handitzen duela, etxebizitza duina eskuratzeko zailtasun handia, energia erabiltzeko arazoa… eta bere estigmatizazioak egoera ahulean dauden taldeen gizarte-bazterketa eragiten du, gero eta zabalagoak. Horiek guztiak osasuna hondatzeko arrisku-faktoreak dira, goizago gaixotzeko eta hiltzeko probabilitatea areagotuz”.
Eta gaineratu dutenez, “horri guztiari gehitzen badiogu bizi-baldintzei buruzko politika publikoak negozio pribatuak bultzatzearen aldeko apustua egiten dutela, aurrekontu publikoetan lankidetza publiko/pribatuaren alde, zerbitzu publikoak ahultzearen alde, baita Osasun Sistema Publikoa, eta egoera honek bakarrik garamatzala osasunean desberdintasunak okertze eta areagotzera”.
Hori dela eta, gaurko mobilizazioekin bat egin dute, uste baitute kalean izatea beharrezkoa dela.
4.- EUSKARALDIA euskararen erabilera bultzatzeko ariketa soziala
EUSKARALDIA euskararen erabilera bultzatzeko ariketa soziala da. Aurten 4. edizioa maiatzaren 15etik 25era izango da. Helburua honakoa da: gure eguneroko hizkuntza-harremanetan ohiturak aldatzea, euskara lehenetsiz.
Eta euskararen erabileran herritarrek zein entitateek urratsak ematea eta aurrera egitea da xedea, espazioak eta euskalgintza zabalduz.
Gaitasuna baino garrantzitsuagoa jarrera da eta bi jokaera dira norberak hartu ditzakeenak:
- BELARRIPREST: euskaldunekin euskaraz zein gaztelaniaz erabiliko du, baina urkoari gonbidatu berarekin euskaraz egiteko.
- AHOBIZI: beti lehen hitza euskaraz, baita ondoren ere, nahiz eta lagunak erderaz erantzun (ulertzen badu jakina!).
Izen-ematea martxoaren 15ean hasia da (euskaraldia.eus web-ean; ondoren txapa jaso ahal izateko)
Aurreko edizioak arrakastatsuak izan ziren, ehunka mila lagunek parte hartu zuten. Egun horietan nabarmen handitu zen euskararen erabilera kaleetan eta jendarte gune desberdinetan. Lagun askok ekinaldian ez ezik, hurrengo egunetan ere jarraitu zuten euskara erabiltzen, euren ama-hizkuntza zelako edo beste batzuek bere ezagutza eta gaitasuna handitu zutelako.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) bat egiten du ekinaldiaz eta bere konpromisoaz EUSKARA indartzen jarraitzeko. Horregatik animatzen ditugu pentsiodun guztiak EUSKARALDIAn parte hartzeko eta euren harremanetan zein eguneroko bizitzan euskararen erabilera bultzatzeko.
Animo eta denok EUSKARA ZABALTZERA !!!

5.- STOP Israelek Palestinako herriari egindako genozidioari
Gazan armada israeldarraren okupazioak eta gupidarik gabeko bonbardaketek ez dute mugarik. Okupazioa gero eta gehiago hedatzen da, baita Zisjordaniara. Duela 18 hilabete, okupazioa hasi zenetik, 50.000 pertsona baino gehiago hil dira jada -kontuan hartu gabe zenbat mila pertsona dauden hondakinen azpian eta ezin izan dituzten erreskatatu- eta 130.000 baino gehiago zauritu edota elbarritu dituzte Israelen eraso bortitzek Gazan; hildako eta zauritutako pertsonak, ehuneko oso handian emakume zein umeak dira; eta horrez gain, gosetea, sendagairik eza eta populazioaren derrigorrezko lekualdatzeak aipatu behar dira, herri gazatarrari genozidio orokortu bat egiteko helburuarekin, beren lurrak eta herrialdea uztera behartuta.
Hainbesteraino iristen dira gobernu eta armada israeldarraren astakeriak, osasun-sistema txikitu eta deuseztatu dutela, NBEren azken datuen arabera 18 hilabetean hildako osasun-langileen kopurua guztira 1.060 lagun delarik gutxienez. Bakarrik joan den astean 15 paramediko eta erreskatatzaile berreskuratu zituzten hobi komun batetik, bost egun lehenago lurperatuak. Israelen eraso baten ondoren, anbulantzietan, NBEren ibilgailuetan eta Defentsa Zibilarenetan, behar bezala identifikatuta, biziak salbatzera zihoazenean, Israelgo armadak eraso eta sarraskitu egin zituen. Eta hori gertatzen da AEBen babes hautsezinaz eta beste alde batera begira zein Europako ia estatu guztietakoek babes politiko, ekonomiko eta militarrak ere ematen dituztelarik.
Euskal Herrian eta nazioartean herri gazatar eta palestinarrari eman beharreko laguntza inoiz baino premiazkoago eta ezinbestekoagoa da. Datorren asteartean, apirilaren 8an, Gernika-Palestina herri plataformak deitua, arratsaldeko 7etan, mobilizazioak egingo dira Euskal Herriko hiriburuetako eta herrietako udalen aurrean. Ezin gutxiago izan eta hantxe egongo da Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua.

6.- Osasuna eta Gizarte Ongizatea, Nafarroako Arartekoak jasotako kexen buru
Patxi Vera Nafarroako Arartekoak bere erakundearen 2024ko ekitaldiko Urteko Txostena eman zion joan den asteazkenean Nafarroako Parlamentuko lehendakariari. Dokumentu horretan, iaz kudeatu zituen 4.725 jarduerak jasotzen dira, eta herritarrek aurkeztutako kexen kopurua %18,8 igo da.
Jarduera horien artean, 2.751 herritarren kontsulta, 1.663 kexa kudeatu dira, 30 ofiziozko jarduketa, 22 bitartekaritza-espediente, 178 topaketa eta 35 bisita gizarte-erakundeetara, besteak beste.
Dokumentuak kexa-eremu nagusiak jasotzen ditu, eta Osasuna eta Gizarte Ongizatea nabarmentzen dira sailkapen horren buruan, 201 eta 185, hurrenez hurren, eta, ondoren, Hezkuntza (124), Funtzio Publikoa (91), Etxebizitza (88) eta Ogasuna (82). Honako hauek itxi dute zerrenda: enplegu publikorako sarbidea (71), ingurumena (64), atzerritarrak (63) eta trafikoa (57).
Kexen hartzaile diren administrazio edo erakunde publikoei dagokienez, %55,6 foru administrazioaren aurka aurkeztu ziren; %22 toki administrazioen aurka; %12,2 estatuko administrazioaren aurka; %5,2 foru eta toki administrazioen aurka; eta %5,1 beste erakunde batzuen aurka.
Zeharkakotasuna eta gardentasuna; beraz, jorratzen diren gaien“intersekzionalitateari”buruzko zeharkakotasun-irizpide bat errespetatzen du. Kexa gehien jaso zituena honako hau izan zen: “Haurrak eta nerabeak” (323), “Desgaitasuna eta mendekotasuna”(152),“Adinekoak”(140), “Generoa”(36) eta “Arrazakeria eta xenofobia”(11).
Patxi Verak adierazi zuenez, Txosten hori “baliagarria izan dakioke Nafarroako Parlamentuari errealitatea eta herritarrek dituzten arazoak hobeto eta osoago ezagutzeko, lan politiko eta legegile hobea eta egokiagoa egiteko, bai eta Nafarroan bizi diren pertsonei ere, egiazta dezaten Arartekoak zenbateraino lagun diezaiekeen beren eskubideen defentsan, bereziki zaurgarrienen alde”.
