Albiste eta informazio interesgarriak 2025eko martxoak 1a

1.- Ekintza alai eta arrakastatsua Bilborocken (Bilbo), EHPMeko Emakume Pentsiodunen eta HELren aldeko beste emakume-elkarte batzuen eskutik
2025eko otsailaren 24an Bilborocken, Bilbon, Euskal Herriko Pentsiodun Mugimenduko Emakumeek aparteko ekitaldia egin zuten. Bertan 170-tik gora emakume batu ziren Herri Ekimen Legegilea indartzen jarraitzeko. Ekimena oso arrakastatsu izan zen, alaia, arina eta edukiz betea. Parte hartu zuten emakumeak oso gustura egon ziren eta pozik eta asebeteta irten ziren ekitalditik. Herri Ekimen Legegilea oso aintzakotzat hartuta dute emakumeek, sarritan esan dugun moduan, pentsio baxu guztien artean, 100.000 pentsiodunen artean, 66.000 emakumeenak direlako eta horiek izango dira onuradunak. HEL honekin pentsio txikietan dagoen arrakalarekin amaitzea ere lortuko da.
Ekitaldia bideo emanaldi batekin hasi zen. Bertan, argazkien bidez, Pentsiodunen Mugimenduaren ekintzetan emakumeen parte hartze zuzena ikusi zen, esaterako, emakumeen asanbladetakoa baita oraingo sinadura bilketakoa ere. Ondoren Maria Viaderok ekitaldiaren gidaritza hartu zuen eta hasi, amaitu eta bitartean alaitu, animatu, pentsiodunen lana goraipatu, eta, oro har, ekitaldiari indarra eman zion. Oso lan ona egin zuen, bikaina.

Herri Ekimen Legegileak diona eta bost sektore prekarizatutako bost emakumeek, bost ahotsek esandakoa lotu zen: Bego Nuñez Etxez Etxeko Langile laguntzailea, Amets Ladislao baserritarra, Maite Aristegi baserritarra eta bertsolaria, Rosa Alaiogoikoa supermerkatu bateko kutxazaina eta Pili Gil etxeko langile erretiratua. Sektore bakoitzeko ezaugarriak eta arazoak entzuteko aukera eman zuten. Pilik poema hunkigarri bat ere irakurri zuen.
Yogurinha Borovak bi kanta egin zituen eta oso esker oneko agertu zen pentsiodunok egiten dugun lanagatik. Andrea Uñak, Marisa Caleroren “Cuando ellas llegaron” poema errezitatu zuen.
Maria Viaderok emakumeek egindako manifestuaren laburpena irakurtzen zuen bitartean, manifestuari egindako atxikimenduak pantailan ikusteko aukera izan zen, talde feminista eta emakume talde desberdinen 98 atxikimendu. Doakiela gure esker ona hauei guztiei ere.
Amaiera, La Korąk, Bilboko emakume feministen abesbatzak eman zion. Ekitaldirako beren-beregi egindako koplak ere kantatu zituzten. Talde argazkia egin, partaide guztiei eskerrak eman eta hala amaitu zen ekitaldia.
Edozelan ere, oholtza gainean ikusi genituen guztiei eta bakoitzari zorionak beraien barruak modu batera edo bestera konpartitzeagatik eta pentsiodunenganako erakutsitako elkartasunagatik.
GORA TA GORA EMAKUMEAK (testua: La Kora)
Gora ta gora emakumeok
Kantura gatoz kalera
Pentsiodunekin borrokatzera
Feminismoa da indarra!
Koplak:
1. Askatu zure piztia
alaitu zure bizia
zure eskutan daukazu maite
desio duzun guztia.
2. Bizi osoa zaintzean
(e)Ta gero pentsio eskasa
Beste guztion kondizioak
Nahi ditugu kontuetan
3. Erretiroa hartzean
justizia feminista
Miseriazko pentsio kaskarrak
Ez guri, ez inorentzat
4. Ez dugu ilargia eskatzen
Bakarrik pentsio duinak
Isil-poltsa ireki señorok
Justizia zabaltzeko
5. Pobrezian bizi dira
Batez ere alargunak
Gutxieneko errenta duinak
alternatiba bakarra
2.- Martxoak 3: polizia frankistak bortizki zapaldutako borroka eredugarriaren memoria
Datorren astelehenean, martxoak 3, Polizia armatu frankistak Gasteizen borrokan ari diren langileen aurka egindako errepresio basatiaren 49. urteurrena ospatuko da.
Egun horretan, polizia frankistak milaka langilek osatutako langile-batzar bat desegin zuen, Gasteizko San Frantzisko eliza gaseztatuz, jendea bereizi gabe jipoituz irtetean, eta su errealeko tiroak botaz. Bost langile gazte hil zituzten Gasteizen, eta beste bi, bata Tarragonan eta bestea Basaurin, bi herrietan egindako gaitzespen eta elkartasun manifestazioetan. Hildako 7 langile horiez gain, beste 80 gehiago ere izan ziren, eta ospitaleetara joan behar izan zuten, balaz zaurituta edo jipoituta.
Soldata eta lan baldintza duinen alde borrokatzen ziren, eta beren greba eta manifestazioengatik jasaten ari ziren errepresioaren aurka. Poliziak mobilizazioak geldiarazteko eta langileen batzarra eta ordezkaritza zuzena ezabatzeko izan zuen inpunitate probokatzaile eta errepresiboa mugarik gabekoa izan zen, eta hori guztia patronalen interesak babesteko. Gaur egun, ia 50 urte geroago, sarraski haren arduradun nagusia, Martin Villa epaitu eta zigortu gabe dago oraindik.
Prezioa oso gogorra izan zen, baina soldatak eta lan-baldintzak hobetzea lortu zuten, baita langileak ordezkatzeko beste eskubide batzuk ere. Gasteizko borrokak, baita Hego Euskal Herrian eta Estatu espainiarreko beste herri batzuetan ere, langileen eskubideen aldeko borrokan eta pentsioen hobekuntzan bidea ireki zuten. Gaur egun pentsiodunak garenon zati handi batek, batez ere Gasteizko lankideok, zuzenean bizi eta sufritzen ditugu gertaera basati haiek. Pentsio publiko eta duinen aldeko borrokan eta langile eta herri borroken alde jarraitzen badugu, batez ere kaleratzeen eta enpresa itxieren aurka, borroka horietan indartuak izan ginelako da.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak beste behin ere gogoratuko du egun hura, eta Gasteizko gure lankideek harro hartuko dute parte astelehenean Gasteizen egingo diren oroimen ekitaldietan, bereziki arratsaldeko sei eta erdietan San Frantzisko elizatik abiatu eta Katedral Berrian amaituko den manifestazioan.
3.- Martxoaren 8a hurbil dago
Gaur zortzi ospatuko dugu Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak egun horretarako aukeraturiko leloa “Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak” da. Bizitzen ari garen eskuin muturraren, faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen gorakadari irmotasunez eta aliantza feministak bultzatuz aurre egiteko duten konpromisoa adierazteko leloa.
Emakume pentsiodunek EHko mugimendu feministak herri zein eskualde ezberdinetan deitutako mobilizazioetan parte hartuko dute, gutxieneko pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzeko osagarria arautzen duen Herri Ekimen Legegileari Baiezko aldarrikapena kaleratuz. Hauek dira hiriburuetako mobilizazioak:
BAIONA, 17:00etan, geltokitik. BILBO, 18:00etan, Jesusen Bihotzetik abiatuta. DONOSTIA, 12:30ean, Antiguako tuneletik. GASTEIZ, 12:30ean, San Antonetik abiatuta. IRUÑEA, 13:00etan, Antoniutti parketik.
4.- Repsolek 1.756 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen 2024an
Repsolek 1.757 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen 2024an, Gobernu zentralak ezarritako zerga ordaindu ondoren.
Josu Jon Imazek, Repsoleko kontseilari delegatuak, 4,069 milioi euroko ordainsaria izan zuen. 2023an baino 193.122€ gehiago. Ordainsari hori 256 langileren ordainsariaren baliokidea da, 15.876€ko lanbide arteko gutxieneko soldata 2024an. Eta 110 langileena, urteko batez besteko soldata gordina EAEn (37.000€ inguru urtean).

Datu horiek Josu Jon Imazen diru-sarreren eskandaluzko desproportzioa erakusten dute, baita enpresa handietako zein bankuetako agintari exekutibo askorena langileekiko.
Gainera, 2025ean Repsolek ez du zerga ordainduko, beste energia-enpresa batzuek bezala, Espainiako Estatuko Gobernuak azken urteetan ezarri zuen bezala, batez ere Josu Jon Imazek EAEn zein Espainiako Estatuan inbertsiorik ez egiteko egindako xantaiagatik, eta horren ordez beste herri batzuetara bideratzeko.
5.- Carlos Cuerpo Ekonomia ministroak uko egin dio autonomia-erkidegoetan gutxieneko soldata desberdinak egoteari
Horrela mintzatu zen Carlos Cuerpo joan den asteko asteazkenean Diputatuen Kongresuan, Juntsek Kataluniak Estatukoak baino LGS handiagoa izan beharko lukeela defendatu ondoren, bere bizi-kostuaren araberakoa.
Jarrera horrekin, Carlos Cuerpo Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan lanbide arteko gutxieneko soldata propioa eta Estatu mailan ezarritakoa baino handiagoa adostearen aurka dago. Irizpide hori ez dator bat bere alderdi bereko kide Mikel Torres lehendakariorde eta Gasteizko gobernuko Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuarekin, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoan gutxieneko soldata bat jasotzeko aukera defendatzen baitu, nahiz eta bere mugekin; hau da, patronalarekin adostuta egon behar du, eta negoziazio kolektiboko hitzarmenak dituzten langileentzat bakarrik; beraz, ez litzateke orokorra izango, eta, beraz, gutxieneko soldata horretatik kanpo utziko luke langileen sektore garrantzitsua.

Ekonomia ministroaren arbuio horrek, lehenik eta behin, gutxieneko soldataren gaineko jarrera zentralista eta uniformizatzailea adierazten du. Bigarrenik, ez du kontuan hartzen, adibidez, EAEko eta Nafarroako baldintza sozioekonomikoek Estatukoa baino lanbide arteko gutxieneko soldata altuagoa ahalbidetzen eta justifikatzen dutela. Hirugarrenik, autonomia desberdinetako langileen artean desberdintasunak sortzen dituela argudiatuz, horrekin egiten duen gauza bakarra LGS komun bat ahalik eta baxuena justifikatzea da, eta hori gogotsu eskertzen du Confebask patronalak, Euskal Autonomia Erkidegoan LGS Europako Gutun Sozialaren irizpideak kontuan hartuta dagokionaren oso azpitik mantentzea ahalbidetzen diolako (batez besteko soldataren %60).
Gainera, badago beste kontu bat Confebaski asko axola zaiona. 1.184 euroko LGSak Hego Euskal Herriko langileen ehuneko txiki bati eragiten dio. LGS handiagoa balitz, askoz langile gehiagori eragingo lieke, bereziki emakumeei eta gazteei, eta zalantzarik gabe, hitzarmenetan soldatak hobetzeko eskaerak gorantz bultzatuko lituzke. Horregatik, Confebaskek danbatekoa eman zion ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek proposatutako EAEn gutxieneko soldata propioa adosteko negoziazio mahai bat irekitzeko proposamenari.
Orain erronka da zer egin patronalaren itxikeriaren aurrean. Ondo dago Confebaski negoziatzeko eskatzen jarraitzea, bere jarrera ezin zurituzkoa salatuz. Baina lantokietan eta kalean langileen eta sindikatuen mobilizaziorik gabe zaila da Confebaskek EAEn eta CEN patronalak Nafarroan jarrera nabarmen aldatzea.
6.- Euskal gehiengo sindikalaren ekimena, lanbide arteko gutxieneko soldata propioa defendatzeko
Astelehenean Bilbon egindako agerraldi batean, euskal gehiengo sindikala osatzen duten ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek adierazi zuten gutxieneko soldataren proposamen bat adostu dutela, eta martxoaren 20an aurkeztuko dutela, Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan Confebaskekin egin nahi duten eta bilerara deitu dute.
Salatu zuten Confebaskek, Euskal Autonomia Erkidegoan lanbide arteko gutxieneko soldata propio eta Estatukoa baino handiago bati buruzko negoziazio mahai bat irekitzeko esertzeari uko eginez, berriro ere agerian uzten duela, modurik nabarmenenean, eskari horri buruzko akordio batera iristeko borondaterik eza. Confebaski leporatu zioten “tesi neoliberala” besarkatu izana, “soldata baxuen eta lan harremanen deserregulazioaren alde egitea”, eta horrek ondorio larriak ditu, langileentzat orokorrean, eta batez ere bizimodua ateratzeko zailtasunak dituztenentzat, bereziki, genero, jatorri edo adin arrakalak dituztenentzat.

Asteleheneko agerraldian ez zuten gutxieneko soldataren proposamen zehatza publiko egin, baina bideragarria eta egingarria dela aurreratu zuten, egungo testuinguru sozioekonomikoari eta EAEko negoziazio kolektiboaren errealitateari erantzuten diona. Proposamen hori martxoaren 20ko bileran aurkeztuko dute, Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan. CCOOk eta UGTk iragarri dute bertan izango direla.
Datozen asteetan bilera erronda bat hasteko asmoa dute, bai Imanol Pradales lehendakariarekin, bai Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarekin, besteak beste. Eusko Jaurlaritzari eskatuko diote ez dezala ontzat eman Confebasken jarrera, ezin duela bizkarra eman, bere funtzioa eta erantzukizuna bere gain hartu behar dituela eta Confebasken gainean duen presio politiko eta ekonomikorako gaitasuna erabili behar duela mahaia eratzea onar dezan eta gutxieneko soldata propio baten negoziazioari ekin diezaion.
Cebekeko, Adegiko eta SEAko lurralde-patronalei ere interpelazioa egingo diete, beren jarrera argitzeko eta Confebask negoziatzeko erabiltzeko eskatuko baitiete.
ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek ere mobilizazio batzuk prestatzen ari direla iragarri zuten. Halaber, adierazi zuten maiatzaren 16an jardunaldi akademiko batzuk antolatuko dituztela gutxieneko soldataren inguruan, eta sinadurak bilduko dituztela Herri Ekimen Legegile bat abalatzeko, lanbide arteko gutxieneko soldata propioa izateko eta beren aldarrikapena aurrera ateratzeko eskubidea aitor dadin.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak positiboki agurtzen ditu EAEn eta Nafarroan lanbide arteko gutxieneko soldata duin baten alde egiten ari diren urratsak. Bai negoziazioetan bai kaleko mobilizazioan ahalik eta batasun sindikal handiena ahalbidetzeko ahaleginak egitea oso garrantzitsua iruditzen zaigu.
Lanbide arteko gutxieneko soldata propio eta duina eskatzeko ekimen sindikal guztiei kalterik egin gabe, ez legoke batere gaizki langileen, sindikatuen eta pentsiodunen mugimenduaren artean mobilizazio unitario, zabal eta irekiak adostea, gutxieneko soldata eta gutxieneko pentsio duina defendatzeko, ehunka mila langilek eta pentsiodunek duintasunez bete ahal izan ditzaten beren oinarrizko bizi-beharrak.
7.- Iruñeko lehen udal-zentroa
Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak joan den astelehenean onartu zuen adinekoentzako lehen udal eguneko zentroa eraikitzeko obren lizitazioa. Arrotxapea auzoan kokatuko da, eta 2026aren hasieran martxan egotea aurreikusten da. Iruñean adinekoentzako eguneko zentro batzuk daude, baina titulartasun pribatukoak dira, ez udalarenak.
Eguneko zentro hori mendekotasuna duten pertsonentzat izango da. Establezimendu espezifiko batean emandako zerbitzu bat izango da, egunean zehar oinarrizko premia pertsonalei, terapeutikoei, errehabilitaziokoei eta soziokulturalei arreta eskaintzeko, ohiko ingurunean egotea erraztuz eta zaintzaileei lagunduz.
Etxez etxeko arreta-zerbitzuak eskasak, kaskarrak eta prekarioak dira Nafarroan, ez dezagun eguneko zentroez hitz egin. Administrazio publikoek gehiago aktibatu beharko lukete zerbitzu garrantzitsu hori, eta baloratu beharko lukete ea zentroak falta diren, zergatik ez duten biztanleek erabiltzeko joera handirik, horien prezioa den, etxetik eta garraiotik zenbateko distantzia dagoen, zelako ordutegiak dituzten…
Eguneko zentroen kudeaketa pribatizatzeak kalitatea galtzea dakar, arreta eta zaintza publikoko beste zerbitzu batzuekin koordinatzeari uzten zaiolako. Irabazi-asmoa duten enpresen helburua ahalik eta etekin handiena lortzea da, eta horrek eragina du soldata-mailetan, enpleguen egonkortasunean, espezializazio txikiagoko langileekin, txandakatze handiagoarekin eta pizgarri gutxiagorekin. Arretaren eta Zainketen arlo honetan ere asko dugu borrokatzeko Mugimendu Pentsiodunetik, arazoak konpondu nahi baditugu.
