Albiste eta informazio interesgarriak 2025ko-otsailak-22

1.- Emakume pentsiodunen eta beste emakume-kolektibo batzuen ekitaldia, Herri Ekimen Legegilearen (HEL) alde, datorren astelehenean, Bilborocken
Herri Ekimen Legegilea dela eta, EHPM-ko emakumeek manifestu bat egin dute. Hamaika talde feminista eta emakume talde ezberdinak adierazi diote atxikimendua manifestuari.
Manifestu honek argi uzten du emakume askoren egoera larria dela pentsio txikiak dituztelako. Gutxieneko pentsioak miseriazkoak izaten jarraitzen dute gaur egun ere. 2025ean, bakarrik bizi den emakume pentsiodunaren gutxieneko pentsioa, hilero 874,40 €-koa izango da eta hau da Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren, 1.184 €-ren, %74. Eta 2025ean, kotizazio gabeko pentsioa bakarrik bizi den emakume batentzat, hileko 564,70 €-koa da, LGSren %48a. Herri Ekimen Legegile honekin 66.000 emakume izango lirateke onuradunak, diru osagarria hartuko luketenak pentsioa Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzeko. HEL hau ere izango da, besteak beste, genero arrakala nabarmen murrizteko bidea.

Horren harira, otsailaren 24an, 18:00etan, Bilboko Bilborrock-en egingo den ekitaldian ahotsa izango dute sektore ezberdinetako emakumeek, lan prekarizatuetan aritutakoak. Etxeko langile baten ahotsa entzungo da, baserritar batena, Etxez Etxeko Arreta Zerbitzuko langile batena, kultura sortzaile batena eta supermerkatuko emakume langile batena. Ekitaldian bideo bat ikusteko aukera izango dugu, abestiak entzuteko, photocall-ean argazkiak egiteko eta, batez ere, Herri Ekimen Legegilearekin aurrera egiteko indarra erakutsiko da.
Beraz, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko emakumeak, talde feministak osatzen dituztenak, bestelako taldekoak eta, oro har, emakume norbanako guztiak animatu eta parte hartu 24ko Bilborrock-en egingo den ekitaldian.
2.- Hasiera ezin hobea HELren aldeko sinadura bilketak
Astez aste, bildutako sinadura kopuruak nabarmen egiten du gora. Kanpainaren erdialdera iritsi gabe oraindik eta 50.000 sinadura baino gehiago bildu dira dagoeneko. Horrek erakusten du Herri Ekimen Legegileak (HEL) gizartean sortu duen erakarpena. Ekimen honen helburua, zera da, Euskal Autonomia Erkidegoan gutxieneko pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatu arte osatzea (1.184 euro 14 ordainsaritan 2025erako). Eskaera honek, batez ere, emakume pentsiodunei eragiten die, pentsio txikienak dituzten sektorea delako.
EAEko hiru lurralde historikoetan (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) sinadurak eta babesak biltzeko erritmoak antzekoak dira. Eta bada azpimarratu daitekeen beste datu baikorrik ere: herri txiki batzuetan, eta baita erdi mailako banakaren baten edo bestean ere, bildutako sinaduren kopurua sinatu dezaketen 18 urtetik gorako biztanleen %20tik gorakoa dela. Azpimarratzekoa da, halaber, pentsiodunak ez ezik, 18 urtetik gorako adin guztietako herritarrak hurbiltzen direla sinatzera, argi geratzen delarik egungo eta etorkizuneko pentsio publikoekiko dagoen kezka soziala handia dela.
Legez abenduaren 24an hasi zen sinadurak biltzeko lau hilabeteko epea apirilaren 24an amaitzen da. Beste bi hilabeteko luzapena onartu digute aurrera jarraitu nahi izanez gero jarraitzeko. Baina gure asmoa sinadura-bilketa ahalik eta gehien azkartzea da, Gasteizko Legebiltzarrak lehenbailehen izapidetza onar dezan eta HEL eztabaidatzeko astia izan dezan.

HEL honen ibilbideak hartu duen dinamikak eta onarpen sozialak pentsarazten digute bilduko dugun sinadura kopurua oso garrantzitsua izango dela. Datozen asteetan ahaleginak biderkatu egingo ditugu, eta kanpainaren erdialdean Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) bildutako sinadura kopurua publiko egingo du, eta hurrengo asteetan egingo diren urrats eta ekimenen berri emango du.
Lerro hauen bidez, lan honetan dabiltzan pentsiodun lagun guztiak zoriondu nahi ditugu, herrietan eta hiriburuetan HELn egiten diren eskariak herritarrengana heltzeko eta firma bilketa sustatzen egiten ari diren ahaleginarengatik.
3.- Lizarrako adinekoek beren egoitzaren defentsan
2.000 pertsona inguruk, gehienak erretiratuak, Ega elkartearen aldeko manifestazioa egin zuten joan den larunbatean. 1500 bazkideri eragingo lioken Arieta kaleko egoitzaren itxierari irtenbide egokia eman diezaioten. Manifestazioan, besteak beste, eskakizun hauek egin ziren: “Ez itxi, irtenbidea bilatu!, “Gure elkartetik ez gaituzte aterako”.
Lizarrako hainbat kale zeharkatu ondoren, manifestazio jendetsu hau udaletxearen aurrean amaitu zen. Bertan elkarteko presidenteak komunikatu bat irakurri zuen, honako hau adierazteko: “hemen gaude ekintza bidegabe eta onartezin bati aurre egin behar diogulako. Ega erretiratuen elkartea eskubidez dagokigun espazio batetik atera nahi gaituztelako”. Arieta kaleko lokalen balizko desalojua arbitrariotzat jo zuen, ez baitu aintzat hartzen sinatuta dagoen hitzarmena; legez kanpokoa da, segurtasun juridikoa eta higiezina 30 urtez jarraian erabili izanaren ondorioz eskuratutako eskubideak urratzen ditu; ez du ezta ere kontuan hartzen hitzarmenaren izaera publikoa.
Halaber, ziurtatu zuen funtsezko zerbitzu publiko baten egonkortasunaren aurka egiten duela, eta hiriko ehunka pertsona erretiraturi, pentsioduni eta alarguni eragiten diola, beren ongizate fisiko, emozional eta sozialerako ezinbesteko gunea.

Arazoa, San Jeronimo fundazioak, higiezinaren jabeak, instalazioak libre uzteko eskaria egin zuenetik dator, fundazio honek San Jeronimori lotuta legokeen eguneko zentro berri bat jartzeko eskaria egin zuenetik. Eskaera horrek, alde batera uzten du 1990ean Nafarroako Gobernuak, Lizarrako Udalak eta Fundazioak sinatutako kontratua, non erretiratuen elkartearentzat alokairu mugagabea jasotzen den. “Orain, ordea, San Jeronimo Fundazioak gure etxetik atera nahi gaitu, akordio horiek alde batera utzita eta 1.500 pertsona baino gehiagoko komunitatea arriskuan jarrita”.
Harrapaketatzat jotzen dutena gelditzeko, Ega elkartearen asmoa kalean jarraitzea da, eta, beharrezkoa balitz, epaitegietara eta beste edozein tokitara jotzeko ere prest daude.
4.- Manifestazio jendetsua Iruñean Nafarroako industriaren eta lanpostuen defentsan
BSH, Sunsundegui, Nano Automotive, Siemens Gamesa, Tenerias Omega eta Volskwagen Navarra enpresetako batzordeek, enpresa horietako batzuk ixteko mehatxupean izanik, igandean Iruñean egindako manifestazioak Hiriburuko eta Nafarroako beste eskualde batzuetako milaka pertsona bildu zituen. Horien artean, Nafarroako Pentsiodunen Mugimenduak parte hartzera deituta pentsiodun asko joan zen.
Hasierako pankartak “Nafarroako industriaren alde” leloa zeraman. Deialdia egin zutenek Foru Gobernuari eta Industria Ministerioari eskatu zioten “Nafarroako industria-sarea biziberritzeko eta indartzeko politika publikoak har ditzatela”.
Eskari honekin, langileen eta haiekin joan ziren herritarren lehentasunezko helburua Nafarroako industria osoan lanpostuak defendatzea izan zen.

Ez da Nafarroako Foru Komunitateko industrian soilik gertatzen ari den arazoa, Euskal Autonomia Erkidegoan ere tantaka-tantaka ixteko arriskuan dauden hainbat industria-enpresen izenak agertzen dira, esaterako, Zumaiako Balenciaga Ontziolak edota Guardian Glas Laudion. Gainera azken enpresa honen ixteko mehatxuari, gehitu behar zaio, Aiaraldea azken urteotan sufritzen ari den industria atzeraldia, eta horrek dakartzan ondorioa sozial guztiak.
Ixteko arriskua duten enpresa asko produktiboak dira, baina horietako batzuk talde multinazionalen mendekoak direnez, enpresotako ekoizpenak beste herrialde batzuetara eramaten dituzte deslokalizazio prozesuan sartuz, laneko kostuak edo kostu fiskalak aitzakiatzat hartuz beraien etekinak handitzea baino ez zaielako axola. Multinazional horiek, kasu askotan, Hego Euskal Herrian instalatzeagatik funts publikoak hartu dituzte, eta ez dituzte itzultzen enpresak bide bazterrean utzita alde egiten dutenean.
