Albiste eta informazio interesgarriak             24-maiatza-2025

1.- Orain, HEL izapidetzeko, eztabaidatzeko eta bozkatua izan dadin bultzatzen jarraitu behar dugu

Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiei (EAJk eta PSE-EE) HELren izapidetza, eztabaida eta bozketa onartzea eskatuko zaie, bestela, prozesua bertan behera gera daitekeelako; horretarako EHPMk elkarrizketa bana eskatuko die, Pradales lehendakariari eta Torres lehendakariordeari, hurrenez hurren, HELren funtsezko arrazoiak zeintzuk diren azaltzeko, eta Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu eta bozkatu ahal izatea onar dezaten.

Datorren astelehenean, hilaren 26an, entregatuko zaio eskaera lehendakariari, eta Gasteizko pentsiodunek manifestazio bat egingo dute, udaletxeko plazatik lehendakaritzako ateetara eta azpimarratuko dute bilera horren beharra. Bestalde, elkarrizketa-eskaera hori lehendakariordeari eta legebiltzarreko talde politikoei ere helaraziko zaie.

EHPMk, halaber, zorionak eta eskerrak emango dizkie euskal gizarteko 298 erreferentziazko pertsonei, EAEko sindikatu guztiei eta bildutako 145.142 sinaduren kopuru arrakastatsua lortzen lagundu zuten ehunka kolektibo sozial eta feministei. Era berean, adierazi nahi diegu, jarrai dezatela aurrean dugun erronka honi beraien laguntza ematen: hain zuzen ere, HEL izapidetzeko, Eusko Legebiltzarrean eztabaidatua eta bozkatua izan dadin.

Ekimen horiez gain, HEL honek duen garrantzi soziala gizartearen gehiengoari helarazteko kanpaina bultzatuko dugu kartelekin, panfletoekin eta beste publizitate-euskarri batzuekin. EAEko gutxieneko pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldataraino osatzeak duen garrantzia azpimarratuz, batez ere, pentsiodunen sektore oso kaltebera batek, emakumeek, duintasunez bizitzeko aukera emango dien diru-sarrerak izan ditzaten.

Aldi berean, gizarteratze- eta sentsibilizazio-kanpaina berri horrekin, orain arte HELren sinadurarekin heldu den 145.142 herritarrengana baino gehiagorengana heldu nahi da, horretarako ekainaren erdialdean kaleko hainbat mobilizazio egingo dira, eta zuzen zuzenen EAJri eta PSE-EEri eskatuko zaie HEL izapidetzea, eta eztabaidara eta bozketara pasatuko dela argi esatea.

Uztailetik aurrera opor garaian sartuko gara. Baina, atsedenaldirako garaia izan arren, herri batzuetako jaietan eta bestelako ekintza batzuetan, HEL honek suposatzen duen erronka soziala  adierazteko kalean egongo gara.

2.- Erronka demokratikoa Legebiltzarrarentzat eta Eusko Jaurlaritzarentzat

HELren aldeko 145.142 sinadurak entregatu ondoren, Eusko Legebiltzarrak izapidetzari, eztabaidari eta bozketari oniritzia ematea da orain berehalako helburua. Gasteizko Gobernua osatzen duten eta Legebiltzarrean gehiengoa duten EAJren eta PSE-EEren esku dago hori. Oposizioko alderdiek, VOXek izan ezik, dagoeneko adierazi dute prozesu hori babesteko prest daudela.

Izapidetzari ezezkoa ematea, alde batetik, antidemokratikoa litzateke, eta euskal gizartearen gehiengoarentzat ulertezina; eta bestetik, kontraesankorra gobernuko bi alderdiek eskubide demokratikoen alde egiten dituzten aldarrikapenekin.

Gernikako pentsiodunen mugimenduko kide batek Viento Sur aldizkarian argitaratutako artikulu batean, hain zuzen ere, Pradales lehendakariak behin baino gehiagotan demokraziari buruz egin dituen adierazpenekiko gaitzespen hori zein kontraesankorra izango litzatekeen nabarmendu du. Jarraian, artikulu horren hainbat paragrafo jasoko ditugu.

2024ko abenduan, Imanol Pradales lehendakariak, “Demokraziari buruzko elkarrizketak” unibertsitateko jardunaldian parte hartu zuen. Bertan, “demokrazia indartzea legegintzaldiko erronka” gisa jarri zuen. Halaber, “instituzio publikoekiko dagoen konfiantza-krisiaz” ere hausnartu zuen, besteak beste, “erakunde publikoetan dagoen jokabide desegokiengatik” sortua.

2025eko martxoa, Lehendakariak Eusko Legebiltzarrean “Kalitate demokratikoa hobetzeko” ponentzia bultzatzea proposatu du. “Herri gisa, garapen demokratikoaren eskutik baino ezin dugu aurrera egin, eta horrela bakarrik bermatuko ditugu pertsonen askatasuna eta duintasuna”, eta nabarmendu du abian dagoela “Euskadin politika eredugarria, lankidetza-politikarako esparrua eta eztabaida-prozesuak bultzatzeko ituna, besteak beste, herritarren batzarrak”, eta, amaitzeko, honako hau dio irmoki: “Demokraziak inoiz baino gehiago eskatzen du, atxikimendua eta konpromisoa, pertsonala eta kolektiboa. Bide hori elkarrekin egiteko deia egiten dut, gure gizartearen onerako izango baita. Demokrazia guztion artean eraikitzen da egunez egun, urratsez urrats “.

2025eko maiatza, Gasteizko Artiumen, Lehendakariak dio “demokrazia indartzea” dela “gure garaiko erronka handienetako bat”, eta balio demokratikoen babesa “justizia sozialarekin estuki lotuta” dagoela.

HEL 145.142 sinadurarekin Eusko Legebiltzarrean entregatuta dago jada. Orain, Erakunde horri dagokio, lehenik eta behin, izapidetzea onartzea edo uko egitea. Erabakia EAJk eta PSE-EEk bozkatuko dutenaren araberakoa izango da. Izapidetzea onartu ondoren, eztabaida eta bozketa etorriko dira.

Inoiz ez da aurkeztu EAEn, ezta urrutitik ere, horrenbesteko babesik izan duen HELrik. Ez bada izapidetzen, esan nahiko luke Lehendakariaren adierazpen horiek guztiak erabateko gezurra direla, egunkarietako titularretarako hitz-jarioa, eta justizia sozialari lotutako demokraziaren aurkako ekintza instituzionalaren berariazko adierazpenak.

3.- Aguraingo pentsiodunek euren herrian amaitu zen emakumezkoen Itzuliaren etapa hartu dute

Ostiralean, hilak 16, amaitu zen Agurainen Zumarragan hasi zen emakumezkoen Itzuliaren lehen etapa. Herriko pentsiodunen mugimenduko hogeita hamar bat lagunek ez zuten aukera galdu, eta helmugatik gertu jarri ziren sinadurak biltzeko erabili diren mahai eta banderolekin, “HEL-Gutxieneko Pentsio = Gutxieneko soldata” leloarekin. Ekimen deigarria izan zen bildutako jende kopuru handiarentzat, bezperan Eusko Legebiltzarrean 145.142 sinaduren abalarekin aurkeztu zen HELk jasotako babesa ikusaraziz.

4.- EHPMk  aurkeztu duen HELk jakin-mina sortu du Estatuko beste pentsiodunen plataforma batzuetan

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak gutxieneko pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS) parekatu arte osatzeko aurkeztu duen HELren aldeko sinadura kanpainak izan duen arrakasta ikusirik, Estatuko beste autonomia-erkidego batzuetako pentsiodunen plataformak ere animatu egin dira euren lurraldeetan antzeko ekimen bat sustatzera. Alde batetik, hainbeste sinadura bildu izanak adierazten duen HELren aldeko atxikimendu sozialak; eta, bestetik, euskal gizarteko pertsona erreferentzialek, sindikatuek, gizarte-kolektiboek eta erakunde feministek eman dioten sostengu zabalak, hausnartzera deitu ditu.

Balear Uharteetan dagoeneko HEL dokumentuaren prestaketarako azken fasean daude, ondoren, izapidetze prozesuan sartzeko. Uharte ezberdinetako 21 kidez osatutako ordezkaritza-sustatzailea sortu dute. Eta irailaren amaieran edo urriaren hasieran aurkezteko asmoa dute. Era berean, ekitaldi ezberdinetan HELren aurkezpena egin dute, eta hainbat gizarte-plataforma, sindikatu eta abarrekin harremanetan jarri dira, ahalik eta babes zabalena lortzeko asmoarekin. Nahiz eta oraindik hastapenetan egon, pozik daude ekimenak gizartean duen harrerarekin.

Gaur bertan, maiatzak 24, Gaztela-Leongo pentsiodunen plataformen topaketa egingo da, eta Kantabriako, Asturiasko eta beste erkidegoren bateko plataformak ere gonbidatu dituzte. Eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua ere gonbidatu egin dute, Euskal Autonomia Erkidegoan HELrekin izaten ari garen esperientziaren berri eman eta azal diezaiegun, beraien autonomia-erkidegoan antzeko ekimen bat sustatzea interesgarria izan daitekeelakoan. Eskaera horri erantzunez, EHPMren ordezkaritza bat topaketa horretan izango da gaur.

Balear Uharteetako zein Gaztela-Leongo pentsiodunen plataformek eskertu egiten dute EHPMren laguntza solidarioa, pentsiodunen sektore ahulenek, batez ere emakumeek, beren pentsio kaskarrak hobetu ahal izatea helburu duten HELk sustatzeko ekimenak bultzatzeagatik.

5.- Bihar amaituko da EUSKARALDIA

Maiatzaren 15ean hasita, euskararen erabilera eta ikusgarritasun sozialaren aldeko 11 egunen ondoren, bihar amaituko da EUSKARALDIA. Hamarnaka mila lagunek AHOBIZI edo BELARRIPREST txapak zintzilikatu dituzte, euskararen erabilera eta sustapenean eragile aktibo bihurtuz. Kanpaina arrakastatsua izaten ari da, hainbat kultur erakunde, gizarte plataforma, taberna, denda, sindikatu, alderdi eta abarrek bat egin baitute kanpainarekin, euskarak erabilera sozial eta ikusgarritasun handiagoa izan dezan egun hauetan.

Baina EUSKARALDIAren helburua ez da bakarrik 11 egunetan euskara kalean eta eguneroko bizitza sozialaren esparru guztietan gehiago agertzea. Euskararen erabileraren mugak eta inertziak hautsi nahi ditu, Euskal Herriko hizkuntza bizi eta propioa den aldetik, Euskal Herriaren nortasun sozialaren ikurra den aldetik, dagokion lekua hartuz.

Euskara hitz egiten edo ulertzen dugun guztiok gaude euskara erabiltzera eta hizkuntza bizia dela ikusaraztera deituak, gizartean euskaraz lan egin eta harremanetan jartzera, gero eta beharrezkoagoa izan dadin herri honetan bizitzeko. Euskal pentsiodunen mugimendua pertsona askok osatzen dugu, euskara hitz egiten edo ulertzen duten lankide askorekin. Beste gizarte-sektore batzuei bezala, gure hizkuntzaren erabileran eta sustapenean eragile aktibo izatea dagokigu.

6.- Kotizaziopeko erretiro-pentsioa eskuratzeko oztopoak: eskatutako kotizazio-aldiak (1)

Gaur erretiroko kotizaziopeko pentsioa eskuratzeko oztopoen lehen kapitulu bat eskaintzen dugu. Hurrengo buletinetan eskubide hori lortzeko zailtasun espezifikoak dituzten langileen beste kapitulu batzuk jorratuko ditugu.

Espainiako estatuan 15 urte edo 5.475 egun kotizatu behar dira erretiroa hartu ahal izateko, eta Europar Batasuneko (EB) estatu kide gehienetan baldintzak gogortzen ari diren arren, urte kopuru hori, EBko urte-kopuru handienetako bat izaten jarraitzen du. Adibidez, Alemanian 5 urtekoa da, nahiz eta azken 10 urteetan gehituz doan 1985ean greba orokorra eragin zuen “erreformaren” ondorioz. 

2011ko erreformarekin (27/2011 Legea) berriz ere luzatu egin zen kotizazio epea; izan ere, erreforma hori egin arte, Auzitegi Gorenak ezartzen zuen 15 urte horietarako aparteko ordainsarien kotizazioak zenbatu zitezkeela, eta horrek 13 urte eta 9 hilabeterekin erretiratzeko aukera ematen zuen. Gainera, 15 urte horietatik, bi urte, erretiroa hartu aurreko 15 urteetan kotizatu behar izan dira.

Onartzen da epea atzera eramatea altari eusten zaion aurreko 15etara, baina kotizatu beharrik ez dagoenean, adibidez, nahi gabe langabezian egoteagatik, SEPE bulegoetan aldian aldiko agerraldiak mantentzen badira. Gertatzen dena da, betebehar hori askotan ez dutela betetzen enplegu-itxaropen gutxi duten eraginpeko pertsonek.

Arau horiek oso garrantzitsuak dira zaintza-jardueretan aritzeagatik enplegua utzi duten emakumeen sektore esanguratsu bati erretiroa hartzea zailtzen dietelako, eta azaltzen dute 2025ean erretiratuen %40 baino ez direla, gizonen %60ren aldean. Hori dela eta, aldatu egin behar dira, adibidez, eska daitekeen kotizazio-aldia 15 urtetik 12ra murriztuz, eta azken 15 urteetako bi urteko eskakizuna baliogabetuz.

Views: 191
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude