Albiste eta informazio interesgarriak uztailak 20

1.- Europa Sozialaren eta Herrien Europaren aldeko Topaketa finantzatzeko EHPM-k (Euskal Pentsiodunen Mugimenduak) sustatutako laguntza-bonuaren bigarren saria
EHPM-k sustatutako bonoaren 2. saria, Europa Sozialaren eta Herrien Europaren aldeko Topaketa finantzatzeko, Guardia herriko (Araba) Eguren Ugarte Hotelean bi lagunentzako egonaldia da, 2024ko azaroaren 9tik 10era bitartean, logela, afaria eta bisita dastatzeaz. Eta 2.772 zenbakiarekin saritua izan da dagoeneko, 2024ko uztailaren 13ko ONCEren kupoiaren azken lau digituak hain zuzen.
Gogoan izan joan den asteko Buletinean jakinarazi genuela 1. Saria: 1.156 zenbakia bat zetorren 2024ko uztailaren 6ko ONCEren kupoiaren azken lau digituekin, Zumaiako Zelai Talasoterapia Hotelean bi lagunentzako egonaldia, irailaren 6tik 8ra, itsasora begirako logela, afariak, gosariak eta zirkuitu termalaz.

Saria irabazi dutenak Gipuzkoako bi pentsiodun dira, bata Antzuolakoa eta bestea Oreretakoa.
2.- Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduaren bilera Bizkaiko Ogasuneko foru diputatuarekin
Itxaso Berrojalbiz Ogasuneko foru diputatuak eta Iñaki Alonso zuzendari nagusiak Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko (BPM) ordezkaritza bat hartu zuten iragan astean -uztailak12-. Bilera adeitsua izan zen, azalpen argiak trukatu eta zuzeneko komunikazioarekin jarraitzeko jarrera azaldu zuen Ogasun diputatuak. Bileraren arrazoia hauxe izan zen: BPMaren ordezkaritzak galdera sorta bat aurkeztu zuen zenbait pentsioduni egindako diru-itzulketei buruz, lan-mutualitateetako kotizazioen ondorioz. Laburbilduta, hona hemen galderak eta lortutako erantzunak.
Erabilitako kenkaria kalkulatzeko azalpen ahalik eta errazena izan nahi genuke
Lehenik eta behin, hasi egin ziren nabarmentzen epai askoren konplexutasuna, aniztasuna eta are argitasun falta, prozedura honetarako oinarri izan diren epaietan. Gizarte Segurantzarekin akordio batera iritsi ziren, lan-bizitzari buruzko datuak izateko eta jasotako pentsioaren zer proportzio 1979 baino lehenago sortua jo daitekeen kalkulatzeko, eta datu horretatik Auzitegi Gorenak ezarritako %25eko kenkaria egin.
Auzitegi Gorenaren epaietako bat aplikatuta, 35 urte (12.775 egun) hartu zituzten kontuan, garai hartan indarrean zegoen Gizarte Segurantzaren legeak pentsioaren %100 kobratzeko eskubidea ematen zuena, eta hori oinarria dagokion proportzioa finkatzeko; eta kotizatutako urteak 35 baino gutxiagoko kasuetan, benetan kotizatutako egunak erabili dira. Gure ustez, horrela, pertsona kaltetuak egon daitezke; izan ere, pentsio-kopuru bera izanda “integratu gabeko kopurua” txikiagoa izango da denbora gehiago kotizatua baino. Hurrengo ekitaldi fiskaletan irizpide bera aplikatuko dela baieztatu zuten eta, logikoa denez, portzentaje bera aplikatuko zaie urte bakoitzean jasotako diruzko sarrerei.

Foru Ogasunak dagozkion diru kopuruak itzultzeko epeak
Azaldu zuten bereizi egin behar direla 1967 baino lehen kotizatu zuten pentsiodun mutualistak, 2023ko zirriborroan sartu gabeko kopuru gisa %100eko kenkaria egin ezin izan zitzaienak, Auzitegi Gorenak apirilaren 19ko epaian finkatu zuelako ehuneko hori eta zirriborroak bidaliak ziren; uztailaren 15etik aurrera “itzuli beharreko” deklarazioetan ordainduko zaie “ordaindu beharreko” kasuetan, eta “ordainketa zatikatua” duten Aitorpenetan, azaroan erregularizatuko da. Uneko urtean zehar egingo dira 2019, 20, 21 eta 22ko ekitaldiei dagokiena, Aitorpenean erabilitako kontu-korrontean.
Deklarazioa egitera behartuta ez daudenena, baina PFEZren atxikipena egina dutenena
Hauxe adierazi dute: Ogasun Sailak ezin du “ofizioz” itzuli dagokion zenbatekoa, kaltetutako pertsonek eskaera bat egin behar dute, bai aurrez aurre edozein Foru Ogasuneko bulegotan, bai web orriaren bidez edota telefono bidez, aldez aurretik deitzen duen pertsonaren autentifikazioa egina.
Atxikipenik ez duten ezintasun iraunkor osoa eta absolutuaren pentsioei dagokienez, PFEZrik ez dutenez, ez legoke ezer erregularizatu beharrik; izan ere, ezer atxiki ez bada, ez da ezer itzuli behar. Legeak argi uzten du, kontua ez dela emandako kopurua berreskuratzea, baizik eta zergapetze bikoitza zuzentzea, Lan-Mutualismoaren kotizazio-aldian.
Kapital errentan egindako atxikipenei dagokienez “epe finkoa”, “dibidenduak”, etab., hasiera batean logikoa dirudi pentsatzea epaiak lan-errentetan zentratzen direla, baina nolanahi ere, dagokion erreklamazioa egitea egokia deritzote.
Alarguntza-pentsioak
35/2006 Legeak, gai hau sortzen duenak, ez die eragiten eta, beraz, ez daude prozedura honetan sartuta. Bai, ordea, bizirik dirauten ezkontideak egongo balira, heriotza 2019an edo geroago izan bada. Foru Ogasunak ezin du “ofizioz” egin, beraz dagokien ekitaldien erregularizazioa eskatu behar dute. Heriotza 2019. urtea baino lehen gertatu bada, eskubidea preskribatuta dago eta ezin da inolako erreklamaziorik egin.
Espetxeratuta egon ziren eta 1977ko Amnistia Legea aplikatu zitzaien pertsonentzako kalkulu mekanismoa, legearen arabera kotizatu gisa aitortu behar baitira urteak
Gizarte Segurantzak bidalitako datuak baliatuta Foru Ogasunak erantzungo dute, beraz, interesatuak izango dira Gizarte Segurantzaren Diruzaintzara jo behar dutenak amnistiatutako aldiak sar ditzan eta Foru Ogasunak ebatziko du lan-bizitza osoarekin.

Pandemiak nola eragingo die preskripzio epeei
2019ko ekitaldiko erreklamazioa aurtengo irailaren 30era arte eska daitekeela jakinarazi dute. Izan ere, kanpaina horretako Aitorpena aurkezteko epea 2020. urtean luzatu zen, urte horretako irailaren 30 arte.
3.- El Correo pentsiodunen aurka temati
El Correo egunkarian argitaratzen diren argitaletxeen eta iritzi-artikuluen artean etengabekoa da pentsio publikoen sistemaren aurka eta, ondorioz, pentsiodunen aurka egindako kritikak.
Behin eta berriz jartzen du zalantzan Gizarte Segurantzaren kutxaren kaudimena, hartutako zorrak etengabe nabarmenduz, eta horrek Estatuaren zor publikoari begira dakartzan ondorioak azpimarratuz, zor hori murriztu egin behar baita, are gehiago Europar Batasuna zuzentzen dutenek zor hori gauzatzeko eta Estatuko gobernuak aurreikusitako dirulaguntzak jaso ahal izateko egiten dituzten presioen aurrean. Hori bai, kexu da batez ere enpresaburuen kotizazioen igoera txiki mugatuak enpresen produktibitatea eta lehiakortasuna mugatzen dituelako.
Pentsio publikoak KPIaren arabera eguneratzeari edo gutxieneko pentsioak ehuneko handiagoan hobetzeari uko egitea, miseriatik ateratzeko urrats txikitxo bat, guati horien aurka ari da eten gabe egunkaria, eguneroko ideiak edo propaganda dira. Are gehiago, bidegabea iruditzen zaio soldatak proportzio berean ez igotzea, edo gazteek pentsioak baino diru-sarrera edo soldata txikiagoak izatea. Ez da inoiz planteatzen enpresaburuek soldata duinak ordaintzea, bereziki soldata oso txikiak dituzten sektore prekarizatuenentzat, hala nola emakumeentzat eta gazteentzat, eta gutxieneko duintasunarekin bizi daitezkeenentzat.
Aldian-aldian, batez besteko pentsioen datua ateratzen du argitara, batez ere Euskal Herrian, argi eta garbi erakusteko pentsio horiek handiegiak direla, eskuzabalegiak, Estatuko batez bestekoaren gainetik, eta gero eta alde handiagoa dagoela kotizazioengatiko diru-sarreren eta pentsioetako gastuen artean. Inoiz ez du adierazi EAEko pentsiodunen erdia baino gehiago batez besteko horren azpitik daudela, eta are gutxiago EAEren eta Nafarroaren artean 220.000 pentsiodun inguru daudela, gehienak emakumeak, 1.080 eurotik beherako edo askoz gutxiagoko pentsioak dituztenak.

Orain, azpimarratu du mutualistei egindako itzulketek eragin handia izango dutela EAEko ogasunei zergengatik egindako diru-sarreretan
Joan den astean argitaratu zuenez, lan-mutualitateei kotizatutako itzulketen ondorioz, 2023ko PFEZaren aitorpenetan, Bizkaiko Ogasunak 106,7 milioi euro kutxan sartzeari utzi dio, eta 109.500 mutualistari kitapena egitearen ondorioz. Gipuzkoaren kasuan, 67 milioi euro, 102.500 pentsiodun mutualistena. Eta Arabaren kasuan, baieztapen ofizialik ezean, 20 milioi euro baino zertxobait gehiago izango dira, 51.200 pentsioduni eragingo dietenak.
Datu horien arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan itzulketa horiek aitortu zaizkien pentsiodun mutualistak 263.000 inguru dira, eta 2023ko ekitaldian egokitu zaienaren batura 193 milioi euro ingurukoa izango da. Era berean, El Correo-k aurreratu du aurreko lau urteetako itzulketak urtearen amaieran ordaintzen badira, diru-sarreren murrizketa 700 milioi euro ingurukoa izango dela.
Itzulketa horien justizian eta legitimitatean sartu nahi izan gabe, hori bai, El Correo-k nabarmendu nahi du, horrela, oso litekeena dela urte honetarako aurreikusitako 19.000 milioi euroko diru-bilketa ez lortzea, eta horrek, ondorioz, eragina izango duela aurrekontu berrietan, eta agerian utziko duela aurreikusitako gizarte-partidak murriztu daitezkeela.
Beste behin ere, El Correo-k bere hankamotza erakutsi du: pentsio publikoak ez daudela gaizki, eta EAEko pentsiodunak ezin garela kexatu, gainera, mutualitateetan kotizatu izanagatik dagokiguna itzuliko digutelako. Bere proiektua eta helburua, finantza sintemari jarraituz, pentsio publikoak murriztea da, eta pentsioen sistema pribatuak, enplegukoak zein bestelakoak, fiskalki sustatuz horien alde egitea.
4.- EHPMak Imanol Pradales Lehendakariari biltzeko eskaera egin dio
Imanol Pradales Lehendakari berriak agertu duen prestasuna ikusita, alderdi politikoekin, Patronalarekin, sindikatuekin eta abarrekin iritziak eta jarduteko proposamenak alderatzeko, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) uztailaren 5ean gutun bat bidali dio eskatuz elkarrizketa-erronda horretan eurak ere sartzeko.
Bertan adierazten denez, gure eskaera premiazkoenak helarazi nahi dizkiogu, adineko pentsiodunen beharrei erantzuteko presa dela-eta, bereziki emakumeenak. Horrez gain, EHPMak EAEko Legebiltzarrerako egindako txostenaren berri eman dio, gutunarekin batera doakiona, bertan 165.000 pentsiodunen egoera prekarioa baloratzen, 1.080€tik beherako pentsioak dituztenenak, gehienak emakumeak.

Gogorarazten zaio oinarrizko jateko produktuen prezioen igoerarekin, beren etxeko bizigarritasun-baldintzak hobetzeko zailtasunak dituztela, elikadura osasuntsua eta nahikoa izateko, zein mendekotasuna artatzeko sistemetara, eta farmazia edo osasun-zerbitzu jakin batzuetara iristeko.
Azpimarratu egiten da pentsiodunen artean, bereziki emakumeak, pobrezia hazten ari dela eta premiazkoa eta ezinbestekoa dela ahalik eta lasterren “zeu buru zaituen Gobernuak” erabakiak hartu ditzan horri dagokionez. Eta EAEko eskumenen esparruan posible dela gogorarazten zaio pentsiodunek 1.080€ko gutxieneko diru-sarrerak izatea, aipatutako txostenean ziurtatzen den bezala.
Era berean, EHPMaren ustez, duela sei urte baino gehiago astelehenero milaka pentsiodun Euskal Herriko 80 herri eta hiritako plazetan mobilizatzen ari gara eta hori zilegitasun nahikoa da gure Lehendakariaren harrera jasotzeko. Amaitzeko, hauxe adierazten du gutunak: “Aldez aurretik eskertzen dizugu gure eskaeraren erantzuna eta zure esanetara gaude data zehazteko”.
