Albiste eta informazio interesgarriak 2020ko abenduak 26

- – Abenduak 21: mobilizazioa Bilbon, bateratua, plurala eta asistentzia nabarmenarekin
Astelehenean, Bilboko manifestazioan, 2.500 lagunek parte hartu zuten, Udaletxetik abiatu eta Justizia Jauregiaren eta Albia lorategien aurrean amaitu zena. Nahiz eta amaieran, Mari Domingi eta Olentzero buru zirela, manifestari ugari Bizkaiko Foru Aldundiko ateraino joan ziren, Ahaldun Nagusiari eta Foru Gobernuari ikatz-zaku bat emateko, opari gisa, 2020an zehar izan duten portaera onagatik, bereziki egoitzen eta bestelako zerbitzu soziosanitarioen arazo larrien aurrean.

Halaber, Ertzaintza “zoriondu” nahi izan zen, beste manifestazio batekin ez gurutzatzeko argudioarekin –egunean bertan egiaztatu ahal izan genuenez, egin zen orduagatik ez zuen gure manifestazioa oztopatzen– ez baitzigun baimenik eman Kale Nagusitik 50 metro egin eta Foru Aldundiko Jauregiaren aurrean amaitzeko.
Manifestazio koloretsua izan zen, parte hartu zuten lau kolektiboen pankartekin, Mari Domingi, Olentzero eta hiru txistulari buru zirela. Bilboko pentsiodunekin eta inguruko herrietako beste kide batzuekin batera, Babestuko kideek, Gallartako egoitza eskualdeko mendeko adineko pertsonen zerbitzurako egoitza publiko gisa mantentzeko borrokan ari den kolektibokoek, bai eta Osakidetzak otsailetik aurrera egingo duen Deustuko (Bilbo) Etengabeko Arreta Gunearen (EAG) gaueko itxiera ekiditeko mobilizatzen ari den kolektibokoek ere hartu zuten parte.

Komunikabide asko bertaratu ziren, baina, beste behin ere, EITBko zuzendaritzak, batez ere telebista-arlokoak, ez zuen albistetzat hartu tamaina hori zuen horrelako manifestazio aldarrikatzailea, adinekoen egoitzen, Lehen Mailako Arretaren eta, oro har, ospitale-sistemaren arazoen aurrean gizartean oso zabalduta dagoen ezinegon eta kezkaren isla izan zena.
2.– Gallartako egoitza publikoaren eta Deustuko EAGaren inguruko mobilizazioek jarraitzen dute
Astean zehar, Gallartako egoitzaren eta Deustuko anbulatorioaren aurrean kontzentrazioak egiten jarraitu dute. Egoitza horren zuzeneko arduraduna den Foru Aldundiak eta anbulatorioaren ardura duen Osakidetzako zuzendaritzak dituzten jarrera itxien aurrean, aurreikus daiteke datozen asteetan mobilizazioak. Are gehiago, Gallartako egoera are gehiago izorra daiteke behin-behineko langileak (laguntzaileak, sukaldeko laguntzaileak, erizainak…) egoitzatik kaleratzeko arriskuaren aurrean. Bi herrietan, tokiko pentsiodunen mugimenduaren parte-hartzea eta babesa esanguratsua da.
- – Abenduaren 22an EAEko Fiskal Nagusiarekin egindako bilera telematikoak, izandako arazo teknikoak direla eta, bigarren saio bat izango du

EAEko pentsiodunen mugimenduak eta Babestuk (Bizkaiko egoitzen erabiltzaileen senideen elkartea) egoitzetan hautemandako arazo larriei buruz egindako salaketei ekiteko aurreikusita zegoen bilera telematikoa, behar bezala egiteko arazo teknikoak zirela eta, laster egingo den bigarren saio baterako uztea erabaki zen. Fiskal Nagusiak salaketekin batera aurkeztutako dokumentazioen sinesgarritasuna onartu zuen eta Fiskaltzak bere ikerketak egingo dituela adierazi zuen. Bestalde, zenbait hilabeteren ondoren, Arartekoak erantzun orokor samarra helarazi dio EAEko Pentsiodunen Mugimenduari, aurkezturiko dokumentazioaren harira, zeinak Fiskaltzari aurkeztutakoen antzeko salaketak jasotzen zituen..
Beldur gara bi erakundeek ez ote duten gehiegi luzatuko salaketen ikerketa –eta beren kabuz egiazta ditzaketen beste batzuk–, eta, beraz, ez ote duten azkar eta behar bezalako arduraz esku hartuko antzemandako arazo larriak eteteko eta konpontzeko.
3.– ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek greba deitu dute urtarrilaren 26an, Euskal Autonomia Erkidegoko zaintza profesionalizatuen sektorean

Sektore honetakoak dira: 1.- Titulartasun publikoko gizarte-zerbitzuak eta espezializatuak. 2.- Desgaitasunari arreta emateko zentroak eta zerbitzuak. 3.- Hirugarren adineko zentro eta zerbitzuak. 4.- Telelaguntza zerbitzua. 5.- Etxez etxeko laguntza-zerbitzua. 6.- Esku-hartze sozialeko zentroak eta zerbitzuak.
Gizarte-zerbitzu horiek guztiak garrantzi handikoak dira, eta horietako asko adinekoentzat eta mendeko pertsonentzat dira bereziki, horietako asko pentsiodunak direnak. Pentsiodunen mugimenduak ezin du greban parte hartu, langileei eta sindikatuei dagokie greba zuzentzea eta horren protagonista izatea, baina ez legoke batere gaizki, ahal dugun neurrian, kalean egingo diren ekimenei babesa eta laguntza ematea.
4.– Hego Euskal Herriko egoitzetan, Covid-19 dela eta, hildako pertsonen datu oso kezkagarriak
EAEko eta Nafarroako gobernuek emandako datuen arabera, asteazkenean 1.504 pertsona hil ziren Hego Euskal Herriko egoitzetan. Lehenengo fasean –pandemiarik gogorrenean– 1.132 hil ziren (793 EAEn eta 429 Nafarroan). Hala ere, bigarren olatu deritzon honetan, abuztutik aurrera horrelakorik berriro gerta ez zedin neurriak iragarri badira ere, koronabirusaren ondorioz bizia galdu duten egoiliarren kopurua honako hau da: 123 Bizkaian, 119 Gipuzkoan, 97 Nafarroan eta 33 Araban, hau da, denetara 372 hildako egoitzetan.

Eta mingotsa eta gogorra bada ere, Euskal Herria, 100.000 biztanleko pandemiak eragindako heriotzen kopuruari dagokionez, Europako herrialdeen buruan dago, Belgikaren ondoren.
Zalantzarik gabe, EAEko eta Nafarroako erakundeek egoiliarren senideen elkarteek, sektoreko sindikatuek eta pentsiodunen mugimenduak proposatutako neurriak bete eta martxan jarri izan balituzte, hildakoen kopurua txikiagoa izango zatekeen, nahiz eta kopuru hori zenbatzea oso zaila izan, eta gure aldetik hori egitea ausartegia izango litzateke.
5.– Nafarroako eta EAEko aurrekontuak
Nafarroako Parlamentuak asteartean onartu zituen Maria Chiviteren gobernuak aurkeztutako aurrekontuak. PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-E alderdien aldeko botoekin atera ziren aurrera. EH Bildu abstenitu egin zen eta Navarra Sumak aurka bozkatu zuen. Aurrekontu horiek muga dezente dituzte biztanleriaren zati handi baten gizarte-premien aurrean, eta horrela kritikatu zituzten 2.000 lagunek egindako manifestazio batean. Manifestazio horretan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak, pentsiodunen hainbat plataformak eta Zainduz elkarteak parte hartu zuten.

Urkulluren gobernuak berriki plazaratu du bere aurrekontu proiektua, eta, dirudienez, urtarrilaren 11tik aurrera oposizioko alderdiekin negoziatu nahi du, itxi eta otsailaren 11n onartzeko. Oposizioko taldeek adierazi dute gobernuak ez duela negoziatzeko inolako borondate seriorik, aurrera ateratzeko gehiengo absolutua duela kontuan hartuta. Jakina, ez baditu oposizioko alderdiekin negoziatu nahi, are asmo gutxiago du aurrekontu-partidei buruzko proposamenak entzuteko eta trukatzeko zuzenean interesatuta dauden gizarte-eragileekin, adibidez, pentsiodunen mugimenduarekin.
Datozen asteetan, batez ere pentsiodunei eragiten dieten gaiak azalduko eta xehatuko ditugu. Eta seguraski behartuta egongo gara berriro mobilizatzera, EAEren eskumenetan sartzen diren gure eskaerak, gainerakoak ahaztu gabe, aintzat har daitezen.

6.– Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako pentsiodunen mugimenduaren bilera
Joan den asteko ostegunean bilera telematikoa egin zuten Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduko ordezkariek. Lehenik eta behin, pentsiodunen mugimenduaren egoeraren balorazio positiboa egin zen, bereziki azaroaren 30ean Iruñean eta abenduaren 5ean Euskal Autonomia Erkidegoan egin ziren mobilizazioei buruz, 9.000 pentsiodun bildu baitziren hiru hiriburuetan eta 39 herritan.
Jarraian, datozen hilabeteetan aurrez aurre ditugun berehalako erronkak aztertu ziren: Gobernu zentralak Toledoko Itunaren gomendioen zehaztapena eta erabakiak, Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren negoziazioak eta akordioak, eta Nafarroako eta EAEko gobernuen zein Foru Aldundietako aurrekontuei buruzkoak. Halaber, osasun-sistemaren eta sistema soziosanitarioaren arazo larriei erantzunak eta konponbideak emateko premia.
Erronka zailei aurre egin behar diegu, eta horien ondorioek zehaztuko dute datozen urteetan gizartearen gehiengoa osatzen dugun pentsiodunen, langileen eta beste gizarte-sektore batzuen bizitza. Egoera horren aurrean, adostu ziren ekimenak honako hauek izan ziren:

- Beste behin ere alderdiak interpelatzea, gure aldarrikapenak onar eta defenda ditzaten.
- Urtarrilaren 15a nabarmentzea, duela hiru urte hasi genuen etenik gabeko mobilizazio baten sinbolo gisa. Horri esker, gure pentsioak gehiago ez hondatzea lortu genuen, eta pentsio publiko eta duinak lortu arte jarraitzeko prest gaude.
- Astelehenetako kontzentrazioekin jarraitzea, urtarrilaren 11tik aurrera, era orokortuan, lau hiriburuetan eta herri gehienetan. Urtarrilean, Gasteizko Legebiltzarraren edo Jaurlaritzaren aurrean ekimenen bat sustatzea gure eskari batzuk, beren eskumenekoak direnak, 2021eko aurrekontuetan txerta daitezen.
- Otsailaren hasieran edo erdialdean mobilizazio indartsuago bat prestatzea, urtarrilaren 30eko mobilizazio eta greba orokorraren oroitzapen sinbolikoa izateaz gain, berriro ere errepikatzeko ahalik eta era bateratuen eta masiboenean mobilizatzen jarraituko dugula, ziurrenik ezartzen saiatuko diren neurriak geldiarazteko eta gizartearen gehiengoak premiaz eskatzen dituen pentsioei eta bestelako behar sozialei benetako irtenbideak eskatzeko.
- Era berean, ahal den neurrian, aliantza, ekimen edo elkarrekiko laguntza berriak bilatzen saiatzea, osasunaren alde eta gizarte osoari, batez ere adinekoei, ahulenak baikara, osasun-arreta duina eta kalitatezkoaren alde borrokatzeko prest dauden osasun-arloko eta sektore soziosanitarioko senideen elkarteekin, kolektiboekin eta sindikatuekin.
