Albiste eta informazio interesgarriak 2020ko abenduak 5


Interesgarritzat jotzen ditugulako zabaltzen ditugu Pentsiodunen Mugimenguaren berriak
  1. – Pandemiaren ondorioak arintzen ari dira eta prebentzio- eta mugikortasun-neurriak malgutzen doaz

Astez aste, positiboen kopuruak behera egin du bai Nafarroan zein Euskal Autonomia Erkidegoan, 100.000 biztanleko 500 pertsonatik behera ailegatuz. Baina ospitaleratutakoen eta hildakoen kopuruen murrizketa ez da proportzio berean gertatu, eta oso maila altuetan jarraitzen dute. Eta horiek, bereziki, egoitzetan edota haien etxeetan dauden eta mendekotasuna duten adineko pertsonei eragiten diete.

Orain, Gabonetarako, Lurralde Arteko Kontseiluak asteazkenean egin zuen bilera telematikoan, zenbait neurri malgutzea erabaki zuen, eta hilaren 9an, Gasteizko Gobernuak neurri horiek eta mantenduko diren murrizketak zehaztuko ditu; besteak beste, udalerrien arteko perimetrazioak irautea, Nafarroan, adibidez, herrialde osora mugatzen denean.

Baina ospitaleetako, egoitzetako eta bestelako zerbitzu soziosanitarioetako prebentzio-baliabideen eta, batez ere, plantillen faltaren arazoak larriak izaten jarraitzen dute, eta Gasteizko Gobernuak ez du arazo horiei sakoneko irtenbideak emateko borondaterik.

Joan den asteko ostegunean Lakuako Osasun Saileko arduradunek bilera egin behar zuten Mahai Sektorialeko kide diren Osakidetzako sindikatu nagusiekin, ekainetik biltzen ez zirelarik. Bilera ez zen burutu, Gobernuak zenbait hedabideri eta langileei jakinarazi baitzizkien sindikatuei bileran helarazi behar zien proposamenaren xehetasunak. Sindikatuen haserrea oso handia izan zen, eta bilera telematikoa hasi aurretik altxatu ziren. Gogor kritikatu zuten Osasun Sailak eta Gobernuak langileen ordezkariekin duten jarrera prepotentea eta mespretxuzkoa. Era berean, bileraren bezperan iragarritako neurrien mugak salatu zituzten.

Bien bitartean, Gipuzkoako egoitzetako langileek lan-hitzarmen kolektiboaren alde eramandako gatazka luzearen ondoren, non grebak, lanuzteak eta manifestazioak izan diren, datozen abenduaren 10ean eta 11n, ELAk eta LABek deituta, bi greba egun egingo dituzte berriro. Eta gogoratu behar dugu osasun-arloko profesional gehienei egiten zaizkien PCR probak nahikoak ez diren bitartean, futboleko eta eliteko beste kirol-jarduera batzuetako profesionalei ia egunerokoa dela proba horiek egitea, lehiatu ahal izateko.

2.– Mobilizazioak, azaroaren 28an eta 30ean, Nafarroan eta, abenduaren 5ean, EAEn

Gobernuaren ordezkaritzak bertaratzeko jarritako mugak gorabehera, larunbatean eta astelehenean, hurrenez hurren, Nafarroako hiriburuan egindako bi manifestazioak garrantzitsuak izan ziren, eta deitzaileek aurreikusitakoa baino babes handiagoa izan zuten.

Larunbatean, hilak 28, bi mila lagunek parte hartu zuten manifestazioan. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak deitu zuen, eta pentsiodunen plataformek eta Zainduz egoiliarren senideen elkarteak ere parte hartu zuten. Foru erkidegoko aurrekontuetan Nafarroako gizartearen sektore garrantzitsu bati eragiten dioten behar sozialak hobetzeko diru partida gehiago bideratzea salatu eta aldarrikatu zuten.

Eta astelehenean, hilaren 30ean, eguerdiko 12etan hasitako manifestazioan, pentsiodunen ia parte-hartze esklusiboarekin, 350 pertsona izan ziren, eta, aldi berean, Toledoko Itunaren gomendioak gaitzetsi zituzten eta Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak batera defendatzen ditugun aldarrikapenak eta eskaerak plazaratu zituzten.

Gaur, abenduak 5, manifestazioak eta bestelako ekimenak izango dira helburu berberen alde Gasteizen, Donostian, Bilbon eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko dozenaka herritan.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna osatzen duten sindikatu (ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, HIRU,…) eta gizarte talde guztien babesa izango dute, baita CNT eta CGT sindikatuena ere. CCOOk ez du mobilizazio horietan parte hartuko, Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak Toledoko Itunaren gomendioen aurrean planteatzen dituen kritika eta proposamen alternatiboekin bat ez datorrela argudiatuz. Gomendio horiek Estatuko Kongresuaren gehiengoak onartu zituen. Eta UGTk ez dio erantzun ere egin egindako gonbidapenari.

Azken bi asteetan, mobilizazio horiek sustatzeko, pentsiodunen mugimenduaren jarduera handia izan da Nafarroan eta EAEn. Kartelak, orri-banaketa, prentsaurrekoak herrialde guztietan, asteleheneko elkarretaratzeetan pentsiodun guztiei parte hartzeko gonbita,… ziur gaude milaka euskal pentsiodun kalera aterako garela gaur manifestazioa egitera.

Jakina, mobilizazio horietan ezin izango da alde batera utzi Kongresuak ostegunean onartutako aurrekontu orokorren onarpenari egindako kritika, pentsioen igoerari, behar sozial handiko beste partida ekonomiko batzuei eta Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) igoerari buruz dituzten muga garrantzitsuengatik.

Datorren astean xehetasunez emango dugu gaurko mobilizazioen balorazioaren berri, bai eta gure aldarrikapenak eta eskaerak entzun eta kontuan har daitezen, gure bizitza osoan modu batera edo bestera lan egin dugun jendeari dagozkigun bezala, egin beharreko lan-plangintzen, ekimenen eta mobilizazioen berri ere. 

3.– Azpeitiako Topaketa: zainketen arreta integrala

Joan den asteko ostiralean topaketa bat egin zen Azpeitian, Irauli Zaintza plataformak antolatuta, zainketen arreta integralari buruzko informazio-, hausnarketa- eta eztabaida-jardunaldi bat, Gernikan duela hilabete baino gehiago egindakoei jarraituz.

Hiru hizlarik hartu zuten parte. Ana Maria Mendoza Madrilgo psikologoak “Laguntza behar duten pertsonen eskubideak (eta erantzukizunak)” gaia garatu zuen. Pertsona ardatz duen arretaren beharra, haren autonomia errespetatuz, eta zainketen arreta integrala bere komunitatean jasotzeak duen garrantzia nabarmendu zituen. Era berean, erakundeen erantzukizun publikoaren beharra defendatu zuen, hau da, sistema publiko, unibertsal eta doakoa, eta Suedian eta Danimarkan izandako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuen esperientzien errepasoa egin zuen.

Iñaki Lasagabaster EHUko Administrazio Zuzenbideko katedradunak “Arreta eta zaintza behar duten pertsonen eskubideei” buruz hitz egin zuen, Zuzenbidearen lege-hutsuneak nabarmenduz, horiek ez baitute laguntzen behar duten pertsonak behar bezala babesten.

Yolanda Jubeto EHUko ekonomialari feministak nabarmendu zuen oso garrantzitsua dela “Politika publikoak gizartearen bizitzan txertatzea”, batez ere zainketei dagokienez, ikuspuntu feministatik, kontuan hartuta emakumeak direla zainketen arloan lan egin eta erantzukizuna duten gehiengoa.

Ondoren, mahai-inguru bat egin zen Gipuzkoako Senideak elkarteko, Gizarte Ekonomia Eraldatzailearen kooperatiba den OlatuKoop-eko, Oneka emakume pentsiodunen plataformako eta Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko kide banen partaidetzarekin.

Topaketa nahiko mugatua izan zen han planteatzen zen guztia eztabaidatzeko eta sakontzeko zegoen denboraren aldetik. Eta, nagusiki, bi ondorio atera ziren. Manifestu bat babestu eta sinatu zen, euskal gizartearen maila guztietara zabaltzeko, Iraupen Luzeko Zainketen Euskal Sistema Publikoa Sortzeko Lege Proposamena idatzi eta Eusko Legebiltzarrari aurkez dakion sustatzeko. Horretarako, berehala sozializatzeaz gain, manifestu horrekin bat egiten duten erakunde edo plataformen topaketa deituko da datorren urteko lehen hiruhilekoan.

Bestalde, zainketen gai nagusi horren inguruko gizarte-protesta eta -mobilizazioko ekimenak ugaritzea planteatu zen, mendekotasuna duten adinekoentzat bereziki beharrezkoa baita, erakundeek beren gain har ditzaten gizarte osoari eragiten dion arazo honen aurrean dituzten erantzukizun politiko eta publikoak.

4.– Kongresuak 2021eko Aurrekontu Orokorrak onartu ditu

Kongresuak 2021eko Aurrekontu Orokorrak onartu zituen ostegunean, gehiengoz. Ezin dugu ahaztu aurrekontu orokor hauek onartu diren testuinguru politikoa. Alderdi eskuindarrek eta eskuin muturreko alderdiek pandemiak piztutako krisi sozial eta politikoa aprobetxatzeko arriskuak saihesteko beharra, eta Estatu osoan eta hura osatzen duten herri ezberdinetan politika demokratikoagoa garatzea ahalbidetu beharra, politika hori ezinbestekoa baita batez ere Euskal Herrian askatasun demokratikoak, bakea eta adiskidetzea aitortzeko.

Hala ere, ezin dugu esan gabe utzi pentsioen edo Lanbide arteko Gutxieneko Soldatari igoera bezalako eskaera sozial garrantzitsuen aurrean hartutako –edo hartu gabeko– neurrien inguruan dugun atsekabea eta kritika. Pentsioen igoeren mugak, oro har, %0,9koak dira, kotizazio peko gutxieneko pentsioak barne, edo kotizazio pekoak ez diren miseriako pentsioen %1,8koak. Gure ustez, igoera horiek oso urrun daude pentsiodun askoren, batez ere emakumeak direnen behar eta premia larrietatik. Gauza bera gertatzen da alarguntza-pentsioekin.

Eta Lanbide arteko Gutxieneko Soldatari dagokionez, ez da ezer jasotzen, Gobernuak, patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek Elkarrizketa Sozialeko Mahaian lortu dezaketen akordioaren zain utzi omen baitute.

Estatu osoan milioika pentsiodunek –ehunka mila Hego Euskal Herrian– pentsio baxuak edo oso baxuak dituzte. Gauza bera gertatzen da LGSren menpe edo soldata baxuagoekin dauden milioika langilerekin. Joan den astean, Kongresuko Eskubide Sozialen Batzordean Legez Besteko Proposamen bat onartu zen, EH Bilduk bultzatua, Gobernuari Europako Gutun Soziala berresteko eskatzen zuena, herritarren eskubide sozialak babestu eta blindatzeko helburuarekin. Proposamenak PSOE, Unidas-Podemos, EH Bildu eta EAJren babesa jaso zuen.

Paperak dena jasaten du, beste gauza bat da egiten diren promesak eta adosten dena betetzea. Legez Besteko Proposamen hori praktikan jartzeak 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko LGS ekarriko lituzke. Gobernu zentralak, ezkerreko gainerako alderdien eta alderdi aurrerakoien babesarekin, berehala onartu beharko lituzke neurri horiek, bai eta pentsioen eta lan-kontratuen erreformak indargabetzea eta neurri serio eta arduratsuak hartzea ere, pentsio, soldata eta lan-baldintza duinetan aurrera egin ahal izateko.

Views: 2
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude