Albiste eta informazio interesgarriak2020ko abuztuak 1

– 3.000 pentsiodun baino gehiago Bilboko Kale Nagusiaren zehar, joan den astelehenean, uztailaren 27an
Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, pasa den astelehenean, 3.000 baina pentsiodun gehiagok parte hartu zuten manifestazioa burutu zen, Bilboko Kale Nagusiaren zehar, Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritzatik Bizkaiko Foru Aldundiraino. Hiru geldiune izan ziren: lehenengoa, Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritzaren aurrean; gero, Estatuko Ogasunaren eraikinaren aurrean (Plaza Eliptikoan); eta, azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean. Bai lehenengoan zein hirugarrenean, bi erakundeen aurrean, adineko pertsonek egoitzetan, etxeko arretan eta eguneko zentroetan dituzten arreta- eta osasun-arazoei loturiko gure kezkak eta eskaerak plazaratu genituen.

Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritzaren aurrean, horietaz gain, nabarmendu nahi izan genuen gutxieneko pentsioa 1.080 euro arte osatzeko bBizkerehalako neurriak hartu behar dituela, eta baita, eredugarria izan behar dela 1.200 euroko Lanbide arteko Gutxieneko Soldata bermatzeari dagokionez, horretarako Administrazio Publikorako lan egiten duten kontrata eta azpikontratetako langile guztiek gutxienez soldata hori jasoko zutela ezartzen hasita.

Plaza Eliptikoan egindako geldialdian, horren inguruan banketxe ezberdinak daudela kontuan hartuz, exijitu genien berehalako neurriak har ditzatela, beren aurrean, edozein kudeaketa mota egiteko ematen diren itxarote-ilara luzeak izan ez daitezen, edonorentzako justifikaziorik gabeko denbora-galerak baitira, eta, batez ere, zailtasun fisikoak dituzten adinekoentzat, askotan gertatu izan den moduan, ordu eta erdi itxaron egoteak arazoak sortzen dizkielako.

Manifestaziora Bilboko pentsiodunak ez ezik, herrialdeko hainbat herri eta eskualdetakoak ere joan ziren, pankartak eskuan zituztela, eta oso manifestazio arrakastatsua izan zen, parte hartzaileak harrotasunez bete zituena; izan ere, abuztuaren 24an, Bilboko Aste Nagusiko lehen astelehenean, aurten egingo ez bada ere, berriz ere Bilbon egingo den manifestaziora joateko prest daude.
Uztailaren 27an, Bizkaiko herri batzuek nahiago izan zuten beren herrietan kontzentrazioak mantentzea. Zornotzan 200 pentsiodun bildu zituen manifestazioa egin zuten.
- – Bizkaiko Ahaldun Nagusi Rementeria jaunari bidalitako gutuna
Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak, behin baino gehiagotan eskatu dio Bizkaiko Ahaldun Nagusiari bilera bat egitea, egoitzen, etxeko arretaren, eguneko zentroen, eta oro har sistema sozio-sanitarioari loturiko elementu ororen egoerari buruzko diagnostikoa egin eta alternatibak aztertu ahal izateko.

Rementeriaren jarreraren ondorioz, eskaera horiek txosten eta gutun batzuk elkar trukatzera mugatu dira. Uztailaren 17an, berriro 10 orriko gutun-txostena bidali genion, atzemandako gabezien datuetan oinarrituta eta berehala zein epe ertainera hartu beharreko neurriak proposatuz.
Bertan azpimarratzen zen pandemiari buruzko lehen informazio-oharra otsailaren 28an bidali zuela Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, hau da, Osasunaren Munduko Erakundearen (OMEren) oharra jaso eta 54 egunera. Otsailaren 23ra arte ez zen hasi egoitzen desinfekzio prozesua. Ikuskapen lanak martxoaren 30ean hasi ziren eta Osasun Sailarekin baterako egindako lehen ikuskapenak apirilaren 9tik aurrera abiatu ziren.

Apirilaren 2an, egoitzetako osasun-langileei testak egiteari ekin zitzaion. Eta hurrengo egunean hasi ziren maskara kirurgikoak era masiboan banatzen (248.000) eta, astebete geroago, FPP2 maskarak (7.120).
Gaur egun, komunikabideen bidez baino ez dugu ezagutzen egoitzetan ofizialki hildako pertsonen kopurua, eta ezer gutxi gehiago. Ez dugu informazio zehatzik egoiliarrei egindako testei buruz. Zer test mota? Zein emaitzarekin? Horietako zenbat hil dira benetan pandemiaren kontura egoitzetan eta mendekotasun-egoeran beren etxeetan zeudenen artean? Zenbatek izan dute osasun-zerbitzu espezializatuetara sartzeko aukera?…

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak bere jardunari buruz egindako balorazioa autokonplazentziaz beterikoa da; “ondo egin dugu”, esaten digu. Autokritikarako borondate falta horrekin eta nagusikeria apur bat adierazten duen jarrera horrekin, ezinezkoa izango da ezagutu duguna berriro ez errepikatzeko neurriak hartzea. Are gutxiago Bizkaian eta Hego Euskal Herri osoan kutsatze-berragerpenak kezkagarriak direnean, eta nahiz eta batez ere gazteei eragiten dietela esan, arrisku ezkutuak oso handiak dira egoiliarren eta, oro har, adinekoen artean.
Gutunaren ondorioa da ezinbestekoa dela funtsezko aldaketa bat egin behar dela zerbitzu sozio-sanitarioen prestazioan eta mendekotasunaren arretan, zerbitzu-sare publiko eta unibertsala premiaz garatzea eskatzen duena. Eta bertan azpimarratzen da azterketa- eta proposamen-esparru bat sortzea eskatzen dugula, non Bizkaiko pentsiodunen mugimenduak parte hartu nahi duen.
- – Egoiliarren senideen eta mendekotasuna duten adinekoen elkarretaratzeak eta protestak
Azken asteotan, egoiliarren senideen elkarteen eta menpekotasuna duren adinekoen kexak eta kritikak nabarmendu dira EAEko hiru hiriburuetan.

Orain dela aste batzuk, pentsiodunen mugimenduak eta Bizkaiko egoiliarren senideen elkarte Babestuk batera deituriko manifestazioa Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean amaitu zen. Uztailaren 12ko hauteskundeak baino egun batzuk lehenago Gipuzkoako Senideak elkarteak prentsaurreko garrantzitsua eman zuen Donostian. Eta uztailaren 25ean, Arabako Egoitzetako eta Eguneko Zentroetako Erabiltzaileen Senideek kontzentrazioa egin zuten Gasteizen.

Ekintza guzti horiek partekatzen zituzten erakundeen aurreko kexak, egoitzetan eta arreta sozio-sanitarioan bizitako egoerengatik, eta baita izandako arazoak arindu eta konponbidean jarriko dituzten neurriak hartzeko premia ere. Gasteizko kontzentrazioak, zehazki, pandemiaren berragerpenak ekiditeko, zentro horietan ezarritako isolamendu- eta kontrol-planen salaketa azpimarratu zuen. Isolamendu horrek, senideekiko eta hurbilekiko harremanak mugatzen ditu, adineko egoiliarrengan itoaldia, larritasuna, bakardadea eta beldurra sortarazten ditu eta, beraz, beren osasun fisiko eta mentalari loturiko arazoak areagotzen ditu.
- – Arantza Tapiak sutsuki defenditu eta babestu ditu enpresari handien interesak
EITBri eta El Correo egunkariari egindako adierazpenetan, Arantza Tapia andreak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituretako Sailburuak –egun jarduneaan dago eta ziur aski Gasteizko gobernu berrian errepikatuko du– bi mezu utzi dizkigu azken bi egunotan, bereziki multinazionalen eta enpresari handien interesak babesteko politika neoliberal gogorrari jarraitzeko dituen proposamenei buruz.

Alde batetik, zoritxarrez, “pandemiaren osteko errealitatea onartu behar dugula, hau da, azken asteotan ezagutzen ari garen bezalako enpresen itxiera berriak eta kaleratze masiboak egongo direla” adierazi du. Bestetik, iradoki du “enpresen produktibitatea eta enplegua mantentzeko, soldatak jaitsi behar direla”.
Ez du behin ere aipatu bankuen, multinazionalen edota enpresari handien etekinak, eta baita goiko tarteen errentak eta ondareak zergapetuko dituen zerga-erreformaren beharra, zeinaren bidez diru-sarrera publikoak handituko diren eta osasuneko, hezkuntzako, eta bestelako gizarte-zerbitzuetako baldintzak hobetu ahal izango diren, lanpostu-kopuru handia sortuz. Era berean, ez du planteatzen, aurrekontu publikoen bidez, ekoizpen-sistema berri bat bultzatzea, berotze globalak eta naturaren suntsipenak galdegiten dizkiguten arazo eta erronka ekologikoekin bateragarria izan beharko dena, gure eta datozen belaunaldien bizitzarako gero eta saihestezinagoak diren baldintzak baitira.

Arantza Tapiari, banketxeak, multinazionalak eta enpresari handiak salbatzea baino ez zaio interesatzen, haien etekinak bermatuz eta gero eta sakrifizio gehiago eskatuz enplegu gutxiago, langabezi gehiago eta miseriako soldatak dituzten langileen eta herri-klaseei.
Jakina, horrelako neurriekin, gizarte segurantzako kotizazioen bidezko diru-sarrerak gero eta txikiagoak izango dira eta gizarte-segurantzaren zorrak pentsioak murrizteko justifikatzeko aitzakia gisa erabiliko dira.
Horrelako adierazpenak ez zituen egin uztailaren 12ko hauteskunde aurretik, eta ez da kasualitatea izan. Badirudi Arantza Tapia orain harrotuago sentitzen dela Gasteizen EAJ eta PSE-EEren arteko aliantzaren bidezko gobernu berri bat –lehenengo indar politikoaren hegemoniaren menpe– eratuko delako, legebiltzarrean gehiengo absolutua izango duena, eta horrela, EAEko eta Euskal Herri osoko langileen eta herri-klaseen interesak, subirautzaren bidez defendatzeko prest egongo den ezkerreko edozein alternatibaren aurka arituko dena.

- – Kutxabank-en erantzuna, banketxeen aurrean egoten diren itxarote-ilara luzeak direla eta egindako protestari

Ilara luzeak ekiditeko eta pertsona orori aurrez aurreko arreta egokia eman ahal izateko neurri zehatzak eta eskuragarriak hartu beharrean, Kutxabank-ek erantzun digu “bulegoaren ordezko kanalen erabiltzeko kanpaina bat egiten ari direla, kutxazain automatikoen, banka on-line edo internet-en erabilpena sustatuz, bai eta aldizkako transferentziak formalizatzea ere, hartara, bulegora joateko beharrik ez izateko”. Bere helburua argia da: plantilak murriztea, pertsona askok, bereziki nagusienek, baliabide horiek erabiltzeko dituzten arazoei muzin eginez. Arazo berbera agertzen da Bizkaiko Ogasunak bultzatu nahi duen PFEZen aitorpenak internet-en bidez soilik egiteko ahaleginen aurrean.
- – Pentsiodunen mobilizazioak, Nafarroan

Azken bi asteotan elkarretaratzeak eta bestelako ekimenak egiten jarraitu dute hiriburuan eta hainbat herritan: Iruñean, Tafallan, Lizarran, Garesen, eta Altsasun giza katea egin zuten udaletxetik osasun zentrora, osasun arazoak salatzeko. Hurrengoa Josefina Arregi egoitzaraino egingo dute.

Iruñean abuztu osoan zehar mobilizatzea erabaki zuten, baina pandemiaren berragerpenak ikusita, irailaren hasierara arte atzeratzea erabaki dute. Nafarroako Gobernuaren eta Parlamentuaren egoitzen aurrean mobilizazioak egin ondoren, elkarrizketak eskatuz, Chivite lehendakariaren eta Gizarte Eskubideen eta Osasun Sailburuen erantzunen zain jarraitzen dute.
