Albiste eta informazio interesgarriak2020ko abuztuak 8

  1. – Bizkaiko Batzar Nagusiek Covid-19ak iraun duen bitartean egoitzetan gertatu dena argituko duen txosten bat hilabeteko epean egiteko eskatu diote Foru Aldundiari 

Uztailaren 29an izandako bileran, Bizkaiko Batzar Nagusien Gizarte Ekintza Batzordeak aho batez onartu du, Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak, Covid-19aren pandemian egoitza izaerako gizarte zerbitzuetako zentroetan gertatu denaren inguruko txosten bat egin dezala, hilabeteko epean. 

Txostena, Sail horren teknikariek eta profesionalek egingo dute eta, bertan gutxienez, “osasun arretaren, norbera babesteko ekipoen, arreta emateko langileen, eta egoiliarren, senideen eta zentroaren arteko komunikazioen gaineko gorabeherak” jaso beharko ditu. Horrez gain, hobetzeko neurriak jaso behar dira, “akatsak berriro gertatu ez daitezen”, neurri horien kostuak ,“ahal danean”, estimatuz.

Aldundiak txostena bidali beharko die Bizkaiko batzarkide-taldeei eta baita Eusko Jaurlaritzari ere, EAEko adinekoen egoitzei buruzko uztailaren 30eko 126/2020 Dekretua aldatzeko egiten ari den prozesuari begira, horrela, lurraldeko egoitzak hobetzeko hartu beharreko neurriak hartzeko.

Batzordeak EH Bilduren hiru zuzenketa-eske onartu ditu, eta horien arabera, txostenak beste elementu batzuk ere jaso beharko ditu: “egoitzaren ezaugarriak (tamaina, kokapena…), egoitzaren kudeaketa mota, egoitzetako langileen ratioak eta prestakuntza, egoitzetako osasun arloko zerbitzuak eta langileak”, “faktore horiek pandemian izan dituen balizko eraginak detektatu ahal izateko”.

Hala ere, beste bi zuzenketa ez ziren onartu. Batak, Elkarrekin Podemos taldearenak, “erabiltzaileen elkarteen eta senideen, eta baita sindikatuen irizpideak eta adierazleak” kontuan hartzea eskatzen zuen; besteak, EH Bilduarenak proposatzen zuen txostena adinekoen egoitzetan inplikatutako sektore ezberdinekin (langileekin, egoiliarrekin, egoiliarren senideekin, egoitzen jabeekin eta enpresa kudeatzaileekin,…) partekatzea. EAJk, PSEk eta PPk ez zituzten onartu, txostenak izaera publikoa izango duela argudiatuz. 

Zalantzarik gabe, Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako Batzordeak aho batez emandako urrats horrek zerikusia du pandemiaren hasieratik bertatik Bizkaiko eta EAEko pentsiodunen mugimenduak dinamizatu duen presio sozial iraunkorrarekin, manifestazioekin, salaketekin eta erakundeekin izandako elkarrizketekin, baita fiskaltzaren esku-hartze eskaerekin ere. Presio hori ez da pentsiodunen mugimenduarena bakarrik izan, baizik eta egoiliarren senideen elkarteena, sektoreko sindikatuena eta zenbait komunikabiderena ere bai. Komunikabide horiek iritzi sozial bat sortu dute, eta Aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako agintariek, hau da, EAJk eta PSE-EEk ezin zuten alde batera utzi iritzi hori.

Hala ere, ezin dugu ilusio handirik egin txosten horretatik atera daitekeenaz, ezta Aldundiek eta Gasteizko Gobernu berriak onartzeko prest dauden neurri praktikoez ere. Arretaz eta mobilizatuta jarraitu beharko dugu, planteatutako arazoak eta beharrak konpon daitezen. Gizarte Ekintzako Batzordearen deskribapenean ikus daitekeenez, jakina, Aldundian gobernatzen dutenek ez dute ezer jakin nahi pentsiodunen mugimenduarekin biltzeaz, eta ez dute eztabaida publikorik egin nahi izandako arazoez, eta konpontzeko hartu beharreko neurriez.

  1. – Barakaldoko Vitalitas Santa Teresa egoitzako langileek mobilizazioak hasi dituzte

Uztailaren 29an elkarretaratzea egin zuten, non enpresa-batzordeak salatu zuen erretiroak ez direla betetzen, pandemiak iraun bitartean ere ez dela langile kopurua indartu, Aldundiak gomendatu bezala, eta gainkargak egoiliarrei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea murriztuko lukeela. Azpimarratu dutenez, egoitzan 100 langile eta 155 egoiliar inguru daude, eta horrek aditzera eman lezake langile-ratioa ez dela hain urria. Baina nabarmendu dute langileen gutxiengo bat arduratzen dela erabiltzaileei arreta zuzena emateaz, eta ezin diela behar bezala erantzun.

Bitartean, Gipuzkoako egoitzetako langileen gatazka luzeak bere horretan jarraitzen du, nahiz eta pandemia hasi zenean grebak egiteari utzi.

  1. Elkarrizketak Arartekoarekin eta Fiskaltzarekin

Joan den asteko asteazkenean, uztailak 29, EAEko pentsiodunen mugimenduko ordezkaritza batek agiri zabal bat eman zion Arartekoari, pandemiaren garaian egoitzetan ikusitako arazoen inguruko kexak jasotzen zituena. Asteazken honetan, abuztuaren 5ean, EAEko Fiskaltzak Bilbon duen egoitzaren aurrean, pentsiodunen kontzentrazio sinboliko bat egin zen, eta horrekin batera, prentsaurrekoa eman zen, pentsiodunen mugimenduak Arartekoari aurkeztutakoaren antzeko salaketa-dokumentua erregistratzeko arrazoi nagusiak azalduz. Irailaren 7an ezarrita dago Fiskaltzarekin biltzeko hitzordua eta bertan dokumentua justifikatzen dituen arrazoiak eta jasotako salaketen aurrean Fiskaltzak jarduteko beharra azalduko dizkiogu fiskalari.

  1. – Cebek Bizkaiko patronalaren presidenteak adierazi du soldatak jaisteak ez duela enplegua bermatzen

Arantza Tapiak egindako adierazpenen harira, besteak beste, soldatak murrizteak enplegua eusten lagun zezakeela esan zuen. Egun batzuk beranduago, Cebekeko presidenteak adierazi zuen soldatak murrizteak ez duela enplegua bermatzen eta beste neurri batzuk beharrezkoak direla. Confebaskek, bere aldetik, pandemiak sortutako krisia gainditzeko herria-mailako itun sozial moduko bat beharrezkoa zela gaineratu zuen.

Agian norbaitek, inozoki, pentsatu ahal izan zuen Cebekeko presidenteak egindako adierazpenen izenburuak Arantza Tapiarenak baino bigunagoak, ez hain eskuinekoa adierazten zuela. Baina Cebekeko presidentea benetan adierazten ari zena da talka-neurri gogorragoetara jo behar dela. Hau da, pandemiaren krisia aprobetxatuz, EAEko enpresa handiek, neurri handi batean, multinazionalei lotuta edo haien menpe daudenek, lantokiak itxi eta langileak modu basatian murriztu nahi dituzte, ez bakarrik behin-behineko langileak kaleratuz –hilabete hauetan egin dute hori–, baizik eta urte luzeko antzinatasuna duten langile finkoak ere.

Bere proiektua da langile horietako asko kanporatzea; horrela, gero, susperraldi ekonomikoa hasten denean, soldata baxuagoko eta behin-behineko langileak kontratatu ahal izateko, etekin handiagoak eman diezazkieketenak.

Enpresa horien lotsagabekeria hain da handia, ezen, jakin ahal izan dugunez, azken urteotan irabazi handiak izan baitituzte, beren akziodunen artean dibidendu handiak banatu direlarik. Hiru kasu soilik aipatzearren: TUBACEX (Laudion du egoitza soziala), Aernnova (Gasteiz) eta ITP Aero (Zamudio), zeintzuetan, ELA sindikatuaren kalkuluen arabera, enpresek berek aurkeztutako datuetan oinarrituta, 2009tik 1.027,4 milioi euro irabazi dituzte guztira.

Enpresen itxieren, deslokalizazioen, kaleratze masiboen, soldaten eta lan-eskubideen okertzeen katea oso zabala izan dadin saiatuko dira datozen hilabeteetan, batez ere ERTEak desagertuko direnetik aurrera. Confebaskek berak adierazi du hemendik urte amaierara beste 45.000 lanpostu gal daitezkeela EAEn.

Nola egin aurre egoera horri? Soldatak jaitsiz enplegu-galera nabarmen arindu daitekeela pentsatzea ez dator bat bizi izandako esperientziekin, ez eta aurrez aurre dugun errealitatearekin ere. Enpresariek, lanpostuak gordetzeko xantaiarekin, helburu bakarra dute: euren interesak salbatzea. Itxierekin eta kaleratzeekin xantaia egiten dute, eta bitartean, soldaten murrizketa, lan-kargen araberako malgutasuna, behin-behinekotasuna, lan-eskubideen murrizketak…, eta abar, planteatzen dituzte; eta hori guztia nahikoa ez denean, enpresa itxi edo, zuzen-zuzenean, kaleratzeak egiten dituzte, eta bost axola zaie zein egoera dramatikotan geratzen diren langileak eta haien familiak.

Salbuespen gisa soilik, soldaten murrizketa onartzeak ahalbidetu du enpresaren bati eta enpleguari eustea. Esperientziak erakusten digu enpresa pribatu gehienetan, baita kooperatiba batzuetan eta Sozietate Anonimo Mugatu askotan bezalaxe, pixka bat irauteko baino ez duela balio izan, eta, azkenean, ia beti, itxierara edo enplegu eta soldata-galera oso handietara joan da.

Arantza Tapiak, aurreikus daitekeen Gasteizko gobernu berriak, enpresaburuek, oso ondo dakite osasunean, hezkuntzan, adinekoen arretan eta gizarte-zerbitzuetan inbertsio publiko handiagoa eginez gero, lanpostu asko sortu eta kutxa publikoetako diru-sarrerak handituko liratekeela. Eta gauza bera, naturarekin eta giza bizitzarekin arduratsua den ekoizpen-sistema bat sustatuz. Baina

beren politika kapitalista neoliberalarekin jarraitu nahi dute, gizarte-desberdintasuna, pobrezia eta gizartearen gehiengo handiarentzako era guztietako arriskuak ondorioztatzen dituena.

Pentsiodunak garen aldetik, ezin dugu azpimarratu gabe utzi aurrean dugun egoerak, belaunaldi berrien pentsioak prekarioagoak izatera eraman ez ezik, gureek ere murrizketak ezagutu ditzaketela. Ez legoke soberan, enpresetan eta sektoreetan eguneroko borrokari eta baita pentsiodunen eta beste gizarte-sektore batzuen mobilizazioei ere eusteaz gain, urtarrilaren 30ean arrakastaz egin genuenaren antzeko mobilizazio orokor bat prestatzen hastea hurrengo hilabeteetara begira.

  1. Abuztuaren 24an Bilbon egingo den manifestazioa prestatzen

Kartelak, digitalki edo inprimatuta, banatzen hasi gara. Laster egingo da 24rako aldarrikapena. Jadanik txistulariak, bertsolari, eta abar, prest agertu dira manifestazioa alaitzeko eta animatzeko. Espero dugu Bilboko Konpartsek eta beste gizarte-kolektiboren batek gurekin bat egingo dutela. Oso interesgarria litzateke osasungintzaren, zerbitzu sozio-sanitario publikoen eta gaurko eta etorkizuneko pentsio publiko eta duinen defentsan interesatuta dagoen edonork bat egin eta parte hartzea manifestazioan. Orain, BPMren lana da, Bizkaiko hiriburuko eta beste herrietakoena ere,  ahalik eta jende gehien manifestazioan parte-hartzera bultzatzea. Jende asko oporretan dago, ez da Aste Nagusia ospatuko, baina konbentzituta gaude lagun askok parte hartuko duela manifestazioan.

  1. – Toledoko Itunaren Batzorde teknikoa

Pasa den astean, Toledoko Itunaren Batzorde teknikoak biltzen jarraitu du. Ez da ezagunak diren gomendioen inguruko aldaketarik egon. Bi batzorderatze daude egiteke: Espainiako Bankuarena eta Zerga Erantzukizuneko Agintaritza Independentearena (AIREF).

Dirudienez, batzuk kontuan hartzen ari dira 40 kotizazio-urte dituzten jubilatuei aplikatzen zaizkien koefiziente murriztaileak aztertzeko aukera. Gomendioen edukia ez da batere positiboa; aitzitik, 2011 eta 2013eko pentsio-erreformen ondorioz ezagutzen ari garen pentsioen atzerakadak justifikatzen dituzte. Eta 40 kotizazio-urte dituzten langile jubilatuei esaten diegu  hobe dela ilusio handirik ez egitea. Irailaren 1, 2 eta 3an berriro bilduko da Toledoko Itunaren Batzorde teknikoa. Egingo dituzten “gomendioei” adi egon beharko dugu.

Views: 2
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude