Albiste eta informazio interesgarriak 2020ko ekainak 20

1– “Zaila da ulertzea lehen mailako arretako 430 osasun-langilek 4,5 milioi euro balio dutela eta Ferrovialen 108 arakatzailek, 18 milioi euro”
Adierazpen labur horrekin, Lehen Mailako Arretako Kataluniako Forumeko presidenteak kezka handia agertu du azken asteotan Kataluniako Generalitatearen eta lehen mailako arretako osasun-langileen artean izan den gatazkari buruz.
Pandemiaren punta eta, osasun-langileen falta-dela eta, ospitaleek gainezka egin zutela aprobetxatuz, Generalitatea saiatu zen lehen mailako arretako zentro batzuk geldiarazten eta beren langileak ospitaleetara eramaten. Horrekin batera, Covid-19 zuten pertsonak aurkitu eta identifikatu behar zituzten 108 arakatzaileren lana, lehiaketa publikorik gabe kontratatu nahi izan zuen Ferrovial enpresa pribatuarekin.
Hiru astetan zehar kontzentrazioak izan dira ospitaleen eta lehen mailako arretako zentroen aurrean, eta asmo hori geldiaraztea lortu dute, inolako azalpen arrazoizkorik edo justifikagarririk aurkitu gabe Osasuneko Sailburuak iragarri zienaren aurrean: 4,5 milioi inbertituko zirela 430 osasun-langile kontratatzeko, eta 18 milioi, berriz, 108 arakatzaile, Ferrovial enpresaren bidez kontratatzeko.
Orain arte koronabirusak kaltetuen jarraipena, kontrola eta miaketa egin duten lehen mailako arretako osasun-langileentzat guztiz ulertezina zen, inbertsioa eta gastua egiteari begira, lehentasuna ez ematea beren sektoreari; are gehiago, zeregin horretarako kualifikatuta daudenean eta pazienteen patologiaren ezagutza zuzena dutenean, behar adinako kualifikaziorik ez duten, kontrolatu beharreko pertsonen ezagutzarik gabekoak eta Ferrovialek gaizki ordainduak diren arakatzaileen aurrean. Oraingoz, saiakera hori gelditu egin da, baina lehen mailako arretako baliabide eta plantilla faltaren arazo sakonak bere horretan jarraitzen du.
Arazo hori ez da soilik lehen mailako arretarena, baita adineko pertsonen osasun, arreta eta zaintza sistema osoarena ere (pandemiarekin modu tragikoan sufritutakoa), Espainiako Estatu osoa eta EAE eta Nafarroa zeharkatzen dituena. Behin eta berriz adierazi dugu indarrak batzeko beharra, erakundeei eskatzeko gai hori konpontzeari begirako neurri serioak har ditzatela eta ez dezatela zerbitzu horien kudeaketa kanpora atera edo enpresa pribatuen esku utzi, baizik eta ahalik eta azkarren joan behar dela beren funtzioan, kontrolean eta kudeaketan publikoak izan daitezen.
Ezin dugu itxaron pandemiak leundu arte, are gehiago berragertze arriskuen aurrean, Hego Euskal Herrian ere indarrez mobilizatu behar gara irtenbideak eskatzeko. Egunotan, Ipar Euskal Herrian eta Frantziako hainbat herritan osasun sektoreek horrela egin dute, arazoak antzekoak baitira Europako Estatu askotan.
2– Covid-19k kutsatutako eta aseguru pribatuak zituzten adineko egoiliarrak, ospitale publikoetan izan ziren artatuak
Ospitaleak gainezka zeudelako eta bizi irauteko aukera gehiago zutenei arreta ematea lehenetsi behar zutelako, Covid-19ak kutsatutako adinekoak artatu ez zituztela dioten informazioekin batera, egiaztatu ahal izan da egoitza pribatuetako adinekoak ospitale publikoetara eraman eta artatuak izan zirela, aseguru pribatuak zituztelako.
Horrek erakusten du egoitza pribatuetako pertsona batzuek, diru-sarrerak dituztenek edo familia dirudunek, aseguru pribatua dutenek, ospitale publikoetan arreta egokia jaso ahal izan zutela, eta bitartean, beste askok ezin izan zutela arreta hori jaso. Bai Espainiako Estatuan, bai batez ere herrialde pobreenetan, estatistikek erakusten dute pandemiak tamaina eta larritasun handiagoa izan duela sektore pobreenen artean klase aberatsenen artean baino.
3– Oso informazio gutxi, Ekonomia eta Gizarte Berreraikuntzarako bilerei, Toledoko Itunari edo PSOE-k, Unidas Podemos-ek eta EH Bilduk adostutako lan-erreformaren indargabetzeari buruz
Orain arte, Ekonomia eta Gizarte Berreraikuntzarako batzorde parlamentarioak “hainbat adituren” agerraldiak baino ez ditu jaso. Datozen asteetan gai horri buruzko proposamenak egingo dituzte.
Halaber, Toledoko Itunaren batzorde teknikoa bildu da egunotan. Eta PPren 2011ko lan-erreforma indargabetzearen inguruan PSOE-k, Podemos-ek eta EH Bilduk adostutakoaren aurrerapenak edo zehaztapenak ere geldirik jarraitzen dutela dirudi.
Bitartean, CEOE patronalak bilera batzuk antolatu ditu egunotan Estatuko ekonomia- eta finantza-sektore guztietako enpresaburu handiekin, beren lehentasunak eta Gobernuari begirako exijentziak zehazteko, presio-lobby gisa jarduteko, eta lan-arloko edota pentsioetako edozein hobekuntzari edo eskubideekin eta hobekuntza sozialekin zerikusia duen edozeini bidea ixten saiatzeko.
Enpresaburu handien sektore batek amortizatutzat jotzen ditu Ekonomia eta Gizarte Berreraikuntzarako Batzordea eta hortik sor daitezkeen neurriak. Era berean, duela aste batzuk Toledoko Itunaren mahaitik altxatu ziren eta, jakina, PSOE-k, Podemos-eketa EH Bilduk adostutako PPren 2011ko lan erreformaren indargabetzearen aurka oldartu zen.
Maniobra horiek ez dute esan nahi, ezta gutxiagorik ere, enpresa-, ekonomia- eta finantza-botere handiek ustezko adostasun ekonomiko eta soziala bilatzeko esparru horietan itunak lortzeko interesik ez dutenik, baizik eta beren interesak bermatuta geratzea bilatzen dutela, gobernuak beren interesak babesteko konpromisoa hartzea nahi dutela, eta bake soziala lortu nahi dutela, beren planak gatazkarik gabe aurrera eraman ahal izateko.
Langileek, pentsiodunek eta beste herri-sektoreek mota horretako itunekin izandako esperientzia negatiboa luzea da. Enpresetan, osasun-sektorean, irakaskuntzan, pentsiodunen munduan, … mobilizaziorik eta gizarte-presiorik gabe, kaleko mobilizazio-ekimenak, bai sektorialak, bai batzuetan orokorrak eta koordinatuak bultzatu gabe, aurre egin behar diogun egoera oso latza izan daiteke. Mobilizazio horiek patronalari eta botere ekonomiko eta finantzario handiei aurre egiteko zuzendu behar dira, baina baita erakunde eta gobernu zentral edo autonomikoei begira ere, botere horien aurrean ez kikiltzeko eta berauei babesa ez emateko.
Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak hainbat dokumentu egin ditu, negoziazio-esparru horien zeregina eta horietatik erator daitezkeen arazoak argituz eta azalduz. Gure aldarrikapenak zehaztu eta definitu ditugu. Eta gure ibilbide-orria finkatzen ari gara, bai pentsiodunen mugimendu bezala, bai beste sektore edo gizarte-mugimendu batzuekin lankidetzan.
4– Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak erakundeekin eta komunikabideekin izandako elkarrizketak eta harremanak
Duela aste batzuk, EAEko pentsiodunen mugimenduko ordezkaritza batek elkarrizketa telematiko bat izan zuen Gasteizko Gobernuko Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailburuarekin. Ostiralean, ekainak 26, beste bilera bat egingo da – kasu honetan, aurrez aurrekoa – Osasun Sailarekin.
Enplegu eta Gizarte Politika Saileko Gizarte Zerbitzuetako Zuzendaritzarekin beste bilera bat egiteko aukeraren aurrean, pentsiodunen mugimenduari jakinarazi diote mendekotasunari arreta emateko dekretuaren zirriborroari alegazioak aurkezteko epea amaituta dagoela, baina mugimenduaren proposamena irakurriko dutela. Ziur asko, bilera hori Osasun Sailarekin hitzartutakoaren ondoren egingo da.
Arabako Gizarte Zerbitzuetako foru diputatuarekin, herrialdeko pentsiodunen mugimenduak elkarrizketa bat izan zuten. Baina orain arte elkarrizketen edo bileren eskaerari erantzunik eman ez diotenak Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak izan dira.Gauza bera gertatzen da Urkullu lehendakari jaunarekin, zeinak idazki bat helarazi baitzion mugimenduari, berarekin zuzenean biltzeko eskaera eskuordetu eta justifikatu nahian. Ekainaren 25ean, Lakuan bertan, erantzun-idazki bat helarazteko ahalegina egingo da, ekimenaren arrazoia azaltzeko prentsaurreko bat eginez.
Bestalde, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduaren ekimen eta mobilizazioen aurrean, EITB-ren eta El Correo egunkariaren informazio-objektibotasunik ez zegoenez, elkarrizketa bana eskatu zitzaien bi hedabideetako zuzendaritzei edo informazio-arduradunei. EITBko ordezkariekin bide telematikoz egingo den elkarrizketa hilaren 23an izango da. El Correo egunkarikoekin, pandemia zela-eta bertan behera utzi zuten bilera, zehazteke jarraitzen du.
5– Pentsiodunen mugimenduko kontzentrazioek gora egiten jarraitzen dute, bai herri kopuruari dagokionez, bai asistentziari dagokionez
Astelehenean, ekainak 15, maiatzaren 18an kontzentrazioak hasi zirenetik bosgarren astelehena jarraian, kontzentrazio horien kopuruek nabarmen gainditu zituzten aurrekoak. Gipuzkoan, Donostian (190 pentsiodunek parte hartu zuten) eta beste 15 herritan mobilizatu ziren, denetara 1.200 pentsiodun baino gehixeago. Araban, Gasteizen (300 pertsona) eta beste 4 herritan, 500 pentsiodun guztira. Bizkaian, Bilbon (450 lagun) eta beste 30 herritan, denetara 2.082 pentsiodun bildu dira. Nafarroan ere gorantz doa: Iruñean 160, eta beste herri batzuetan 90; guztira 250. Hego Euskal Herri osoan 4.050 pentsiodun bildu ginen.
Pandemiak sortutako mugak eta beldurrak gorabehera, hazten jarraitzen duen mugimenduaren indarra erakusten du horrek. Mugimenduak hurrengo astelehenetan jarduten jarraituko du, mugarik eta zehaztapenik gabe uztailean eta abuztuan egingo denaren inguruan, hilabete horiek, zalantzarik gabe, zailak baitira kontzentrazioei eusteko. Erakundeekin izandako bilerek, nahiz eta hauei aitortzea kostatzen zaien, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduaren pisu soziala erakusten du.
6– Hauteskunde-kanpaina
Joan den astean jakinarazi genuen moduan, pentsiodunen mugimendua hauteskunde-kanpainan izango da. Saiatzen ari gara Gasteizen eta Bilbon bi mahai-inguru antolatzen legebiltzarkideak izateko aukera duten alderdiekin, pentsiodunen mugimenduak gidatuta, defendatzen ditugun eskaerak helarazteko eta haiekiko konpromisoa jendaurrean har ditzaten.
Era berean, propaganda-baliabide batzuk jarriko ditugu – oso apalak, gure baliabide ekonomikoek ez baitigute horretarako aukerarik ematen –, zabaltzeko eta ahalik eta jende gehienari helarazteko zeintzuk diren gure aldarrikapenak, kontuan hartzeko guztiz justifikagarriak eta arrazoizkoak direla, horretarako borondate politikorik badago.
