Albiste eta informazio interesgarriak 2020ko irailak 12

Soraluzen
  1. – Irailaren 7a: Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimendua berriro kalean, indartsu eta kementsu

Irailaren 7an, astelehena, Donostian, Iruñean, Bilbon eta Hego Euskal Herriko 70 bat herritan berriz hasi ginen pentsiodunok elkarretaratzeekin eta mobilizazioekin. Datozen bi asteetan, Gasteizen eta beste herri batzuetan ere egingo dituzte elkarretaratzeak.

Pandemiak ondorioztaturiko ardura eta beldurra izan arren, milaka pentsiodun kalera atera ginen berriro, baita uztaileko astelehenetan baino gehixeago ere. Oso modu arduratsuan, mundu guztiak maskarak erabiliz eta osasun arloko segurtasun eta prebentzio neurriak eta distantziak gordez.

Kontzentrazio-batzar guztietan argi eta garbi azaldu ziren osasun-arloan eta arlo soziosanitarioan ditugun erronkak, eta egoera hori berriz ere gogortu egin da pandemiaren bigarren olatuaren hasierarekin batera; era berean, kezka sortzen digu koronabirusa aitzakiatzat hartuta pentsioen arazoari premiazko eta beharrezko erantzuna alde batera uzteak edo luzatzeak.

Kontzentrazio guztietan nabarmendu zen aldarteak adierazten digu euskal pentsiodunen mugimenduak, zailtasunak zailtasun, indartsu eta batuta jarraitzen duela –batzuek nahi eta desiratzen duten zatiketa eta desmobilizaziotik harago–, eta gobernuek eta erakundeek ez dutela beste erremediorik izango guri entzutea eta erantzutea baino, ez bada eskakizun guztiei, bai gure eskarien zati handi bati. Bada, ziur gaude, pandemia gainditzen den heinean, pentsiodunen elkarretaratzeak eta mobilizazioak ugariagoak izango direla, eta askoz jende gehiagok parte hartuko duela.

  1. – Bilera Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltzarekin, Bilbon

Mobilizazioei berrekitearekin batera, astelehenean, hilak 7, Fiskaltzaren ordezkaritza autonomikoan, Bilbon, bilera bat egin genuen EAEko Fiskal nagusiarekin eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako pentsiodunen mugimenduko ordezkaritza batek.

Zahar-egoitzetan ikusitako arazo eta irregulartasunen inguruan prestatutako dokumentazio zabala eman zitzaion. Bilera adeitsua izan zen. Bertan, Fiskal nagusiak adierazi zuen dokumentuak arretaz irakurri zituela, zeinak Gasteizko Fiskaltzari eta Arartekoari eman zitzaizkien oinarri berberak ditu; baita esan zigun planteatzen genituen zenbait eskariren aurrean zailtasunak ikusten zituela, egoitzei eta zerbitzu soziosanitarioei dagozkien arazo jakin batzuei aurre egiteko orduan, EAEko Fiskaltza Estatuko Fiskaltzaren menpe baitago.

Fiskaltzaren jardunetik erator daitezkeen itxaropenez harago, azpimarratzekoa da salaketa horrek oihartzun sozial handia izan duela, Fiskaltzaren ordezkaritzaren atarian, komunikabideen aurrean emandako prentsaurrekoan agerian geratu zen bezala. Oihartzun horrek zerikusia du, zalantzarik gabe, euskal gizartearen eta Estatuko gizartearen gehiengoak pandemiaren ondoriozko arazoen inguruan, batez ere egoitzetan edo etxean dauden mendeko adinekoen artekoen inguruan, duen kezka handiarekin.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko egoiliarren senideen elkarteen eta pentsiodunen mugimenduaren komunikatua eta mobilizazio bateratuak

Duela egun batzuk, ohar bat argitaratu zen, egoitzetako erabiltzaileen senideen elkarteek (Bizkaiko eta Arabako Babestuk, Arabako egoitzetako eta eguneko zentroetako erabiltzaileen senideek, Gipuzkoako Senideak eta Irauli Zaintza elkarteek) eta EAEko pentsiodunen mugimenduak sinatuta. Bertan, “egoitzetako eta eguneko zentroetako erabiltzaileen eta langileen abuztuko heriotzen eta kutsatzeen aurrean, gure haserrea” nabarmentzen zen, horri azken asteetan arazo horrek hartu duen “dimentsio kezkagarria” gehituz.

Eta beste behin ere, Lehendakariari, Osasun Larrialdietako zuzendari gisa (aginte bakarra), eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusiei “mendekotasuna duten adinekoen egoitza-zerbitzuetan gertatzen ari denaren eta horren inguruan zer egiteko asmoa duten publikoki azaltzeko” eskatu zitzaien.

Adineko egoitzetako egoiliarren Senideen Elkarteek eta Pentsiodunen Mugimenduak ezinbestekotzat eta premiazkotzat jotzen dute mobilizatzea eta protesta soziala zabaltzea, arduradun politikoak eta erakundeak kezkatu daitezen eta arazo horri erantzun serio eta arduratsua eman diezaioten.

Datozen bi asteetan hainbat ekimen egingo dira Lehendakaritzaren eta hiru Aldundien aurrean.
Zehazki, Bizkaikoaren aurrean, datorren hilaren 19an, larunbata, mobilizazio bateratua bultzatuko dute Babestuk (Bizkaiko Egoiliarren Senideen Elkarteak) eta Bizkaiko pentsiodunen mugimenduak: elkarretaratzeak eguerdiko 12:00etan, Plaza Biribilean eta Plaza Eliptikoan, eta handik, lau ilaratan, maskara eta osasun prebentzio eta segurtasunerako behar den distantziari eutsiz, Bilboko Kale Nagusiaren erdian dagoen Foru Aldundira joango dira, bertan 12:30ak aldera elkartuta, eta amaierako ekitaldi batekin amaituko da. Ekitaldi horretan bi pertsonak hartuko dute parte, hurrenez hurren, Babesturen eta Pentsiodunen Mugimenduaren ordezkari gisa.

Ekimena honetara herritar guztiak gonbidatuta daude parte hartzera; bereziki, egoiliarren senideak, pentsiodunak eta adinekoak eta sektore soziosanitarioko langileak.

  1. – Elkarrizketa Magdalena Valerio Toledoko Itunaren Batzordeko presidentearekin

Atzo, ostirala, Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduko bi ordezkarik elkarrizketa izan zuten, Magdalena Valeriorekin. Bera, Pedro Sanchezen kolore bakarreko gobernuko Lan eta Gizarte Segurantzako ministra izan zen eta gaur egun Toledoko Itunaren Batzordeko presidenta da.

Dokumentu bat eman zitzaion, honako gai hauek jasota: Pedro Sánchez buru zuten gobernuek azken bi urteetan pentsioen inguruan izandako ez-betetzeak; Gizarte Segurantzaren Kutxaren jasangarritasunerantz eta pentsio publikoen hobekuntzarantz aurrera egitea zailtzen edo eragozten duten pentsio eta lan-erreformak indargabetzeko beharra; gure kezka eta desadostasuna, Toledoko Itunaren bidez urteetan zehar egiten diren gomendio eta proposamenekiko; pentsiodunen mugimenduak duela bi urte eta erdi baino gehiagotik bultzatu eta defendatu ditugun pentsioei buruzko eskaerak eta proposamenak Eskaera horiek, hein handi batean, bat datoz Estatuko gainerako herrietako pentsiodunen plataforma batzuek planteatutakoekin.

Euskal pentsiodunen mugimenduko bi ordezkariekin batera, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako pentsiodunen mugimenduko 16 pertsonako ordezkaritza joan zen Madrileko Kongresuaren atarira, eta, ondoren, presente egon ziren Magdalena Valeriorekin elkarrizketatu ziren bi pentsiodunek emandako prentsaurrekoan.

Madrilgo Pentsiodunen Mugimenduko talde batek ere parte hartu zuen Kongresuaren aurreko elkarretaratze txikian eta prentsaurrekoan. Ekimena, haiekin koordinatu genuen, pentsioen inguruko elkarrekiko elkartasuna agerian utziz.

  1. –  Espainiako Bankuak pentsioen eta eskubide sozialen aurka egin du berriro

Pablo Fernandez de Cos Espainiako Bankuko gobernadoreak duela gutxi adierazi zuen pentsioen etorkizunerako alternatibak bilatu behar direla, egungo sistema, bere iritziz, finantza-ikuspegitik erabat jasanezina baita.

Hiru hilabete lehenago, aurreko gobernadoreak, Luis Maria Lindek esan zuen ona izango zela jendeak etxebizitzan inbertitzeaz gain, finantza-aktiboetan ere inbertitzea, eta gaineratu zuen zaila ikusten zuela pentsioen errebalorizazioa KPIaren arabera egitea.

Bankuen finantza-arazoez eta gobernuek eta erakunde publikoek bankuen (Bankia, Banku Popularra, …) eta aurrezki-kutxen erreskateetan xahututako dozenaka mila euroren itzuleraz –zati txiki bat baino ez baita itzuli– arduratu ordez, haien proposamenak betikoak dira: pentsioen eta beste gizarte-zerbitzu batzuen kostuak murriztea, zor publikoa murriztu dadin. Aldi berean, ahal den guztia pribatizatzea, baita pentsio-sistemaren zati bat ere, bankuek, aseguru-etxeek eta putre-funtsek negozio eta espekulazio-iturri berriak izan ditzaten.

Espainiako Bankuak ez du ezer jakin nahi errenta eta ondare handiei zergak handitzeaz diru-sarrera publiko gehiago lortzeko. Ez zaio axola nazioarteko 88 aberats handiek eta ELGAk berak (multinazional handien zerbitzura dagoen erakundeak) gobernuei emandako gomendioak, aberatsenei zergak handitzeko, beren ondareei eta kapital-errentei dagokienez; horrela, gobernuek diru gehiago izango dute gizarte-gatazka handiak saihesteko eta, aldi berean, klase herrikoien kontsumoa errazteko, ekoizpena eta ekonomia nolabait berreskuratu ahal izateko.

Espainiako Bankuak, sozietatearen gehiengoaren zerbitzura dagoen banku publiko gisa jardun ordez, banku pribatuen, enpresaburu handien eta finantza-taldeen interesak bermatu eta babestu besterik ez du egiten.

  1. –  Confebask pozik dago Gasteizko gobernu berriarekin

Confebask euskal enpresa-elkarteak adierazi du erabat pozik dagoela Gasteizko Gobernu zahar-berriaren osaketarekin, lehentasunekin eta helburuekin, eta orain espero duela hasiera-hasieratik konfederazioa kontuan hartzea, erakundeen eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzaren aliatu leiala izaten jarraitzeko.

Euskal sindikatu handiei, mota guztietako gizarte-eragileei, EAEko pentsiodunen mugimenduari barne, harrera egiteari uko egiten dion bitartean, Urkullu behin eta berriz agertu da adi, irribarretsu, pozik eta esker onez Confebaskekin izandako harreretan, harremanetan eta kontaktuetan.

Esadazu norekin zabiltzan eta esango dizut nor zaren. Zorion-adierazpen horiek agerian uzten dituzte EAJren eta PSEren gobernuaren eta Urkullu lehendakariaren lehentasun eta interes komunak dituztela.

  1. – Hilaren 17an, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako pentsiodunen plataformak bilduko dira Gasteizen

Pentsiodunen mugimenduak lau herrialdeetan bizi duen egoeraren balantzea egingo dute. Pandemiaren ondoriozko arazo sanitario eta soziosanitarioen inguruan eta pentsioen inguruan ditugun erronkak aztertuko ditugu. Eta lanerako eta mobilizazio-ekimenetarako plan bat ezarriko dugu datozen hilabeteetarako.

Views: 1
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude