Albiste eta informazio interesgarriak 2020ko urriak 10

Pentsiodunen mugimenduaren berriak zabaltzen ditugu interesgarriak irudutzen zaizkigulako

LIZARRAN
  1. – Itxaropenari leku gutxi uzten dioten egitateak eta proposamenak

PSOEk eta Unidas Podemos-ek ez dute babestu EH Bilduren proposamena, PPren lan erreformaren alderdirik kaltegarrienak indargabetzeko.

Pandemia betean, PSOEk eta Unidas Podemos-ek PPren lan-erreformaren alderdirik kaltegarrienak indargabetzea adostu zuten EH Bildurekin. Ia berehala, PSOEk atzera egin zuen, Nadia Calviño-ren bidez, “pandemia, koronabirusa eta konfinamenduaren erdian lan-erreformari buruzko eztabaida irekitzea zentzugabea eta kaltegarria zela argudiatuz”.

Irailaren 18an, EH Bilduk legez besteko proposamen baten bidez, PPren lan-erreformaren alderdirik kaltegarrienak indargabetzeko eta autonomia erkidegoek beren errealitate ekonomikora egokitutako Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) “borondatez” ezarri ahal izateko mekanismoak ezartzeko eskatu zuen. Horren aurrean, PSOEk ez ezik, Unidas Podemos-ek ere kontra egin zuen, PP, Vox, Ciudadanos, UPN eta EAJ alderdiekin batera.

Unidas Podemos-ek adierazi zuen EH Bilduren proposamenaren bi alderdi partekatzen zituela         –LGSren igoera eta lan-erreformaren alderdirik kaltegarrienak indargabetzea–, baina ez zuela proposamenaren alde egiten, LGSren erregulazioa Espainiako Estatuari bakarrik dagokiolako, Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluaren arabera. Proposamena ez babesteko aitzakia hori erabiltzea uste dugu ez dagoela justifikatuta, are gutxiago errealitatea bada, adibidez, Hego Euskal Herrian bizi-kostua Estatuko beste eremu batzuetan baino dezente garestiagoa dela, eta, beraz, LGS berak ez dituela berdin babesten herritarren kontsumo- eta erosketa-beharrak.

Toledoko Itunaren egungo gomendioek eta negoziazioek ez dituzte pentsioak hobetzen; aitzitik, gauzak dauden bezala uztea edo okertzea ekar dezakete.

Magdalena Valerio Toledoko Itunaren batzorde parlamentarioko presidentea saiatzen ari da alderdi guztiak, eskuindarrak diren PP eta Ciudadanos barne, akordio batean konprometitzen. Ezinezkoa den akordioa, aipatu alderdi horiei kontzesio asko egiten ez bazaizkie behintzat. Gutxienekoen eta kontsentsuaren aldeko konpromisoa lortu nahi du, eta gero zuzenketarik positiboenak edo aurrerakoienak Kongresuan bertan behera uztea. Aurreko albisteetan eta informazioetan nabarmendu dugunez, pentsioei KPIa igotzea da orain arte partzialki positiboa izan den gauza bakarra. Baina gainerako guztia ebatzi gabe dago oraindik: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, pentsioen erreformen elementu atzerakoienak indargabetzea edo ezabatzea, alarguntza-pentsioaren % 100, 40 urte kotizatuta dituzten erretiratuen koefiziente murriztaileak kentzea, pentsio publiko eta duinak bermatuko dituen sistema publiko indartsua bermatzeko neurri serioak, etab.

Ezagutzen dugunez, oraindik ere negoziazioak luza daitezke aste batzuk, Kongresura iritsi baino lehen. Beste behin ere, ezkerreko alderdi politiko eta aurrerakoi guztiei gogorarazi behar diegu, borondate politikoa badute eta nahi badute, neurriak ezar ditzaketela pentsiodunen mugimenduak, bereziki euskal mugimenduak, eskatzen ari garena bermatzeko.

EAJren eta Gasteizko Gobernuaren lehentasunak, Europako laguntzen edo funtsen xedean

“Europako laguntzetatik” Euskal Autonomia Erkidegora ailegatu daitezkeen 10.000 milioi eurotik gorakoen erdia inguru, EAJk –eta bere aliatua den PSEk– Iberdroda, Petronor eta Abiadura Handiko Trenerako proiektuetara bideratu nahi ditu. Iberdrolak eta Petronorrek gaitasun ekonomiko nahikoa dute beren proiektuak garatzeko. Eta Abiadura Handiko Trena, diru asko kostatzen ari dena eta berreskuratu ezin diren hondamendi ekologikoak eta ingurumenekoak eragiten dituena, ez da, adibidez, Bordelekin (Frantziako Estatua) lotuko 2035. urtera arte gutxienez.

Horrela, EAJk argi eta garbi utzi ditu industria eta porlanaren patronal handien interesak defendatzen dituela, baita Bizkaiko feudoaren inbertsioen lehentasuna ere.

Gertaera eta albiste hauen izenburuan azpimarratu dugu itxaropenari leku gutxi uzten diotela. Baina pentsiodunak, langileekin eta beste sektore sozial eta herrikoi batzuekin batera, gogoz mobilizatzen bagara, ikusten ari garen gehiegikeri eta jarduera atzerakoi guztiak geldiarazteko itxaropena zabalduko dugu.

  1. – Negozio pribatuak, euskal bi klinika pribatu barne, izugarri aberastu ziren PCRekin eta orain antigenoen testekin.

Pandemiaren hasieran, euskal osasun-sistemak pertsona sintomatikoei test nahikoa egiten ez zienean, eremu pribatuan 200 euroko PCRak eskaintzen ziren, benetako kostua 20 eta 30 euro artekoa zenean. Orain gauza bera gertatzen da oraindik sare publikoan ez dauden antigenoen testekin –kutsaduraren detekzio azkarragoa ahalbidetzen dutenak–. Hori aprobetxatuz, duela astebetetik Donostiako Poliklinikak edo Iruñeko San Miguel klinika pribatuak horrelako test bat egitea eskaintzen dute, 4-5 euroko benetako kostua duena, eta Gipuzkoako Poliklinikan 60 eurotan eskaintzen dira.

Jakina, prezio horretako probak jende dirudunak baino ezin ditu eskuratu. Eta kate horretan sartzen da eliteko kirola, bereziki futbola, non klubek edo futbol-enpresek dirua gastatzen duten futbolariek proba horiek pasatzeko eta jokatu ahal izateko, lehiaketei eusteko eta, horrela, futbolaren negozioa bermatzeko. Espainiako Futbol Federazioak ere 200.000 antigeno-test iragarri ditu, beheragoko mailetan lehiaketei hasiera emateko.

Beldur gara Covid-19ren aurkako txertoak erabiltzen hasten direnean, antzekoa gertatuko ote den. Bai farmazeutikoak, bai klinikak eta beste zerbitzu pribatu batzuk, osasun publikoko sareek txertoak era orokorrean ez erabiltzeaz baliatzea, txertoak erabiltzen, hori bai, prezio altuetan,. lehenak izateko eta dirutza itzela irabazteko. Estatuek eta erakunde publikoek ez lituzkete prezio horiek “merkatu librearekiko errespetuaren” izenean onartu behar, eta, batez ere, hasieratik onartu beharko lukete mundu osoan aplikatzeko eskubide publiko eta orokortua, koronabirusak kutsatuak izateko arrisku handiena duten sektoreetatik hasita. Arazo hori askoz larriagoa izan daiteke herrialde txiroenetako biztanleen artean, populazio gehienari ailegatzeko beharko ziren milioika txerto eskuratzeko ahalmen ekonomiko gutxiago edo txikia baitute.

  1. – Osakidetza “ZIUn”. “Honaino iritsi gara”.

Bi esaldi horiek laburbiltzen dute Osakidetzako sindikatuek hiru astez egindako mobilizazioetan salatu dituzten arazoen larritasuna. Azken mobilizazioa, oraingoz, urriaren 3an egin zen, Bilbon. Sektoreko mila profesional baino gehiagok parte hartu zuten manifestazio luzea izan zen, Bihotz Sakratuaren plazatik Bizkaia plazaraino, lau ilaratan burutu zena.

Langileen neke fisiko eta emozionala, babesgabetasuna, langile falta etengabea eta errekonozimendu profesionalik eza salatu zituzten, eta azpimarratu zuten murrizketak eta osasun-politika falta izan direla egoera horretara eraman dituena, eta Urkulluren Gobernuari leporatu zioten osasun eta zerbitzu publikoak indartzeko duten eginbeharra ez betetzea.

Manifestazioan garbiketako, garraio sanitarioko eta kafetegi eta jantokietako langileek ere parte hartu zuten, osasun sistemaren “ezinbestekoak” direla aldarrikatuz eta prekarietate maila guztiz bidegabea eta neurrigabea jasaten ari direla salatuz. Era berean, manifestazioan berrogeita hamar bat pentsiodunek parte hartu zuten pankarta batekin eta Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko zapi gorriekin, Osakidetzako langile guztiei babesa eta elkartasuna adieraziz.

  1. – Heriotzek eta kutsatzeek jarraitzen dute egoitzetan, eta Gipuzkoan eta Araban, egoitzetako langileek lan-hitzarmenaren aldeko grebetan ere.

Pandemia hasi zenetik joan den larunbata arte, adinekoen egoitzetako egoiliarren artean, 1.248 hildako ziren Hego Euskal Herrian. Horien artean, gehienak Covid-19 baieztatuta, eta kopuru txikiago bat sintomekin. Denetara, 2.534 pertsona hil dira eta ea erdia, egoitzetako egoiliarrak

Nafarroak izan du zatirik txarrena; izan ere, Iruñeko Gobernuak irailaren 27an aurkeztutako datu ofizialen arabera, 437 pertsona hil dira Nafarroan.

Nahiz eta udaberrian baino heriotza kopuru txikiagoa izan, abuztuaren erdialdean hasitako bigarren boladak heriotzen eta kutsatzeen kopuru oso kezkagarria uzten jarraitzen du, azken horiek ere portzentaje altua baitute erabiltzaileak zaintzen eta artatzen dituzten egoitzetako langileen artean.

ELAk eta LABek greba egitera deitu zituzten Gipuzkoako egoitzetako langileak, pasa den asteartean. Gasteizko gobernuak greba hori boikotatu eta murriztu egin zuen ezinbestean, gutxieneko zerbitzuen % 100 nahitaez ezarri baitzuen. Eskaera nagusietako bat plantillak handitzea da, adineko egoiliarrei arreta eta zaintza ratioa hobetzeko. Asteartean Donostian egindako manifestazioan, Gipuzkoako Senideak, Irauli Zaintza eta Duintasuna pentsiodunen plataformak ere parte hartu zuten. Halaber, Arabako egoitza pribatuetako langileek greba egin zuten asteazkenean.

  1. – Ezkerreko alderdi guztiei eta alderdi aurrerakoiei, pentsio publikoak eta duinak defenda ditzaten eskatzea, eskuinekoen eta enpresa- eta ekonomia-botere handien aurrean.

Toledoko Itunaren negoziazioak aste batzuk luza daitezke Kongresura ailegatu aurretik. Buletin honen lehen berrian, negoziazio horien inguruan ditugun arazoak eta arriskuak azalduko ditugu.

Joan den astelehenean, hilak 5, Hego Euskal Herri osoan egin genituen elkarretaratze eta manifestazioetan, lehen planoan eta arreta-gunean jarri genituen Toledoko Itunaren negoziazioez ezagutzen ari garenari buruzko kezkak eta eskaerak.

6.000 pentsiodun baino gehiago atera ginen kalera astelehenean, hilak 5, eta nabarmentzekoa da Ezkerraldeak eta Meatzaldeak batera egindako eskualdeko manifestazioa, Barakaldon, 900 pentsiodun bildu zituena. Eta Bilbon 1.200 izan ziren Albia lorategietan, epaitegien aurrean eta Sabin Etxetik, EAJren egoitza nazionaletik, metro gutxira amaitu zen manifestazioan. “Urkullu entzun, hemen gaude pentsionistak borrokan” bezalako esloganekin alderdi honen portaerari buruzko aipamen batzuk egin ziren. Datorren astelehenean, hilak 12, gure kezka eta eskariak azpimarratuko ditugu berriro, eta datozen aste edo hilabeteetan berdin jarraituko dugu, ahal dela beste sindikatu- edo gizarte-kolektibo batzuekin konbergentzia eta lankidetza bilatuz. Atzo ostirala, hilak 9, Bilboko udaletxearen aurrean, Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak prentsaurrekoa eman zuen, aurrean ditugun arazoak azpimarratuz.

Views: 2
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude