Albiste eta informazio interesgarriak 2021eko urtarrilak 2

Interesgarritzat jotzen ditugulako zabaltzen ditugu pentsiodun mugimenduaren berriak

1– Pentsiodun guztioi: zorionak eta urte berri on!

Ia 2021ean sartu berri gara. Atzean utzi dugun urteak arrasto sakona utziko digu, Covid-19aren esperientzia gogor eta garratza dela-eta 4.000 pertsona hil dira Euskal Herria bezalako herrialde txiki batean, eta horietatik 1.520 adinekoak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako egoitzetan hildakoak dira. Langabezian dagoen langile kopuru handia eta desberdintasun sozialen gorakada, gizartearen gehiengo handi baten beharrak larriagoak direnean.

Ez dakigu zer eragin dezakeen pandemiak 2021ean. Guztiz ezinbestekoa da txertoak gizarte osoari aplikatzeko eskubidea gauzatzea. Baina ez ditu konponduko, berez, atzetik zetozen arazo larri guztiak, Covid-19aren ondorioz gordintasun handiagoz agertu direnak, osasunean eta zaintzan, ekonomian, enplegua suntsitzeko eta soldatak murrizteko ondorioekin, berdintasunezko gizarte-harremanetan…

Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak, zailtasunak zailtasun, ez dio uko egin kalean egoteari, pentsio publiko eta duinak irmotasunez eta duintasunez defendatzeari, eta, era berean, solidarioak izateari adineko egoiliarrekin eta haien senideekin, ospitaleetako eta zerbitzu soziosanitarioetako langileekin eta beste sektore sozial batzuekin, bidezko aldarrikapen batzuen alde borrokan. Eta hori egiten jarraituko dugu aurten eta indarrak ditugun bitartean. Horregatik, lerro hauetatik pentsiodun guztiak zoriondu nahi ditugu: zorionak eta urte berri on! 

2– Gaizki hasi dugu urtea!: Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) izoztuta

Duela zenbait astetik hona, pentsioei buruzko hainbat albiste agertzen ari dira, ondoko iritzien inguruko “giroa berotzeko”: pentsioei urteko KPIa igotzeak hainbat aldagairen mende egon behar duela; soldata arautzailearen kalkulua 25 urtetik 35era luzatu behar dela; erretiro aurreratuei traba gehiago jarri behar zaizkiela eta erretiratzeko legezko gehieneko adinaren ondoren luzatzea sustatu behar dela, pizgarri edo osagarri ekonomikoekin; eta beste behin ere Gizarte Segurantzaren kutxa jasanezina dela errepikatuz, pentsio duinak bermatzeko, nahi eta ahal dutenentzat, pentsio-funts pribatuak sustatu behar direla, banakakoak zein negoziazioaren bidezko kolektiboak.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Berri horien guztien helburua da pertsonengan eragitea, “errealistak” izan gaitezen eta pentsioen murrizketa eta atzerapen gehiago “onartzea besterik ezin dugula egin” sinestaraztea. Era horretan, Kongresuak onartutako eta orain Pedro Sanchezen gobernuak kudeatu behar dituen Toledoko Itunaren gomendioen aplikazioak, aurrera egin beharrean, atzerapenak ekarri ditzakeela justifikatzeko giroa sortu nahi dute

Dagoeneko errealitatea dena da gobernuak urtea LGS (Lanbide arteko Gutxieneko Soldata) izoztuz hastea erabaki duela, hau da, 950 euroan uztea. Nahikoa izan da botere ekonomikoek eta enpresarien elkarteek (CEOE, Cepyme eta Confebask, ñabardurak ñabardura) edozein igoerari, ezta aipatu ziren hileko bederatzi euroei ere, ezetz esan izana.

Gobernuak esan du pixka bat itxaron behar dela Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren negoziazioek zer ematen duten ikusteko. Baina gobernuaren lehen lagapen hori, kontuan hartuta LGS (Lanbide arteko Gutxieneko Soldata) dekretu bidez igo dezakeela, edo Legebiltzarreko gehiengo ezkertiar edo aurrerakoiaren babesarekin egin dezakeela, Gobernuaren, patronalaren eta UGT eta CCOO sindikatuen arteko Elkarrizketa Sozialerako Mahai horretatik espero daitekeenaren lehen adibidea da. Bide batez, ez ditugu sindikatu horiek ikusi, ezta entzun ere, izozte-neurri hori erabat baztertzen, argi eta garbi planteatzen zeintzuk diren haien eskakizunak ezta ea prest dauden patronalari eta botere ekonomiko handiei aurre egiteko mobilizazioak indarrez bultzatzeko.

3.– Beste behin ere manipulatzen, Gizarte Segurantzaren “jasangarritasun eza” justifikatzeko

Komunikabide askok pentsioen abenduko gastua, 2019ko hilabete berarekin alderatuta, %2,31 igo izana, pentsioen sistemaren “jasangarritasun ezaren” froga gisa aurkeztu dute, eta, beraz, iragarritako murrizketen beharra argi uzten duela.

Ildo horretan, gobernuak eta patronalek, Toledoko Itunaren gomendioen anbiguotasuna modurik txarrenean erabili nahi dute pentsioei begira. Adibidez, soldata erregulatzailea kalkulatzeko aldia 25 urtetik 35 urtera igotze hutsak pentsioen zenbatekoa batez beste %5,5 murriztea ekarriko lieke erretiratutako pertsona berriei.

Hala ere, abenduko gastu-datua manipulatuta aurkeztu da, honako arrazoi hauengatik: abenduko igoera, neurri handi batean, pandemiagatik azken hilabeteetan Gizarte Segurantzako bulegoak modu praktiko eta arduragabean itxi ondoren pentsio-eskaeren gorakadaren ondorio izan daiteke; izatez, gastua apirilekoa baino %0,3 txikiagoa da, eta horrek etengabeko igoeren serie historikoko lehen aldaketa adierazten du. 

Gizarte Segurantzaren 2021erako aurrekontuaren arabera, 2020. urtearen amaieran urteko gastu osoa %2,7 handituko da aurrekoaren aldean, eta 2021erako %3ko igoera aurreikusten da, 2005etik 2010era bitarteko aldiko batez besteko %6,9aren oso azpitik, 2011ko eta 2013ko murrizketak aplikatu aurretik.

Azkenik, oso engainagarria da batez besteko pentsioak handitzen ari direla esatea; izan ere, nahiz eta hori egia izan desagertzen diren pentsioak oso txikiak baitira, alde batera uzten da 2015. urteaz geroztik pentsio berriak aurreko urtekoak baino txikiagoak direla. Beherakada hori, gainera, areagotu egingo da nahitaezko erretiro aurreratuak hartu nahi dituztenei aurreko araudiari heltzeko aukera kentzearekin batera.

4.– Gasteizko Gobernuaren 2021eko aurrekontuak: eskulaburrekoak, xuhurrak eta aurrekoen antzekoak (I)

Espazioaren mugak direla eta, nahiz eta EAEko (Euskal Autonomia Erkidegoa) +gobernuaren 2021erako aurrekontu-proiektuak jasotzen duena ahalik eta modu labur, erraz eta ulergarrienean idazten eta azaltzen saiatu eta hainbat atal txikitan egitera behartuta gaude. Gainera, oposizioko alderdiekin egingo diren negoziazioek zer ematen duten jarraitu beharko dugu. Gaurkoan, diru-sarreren kapituluaz baino ez gara arituko.

EAEko erakundeen (Gasteizko gobernua, Aldundiak, Udalak…) aurrekontu-proiektuetan, batez ere, egin daitezkeen gastuak jasotzen dira, diru-sarrerak indarrean dagoen fiskalitatean oinarritutako estimazioak baino ez dira. Hau da, oposizioak horiek hobetzeko dituen aukerak, partida ekonomiko osagarriekin, ia ezinezkoak dira, negoziazio eta hobekuntza-marjinak murriztuz.

Aurretik diru-sarrerak aldatu edo handitu gabe, arazoak errepikatu egiten dira. Zer gertatzen da 2021erako aurrekontuekin? Bada, enpresa-onura handiak, ondare handiak edo errenta handiak gehiago zergapetuko dituen eta zerga-iruzurra ezabatuko duen zerga-erreforma sakonari heldu gabe jarraitzen dutenez, eta gainera, horri pandemiaren ondorioak gehitu behar zaizkionez, egin diren aurrekontuak aldaketa sakonik gabekoak dira, baina zor-maila itzelarekin.

2021erako aurrekontu proiektuak 12.442 milioi euro izango ditu, baina kopuru horretara iristeko 2.552 milioi euroko zorra izan beharko du. Nork ordainduko du zor hori? Europako funts goraipatuak ez dira horretarako erabiliko. Ondorioa: gaur egun gobernatzen gaituztenek murrizketak egin beharko direla esango dute, eta badakigu non egingo dituzten, edo egiten saiatuko diren. Behin eta berriz eskatzen ari da Hego Euskal Herriko zerga-presioa Europako batez bestekora hurbilduko duen zerga-erreforma, gurea baino Barne Produktu Gordinaren 6,5 puntu handiagoa baita, gure gizartearen oinarrizko premien zati handi bat bete ahal izateko. Batez besteko hori aplikatzeak 4.800 milioi euro gehiagoko diru-sarrera ekarriko luke EAEko (Euskal Autonomia Erkidegoa) ogasunetara.

Baina, noski, nori eskatu behar zaio zerga gehiago ordain dezan? Azken hamar urteetan, Eustaten datuen arabera, EAEn (Euskal Autonomia Erkidegoa), BEZren (Balio Erantsiaren gaineko Zerga) bidezko diru-bilketa -zergen bidezko diru-sarreren funtsezko osagaia dena– %18 handitu da lan-errentei dagokienez, eta bitartean, enpresen, profesionalen eta kapital-errenten ekarpena, berriz, %38,3 murriztu da.

Dena hobeto joan dadin, guztiok gerrikoa estutu eta zergak ordaindu behar ditugula esaten digutenean, normala da diru-sarrera txikiak edo ertainak dituen herritar askok edozein zerga-igoerari uko egitea; aberatsek eta klase altuek gehiago ordaindu beharrean, egunetik egunera gutxiago ordaintzen duten bitartean, eta horretarako ba dituzte gobernuetan beraien alde jotzen duten alderdi politiko jakin batzuk.

5.– Euskal Herrian dagoen Saharako Komunitatearen aitorpen-diploma pentsiodunen euskal mugimenduari

1884an, Espainiako Estatuak Mendebaldeko Sahararen zati bat inbaditzen eta kolonizatzen hasi zen, batez ere Atlantikoko kostalde luzea. 1973an borroka armatuari ekin zion Fronte Polisarioa sortu zen, eta 1975ean Espainiako gobernu frankista negoziatzera behartu zuen. Nazioarteko Justizia Gorteak berak urte horretan bertan adierazi zuen Mendebaldeko Saharak autodeterminaziorako eskubidea duela, eta deskolonizatzeko erreferenduma egiteko eskatu zion Espainiako Estatuari.

Baina honek ez zion jaramonik egin, eta 1975eko azarotik aurrera Sahara uztea erabaki zuen, Marokok herrialdearen iparraldea eta Mauritaniak hegoaldea okupatzeko bidea libre utziz. Gerra bat hasten da, Mauritaniak hegoaldea 1979an uztea eragiten duena, baina Marokorekin 15 urtez luzatzen dena, Marokorekin 1991n su-eten bat sinatu zen arte, autodeterminazio-erreferenduma egiteko data 1992ko urtarrilean ezarriz. Iragarri edo burutu gabe jarraitzen duen erreferenduma.

Duela 45 urtetik hona, saharar herria zatituta dago. Zati handi bat basamortuan dago, Aljeriako mugatik gertu, eta bestea, Marokok okupaturiko lurraldean bizi da, errepresio basatia jasanda. Azken hilabeteetan, sahararren erresistentziak, bere belaunaldi gazteen etsipenak bultzatuta, irtenbide demokratikorik ez dagoenez, jarduera armatuari ekin dio berriro, baina populazioaren, ekonomiaren eta militarren aldetik askoz indartsuagoa den Marokoko Erresumari aurre egin behar dio.

Saharar herriak babesa eta elkartasuna behar ditu. Urriaren 12an, Saharar Herriaren Egun Nazionalean, euskara ikasi duen emakumezko kazetari saharar batek, saharar ordezkaritza zabal batek lagunduta, hitza hartu zuen pentsiodunen mugimenduak Bilboko Udalaren aurrean egiten duen elkarretaratzean. Joan den astelehenean, Saharako Komunitateak antolatuta, eta Fatma Galia kazetariak zuzentzen duen Omenaldien Jaima izeneko programatik  gidatuta, nazioarteko, saharar eta euskal kazetariei sariak emateko Nazioarteko Lehen Gala egin zen. Bertan, 45 urteko kazetaritza-borroka saritzen zen, isiltasunaren harresia apurtuz.

Era berean, diplomak eman zitzaizkien Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Munduko Emakumeak bezalako irabazi-asmorik gabeko erakundeei, eta baita Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduari ere,  elkartasun-borroka eta konpromiso-ibilbideagatik eta pentsio publikoak defendatzeagatik, horiek baitira guztion etorkizuna. Saria jasotzera joan zen bost emakume pentsiodunek osaturiko ordezkaritza.

Views: 1
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude