Albiste eta informazio interesgarriak 2021eko urtarrilak 9


Interesgarritzat jotzen ditugulako banatzen ditugu Pentsiodunen Mugimenguaren berri hauek
  1. – Urtarrilaren 15a: data historikoa Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarentzat

Urte batzuk generamatzan pentsioak izoztuta edo % 0,25eko igoera kaskarrarekin. Hainbestekoa zen pentsiodun gehienen amorrazioa eta haserrea, ezen, bat-batean eta koordinaziorik gabe, milaka gizon eta emakume pentsiodun kalera irten baitziren 2018ko urtarrilaren 15ean Hego Euskal Herrian eta Estatuko beste herri batzuetan.

Zaila zen pentsatzea edo aurreikustea pentsiodunen mugimenduaren hasiera hori luzatu eta sendotu egingo zela, egin den bezala, Hego Euskal Herrian bereziki. Sei egun barru hiru urte beteko dira,  astelehenero kontzentratzen garela, etenik gabe, euskal lurralde osoko lau hiriburuetan eta 70 bat herritan. Herri, eskualde eta herrialdeko manifestazio ugari egin ditugu. Halaber, urtarrilaren 30ean, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan izandako mobilizazio eta greba orokorraren lehen urteurrena beteko da.

Covid-19aren pandemia iritsi zenean, joan den urtearen hasieran, are gehiago jabetu ginen osasunaren eta zainketen garrantziaz, batez ere egoitzetako eta beste zentro soziosanitario batzuetako adineko eta mendeko pertsonentzat. Hori dela eta, joan den urtean zehar, bai autonomiaz, bai hainbat aldiz batera, egoitzetako erabiltzaileen senideen elkarteak, sektoreko sindikatuak eta pentsiodunen mugimendua partekatu, elkar babestu eta batera mobilizatu gara.

Gure mobilizazioei eta protestei esker lortu genuen 2018. urteaz geroztik gure pentsioak gehiago ez hondatzea, eta neurri publikoak, sanitarioak eta soziosanitarioak beste kolektibo batzuekin batera eskatu izanak dimentsio handia hartzea eta gizarte-eskaera garrantzitsu bihurtzea.

Baina aurre egin behar ditugun arazoek, horien artean, elite ekonomiko eta politikoek, Covid-19ak sortutako arazoak aitzakiatzat hartuz, pentsioetan eta beste eskubide batzuetan neurriak eta murrizketak ezartzeko asmoek barne, erne egotea eskatzen digute, gure protesta eta mobilizazioak alde batera utzi gabe; aitzitik, mobilizazioak biderkatu egin beharko ditugu, bateratuak eta pluralak izan daitezen bilatuz, hori baita masiboak izateko baldintza garrantzitsu bat.

Ziur gaude pentsiodunen euskal mugimenduak horretan jarraituko duela, eta halaber, Estatuko gainerako herrietako pentsiodunen plataformekin mobilizaziorako ekintza-batasuneko topaguneak errazten saiatuko garela.

Horixe da 2018ko urtarrilaren 15ean hasi genuen borroka, eta borrokaren irakaspen, oroitzapen, oroimen eta ondoriorik onena eta gure eskaera guztiak lortu arte jarraituko dugula.

  1. – Covid-19ak kutsatutako, ospitaleratutako eta hildako pertsona kopuruen gorakadak ez dute etenik

Dagoeneko, pandemia hasi zenetik, 4.000 pertsona baino gehiago hil dira Hego Euskal Herrian. Horietatik, 1.500 baino gehiago egoitzetan, kopuru osoaren %38 inguru. Eta egia bada ere egoitzetan hildako adineko pertsonen ehunekoa eta kopurua handiagoa izan zela pandemiaren lehen boladan, bigarren bolada deiturikoan, abuztutik gaur arte, 400 baino gehiago hil dira, horietako asko Gabonetan. Eta ospitaletako geletan eta Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU) dauden kutsatutakoen eta ospitaleratutakoen kopurua ez da gutxitzen.

Egoitzetan txertaketak (erabiltzaileei eta arreta ematen dieten langileei) hasteak, heriotzak murrizteko itxaropena zabaldu du, baina ezin dugu ahaztu egoitzei, zentro soziosanitarioei, ospitaleei eta lehen arretako zentroei eragiten dieten sakoneko arazoak oraindik ere larriak direla.

PCR probak biderkatzeak, txertaketak gizartearen zatirik handienera premiaz zabaltzeak eta salatutako arazoak eta gabeziak konpontzeak ez du justifikaziorik gabeko atzerapenik onartzen, are gutxiago pandemia gogortzeko arriskuen aurrean. Horrek ez du osasun-prebentzioko neurriak errespetatzeko eta aplikatzeko gizarte-erantzunkidetasuna saihesten eta kentzen. Berriro azpimarratu behar da pandemiaren luzapen mugagabearen aurrean musukoen beharra, baita doakotasunarena ere, zabaldu egiten dela.

  1. – Grebak Euskal Autonomia Erkidegoan, urtarrilaren 26an zaintza profesionalizatuen sektorean eta urtarrilaren 28an Osakidetzan

ELA, LAB, CCOO, ESK eta UGT sindikatuek 24 orduko greba deitu dute urtarrilaren 26rako, zaintza profesionalizatuen sektore osoan, egoitzak barne.

Eta hilaren 28an, Osakidetzan, aurreko sindikatuei, Satse erizainen sindikatua batu egin zaie. Bi greben aurretik, hainbat kontzentrazio eta ekimen egiten ari dira.

Bi grebak egiteko arrazoiak dira Gasteizko Gobernuaren, Foru Aldundien eta Osakidetzako zuzendaritzaren jarrerak langileengan – emakumezkoak dira, hein handi batean, plantillak betetzen dituztenak – sortarazitako haserrea eta frustrazioa; bi sektoreetako langileekiko eta sindikatuekiko errespetu falta eta baita arduragabekeriaz jokatzea ere, planteaturiko eskaerei ez baitiete erantzun serio eta eraginkorrik ematen. Eta azpimarratu dute PCR probak zabaltzeak eta txertaketen premia orokorrak are premiazkoago eta beharrezkoago bihurtzen dutela plantillak gehitzea.

Pertsona guztientzat, eta bereziki adinekoentzat eta zaurgarrientzat, osasuna eta bizitza dira lehen mailako lehentasunak, are gehiago bizitzen ari garen pandemiaren aurrean. Hori dela eta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pentsiodunen mugimenduak, ahal dugun neurrian, elkartasuna adierazi eta erabateko babesa ematen diegu grebaren aurretik eta bi egunetan kalean egingo diren mobilizazioei.

  1. – Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduaren mobilizazio plana

Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako pentsiodunen plataformek asteartean, hilak 5, egindako osoko bilkuran, mobilizazio-plana adostu zuten. Urtarrilerako eta otsailerako plan hori  jarraian laburbildu da.

Asteleheneroko kontzentrazioekin jarraitzea, lau hiriburuetan eta normalean egiten diren 70 herrietan. Eta garrantzia berezia ematea hilaren 18an, astelehenean, pentsiodunen mugimendua hasi zen hirugarren urteurrenaren ospakizunari, hau da, 2018ko urtarrilaren 15ari.

Aurretik, hilaren 15ean bertan, prentsaurrekoa egingo da Hego Euskal Herri osoaren ordezkari gisa, Bilboko Udalaren aurrean, eguerdiko 12:00etan, hedabideen aurrean azaltzeko egun hark pentsiodunen euskal mugimenduarentzat duen garrantzia, mobilizatzen jarraitu ditugun etenik gabeko hiru urteak, eta duintasunez eta indarrez borrokan jarraituko dugula pentsio publiko eta duinak lortu arte.

Urtarrilaren 25ean, elkarretaratzea egingo dugu Gasteizko erakunde autonomikoen aurrean, gobernuko alderdiei eta legebiltzarreko talde politiko guztiei helarazteko Urkulluren gobernuak aurkeztutako aurrekontu-proiektuari egiten dizkiogun kritikak eta Jaurlaritzari zein legebiltzarreko talde guztiei planteatzen dizkiegun eskakizunak, 2021erako aurrekontuetan gure berariazko eskaerak sartzeko konpromisoa har dezaten.

Eta otsailaren 13an, mobilizazio-egun indartsuagoa eta orokorragoa bultzatuko dugu, eta, horretarako, sindikatuen eta beste gizarte-kolektibo batzuen babesa edo partaidetza lortzen saiatuko gara.

  1. – Estatuko gainerako herrietako pentsiodunen plataformekiko harremanak

Duela urtebete baino gehiagotik, pentsiodunen euskal mugimenduak kontaktuak eta harremanak izan ditu Estatuko gainerako herrietako pentsiodunen plataformekin, eta protestak egun berdinetan gurekin partekatzera eta bat egitera gonbidatu ditu.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Abenduaren 21ean, Estatuko gainerako herrietako plataforma batzuek bilera batzuk hasi zituzten, hirugarrena urtarrilaren 7an, manifestu komun bat egiteko eta Estatu mailako mobilizazio-ekimenen bat zehazteko.

Azken horretan parte hartzeko gonbidapena jaso genuenez, gutun bat bidali genien, Hego Euskal Herriko antolaketaren eta jardunaren eremuaren izaera azaltzeko, eta ez genuela interesgarritzat jotzen gure ordezkaritza edo erabakitzeko gaitasuna, estrategiak eta dinamikak bereganatu nahi dituen Estatuko inolako koordinakunderen esku uztea. Aldi berean, adierazi genien prest eta interesatuta gaudela mobilizazio-data jakin batzuetan bat etortzeko ekintza-batasuneko esparruak ahalbidetzeko, horietako bat, adibidez, Hego Euskal Herrian otsailaren 13rako aurreikusita daukaguna. Gonbidapen hori gutun bidez ere egingo zaie aspalditik harremana dugun pentsiodunen plataformei.

Era berean, jakinarazi genien gure mugimenduko hiru kidek urtarrilaren 7ko bileran parte hartuko zutela, beharrezkoa balitz gutunaren edukia azaldu eta argitzeko, eta bertan eztabaidatu eta ebatziko zena era zuzenean eta interesez jarraitzeko.

  1. – CCOOk eta UGTk 2021erako LGSren igoera eskatu diote Gobernuari

Adierazi dutenez, ezinbestekotzat jotzen dute Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) legegintzaldi honetan batez besteko soldataren %60koa izatea, Europako Gutun Sozialak eta Espainian eragile sozialekin lortutako konpromisoak ezartzen duten bezala. Gaineratu dute 2021a ezin dela salbuespena izan. Gai horrek eta Elkarrizketa Sozialerako Mahaiko negoziazioek, non bi sindikatuek, gobernuak eta patronalak, soldatei, pentsioei eta lan-neurriei buruzko gaiak negoziatuko dituzten, izango duten garapenaren jarraipena egingo dugu.

Barkamen-oharra

Joan den astean adierazi genuen 2021erako EAEko aurrekontuei buruzko gobernuaren proiektuaren bigarren kapituluari helduko geniola. Leku faltagatik ezin izan dugu egin. Hurrengoan egiteko konpromisoa hartzen dugu, kontuan hartuta, gainera, atzo aldebiko harremanak hasi zirela legebiltzarreko talde politiko bakoitzarekin, aurrekontuak negoziatzen “saiatzeko”.

Views: 2
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude