Albiste eta Informazio interesgarriak 2022ko abuztuaren 6

Interesgarritzat jotzen ditugulako banatzen ditugu pentsiodunen mugimenduko berri hauek

1.- Inflazioaren mugarik gabeko hazkundea: %10,8 uztailean

INEren datuen arabera, Espainiako Estatuan urte arteko inflazioa %10,8koa izan da uztailean, duela 38 urtetik izan den handiena. Inor ez da ausartzen iragartzen hurrengo hilabeteetan nola eboluzionatuko duen. Inflazio handia ez da Espainiako Estatuarena bakarrik, baita Europa, AEB eta munduko zati handiarena ere. Botere ekonomiko handiak eta estatuko potentziak, ordea, ez dira gai egiturazko neurri globalak hartzeko, arazoa geldiarazteko edo arintzeko. Jarraitu egiten dute amaigabeko hazkundea defendatzen. Ez dituzte gerrak saihesten, baizik eta sustatzen, giza kostu handiak eraginez eta gastu militarrak areagotuz. Uko egiten diote beren onura eskandalagarriak murrizteari eta aberastasuna banatzeari. Soldatei, pentsioei eta izaera publikoko gastu sozialei murrizketak egitea proposatzen eta ezartzen saiatzen dira, eta, aldi berean, herrialde asko eta ehunka milioi pertsona pobrezian eta behartasunean mantentzen dituzte.

Panorama zail bati egin behar diogu aurre. Nazioarteko botere ekonomiko eta politiko handiak moteltze ekonomikoaren arriskuez ohartarazten hasi dira, baita atzeraldi posibleaz ere. Hego Euskal Herrian eta Estatu espainiarrean, soldaten igoera -eta hori hitzarmenak negoziatu eta adostu diren tokietan- %10,8ko inflazioa baino 7-8 puntu beherago dago, oro har. Pentsiodunoi aurten %2,5ekin eguneratu dizkigute pentsioak, hau da, %8,3ko galera izan dute, eta horri iaz galdu genuen %3 gehitu behar zaio.

Datozen hilabeteak erabakigarriak izango dira langileok, pentsiodunok eta gainerako herri-sektoreok masibo eta irmoki mugi gaitezen inposatu nahi digutena geldiarazten edo arintzen saiatzeko.

2.- Bilboko abuztuaren 22ko mobilizazio pentsioduna prestatzen

Abuztuaren 22an, Bilboko Aste Nagusiko astelehenean, Pentsiodunen Mugimenduak manifestaziorako deitu du Plaza Eliptikoan, 12:00etan. Hilaren 10ean, BPMaren probintzia-batzarra bilduko da. Manifestu bat eztabaidatu eta onartuko da, manifestazioaren amaieran irakurriko dena. Dagoeneko kartelak prestatu dira Bilbon eta Bizkaiko herri gehienetan jartzeko. Era berean, aurreko egunetan hainbat kotxek Bizkaiko hiriburuko erdigunea eta auzoak zeharkatuko dituzte, herritar guztiei manifestazioan parte hartzeko gonbita eginez, jokoan dagoena pentsio publiko eta duinak baitira gaurko eta etorkizunerako. Konpartsa batzuek jadanik jakinarazi digute bertan parte hartuko dutela.

3.- EAEn gutxienez 65 kontsultategi itxita edo medikurik gabe daude udan

Gotzone Sagarduiren Sailak Legebiltzarrera bidalitako Osakidetzaren datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gutxienez 65 kontsultategi itxita daude uda honetan osorik edo zati baten (uztailaren 22tik irailaren 22ra arte), edo medikurik ez dute eta erizainek artatzen dituzte pazienteak. Horiei beste 85 osasun-zentro eta anbulatorio gehitu behar zaizkie, ordutegi-murrizketak dituztenak.

Kontsultategien arazo hori gehien pairatzen dutenak herri txikiak dira, batez ere Bizkaiko barnealdekoak eta Tolosaldekoak. Horietatik, 14 erabat itxita daude, 33 egunez edo aste batzuez itxita daude, eta beste 18ek ez dute medikurik eta erizainek eskaintzen dute zerbitzua.

Murrizketa eta muga horiei gehitzen badizkiegu pandemiaren ondorioak, oraindik ere ospitaleratze eta batez ere heriotza kopuru handiarekin irauten dutenak (53 joan den astean), eta 200 heriotza baino gehiago eragin duten azken bero-boladek eragindako arazoak, kontsultategi eta osasun-zentroen itxierak, ordutegi-mugak eta langile-faltak, Osakidetza oso egoera zailean jartzen dute, dramatikoa ez esatearren.

Halaber, azken egunetan jakitera eman da nagusien egoitzetan hildakoen kopurua handiagoa dela langile-ratio txikia edo eskasa dutenen artean, ratio justua eta orekatua dutenen aldean. Hori baimentzea itunpeko egoitzetan guztiz justifika ezina da jakinda pandemiaren edo beroaren ondorioak adinekoen artean larriagoak direla, arduradunen interes pribatuengatik.

Osakidetzaren, Gasteizko Gobernuaren eta Aldundien osasun- eta gizarte-politika arduragabea da eta osasun publikoarekiko eta adinekoen arreta eta duintasuna bermatuko duten zerbitzu soziosanitarioekiko mespretxua baino ezin da adierazi. Gainera, esan egiten digute euskal gizartea osasuntsu dagoela!

4.- Ordainsari edo osagarri ez-finkagarrietako tokomotxoa.

Aurreikuspen eta etekin handiak dituzten enpresa batzuetan, KPIaren gainetik dauden soldata-igoerak finkatu beharrean, duela urte batzuetatik hona konpentsazio ekonomiko ez-finkagarriak ezarri dituzte irabazien arabera, baina ez irabazien proportzioan. Ez ziren eta ez dira adibide ona.

Orain, urte arteko inflazioak gora egin duela ikusita, Cebek -Bizkaiko patronalak-, Adegik –Gipuzkoakoak- eta SEAk –Arabakoak- 2022an KPIaren arabera soldatak ez igotzea erabaki dute. Ezta hurrengo urteetarako soldatak berrikusteko klausulekin konprometitzea ere, inflazioaren edo bizitzaren kostuaren igoeraren aurrean soldatak mantenduko direla bermatzeko.

EAEn hiru edo lau urterako hitzarmenak sinatzen ari dira eta 2022rako itundutako soldata-igoera %3,78koa da batez besteko. Eta datozen bizpahiru urteetarako adostutako igoerak gutxi edo batere sinesgarriak ez diren inflazio-aurreikuspenen gainean egin dira. Aurtengo galera eta hurrengo urteetarako aurreikuspena oso handia izango da eta hitzarmen gehienek ez dute soldata-berrikuspenerako klausularik KPI errealaren arabera. Egoera are okerragoa da, oro har, hitzarmenak negoziatu gabe edo galduta dituzten langileen %70entzat.

Marjina ekonomiko handiko enpresa batzuetan, patronala soldaten ordainsari edo osagarri ez-finkagarriak sustatzen eta adosten ari da, soldaten erosteko ahalmena “babesteko” argudioarekin. Horren adibide dira Mercedes, Sidenor, Euskaltel edo Gestamp enpresak. Akordio horiek sinatu dituzten sindikatuak pozik daude akordio horiekin, eta langileei sinetsarazi nahi diete horrela, gutxienez, ez dutela erosteko ahalmenik galduko.

Tokomotxoa da, gaurko ogia biharko gosea ordea, eta hau etekin handiko enpresetan. Soldatak ez eguneratzea eta dagokien KPIarekin finkatzea, hurrengo urteetan mugarik gabe galtzea da, gero eta gehiago. Gauza bera gertatzen da pentsioekin. Adibide bat jartzearren: langile batek 2021ean 28.000€ urteko soldata gordina badu (Hego Euskal Herrian batez besteko soldata gisa kalkulatzen zena), nahiz eta aurten %6 igo, urte amaieran inflazioa %10ean kokatzen bada, %4 galduko du. Hau da, 1.120 €. Baina 2023an %2,5 igotzen bazaizkio, %4,5eko inflazioaren aldean, %2 galtzeaz gain, %6,5 ere galduko du 2021aren aldean, hots 1.764 €.

Enpresa handietako hitzarmenak erreferentzialak dira garrantzia txikiagoko beste hitzarmen askorentzat, edo sektorekoentzat. Benetako eta KPI errealaren arabera finkatutako igoerari uko eginez sinatzen duten sindikatuak, ordainsari edo osagarri ez-finkagarriak alternatiba gisa onartuz, oso adibide txarra ematen ari dira langile gehienentzat.

5.- EAEko pertsona guztien mesederako al da PFEZean %4ko deflaktazioa egitea?

Egunotan, Gasteizko Gobernuak adierazi du, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusiekin batera, Madrilgo Erkidegoko presidente Ayuso andrearen ildoari jarraituz, irailaren 1etik aurrera %4arekin deflaktatuko dela PFEZaren ordainketa. Eta 2023ko errenta-aitorpenean deflaktazio hori kontuan hartuko dela, baita 200 €ko kenkaria ere urtean 30.000 €tik beherako diru-sarrerak dituztenentzat. Eta gaineratu dute urtarrilean egindako 1,5eko deflaktazioarekin %6ra iritsiko dela, azpiko KPIaren igoerarekin bat datorrena gutxi gorabehera. Igoera mota horren barruan ez da kontuan hartzen elektrizitatean, erregaietan eta jaki freskoetan egindako gastu izugarria, eguneroko bizitzarako ezinbestekoak diren oinarrizko elementuak.

Neurri hori gizarte osoarentzat positibotzat saldu nahi dute, bizitzaren kostuaren igoera arintzen zuela eta inflazioa murrizten lagunduko zuela argudiatuz. Baina Gobernuak azaltzen ez duena zera da, neurri horrek batez ere errenta handienei egingo diela mesede, ertainei eskala txikiagoan, eta sektore zaurgarrienei eta behartsuenei ezer ez, ez baitute diru-sarrerarik jasotzen PFEZaren kotizatzeko beharrezkoa den gutxieneko kopuruan. Eta arrazoi beragatik, errenta aitorpenean aurreikusitako 200-€ko murrizketak ere ez die eragiten.

Urtean 14.000 €ra iristen ez direnek Estatuko gobernuak ezarritako 200 €ko txekea jasotzeko eskubidea dutela justifikatzen saiatuko dira. Baina ahaztu egiten zaie, beste behin ere, pentsiodun askok, batez ere emakumeek, ez dutela 14.000 €ko pentsiorik, eta 200 €ko txeke hori jasotzeko eskubiderik ere ez dutela izango.

Laburbilduz, neurri partziala, mugatua eta diskriminatzailea da, gutxieneko duintasunez bizitzeko zailtasun eta diru-sarrera gutxien dutenekiko. Adabaki horiek proposatu beharrean, KPIaren igoera arintzeko zentzuzko eta bidezko gauza bakarra soldatak eta pentsioak KPIaren pare igotzea da. Eta lanbide arteko gutxieneko soldata gutxienez 1.200 €koa izatea, 1.080 €ko gutxieneko pentsioa bezala, 14 ordainsaritan. Eta egin behar dutena zera da: erreforma fiskal bat onartu, beste elementu batzuen artean kapitalaren errentengatik ordaindu behar dena berdintzeko; gehienez ere %25eko zergak ordaintzen baitituzte, lanaren errentek %49raino ordaintzen duten bitartean eta sozietateen gaineko zergan tasa efektiboak enpresa handientzat.

6.- Erromoko Nagusien Etxea eraistearen aurkako elkartasuna eta babesa

2019ko uztailetik, udal berria eratu zenetik, EAJren eta PSEren gehiengo osoarekin, Nagusien Etxea eraisteko saiakerak eta presioak etengabeak izan dira. Erromo auzoko adinekoentzat erreferentziala den bilgunea da, hainbat jarduerarekin; eta jo ta ke defendatzen ari dira, gizartearen eta herritarren babes handiarekin.

Getxoko Udaleko osoko bilkuretara, Batzar Nagusietara, Eusko Legebiltzarrera, Arartekora eta Eusko Jaurlaritzako Kulturara jo dute eraistea geldiarazteko, baina ez dute inolako emaitzarik lortu. Era berean, manifestazioak egin dituzte auzoan, udaletxearen eta Aldundiaren aurrean, sinadura-bilketak eginez, urte eta erdiz Xake plazan bueltaka protesta gisa. Bilboko BPM (Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendua) elkarretaratzetan ere parte hartu dute pankartarekin.

Azken aldian okupazioak eta itxialdiak egin dituzte Nagusien Etxean. Ostegunean, uztailaren 28an, Getxoko Udaleko osoko bilkurara joan ziren protesta egitera, baina handik aterarazi zituzten Udaltzaingo hedapen handi bategaz. Udaltzainek indarkeriaz jokatu zuten, batez ere beraiekin zihoazen gazteekin. Eta gaur, larunbat honetan -hilak 6-, 75 urtetik gorakoentzako bazkaria berreskuratuko dute zentroan, auzoko jaien baitan.

Alde bakarreko erabakiaren arriskuak bizkortu egin dira, eta Getxoko alkateari idazki bat bidaltzea erabaki dute, sinadura indibidualekin abalatuta, baina kopuru tamaina masiboarekin. Idazkian honako hau jasotzen da:

Behean sinatzen duen pertsonak jakin du Getxoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Lope de Vega 12ko eraikinak eraisteko, eta “Belaunaldi arteko Zentroa” 2., 3. -mailako mendekoentzako 100 ohe, zein gazteentzako 40 apartamentu eraikitzeko dituzten planen berri.

Era berean, jakinik horretarako Nagusien Etxea hustu beharko litzatekeela (35 urte beteko ditu, eta adinekoentzako elkarbizitza eta aisialdirako gunea izanda), eta, horrez gain, gunea hartzen duten eraikinak eraitsi beharko lirateke, baita tutoretzapeko 11 apartamentuak, euskaltegi zaharra eta kultur gela ere. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko Ondare Batzordeak babesteko eskatu zuen 2015ean, Udalaren geldikeriaren aurrean.

Halaber, udalerrian eguneko zentroko plazarik ez dagoela jakinda, adinekoek egunero beren ingurunetik kanpo joan behar izaten dute. Horregatik jotzen dugu zuregana honako hau eskatuz:

• Ibar Nagusien Etxeko bazkideak zentrotik ez ateratzea.

• Lope de Vega 12ko eraikinak, auzoko ondarea, ez eraistea.

• Belaunaldien arteko zentrorako kokapen alternatibo bat bilatzea.

• Erromoko eguneko zentro bat prestatzea. 

Nagusien Etxearen beste ekimen batzuk babestu diren bezala, Pentsiodunen Mugimenduak idazki horren sinadurak babestu eta bultzatuko ditu.

7.- Banka eta Energia-enpresa handien etekin eskandaluzkoak

Caixabankek, Banco Santanderrek, BBVAk, Banco Sabadellek, Bankinterrek eta Unicajak 10.297 milioi euroko mozkin garbiak lortu dituzte aurtengo lehen seihilekoan. Hauen arteko banaketa: Banco de Santander (4.894 milioi euro). BBVA (3.001 milioi euro). CaixaBank (1.573 milioi euro). Bankinter (271 milioi euro). Sabadell bankua (393 milioi euro). Unicaja (165 milioi euro). Energia-enpresa handiek antzeko emaitza izan dute. Batzuk aipatzearren: Iberdrola (2.075 milioi euro). Endesa (916 milioi euro). Repsol (2.539 milioi euro). Bai bankuek eta bai enpresa handi horiek nabarmen hobetu dituzte beren mozkinak 2021eko aldi berean.

Erabateko lotsagabekeriaz, soldatak, pentsioak eta gizarte-gastu publikoak murriztea proposatzen eta presionatzen jarraitzen dute Errenten Itunaren alde. Eta ez hori bakarrik, ahalik eta gehien mugatzen saiatu dira Gobernuak egindako proposamena (salbuespen gisa, bi urterako), hau da, 7.000 milioi euro eskaseko etekin handiengatik zergak ordaintzea.

Josu Jon Imaz, Euskadi Buru Batzarreko presidente ohia (EAJren zuzendaritza organo nagusia) eta Gasteizko Gobernuko industria sailburu ohia, Repsoleko kontseilari delegatua da duela urte batzuk. Petrolioaren eta haren eratorrien erabileraren defentsa sutsuki defendatu du azken hilabeteotan. Eta duela bi aste pasatxo adierazi zuen ahal zuen guztia egingo zuela aipatutako zergak ez ordaintzeko. Ez da harritzekoa: 2021ean 4,27 milioi euroko urteko soldata izan zuen, langile baten 30.000 euroko urteko soldata bider 142.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *