Albiste eta informazio intersgarriak                              2024ko otsailak 3 

Interesgarritzat jotzen ditugulako zabaltzen ditugu pentsiodunen mugimenduko berri hauek

1.- EHPMren komunikatua, Nafarroako Gobernuak EH Bildurekin 2025erako gutxieneko pentsioak 1.080 euro arte osatzeko egin duen akordioari buruz

Joan den astelehenean, pentsiodunen kontzentrazioak egiten diren Hego Euskal Herriko plaza guztietan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren (EHPM) komunikatua azaldu edo irakurri zen. Hauxe da komunikatua:

“Gure mobilizazioetatik 6 urte bete direnean, gure aldarrikapen garrantzitsuenetako bat izan denak, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako gobernuek gutxieneko pentsioa 1.080 euro (15.120 euro urteko) arte osatzeak badu bidea. 

Nafarroako Gobernuaren eta EH Bildu Legebiltzar Taldearen arteko akordioen barruan dago, eta Euskal Herriko hainbat udaletan aurkezten ari garen mozioen aldeko harrera ere zabala izaten ari da, Gipuzkoako Batzar Nagusiarena barne. 

Nafarroako akordioa, haren aplikazioaren zain, aurrerapausoa iruditzen zaigu; gure aldarrikapena Nafarroako Gobernuaren lan-agendan sartu baita, eta akordioaren helburua da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) kenkari bidez osagarri hori 2025ean gauzatzeko beharrezkoak diren arau-aldaketak aztertzea. 

Beste behin ere, frogatuta geratu da borrokaren bidez helburuak lor daitezkeela. Hori posible izan da EHPMtik Nafarroan zein EAEn duela sei urtetik bultzatzen ari garen mobilizazioei esker. 

Deitoratzen dugu, Nafarroan ildo horretan urrats esanguratsuak ematen diren bitartean, EAEko gobernuak ez dituela aintzat hartu EH BILDUk eta Elkarrekin Podemosek gutxieneko pentsioak 1.080 euro arte osatzeko aurkeztutako aurrekontu-zuzenketak. Nafarroan ahal bada, zergatik ez EAEn? 

Lortzen ari garen aurrerapausoek mobilizazioak areagotzeko argudioez betetzen gaituzte. Ziur gaude borroka hau irabazi egingo dugula. Urgentziaz eskatzen dugu gutxieneko pentsioak 1080 euro arte osatzea ORAIN, bai EAEn, bai Nafarroan. Pentsiodunen bizi-baldintzaren okertzeak ezin du egun bat gehiago ere itxaron”. 

2.- Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Ogasunen diru-bilketaren errekor berria

Duela egun batzuk Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek 2023ko zerga-bilketari buruz argitaratutako datuek erakusten dutenez, 2022ko datuekin alderatuta, igoera oso handia izan da, baita aurreikusi zutena baino handiagoa ere.

18.213 milioi euro bildu zituzten, 2022an baino 1.082 milioi gehiago. Hau da, % 6,31ko igoera izan da, aurreikusitako % 5,67ko igoera baino handiagoa. Beste behin, PFEZaren diru-sarrerak biltzen den partidarik handiena izateaz gain, gehien hazi dena da, % 10, 2022koarekin alderatuta.

Ez gara nekatuko honako hau errepikatzen: langileak, pentsiodunok eta herri-sektoreak gara, PFEZaren eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZ) bidez, ogasunei diru-sarrera gehienak ordaintzen dizkiegunak eta, ondorioz, aurrekontu publikoen funtsezko euskarria gara. Diru-sarrera horiekin eta erakundeen artean egiten den banaketarekin, herritar gehienentzako zerbitzu eta laguntza publikoek lehentasunezko lekua izan beharko lukete, baina ez dirudi hori denik interesa, batez ere, Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Azken horrek diru-sarrera guztien % 70 ditu, eta posible da diru-sarrera horien zati txiki bat gutxieneko pentsioak 1.080 euro arte osatzeko erabiltzea. Baina ezetzari eusten jarraitzen du, eta ez dirudi jarrera politikoa aldatuko duenik.

3.- Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen Departamentuak egoitzetako eta zentro publiko eta pribatuetako arazoak konpondu gabe jarraitzen du

Nafarroako Gobernuko Pertsonen Autonomiarako edo Garapenerako Nafarroako Agentziako (PAGNA) Langileen Batzordeko sindikatuek hainbat elkarretaratze deitu dituzte titulartasun publikoko egoitzetan eta zentroetan langilerik ez dagoela salatzeko.

Urtarrilaren 25ean emandako prentsaurrekoan adierazi zutenez, mobilizazioak otsailaren 22an (Lizarrako Santo Domingon), martxoaren 14an (Iruñeko Abejeras kalean), martxoaren 21ean (San Jose zentroan) eta egun zehaztugabe batean (El Vergelen) izango dira. El Vergel Egoitzako, Santo Domingo Egoitzako eta San José Zentroko langileekin batera adierazi nahi dute beren kezka eta ezinegon sakona azken garaian ohiko bihurtzen ari den arazoaz.

Giza baliabideen atalak, lan-txandetan eta profesional-talde ezberdinetan dauden absentziak betetzeari utzi dio, oporraldietan egoera jasanezinak sortu direlarik. Egoera hori duela urte batzuetatik jasan ondoren, oporraldietako arazoa nabarmen larriagotu da, “gabonetara estres-maila handiarekin iritsi ginen eta, berriz ere, egun askotan benetako kaos bati aurre egin beharrean aurkitu ginen”.

Benetan kezkatuta daudela azpimarratu zuten, egoiliarrek ez baitute langileek eman nahiko luketen eta Agentziak sostengatzen omen duen “pertsona ardatz” hartzen duen arreta. “Nekatuta gaude absentziak ez direla beteko axolagabekeria osoz esaten digutelako, eta nazkatuta gaude hori ohiko praktika bihurtzen ari delako; egunero joaten gara gure lanpostura, egoiliarrek merezi duten arreta modu egokian emateko behar diren lankideak egongo garen jakin gabe”.

Pribatuetan askoz okerrago

Arlo horretan, Amavirreko langileek elkarretaratzea egin zuten joan den astean Foru Parlamentuaren aurrean protesta egiteko, Nafarroan hirugarren adinekoen zaintza-sektorearen gehiengoa duen enpresa, beren ustez, 400 pertsona ingururi eragiten dien hitzarmen kolektiboaren negoziazioa “blokeatzen” ari delako. Langileen ordezkariek deitoratu dute jada bi urte daramatzatela lan-hitzarmenik gabe eta, berez, oso baldintza eskasetan; halaber, ekainerako lan-hitzarmena berritzen ez bada, baldintza okerragoak ezartzen dien Estatu mailako lan-hitzarmenean sartu beharko liratekeela salatu zuten.

Azaldu zutenez, Estatu mailako hitzarmenak urtean 100 ordutik gorako lanaldia ezartzen du, 130 euro inguruko soldata gutxiago, eta ez lukete prestazioaren estaldura izango laneko bajaren kasuan, ezta Nafarroan dituzten librantza eta atsedenaldien sistemak ere. Hau da, lan-baldintzei eta, jakina, erabiltzaileari arreta emateari kalte argia eragingo die.

Deitoratu zuten patronalak egindako bilera bakarrean iragarri zuela ez zela negoziatzera eseriko Nafarroako Gobernuak Egoitzen Hitzarmena berriz aktibatu arte, edo langileen eskaerei erantzuteko beharrezko diru hornidura egin arte.

Nafarroako Pentsiodunen Mugimendukoak erabat identifikatuta eta solidarioak sentitzen gara eskaera horiekiko, eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu esku har dezala ahalmen ekonomikoa duen politika bultzatzeko, aurrekontu handiagoa zein azpiegitura eta langile gehiago izanda, gizarte-zerbitzu publikoak eta duinak sustatuz. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuak (ELZ) eta Eguneko Zentro publikoak bultzatu behar ditu, landa-eremuan zein hirietan horien bideragarritasuna bilatuz.

4.- Mugikortasun mugatuko pentsiodunek Bilboko TAO berria salatu dute euren eskubideak urratzeagatik

Datorren astelehenean, mugikortasun mugatuko pentsiodunek parte hartuko dute pentsiodunok astelehenero Bilboko Udaletxearen aurrean burutzen dugun elkarretaratzean. Bertan, autoa berauentzako laguntza teknikoa eta autonomia pertsonalerako funtsezko tresna dela nabarmenduko dute, eta Bilboko Trafiko eta Aparkamendurako Ordenantzaren (TAO) araudi berriak autoaren erabilera mugatzen duela, bere eskubideak urratzen dituela, gizartean erabat parte hartzea zailtzen duela eta irisgarritasunaren arloan diskriminazioa dakarrela salatuko dute.

Eta pentsiodunen mugimenduarekin bat egiten dute beren eskubideak eskatzeko; izan ere, ezintasun iraunkorragatiko pentsiodunak dira eta, gainera, beren mugikortasun mugatuaren ondorioz, Bilboko TAOren arau berriak eragindako arazo espezifikoak pairatzen dituzte.

5.- Pentsiodunen abesbatzak kalera aterako dira Santa Agedaren bezperan

Tradizioa eta errebindikazioa uztartuz, bihar, otsailak 4 igandea, zenbait herritan pentsiodunen abesbatzak aterako dira kalera pentsio publiko eta duinak, eta bereziki 1.080 euroko gutxieneko pentsioa lortzeko eramandako borroka eta aldarrikapen horiek lortu arte borrokan jarraitzeko borondatea euskaraz aldarrikatzeko. Bilbon, 50 bat lagunek osatutako abesbatzak, trikitixa eta panderoekin batera, eguerdiko 12:00etan ekingo dio Unamuno plazatik, Alde Zaharreko kaleak zeharkatzeko, eta, aldi berean, orri bat banatuko dute oinezkoen zein terrazetakoen eta tabernetakoen artean. Horretarako prestatutako abestia, Bizkaiko beste herri batzuetan ere erabiliko dena, honako hau da:

6.- Mobilizazioak osasun publikoaren alde

Joan den asteko ostegunean elkarretaratzeak egin ziren Bilboko hainbat anbulatorioen aurrean, Auzo Elkarteen Federazioak deituta. Eta larunbatean, hilak 7, Ezkerraldeko osasun publikoaren aldeko plataformek deitutako manifestazioa egin zen Portugaleten, pentsiodunen mugimenduak babestuta, eta 600 pertsona inguru bildu ziren.

Bestalde, EAEko eta Iruñeko Osasun Publikoaren Defentsarako Plataformek topaketa bat egingo dute otsailaren erdialdean Barakaldon, plataforma guztien antolaketa eta koordinazioa hobetzeko proposamenak eztabaidatzeko, osasun publiko, unibertsal, duin eta kalitatezkoaren aldeko mobilizazioei bultzada handiagoa emateko. Hemendik udara bitartean garatu beharreko ekimenei buruz ere eztabaidatuko dute, besteak beste, martxoaren 16an hiriburuetan manifestazioak bultzatzeaz.

Osasun-zentroen jardueran izandako murrizketak, oro har langilerik eza, eta, bereziki, familia-mediku eta pediatrarik eza, itxaron-zerrenda zentzugabeak, Lehen Mailako Arreta baztertzearen ondorioz kolapsatutako ospitale-larrialdiak, eta abar, jendea artatzera joaten denean hautematen duen errealitatea da. Imanol Pradales EAJko lehendakarigaiak berak esplizituki aitortu du bere lehentasunetako bat, Lehendakaritzara iristen denean, osasun publikoa hobetzea izango dela, baina Gotzone Sagardui Osasun sailburuak garrantzia kendu nahi izan dio aitorpen horri, eta Osakidetza “ondo” dagoela adierazi du, “hobetu” daitekeen arren.

Osasun publikoaren okertze horren eta Gasteizko gobernuaren politika pribatizatzailearen aurrean, ezinbestekoa da plataformen, sindikatuen eta beste gizarte-kolektibo batzuen arteko ahaleginak batzea eta koordinatzea, gizarte-babesik zabalena bilatzen duten eta Gasteizko Gobernuaren (Osakidetzari dagokionez) eta Aldundien (zerbitzu soziosanitarioei dagokienez) jarrera aldatzera eta arazo larriak konpontzera behartuko dituzten mobilizazio-ekimen bateratuak sustatzeko,.

7.- BPMko ordezkaritza bat Bizkaiko Gizarte Segurantzako zuzendariarekin biltzea

Ostegunean, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko (MPB) hiru ordezkarik bilera bat egin zuten GSINeko zuzendari probintzialarekin, bi ezkontideei amatasun-osagarria emateari dagokionez erakunde hori erakusten ari den irizpide desberdinak direla eta. Kexa horren edukia aldez aurretik aurreratu zitzaion idatziz.

Bilera horretan, bi aldeek argudioak aurkeztu zituzten. Europako Justizia Auzitegiaren 2019ko epaiak abalatutakoak azaldu zituaten pentsiodunenek. Epai hori Auzitegi Gorenaren 2022ko hainbat epaik berretsi zuten, eta azpimarratu zuten baldintzak betetzen zituzten pertsonei, bereziki 2016ko urtarriletik 2021eko otsailera bitarteko erretiratuei, legearen arabera osagarri horiek eman behar zitzaizkiela, auzibidera jo beharrik izan gabe.

Zuzendariak planteamendu horri erantzun zion, eta adierazi zuen zenbait epaik alderdi eztabaidagarri batzuk argitu bazituzten ere ‒bereziki, bi ezkontideek atzeraeragina jasotzeari edo aitortzeari buruzkoak‒, Auzitegi Gorenaren epai bidez oraindik ebatzi gabeko funtsezko alderdi bat dagoela, eskubidearen preskripzioa aplikatu behar den uneari buruzkoa, eta, beraz, epaiak ez datozela bat.

Bestalde, adierazi zuen kasu bakoitza desberdina dela eta, beraz, ezin dela aplikazio orokorrik egin, eta ez du uste inguruabar berdinen aurrean erantzun desberdinak eman direnik. Ildo horretan, MPBko kideek adierazi zuten EAEANren lau epai egon zirela 2023. urtean, eta adierazi zuten epe hori Europako Auzitegiaren 2019ko abenduko epaitik aurrera bakarrik har zitekeela kontuan, eta, beraz, erreklamazioak aurtengo abendura arte onartu beharko liratekeela, eta adierazi zuten kasu baliokideen aurrean erantzun desberdinen adibide zehatzak zituztela.

Views: 3
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude