Algoritmoa deabruzko tresna izan daiteke

Bidaurrazaga Vandierdonck Medikuntzan doktorea, EHUko irakasle ohia. Bilbo.
Angel Bidaurrazaga doktoreak zahartzarorako adimen artifizialak eskaintzen dituen osasun aholkuen azterketa kritikoa egiten du, eta ez hainbeste gomendioak, baizik eta gure bizimodua eraldatu duten interes ekonomikoak eta aldaketa sozialak. Elikadura industrializatutik hasi eta loaren medikalizaziora arte, autoreak adierazi du ohitura naturalagoak alde batera utzi ditugula enpresa-onurari lehentasuna ematen dion sistema baten mesedetan. Medikuntzan doktore eta EHUko irakasle ohi gisa duen esperientziarekin, Bidaurrazagak algoritmoetatik haratago begiratzera eta makinaren atzean benetan nor dagoen aitortzera gonbidatzen gaitu. Osasunari, zahartzaroari eta gure eguneroko erabakiak moldatzen dituzten botereei buruzko beharrezko hausnarketa.
Ángel Bidaurrazagaren artikuluak Juan Ramón Laporteren “Crónica de una sociedad intoxicada” liburuan daude jasota.

Aholkuak itxuraz onak izan daitezke, baina adi egon behar dugu makinaren atzean daudenei.
Nola bizi osasuntsu zahartzaroan?
GPT-4 Txatari galdetu diot ea zer behar den zahartzaro osasuntsu bat bizitzeko. Berehala, aholku batzuk eman dizkit osasun fisikoa, mentala eta soziala mantentzeko. Goazen osasun fisikoaz jardutera.
Lehen aholkua elikadura orekatua mantentzea izan da: badakizue, barazki eta fruitu gehiago jatea eta horiek ahalik eta osasuntsuenak. Noski, hori esatea erraza da, baina adinekook gogoratzen dugu zer eta nola jaten genuen ume garaietan, eta nolakoa den oraingo elikadura… Bizitzako beste arlo asko bezala, amerikartu egin da jateko modua; txikitan ez geneukan oraingo elikadura industrialik. Jaki prozesatuek (pizzak, hanburgesak, aurresukaldatuak…) aurre hartu diete etxeko sukaldean denbora luzez etxekoandreak lantzen zituenei. Gainera, ume ginenean, garaian garaikoa jaten genuen, eta ez orain bezala: adibidez, lekak edo marrubiak urte osoan eskura dauzkagu. Agian, lehen ez zegoen eko-elikagai askorik, baina uste dut naturaren aroekin bateratuago bizi ginela. Eta bai, denbora aurrera doa, baina oraingo gazteak gu baino hobeto ari al dira elikatzen? Umeen gizentasun tasak ikusita, ez dirudi hala denik, eta, AEBn esaterako, osasun arduradun berrien lehen zeregina elikadurari buelta ematea omen da. Hau da, gu gure elikatzeko modua aldatzera “behartu” gintuztenak, orain, atzera bueltako bidean abiatu dira.
Bigarren aholkua ariketa fisikoa egitea da. Adi: ariketa, ez kirola. Egunero oinez ibiltzea, igeriketa edo gustura egin dezakegun edozein jardueratan aritzea ona da, eta, dirudienez, Euskal Herrian nahiko fin gabiltza nagusiok horri dagokionez, baina azter dezagun xeheago. Kirolen artean lesio gutxien eragiten duen eta gorputzarentzako orekatuena den kirola igeriketa da, baina nork dauka igerileku bat gertu eta eskuragarri? Nire inguruko herrietan, behintzat, gainezka egoten dira eta, nik dakidala, zaharrok ez dugu lehentasunik. Erromatarren garaian, hirietako gune garrantzitsuenetarikoak termak ziren; han, igerian egiteko aukeraz gain, sauna eta masaia saioak egoten ziren. Ezagutzen al duzue gaur egun halakorik? Agian arabiar herrialdeetan mantentzen dira, baina, erromatar inperioa bukatu zenetik, termez gain higienea pikutara joan zen eta bizi itxaropenak atzera egin zuen. Gazteek gym-ak dituzten moduan, guk termak beharko genituzke.

Hirugarren aholkua lo ohiturak zaintzea da, hau da, egunero 7-8 orduz lo egitea. Esku bakarreko hatzekin zenbatu ditzaket 8 orduz lo egiten duten lagunak eta, kontrara, ez daukat nahikoa hatz eta behatz benzodiazepinak, lorazepama eta beste hipnotiko ugari behar dituztenak zenbatzeko. Bizitzaren medikalizazioak droga horien menpeko ugari sortu ditu adinduen artean, eta okerrena da joera hori gazteengana ere hedatzen ari dela. Negozio handia dago loaren inguruan eta zaila da gurpil zoro horri ihes egitea.
Adimen artifizialak eman didan azken aholkua osasun kontrolak egitea da, gaitzak prebenitzeko… eta hau da gakoa. Azken hamarkadetan, gure osasun sistemak zenbakietan oinarritzen dira: kolesterol maila, tentsio maila, gantzak, PSA, tiroxina,… Horretara eraman gaituzten “adituek” enpresa farmazeutikoentzat lan egiten dute. Zenbat eta gaixo (bezero) gehiago, orduan eta salmenta handiagoak. Crònica d’una societat intoxicada liburuko 660 orrialdeetan, Joan-Ramon Laporte autoreak argi azaltzen du osasunaren negozioa; nola usteldu den osasun sistema aberats batzuen mesederako, eta noiz hasi zen hori (XX. mendearen hasieran), Rockefellerrek medikuntzaren paradigmak aldatu zituenean. Baina hori beste batean kontatu nuen.
Txat GPT-4ren aholkuak itxuraz onak izan daitezke, baina ez dezagun geure burua engaina: adi egon behar dugu makinaren atzean daudenei, algoritmoak deabruzko tresnak izan daitezke eta.
