“Angel Bidaurrazagak ur-jauzi iatrogenikoa azaldu du: gaixo gehiegi tratatzen denean”

Angel Bidaurrazaga Vandierdonck
Medikuntzan doktorea, EHUko irakasle ohia. Bilbo.
2024ko ekainak 28
Angel Bidaurrazaga Vandierdonck mediku eta irakasleak, Begoñaren kasuaren bitartez, ur-jauzi iatrogenikoak dolu normalizatu bat medikazio-espiral arriskutsu nola bihur dezakeen aztertzen eta ilustratzen du. Non huts egin du sistemak? Ángel Bidaurrazagaren artikuluak Juan Ramón Laporteren “Crónica de una sociedad intoxicada” liburuan daude jasota. Hau da egilearen artikulu sorta baten lehena, eta bere interes eta zorroztasun kritikoagatik argitaratuko dugu.
Ur-jauzi iatrogenikoa
Begoña andereak 74 urte ditu eta berriki alargun geratu da, Gabonetan. Hilabete bat pasatu ondoren, bere senarrari lagundu dion sendagileari eskerrak ematera joan da hurbil duen anbulatoriora. Doluminak emateaz gain, medikuak zelan dagoen galdetu dio eta Begoñak senarraren falta duela eta lo egitea kostatzen ari zaiola erantzun dio. Begoñak ez du inoiz arazorik izan eta anbulatoriora senarrarekin joaten zenean odol presioa neurtzen zioten, arazo barik (125/85). Sendagileak, hala ere, kontrolatzeko analitika bat gomendatzen dio eta baita medikamentu bi ere, bata hobeto lo egiteko (lorazepam) eta bestea “animatzeko” (venlafaxina, antidepresibo bat). Handik sei hilabetera berriz ikusteko geratuko dira.
“Sendagileari eskerrak ematera eta hitz egitera bakarrik joan zen, baina kontsultatik bi farmakorekin irten zen.”
Urte erdi baten ondoren, sendagileak hobeto ikusten du Begoña, ez dauka itxura hain tristea, baina tentsioa hartzean (165/95) igo egin zaiola esaten dio eta hipertentsioarentzako beste farmako bat errezetatzen dio (valsartan 40 mg) eta hiru hilabetera elkar ikusiko dute berriz. Ordurako Begoña hiru farmako hartzen ari da, bata insomniorako, bestea animoarentzat eta azkena tentsio alturako.
Udaren ondoren, iraileko bisitan, presio arteriala pixka bat jaitsi dela ikusten du (150/95), baina sendagileak altuegi mantentzen dela adierazten dio eta valsartanen dosia bikoizten dio, 80 mg. Sendagileak berriki bihotz arriskuei buruzko ikastaroan ikasi duen bezala, kolesterolaren maila eta hipertentsioa bikote beldurgarria dira. Beraz, kolesterola jaisteko farmako bat gomendatzen dio (atorvastatina). Abendurako geratu dira.
-Abenduan, odol presioa ez da jaitsi (150/90) eta sendagileak pastilla aldatu dio: valsartan gehi diuretiko bat. Nola dagoen galdetu dio eta Begoñak esan dio duela bi hilabetetik hona hanketan mina duela, gehienbat eskaileretatik gora eta behera doanean. Parazetamol hartu du bere kabuz baina mina ez da joan, beraz, sendagileak analgesiko gogortxo bat eman dio, parazetamol gehi tramadol (opioide bat). Orain zazpi medikamentu hartzen ditu gure Begoñak.
Gabon egunean familiakoekin bazkari bat antolatu du etxean, baina bazkaldu ondoren Begoñari zorabio bat eman dio; agian, ilobek eta beste guztiek egiten duten zaratagatik, horrela gertatu ohi delako. Hurrengo egunean enkarguetara irten da etxetik Begoña, jaieguna dela ahaztu zaio, eta, zoritxarrez, eskailera batzuetatik erori da, buruan kolpe bat hartuz, eta femurra hautsi du.

Begoña osasuntsu zegoen. Urte baten buruan, osasun-sistemak gaixo larri bihurtu du.
“Tristura eta lo gabezia doluaren seinaleak ziren, ez gaixotasun baten sintomak”.
Senarraren heriotzagatiko tristura eta lo gabezia doluaren seinaleak ziren, ez gaixotasun baten sintomak. Bera sendagileari eskerrak ematera eta hitz egitera bakarrik joan zen, baina kontsultatik bi farmakorekin irten zen. Bigarren bisitan aurkitutako hipertentsioa venlafaxinagatik izango zen segur aski. Irailean neurtutako tentsioaren kopuruak (150/95) normalak dira 75 urte dituen pertsona baten kasuan, baina, ikastaroaren eraginez, dosia bikoizteaz gain kolesterola jaisteko atorvastina eman zion medikuak Begoñari. Azkenik, estatina familiako farmakoek muskuluetako mina eragiten dute, eta medikuak, agian ez zekielako, atorvastina kendu beharrean analgesiko opioide bat gehitu zion. Beraz, Gabonetan Begoñak bi psikofarmako hartzen zituen, bata lo egiteko eta bestea mina kentzeko. Presioa jaisteko hartzen ari zen medikamentuak zorabioa eragingo zion eta analgesikoak, aldiz, orekaren galtzea.
Gainera, jaiegun batez erosketetara joateak desorientazioa adierazten du. Hortaz, ordurako Begoñak koktel arriskutsu bat zeraman gorputzean.
“Inork ez dio, kasu honetan, farmakobijilantzia zerbitzuari deituko horregatik”
Ospitalera femurra hautsita joan zenean, inor ez zuen harritu atso bati izterrezurra hautsi izanak eskaileretatik erorita. Inork ez dio, kasu honetan, farmakobijilantzia zerbitzuari deituko horregatik. Begoñarena bezalako kasuak milaka jazotzen dira urtero, ez dira medikamentuen albo-ondorioekin lotzen eta are gutxiago sendagileen lan-ohitura txarrekin.
Zein da erruduna? Medikua, Begoñari behar ez zituen farmakoak errezetatzeagatik? Osasun-sistema, medikua kontsultan 30-40 gaixo artatzera derrigortzen duena? Albo-kalteak dituzten farmakoak baimentzen dituzten erregulatzaileak? Medikuen formakuntza enpresa farmazeutikoen esku lagatzen duen osasun-sistemak? Farmaziek bultzatutako gida klinikoak egiteko ordaindutako “adituak”? Medikamentuak saltzea beste helbururik ez duen industria farmazeutikoa?
Begoñak jasandakoari ur-jauzi iatrogenikoa deitzen zaio. Sendagairik behar EZ zuenak, farmakoen albo-ondorioen kate jarraituagatik, ospitalean edo hilda bukatzen du. Zoritxarrez?
