Aniztasuna eta batasuna pentsiodunen artean


María Serrano Mitxelena/ José Mari Uría Azkarate*

Pandemiak jota zendu diren pertsonak milaka izan dira. Horietako bakoitza desira, amets eta itxaropen ugariz osatutako bizitza bat zen. Eta bizitza bakoitzak gure maitasunezko oroitzapen beroena merezi du. Milaka jubilatuta zeuden, eta zalantzarik gabe bizitza maite eta amets asko zuten betetzeko. Eta haiek merezi dutelako, bizirik jarraitzeko zoria dugunok nola edo hala pentsiodunen kolektiboaren duintasuna babesteko obligazioa daukagu. Horregatik, inoiz ez bezala, bultzatu egin behar ditugu osasun publikoa eta erresidentzia egokiak izatea, non bertan pertsonen bizitzak negozioaren gainetik egongo diren.

Espero bezala, pandemiak pentsiodunen mugimendua eta aldarrikapen agenda ere hankaz gora jarri ditu. Eszenatokia aldatu egin da, batez ere segurtasun eta osasun publikoari lotutako alorretan. Eta atzo bertako energia ezin da berreskuratu, mugimendua bera berreskuratzeko prozesu bat izan ezean: bilerak, kontaktuak, harremanak, kontzentrazioak eta planak.

Hortaz, daukagun egoera aintzat hartuta, honako hauek errespetatu beharrean gaude: denborak, abiadurak, beldurrak, hau da, pentsiodunen mugimenduan egon daitezkeen iritzi guztiak. Eta, era berean, garrantzizkoa da tarte edo distantzia ezartzea oinarririk gabeko kritika, deskalifikazio eta mesfidantza sor dezaketen jarrera guztiekiko. Erakunde bakoitzak, plataformak nahiz elkartek, tokian tokikoak eta lurraldekoak, jarraitu beharreko ibilbidea ezarri dezatela, helburua izan dadin etorkizun hurbilean urrunean baino lehenago elkar ikustea berriro. Oraingo unean jarrai ditzakegun bideak anitzak dira eta, horregatik, guztiak errespetatu behar ditugu akordiorako eskua luzaturik eta beti prest. Azken asteotan, hain zuzen ere, gure artean aniztasun handia erakutsi dugu: batzuk, pentsiodunen mugimenduaren hainbat sektore instituzioen aurrean mobilizatu gara, zuhurtasunez eta segurtasunez, eta, beste batzuek ezegokitzat eta arintzat jo dute hori guztia.

Urtarrilaren 30ean gertatu bezala, mugimenduaren aniztasuna nabarmendu nahi izan da, besterik ez. Hori, inondik inora ere, ez da zatiketatzat hartu behar. Izan ere, denok batera, pentsiodunok mobilizazio ugari gauzatu beharko ditugu.

Pandemiak argi utzi du, izan duen hilgarritasun handiagatik, pentsiodunen mugimendurako denborak balio handia duela. Ez dugu galtzeko denborarik Ez dugu denbora askorik, orain eta hemen bizi gara, eta orain bertan behar ditugu pentsio duinak, XXI. mendean aukera emango digutenak gizaki gisa bizitzeko. Pentsiodunen mugimenduak 65 urtetik gorako jendearekin osatzen da eta, berebiziko premiak ditu. Eta, adierazi nahi dugu politikaren erdigunean soilik pertsonak jarriz gero, eta bereziki emakume pentsionistak, borondate politiko izan eta baliabideak bideratuta konpondu ahal izango dugula 1080 euroko pentsio minimoaren afera.

Pentsiodunen mugimendua solidarioa da gehien behar dutenekin, pentsio minimoak izan eta prekarietate lotsagarrienean bizirik irauten dutenekin, alegia. Alargundutako emakumeak dira, pentsiodunak, KPIren araberako adierazleekin bizi ezin direnak, beren abiapuntua pentsio lotsagarri bat delako eta ez dielako ezertxo ere konpontzen. Ez dugu entzun nahi, gerrikoa estutu behar delako zama, betikoengana bideratzen dutenen ahotsa.

Era berean, adierazgarria da, pentsioen erreformaz hitz egiten hasten direnean, zenbait ahotsek, berberek edo bestelakoek, aholkatzen digutela gure aldarrikapenak beste garai hobe batzuetarako uztea. Zehaztu gabeko geroko baterako. Zurrumurru horiei esan nahi diegu estatu espainiarrean gaur egun 30.000 milioi eurotik gora defraudatzen direla. Eta, gaineratu nahi dugu banketxeek gizarteari 65.000 euro zor dizkiotela. Dirurik badago ala ez? Nork du diru hori? Zergatik ez dituzte behartzen espainiar aberatsek paradisu fiskaletan duten 140.000 milioi euroko dirutza estatura ekartzera? Dirua egon badago, eta galanki.

Gure kolektiboaren aldarrikapen zehatzak babesteaz gain, badira beste premiazko aldarrikapen batzuk agerian geratu direnak, COVID-19ren larrialdi soziosanitarioarekin batera. Horiek lotura estua dute ongizate gizartearekin, adinekoengan ondorio latzak izan dituzte, eta bereziki, adinekoen egoitzetan. Eta, honako aldarrikapena aipatu nahi dugu: Osasun

2

Publikoa eta kalitatezko sare soziosanitario bat babestea. Izan ere, ezaugarri horiek defendatu eta babestu egin behar ditugu herritarren beste sektore batzuekin batera, herritarren bizitza eta duintasuna zaintzeko. Immanuel Kant-ek zioenaren arabera, “ezin da duintasunik izan, publikotasunik gabe”.

Batasuna da, eta izango da, gure jomuga, gure bidea. Nahiz eta egiatan beti ez den erraza izaten. Azken asteotan ikuspuntu eta sentikortasun ezberdinak agertu dira. Berriro elkarrekin topo egiteko beharrezkoa da aniztasuna erabat onartzea, gaitzespenik gabe.

Bestalde, bai, egia da pentsiodunen sektore batzuk plazetan agertzen ari garela, betiere zuhurtasun handiz eta osasun segurtasunezko neurriekin. Madrileko gobernua gogoan hartuta joaten gara plazetara, baina, baita euskal instituzioak ere, izan ere, konbentziturik gaude Euskal Gobernuak baliabideak badituela pentsioak osatzeko moduan, duintasunik ez duten pentsioen bidegabekeria zuzentzeko. Gaur egungo Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) tresna baliagarria bada ere pertsona zaurgarrienak atenditzeko, ez da guk eskatzen dugun neurrian baliagarria pentsioak osatzeko. Horregatik beharrezkoa da aldatzea. Kontua da borondate politikoa behar dela.

Horrez gain, PSOE/Unidas Podemos gobernuak iragarri du legegintzaldi honetan onartuko dela gutxieneko soldata 1200 eurokoa izatea. Horrek argi erakusten du gutxieneko pentsioa 1200 eurokoa izatea ez dela astakeria, guztiz alderantziz baizik, zentzuzko diru-kopurua baita.

Legeak ahalbideratzen du eskatzen ari garena bideragarria izatea. Era berean, Diru Sarrera Bermatzeko Errenta (DSBE) borondate politiko baten emaitza denez, pentsioak 1080 euroraino osatu daitezke eta osatu behar dira. Diru-kopuru hori Europako Gutun Sozialak aholkatzen du, hala nola Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) 102 eta 128 hitzarmenek. Halaber, kontua da Konstituzio bera ere bete egin behar dela, non 50. artikuluan zera adierazten den: “Botere publikoek, dagozkien pentsioez aldika gaurkotuz zahartzaroan garantizatuko dio hiritargoari behar beharreko ekonomia”.

Pentsiodunen artean izan den bat ez etortze puntual hori bizitzaren beste atal bat da. Ziur gaude berriro guztiok elkarrekin egongo garela. Azken batean, beharrak eta balioak partekatzen ditugu.

*Gipuzkoako Pentsiodunen Mugimenduaren kideak

Views: 6
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude