Arantza Urkaregi: EAJk, PSEk eta Podemosek enpresen pribilegioak eta dirutza handiak blindatu dituzte zerga berrikuspenean.

Arantza Urkaregi Etxepare MPBko kide eta EH Bilduko Bizkaiko batzarkide ohiak zorrotz aztertu du desberdintasunak betikotzen dituen zerga berrikuspena. Ezinbesteko testua da fiskalitate justu eta solidarioaren alde borrokatzen dugunontzat.

EAJk, PSEk eta Podemos Euskadik onarturiko zerga-errebisioaren inguruko hainbat hausnarketa 

Seguruenik, artikulu hau irakurtzen ari zareten gehienok ez dituzue ezagutzen EAJ, PSE eta Podemos Euskadiren babesarekin onartu diren zerga-neurriak. Ez da erraza, ez baita benetako eztabaidarik izan fiskalitateari eta proposatutako neurriei buruz. Ez da eztabaida hori ireki nahi izan, are gutxiago eragile sozial eta sindikalen parte-hartzera zabaldu. Hasierako proposamena sinatu zuten EAJk eta PSEk Podemos Euskadiren babesa lortu zutenean, hiru Batzar Nagusietan gehiengoa bermatuz, gaia komunikabideetatik desagertu zen, eta joan den astean baino ez da agertu, Arabako eta Bizkaiko Batzar Nagusietan onartu ondoren. 

Eta akordioari buruzko adierazpenak kontraesankorrak izan dira. Podemos Euskadik proposamena ezkerrera eramatea lortu dutela zioen, eta Joseba Diez Antxustegi EAJko bozeramaileak, berriz, “EAJren oinarriak lasai egon zitezkeela” esan du, “zerga berrikuspenaren proposamena ez delako ezkerrekoa”. Eta, gainera, Confebask-ek akordio fiskalak “zigortua” sentitzen zela adierazi du. EH Bilduk eta PPk kontra bozkatu dute, baina oso bestelako arrazoiengatik. EH Bilduk kritikatu du proposamen horrekin zerga-bilketa jaitsi egiten dela, zerbitzu publikoak arriskuan jarriz, eta neurriak eskatzen zituela errenta altuenei eta enpresen irabaziei presio fiskala areagotzeko. PPk zergen jaitsiera orokorra proposatu du.

Artikulu honen bidez, onartutako zerga-berrikuspenaren gako batzuk ematen saiatuko naiz, onarpen horren ondorioez hausnartu eta baloratu ahal izateko.

Abiapuntua. Egungo zerga-sistemak ondo funtzionatzen du, progresiboa da eta finantza-nahikotasuna ematen du zerbitzu publikoak bermatzeko. Beraz, ukitu batzuk baino ez dira behar. Hori da zerga-berrikuspen hau babestu dutenen jarrera, abiapuntua, Bizkaiko Foru Arauaren Zioen Azalpenean jasotzen den bezala.

Aitzitik, egungo zerga-sistemaren erreforma aldarrikatzen urteak daramatzagunok, uste dugu ez dela bidezkoa, ez progresiboa, ez nahikoa. Zerga-sistema horrek langileen, pentsiodunen eta herri-sektoreen ekarpenetan oinarritzen du diru-bilketa. Bildutako 10 eurotik 7 PFEZetik eta BEZetik datoz, eta enpresek beren mozkinengatik ordaintzen dutena ez da 10 eurotik euro bakar batera iristen. Sistema horretan, errenta batzuek besteek baino gehiago ordaintzen dute, zehazki, laneko errentek kapital-errentek (akzioak, etxebizitzen alokairuagatiko errentak…) baino askoz gehiago ordaintzen dute.

PFEZaren progresibotasunak badu zer hobetu. Tasa nominalek gora egiten dute diru-sarrerak eta, beraz, zerga-oinarria handitu ahala. Baina ordaindutako benetako tasek erakusten dute errenta handienek ez dutela dagokien proportzioan ordaintzen. Horrela, 30.000 eta 32.400 euro bitarteko zerga-oinarria dutenen (27.612 zergadun) batez besteko tasa efektiboa % 16,82 da, eta 180.000 eurotik gorako zerga-oinarria dutenen (2.978 zergadun) batez besteko tasa efektiboa, berriz, % 33,86 da. Hau da, 6 aldiz diru-sarrera handiagoak dituzte, baina batez beste ehuneko bikoitza baino ez diote ordaintzen Ogasunari. Eta PFEZn genero-arrakala argia dago, emakumeek kenkari gutxiago aplikatzen dituztelako tarterik baxuenetan daudelako eta ez dutelako kenkari guztiak aplikatu ahal izateko kuotarik.

Eta zerga-sistemaren nahikotasunari dagokionez, azken urteetan bilketa errekorrei buruz hitz egin dizkiguten arren, inflazioaren eragina kontuan hartzen badugu, 2024ko bilketa 2019koa baino txikiagoa izango litzateke.

Azken batean, zerga-berrikuspen honek abiapuntu txarra du: egungo zerga-sistema ontzat ematea,  hain zuzen, EAJren, PSEren eta PPren arteko akordioaren emaitza izan zena.

Diru-bilketaren jaitsiera. Aurkeztutako txosten ekonomikoaren arabera, EAEn 235 milioi gutxiago bilduko dira. Praktikan, askoz gehiago izango dira, neurri asko ez baitira ekonomikoki baloratu.

Gizarte-beharrak gero eta handiagoak diren une honetan, egoera ekonomikoa gero eta ezegonkorragoa denean, … akats larria da diru-bilketa murrizteko neurriak proposatzea. Izan ere, badakigu horrek zer suposatzen duen, diru gutxiago zerbitzu publikoak mantentzeko (ez indartzeko), diru gutxiago krisian dauden enpresei laguntzeko,… Politika publikoak bultzatzeko, diru-bilketa handiagoa behar da. 

Ezin dugu ahaztu diru-bilketaren jaitsierak pertsonen oinarrizko eskubideak (hezkuntza, osasuna…) bermatzeko baliabide publiko gutxiago dakarrela, eta horrek kalte handiagoa egiten diela errenta baxuei, errenta eskuragarririk handienak dituztenek hezkuntzaren, etxebizitzaren, osasunaren eta abarren arloko beharrak konpon ditzaketelako, zerbitzu horien sare publiko baten beharrik gabe.

Fiskalitatearen helburu nagusia aberastasuna birbanatzea da. Eta, horretarako, gehien dutenek ekarpen handiagoa egin behar diete, dagokien proportzioan, euskal ogasunei. Eta hori hurrengo puntuari lotuta dago.

Pertsona aberatsenen presio fiskala ez da areagotzen. PFEZaren goiko tarteen tasa ez da handitu, % 49koan utzi da, Nafarroan, adibidez, % 52koa den bitartean.

Kapital-errentetan, tasak % 20tik % 25era (30.000 €-tik gorakoak) ziren; Nafarroan, berriz, 15.000 €-tik gorakoak % 26, % 27 edo % 28 dira. Eta Estatuan, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, 300.000 €-tik aurrera % 30era igoko da.

Zerga-berrikuspen horretan, EAJk, PSEk eta Podemos Euskadik kapitalaren errenten taula birmoldatzea adostu dute, tarte gehiago jarriz eta gehieneko tasa % 28an finkatuz, 300.000 eurotik aurrera. Baina, tarte baxuetan tasak jaitsi dituztenez, errentari gehienek (127.000 euroraino) gutxiago ordainduko dute. Kapital-errentak aitortzen dituzten pertsonen % 1,5i soilik handituko zaie presio fiskala pixka bat.

Eta antzeko zerbait gertatzen da neurri aurrerakoi gisa aurkezten duten beste neurri batekin ere: 68.000 eurotik gorako likidazio-oinarria duten pertsonek ezingo dute etxebizitza erosteagatik edo alokairuko diru-sarrerengatik dagoen kenkaria aplikatu. Neurri horiek ez dituzte ekonomikoki baloratu, baina, etxebizitza erostearen kasuan, Bizkaiko Ogasunaren 2023ko Memorian argitaratutako datuen arabera, kenkari hori zutenen % 6ri eragin diezaieke.

Enpresei ez zaie presio fiskala areagotzen. Confebask enpresentzako “zigorraz” hitz egiten atera bada ere, berrikuspen fiskal honetan ez dago inolako zigorrik enpresentzat, eta are gutxiago enpresa handientzat. Aitzitik, kenkari berriak dituzte kontziliaziorako, enpleguko BGAEetarako, trantsizio berderako, enplegua sortzeko…, eta horri esker gutxiago ordaindu ahal izango diote Ogasunari.

Enpresei presioa handitzeko planteatu diren bi neurriak ez dira egiazkoak. Lehenak, gutxieneko tasa efektiboa % 17tik % 19ra igotzen duenak, ez du inolako eraginik izango, orain enpresa askok % 17 horretatik behera ordaintzen baitute, hainbat kenkari gutxieneko horretatik kanpo geratzen direlako. Eta gauza bera gertatuko da etorkizuneko % 19arekin, Sozietateen gaineko Zergaren egitura aldatzen ez bada.

Bigarrena, Sozietateen gaineko Zergan sartuko den “Aparteko mozkinen gaineko tributazio gehigarria”-ri buruzkoa da. Neurri honen bidez, kasu batzuetan, tasa nominala % 24tik % 28ra igoko dela adierazi dute bultzatzileek. Errealitatetik oso urrun. Enpresa batek irabaziak bikoizten baditu (edo gehiago), % 4 aplikatuko zaio, baina ez zerga-oinarriari, kuota-soberakinari baizik. Ondorioa: inoiz ez zaio % 28 aplikatuko (ezta % 25 ere).

Orduan, zergatik hitz egiten du Confebask-ek zigorraz? Izan ere, nahiz eta mozkin izugarriak izan, askotan milioi askotakoak, are gutxiago ordaindu nahi diete euskal ogasunei. Kexu dira zerga-eztabaida berri horren bidez, 2018ko erreforman lortu zutena baino gehiago atera nahi zutelako; hain zuzen, erreforma horretan tasa nominala % 28tik % 24ra jaitsi zen, eta ez dute gehiago jeistea lortu.

Bizkaiko Ogasunaren 2023ko Memoriako datuen arabera, enpresa handiek eta ertainek irabazien % 7,74 ordaindu zioten Ogasunari 2022ko ekitaldian; enpresa txikiek eta mikroenpresek, berriz, irabazien % 13,84. Sozietateen gaineko Zergaren egiturak, zalantzarik gabe, enpresa handi eta ertainen alde egiten du. Izan ere, gastuen eta diru-sarreren arloan hainbat zuzenketa daude, eta horiei esker, enpresa handi eta ertainek, 9.044 milioi euroko mozkinekin, mozkin horiek 1.853 milioiko zerga-oinarrira murriztu ditzakete konpentsazioen eta erreserben aurretik (irabazien % 20,5); enpresa txiki eta mikroek, berriz, 950,8 milioi euroko mozkinekin, 739,5 milioiko zerga-oinarrira murrizten dituzte, hau da, mozkinen % 78ra. Eta gero konpentsazio eta erreserben ondoriozko murrizketak datoz, eta azkenik, kenkariak. Ondorioa: tipo nominalak ez dira inolako erreferentzia enpresek benetan ordaintzen dutenerako.

Beharrezkoa da Sozietateen gaineko Zergan egiturazko aldaketak egitea, enpresa guztiek gutxieneko tasa bat ordain dezaten beren mozkinen arabera. Horretaz ez dago ezer onartutako zerga-berrikuspenean.

Neurri horiek milioi bat laguni egingo diete mesede EAEn. Horrela saldu dute EAJk, PSEk eta Podemos Euskadik. Diotenez, berdin dio gutxiago biltzeari, onura gehien jasotzen duten pertsonak behar duten pertsonak izango baitira. Eta hor kokatzen dute neurri izarretako bat: 20.000 €-rainoko errentek ez dute PFEZren aitorpena aurkeztu beharko.

Ziurrenik, pentsio baxuak dituzten pentsiodun askok ez dute datorren urtean errentaren aitorpena aurkeztu beharko, eta hori positiboa iruditzen zaie. Baina gai honi buruz hausnartu nahi nuke: positiboa al da errenta-aitorpena ez aurkeztea? Izan ere, alde positiboa du, ez dago atxikipenik (nahiz eta Aldundiek dagoeneko lau hilabetez atxikipenak egin dituzten). Baina aitorpena ez aurkezteak esan nahi du PFEZren esparruan aitortutako kenkariez ezin baliatu ahal izatea, dela adinagatik, mendekotasunagatik, etxebizitzaren alokairuagatik… Hau da, dena ez da ona aitorpena aurkezteko salbuespenean. Mutualitateen gaia ere adibide garbia da. Aitorpena aurkezteko betebeharrik ez zutenek eta aurkeztu ez zutenek oraindik ez dute kobratu mutualitateetako kotizazioengatik zor dietena. Eta, kobratu ahal izateko, aitorpena aurkeztu beharko dute.

Egia da, halaber, 20.000 €-tik beherako diru-sarrerak (oro har, 30.000 €-ra arteko diru-sarrerak) dituzten pertsonek ezin dituztela aplikatu kenkariak, kuotarik ez daukatelako. Baina, zergatik ez dugu beste era batean pentsatzen errenta-aitorpena? Zergatik ez dugu bermatzen egoera pertsonalari lotutako kenkari jakin batzuk (ondorengoak, aurrekoak, adina, mendekotasuna, etxebizitzaren alokairua…) jasotzeko eskubidea duten pertsona guztiek benetan jasoko dituztela kenkari horiek? Hori posible da, proposamenak daude mahai gainean, Europako hainbat herrialdetan aplikatzen dira, eta horiei kenkari itzulgarriak edo zerga negatiboak esaten zaie. Kasu horietan, pertsona guztiek aurkeztu behar dute errenta-aitorpena, eta kuotarik ez izateagatik aplikatu ezin izan dituzten kenkariak (edo kenkarien zatia) jasotzen dituzte. Paradigma-aldaketa bat da, bai, baina garrantzitsua da aukera hau eztabaidatzea eta baloratzea. Gaur egun kenkari horiek aplikatu ezin dituzten errenta baxuenak dituzten pertsonei zerga-sistemaren bidez laguntzeko modu erreala litzateke.

Garrantzitsuagoa iruditzen zait eztabaida hori irekitzea, EAJk, PSEk eta Podemos Euskadik erabili duten argudioa, hots, “dirua herritarren poltsikoan hobeto dago” behin eta berriro errepikatzea baino. Sentitzen dut, baina hilabete bukaerara iristen uzten ez dieten diru-sarrera txikiak dituztenei ez zaie dirurik geratuko poltsikoetan. Diru hori gehien dutenen eta enpresa handien poltsikoetan geratuko da. Eta hori ez da ona herritar gehienentzat, diru hori foru-kutxetan egon beharko litzatekeelako, gehien behar dutenei zerbitzu publikoen eta gizarte-laguntzen bidez banatzeko.

Milioi bat onuradun horien artean sartzen dituzte gazteak (orain 36 urtekoak) ere etxebizitzari dagokionez. Ezin ditut planteatutako neurriak xehatu, baina neurri horietako gehienek alokairuen prezioan duten eragina ikusi beharko da, neurri horien prezioa mugatzen ez den bitartean, eta, gaur egun, mugarik ez dago, kenkari handiagoen eraginak alokairuen igoera ekar baitezake. Eta gazte askok, lan prekarioekin, ezingo dituzte kenkariak aplikatu, ezta 5 urtez luzatzen badiete ere. Azpimarratu behar da, gainera, planteatutako neurri askok ez dietela mesede egingo alokairua ordaintzen duten pertsonei, errentariei baizik.

Onura izango dute, halaber, adingabeak eta menpekotasuna duten pertsonak zaintzeko etxeko langile bat kontratatzen dutenek, baldin eta kontratu mugagabea bada. Lanaldia eta soldata duina finkatzerik ez zaie eskatzen. Zaintza-zerbitzu publikoetan inbertitu beharrean, zaintza-lana familien eta etxeko langileen esku uzten da, gehienak emakume migratuak. Ez dut uste aurrerapena denik aldarrikatzen dugun sistema publiko-komunitario, unibertsal eta kalitatezkoari begira. Ezta emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko neurririk ere.

Azken batean, zenbait kolektibori mesede egin diezaiekete neurri batzuek (nahiz eta ez zaizkidan milioi bat onuradunen kontuak ateratzen), baina ke-lainoa besterik ez dute osatzen zerga-berrikuspen horren helburu nagusia ezkutatzeko, hau da, dagoen zerga-sistemari eusteko, pertsona aberatsenek eta enpresa handiek dituzten pribilegioak ukitu gabe.

Horregatik, egungo zerga-sistemaren erreforma sakonaren beharra defendatzen dugunok, egungo zerga-sisteman egitura-aldaketak egiteko aukera galdutzat jo dugu zerga-berrikuspen hori. Zerga-sistema bidezkoa, progresiboa eta egungo erronkei, hala nola trantsizio ekosoziala, gizarte-arrakalak murriztea, genero-arrakalak ezabatzea eta abar, aurre egin ahal izateko diru-sarrera nahikoak bermatuko dituena lortzeko beharrezkoak diren aldaketak.

Azken oharra. BGAEei buruzko neurriek artikulu propio bat merezi lukete, baina ez dut amaitu nahi pentsioen sistema publikoaren aurkako eraso argia iruditzen zaidan neurri bat aipatu gabe. Lehentasunezko BGAEen kasuan, lehendik dauden zerga-oinarriaren murrizketez gain, kuotan kenkariak ezartzen dira, eta horiek % 25eraino iristen dira 36 urtetik beherakoen kasuan. Neurri horrek mezu bat bidaltzen die gazteei: pentsio-sistema publikoaren (jberaien ustez, asangarria ez dena) alde borrokatzeaz ahaztu eta BGAE batean izena eman.

Arantza Urkaregi Etxepare

BPMko kidea eta EH Bilduko batzarkidea Bizkaian, 2015-2023

Views: 150
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude