“Arantza Urkaregi (HEPM): ‘Gutxieneko pentsioak LGSrekin parekatzea justizia da emakumeentzat'”

Arantza Urkaregiri (EHPM) elkarrizketa
Aupa Arantza. Lehenengoz, eskerrak eman behar dizkizuegu elkarrizketa hau gaurgeroa.eus web-ari emateagatik, jakin baitugu lanpetuta zaudela.
1 – Ekitaldi bat prestatzen ari zarete, zertaz? Nork antolatzen du?
Bai, une honetan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua (EHPM) buru belarri dabil “Pentsioen Osagarri bat Bermatzeko Neurrien” Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadurak biltzen.
Lan horretan gaude EHPM-ko emakumeok ere. Talde feministekin eta emakume talde ezberdinekin egon gara, Herri Ekimen Legegileak emakumeen pentsioetan izango duen eragina azaltzen duen Manifestua aurkeztu diegu eta beraien atxikimenduak jasotzen ari gara. Manifestu hori ezagutarazteko eta Herri Ekimen Legegileak emakume pentsiodunengan (oraingo eta etorkizunekoengan) izango duen eraginean sakontzeko, ekitaldi bat antolatu dugu EHPM-ko emakumeok.
2 – Noiz eta non izango da ekitaldia?
Datorren astelehenean, hilaren 24an, arratsaldeko 18:00etan, BilboRock aretoan (Bilbon) izango da. Eta hemendik gonbidapena luzatu nahi diegu, alde batetik, nazio mailako zein herri ezberdinetako talde feministei zein emakume-taldeei, eta bestetik, astelehenero plazetan egoten diren emakume pentsiodunei. Ekitaldiak aukera ezin hobea eskainiko digu emakume ezberdinak biltzeko eta guztion artean emakume pentsiodunen egoera partekatzeko.

3 – Gaia: pentsioak?
Pentsioak bai, baina zehazki “Pentsioen Osagarri bat Bermatzeko Neurrien” Herri Ekimen Legegilean zentratuko gara. Zein garrantzia du emakumeontzat, pentsioduna izan ala ez izan, Herri Ekimen Legegile (HEL) honek aurrera egitea.
Orain dela 7 urte EHPM hasi zen plazetan aldarrikatzen 1.080 €-ko gutxieneko pentsioa. Zenbateko hori kalkulatuta zegoen Europako Karta Sozialaren irizpideen arabera, pobrezia-muga gainditzeko. Urteak igaro dira, prezioen gorakada itzela izan da, pentsioak igo dira, baina erosketa-ahalmena txikiagoa dugu,… eta beharrezkoa ikusi da zenbateko hori eguneratzea. Eta proposamena izan da parekatzea Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS).
Hain zuzen, 24ko ekitaldian ahotsa emango diegu sektore ezberdinetako emakumeei, beraiek dituzten edo jasoko dituzten pentsioak nolakoak direnazaltzeko. Parte hartuko dute etxeko langile batek, baserritar batek, Etxez Etxeko Arreta Zerbitzuko langile batek eta supermerkatuko emakume langile batek. Sektore feminizatuak, kasu batzuetan araudi bereziak dituztenak, prekarietate handiko sektoreak,… Garrantzitsua iruditu zaigu emakume horien pentsioen egoera lehen eskutik ezagutzea. Beraientzat oso onuragarria izango da HEL onartua izatea.
4 – Beti bezala, emakumeok, kaltetuenak. Horregatik, Herri Ekimen Legegilea babestu behar da?
Azkenean, pentsioetan islatzen da gizarte patriarkal honetan emakumeok jasaten dugun diskriminazioa, rolen banaketan oinarrituta. Emakumeok zaintzaile gisa definitzen gaitu patriarkatuak. Zaintza-lanak ez daude aitortuak eta ez dira ordaintzen familia barruan egiten direnean. Horren ondorioz, emakume asko ez dira lan-merkatura sartu edo urte gutxitan egin dute lan etxetik kanpo eta kotizaziorik gabeko pentsioak soilik eskura ditzakete. Eta emakumeak lan-merkatura sartu direnean, ez dute utzi zaintza-lana, biak egin behar izan dituzte eta askotan lanaldi partzialeko lanak egin dituzte, eszedentziak hartu behar izan dituzte, eta, bereziki, feminizitatutako lanbideetan sartu dira, hauek soldata baxuagoak dituztelarik. Lan-merkatuan dagoen soldata-arrakala, pentsioetan ere islatzen da.
Baten batek pentsatuko du gaur egun ez dela horrela gertatzen eta emakumeok berdintasunean aritzen garela. Baina, ez. Gaur egun emakume gehienak lan-merkatura sartu dira, baina gizonek ez dute zaintzen ardura hartu, edo behintzat ez era orekatuan.
5 – Gutxieneko pentsioa = Lanbide arteko Gutxieneko Soldata
Bai, funtsezko aldarrikapena da. Hain zuzen, hori da pentsioetan dagoen genero-arrakala murrizteko bidea. Azken urtean, gutxieneko pentsioak pentsio orokorrak baino zertxobait gehiago igo dira, baina miseriazko pentsioak izaten jarraitzen dute. 2025ean, bakarrik bizi den emakume pentsiodun bat, gutxieneko pentsioa badu, hilero 874,40 € jasoko ditu. Eta pasa den astean, LGS hileko 1.184 €-tan finkatu zuen Espainiako Gobernuak. Beraz, 2025ean, gutxieneko pentsioa LGSren % 74 da.
Eta zer esan kotizaziorik gabeko pentsioei buruz? 2025ean, bakarrik bizi den emakume batentzat, hileko 564,70 €-koa da. Hau da, ez da ailegatzen ezta LGSren erdira, % 48 da. Eta, azken datuen arabera, kotizazio gabeko pentsioak dituzten 3 pertsonatik 2 emakumeak dira.
Argi dago gutxieneko pentsioak, kotizazio pekoak zein kotizazio gabekoak, LGSrekin parekatzeak onurak ekarriko dizkie egungo emakume pentsiodunei eta etorkizunekoei, hain zuzen, parekotasun hori legez arautu nahi dugulako.
Gure kalkuluen arabera, 66.000 emakume pentsiodunek (guztira, onuradunak izango diren ia 100.000 pentsiodunen artetik) jaso ahal izango dute 1.134€ arteko osagarri hori. Eta azken astean, LGS-k 50 €-ko igoera izan duenez, osagarria pixka bat handiagoa izango da eta emakume gehiagok jasoko dute osagarria.
5 – Zerbait gehitu nahi duzu
Animatzea emakumeak Bilborock-era hurbiltzea datorren astelehenean, 24an, 18:00etan. Ekitaldia aldarrikatzailea izango da, baina, aldi berean, ondo pasatzea nahi dugu, eta aipatu hitzartzeaz gain, musika egongo da, argazkia erraldoia egingo dugu eta gure artean hitz egiteko eta animatzeko parada izango dugu. Ez galdu aukera! Etorri Bilborock-era!
