AZAROAK 25. INDARKERIA GUZTIAK DESAGERRARAZTEA, BAI AGERIKOAK BAI IKUSEZINAK.

Azaroaren 25a aldarrikapen eguna da emakumeontzat, nazioarte mailan indarkeria matxista salatzen delako. Pentsiodunen mugimenduak bat egiten du mugimendu feministak Euskal Herrian deitutako mobilizazio guztiekin, eta gure egiten ditugu manifestuaren aldarrikapenak.
2020. urte hau emakume pentsiodunentzat ere urte dramatikoa izan da, gure prekarietate ekonomikoaz eta zerbitzu soziosanitarioez gain, konfinamendu-garai honetako estatistikek islatu baitute adineko emakumeek etxe askotan bizi izan duten egoera; IKUSEZINA DEN INDARKERIA ETA, BERAZ, GIZARTEAK AINTZAT HARTZEN EZ DUEN INDARKERIA.

Adineko emakumeok jarraitzen dugu izaten geure burua defendatzeko zailtasun gehien ditugun kolektiboa; izan ere, sinetsiak izateko mesfidantzak, salatzeko beldurrak, egoera ekonomikoak, ahultasunak eta lotsak, mendetasuna eta isiltasuna areagotzen dituzte, eta ez dira salatzen eremu pribatuan egindako erasoak eta indarkeria.
Baina, horrez gain, egiturazko indarkeria jasaten jarraitzen dugu, hau da, indarkeria ekonomikoa, pentsioen arrakala % 44koa da gizonen pentsioekin alderatuta, eta 2011ko eta 2013ko pentsio-erreformak indargabetzea eskatzen jarraitzen dugu. 1.080ko gutxieneko pentsioa eskatzen dugu pentsiodun guztientzat. Pentsioa eskubide subjektibotzat hartzea, ezkonduta egon edo ez egotearen menpekoa izan gabe. Etxeko langileek gainerako langileen eskubide berberak izatea, Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorraren parte izanik, bai eta zaintza-lanak aitortzea eta lan-eskubide duinak aplikatzea ere.

Horregatik, indarkeria matxistaren eta desberdintasun horien aurka borrokatzen diren pertsona guztien ahotsarekin bat egin nahi dugu. Adineko emakumeek jasaten duten indarkeria matxista salatzen dugu. Bizirauteko dituzten MISERIAZKO PENTSIOen ondorioz, emakume pentsiodun askok pairatzen duten prekarietate- eta abandonu-egoera salatzen dugu. Horrek eta zerbitzu, baliabide eta prestazio publikoen eskasiak benetako POBREZIA egoeran jartzen dituzte. Horregatik, honako hau salatu nahi dugu eta salatu behar dugu:
MISERIAZKO PENTSIOEK POBREZIA, BAKARDADEA ETA TRISTURA ERAGITEN DIETE EMAKUMEEI!
INDARKERIA MATXISTARIK EZ!
AZAROAREN 25ean, GUZTIOK MOBILIZAZIOETARA!
