Dabilen harriari “goroldiorik” ez

Joxe Iriarte “Bikila”ren idatzia (Duintasunako kidea)
“Zahartzea mendi handi bat eskalatzea bezalakoa da; igotzen den bitartean indarrak gutxitu egiten dira, baina begirada askeagoa da, ikuspegia zabalagoa eta lasaiagoa. “

“Ingmar Bergman”
“Zahartzaroa gure existentziaren parodia barregarria izan ez dadin, irtenbide bakarra dago: gure bizitzari zentzua emango dioten helburuak bilatzen jarraitzea: gizabanakoei, komunitateei, kausei, lan sozial edo politikoari, intelektualari, sortzaileari. Moralistek aholkatzen dutenaren kontra, adin aurreratuan geure baitara ez itzultzeko bezain grina indartsuak eduki nahi ditugu. Bizitzak kemena gordetzen du, baldin eta besteenari ematen badio, maitasunaren, adiskidetasunaren, suminaren, errukiaren bidez. Hortaz, jarduteko edo hitz egiteko arrazoiak daude oraindik. Askotan, zahartzaroa prestatzeko aholkatzen zaie pertsonei. Baina kontua dirua gordetzea bada, erretiroa non biziko den aukeratzea, zaletasunak izatea, ez dugu asko aurreratuko unea iristen denean. Hobe da hartaz gehiegi ez pentsatzea, baizik eta giza bizitza behar bezain konprometitua bizitzea, hari atxikitzen jarraitzeko bezain justifikatua, ilusio guztiak galdu eta bizi-garra hoztu denean ere.“

“Simone de Beauvoir”
80 urte bete ondoren borrokatzea zaila da. Baina arimatik bultzatzen nauenak erabaki honetara narama.

“Toni Negri”
Borrokatu itxaropenarekin, borrokatu itxaropenik gabe, baina borrokatu edozein kasutan

“Mike Davis”
Dabilen harriari “goroldiorik” ez
Hauxe irakurri diot zendu berri den Toni Negriri: Nire jakin-min intelektual eta politiko agortezina da, ahal bada urteak igaro ahala areagotua. Egia esan, normala da kontrakoa gertatzea, batez ere esperientzia garrantzitsuak eta ekoizpen intelektual oso errespetagarria dituenak denboran pilatu duen guztiaren kudeaketan oinarritzea.
Ez dakit nire ekoizpen intelektuala errespetagarria den, baina ikasteko eta ezagutzeko nire jakin mina oraindik behintzat ez dago agortuta.
Kimika kontuetan guztiz ezjakina naiz. Alabaina, oraindik ezezagunarekiko kuriositatea galdu ez dudanez Berria-ko Argi Aldia zutabean argitaratzen dituzten gaiak arretaz eta plazer handiz irakurtzen ditut. Marian Iriartek idatzitako EGOERA FISIKOAK izenburuko artikuluak zer pentsatu eman dit: Denbora luzeak igarotzen utziz gero beira “solidoa” isuri egiten da likidoek egiten duten antzera, eta horrexegatik, leihoetako beheko aldean dagoen beira zatia lodiagoa da goiko aldean dagoena baino”.
Gure larruari gauza bera gertatzen zaio. Denboraren poderioz edo bizitzaren ajeaz, azal lisoa eta lerdena zenak beherantz egiten du, zimurtuz eta lodituz. Horrek itxuraldatzen gaitu. Eta batzuei kezka ere sortu, gainbeheraren seinalea baita. Alabaina, nik uste, benetako garrantzia, gure gihar eta zainen malgutasunean datza, eta batez ere bihotz motorraren egoeran. Eta jakina, buruarenean…
BELAUNALDI BERRIEI ALDARRIA
Guk Frantzia librearen alde borrokatu ziren indarretako eta erresistentzia-mugimenduetako beteranook, belaunaldi gazteei egiten diegu deia. Erresistentziaren herentzia eta helburuak biziberritu eta heda ditzaten. Hartu lekukoa. Haserretu zaitezte. Erresistentziaren funtsezko arrazoia haserrea da. Hitz harrigarri hauek ez dira komunista-ezkertiar-iraultzaile baten lumatik ateratakoak. Munduan dagoen injustizia eta bidegabekeriaren aurrean guztiz haserre dagoen Stéphane Hessel, 92ko gaullista ohiarenak baizik.
Bat egiten dut berarekin. Eta badirudi zenbait gaztek ere baietz. Erretiro garaietara iristen direnei bizitza duin bat ematea izan da Ongizatearen Estatuaren aldarri nagusietako bat, egun kolokan dagoena. Arrazoi bat gehiago borrokan jarduteko.

2011ko maitzaren15en gazte suminduek planto egin zuten Iberiar penintsulako (Portugal barne) hiriburuetako plazetan. Baita Grezian, eta batez ere herrialde arabiarretan suminduen loraldia ezagutu genuen. Espainiar estatuan maiatza zen, udaberria, gerezien garaia, gizadiaren suspertze edo pizkunde garaia. Stephan Hessel bezalako adindu asko ausartu ziren gazte haiek kontseilatzera: Borrokatu, guk ere gauza bera egin genuen galtzear ditugun eskubideak lortzeko. Ernegatu zaitezte! Bestela jai duzue! Sinpatikoa 90 urtetik gorako aitonaren kontseilua; izan ere, “kontseiluak eman ez besterik, zer gehiago egin dezakete aiton-amonek?” diote maltzurrek.
ETA ADINDUEI
Bada, gu ere sumindu eta ernegatu gaitezke. Ez dugu onartzen hutsaren hurrengo bihurtzea. Gure pazientzia agortu daiteke, eta gure indar urriak baturik plazak ez ezik, kaleak ere dantzan jarri, botoa aldatzearekin mehatxu egin, eta dena hankaz gora jarri. Kontseiluak eman ez ezik, jardun, urteetan ikasitakoak berriro praktikan jarri. Hori egiten ari gara ia astelehenero, batez ere Bilbon.
Badaude neguko deitzen zaien kirol jarduerak. Gurea ere negukoa da, udaberri eta udarakoa, baita udazkenekoa ere, aspaldi atzean utzi genuelako. Eta jadanik batzuk negu gorrian eta besteak oraindik epelean, baina denok hotzez akabatzeko arriskuan, gurean ere ia gehiengoa diren emakume guztiekin batera planto egitea erabaki dugu.
Bai, gu ere, IMSERSOk antolatzen dituen Benidorm-eko azken dantzaldi trakets eta ezinduetan gure indar urriak xahutzeaz gain, borrokatu gaitezke.
Iraultza ala hil! Edo Aberria ala hil! Oihu egiten genuen gazteak ginen garaian, orain Duintasuna eta bizitza! Behialako haiek baino askoz gizatiarragoa den aldarria! Heriotzatik gertuago egonik, duintasunez bizitzea izan baitaiteke azken aukera.
Guimarães Rosak, Riobaldoren ahotik, “Grande Sertão, Veredas” lanean, esaten du, bizitzan zehar, pertsonak bizitzeko eta hiltzeko beldurra galtzen duela, beldurrik handiena, orduan, “Jaiotzea” da. Hau da, jaiotzeak egoera berriak bizitzea esan nahi du, bizitzaren bidegurutzearen aurreko hautuak, larrialdi itxaropentsu berriak irudikatzen dituzten gertaerak.
Izan ere, aldapa motzena igotzeak bihotza azkartzen digun sasoian,adin bertsukoek telebistari so butakari lotuta dauden garaian, batzuk geure buruari erronkak jartzen jarraitu nahi dugu.
Bata izango litzateke, Tindufeko basamortuan ekaitzari aurre eginez maratoi osoa burutzea.Eta burutu dut.
Bestea, Alpetako zenbait gailur izoztu zanpatzea, Mont Blanc erraldoia barne. Edo Akoncagua. Eta egin ditut
Beharbada liburu berri bati ekitea eta burutzea. Eta hori ere egin dut. Edo urteetan landu duzun egitasmoak porrot egin (Zutik alderdiaren akabera), eta hala ere berriarekin hastea (Gorripidea) beste talde batera jauzi egiteko. Alternatibara eta EHBildura, hain zuzen. Eta buru belarri murgildu naiz erakunde berrietara.
Dena den, yada, esan bezala, ez gaude puntaren puntan aritzeko gai. Gureak, bigarren edo atzeko lerroetan kokatzen gaitu. Horrek, halaz ere, baditu bere abantailak. Gustuko borroketan murgiltzeko eta manifestazioetan nahi duzun tokian jartzeko aukera ematen dizu. Eta zer irakurri hobe hautatzera bultzatzen zaitu. Beti jakin izan dugu ezin dugula idatzi den ororen zati ñimiño bat ere irakurri.
Gogoratzen al haiz ?.
Lagun batek galdetu dit: “Gogoratzen al haiz hasi eta bukatu arte segidan hitz egiten genian garaiaz?”. A ze atarramentua, hizketan hasi eta izen batekin trabatzeak sortzen duen urduritasuna. Arazo guztia hori balitz, gaitz erdi! Aspaldiko kontuak (hori ere, adinaren seinale), haurtzaroko bihurrikeriak, nerabezaroko txolinkeriak edo gaztaroko ustezko balentriak, horiek guztiak detaile guztiekin gogoratzea; eta duela lau egun bizi izandakoak, ordea, lauso edo ezin gogoratzeak sortzen digun estutasunak ez dira bi pezetakoak. Horregatik izango da, halaber, “Memoriak atzetik aurrera” idatziz gogoratzen direla.
Aitortu behar dut. Ez dut gogoko, (oraingoz ez, behintzat), egunak joan egunak etorri egonean -erredundantea bada ere- egotea. Esfortzu fisikoa eta intelektuala maite ditut. Irakurri, gimnasia egin; hausnartu, mendian ibili; eztabaidatu eta ekin; idatzi eta korrika egin… Eta behar denean, oraindik ere, poliziaren aurrean. A zer nolako estualdiak hartu izan ditudan korrika zoroan atzean polizien motorrak eta furgonak orpoak ukitzen zizkidatela…horrela jarraitu nahi dut ahal dudan bitartean, eta ezin dudanean moldatuko dut nire burua egoera berrira, jada jubilltu naizen ladetik moldatzen ari naizen bezala.
ERRETIRO KONTUAK
– Erretirua hartu omen duk. -Lagun zaharrak-
– Bai hala duk. -nik-.
– Ez duk izango lanetik! Politikan abiatu hintzanetik ez baituk kolpe zorririk jo eta! -Haren erantzuna-
– Hire andreak lan egitek al dik? -Oraingoan, nik galdetzen dut –
– Ez nik bezala. Etxekoandrea duk!
– Zertan zagok desberdintasuna? Hik lanagatik soldata bat irabazten dukela, eta andreak ez?
– Ez duk gutxi!
Txantxaz txantxa, lana soldatarekin lotzearen uste ustel horren atzean badago gaizki-ulertze arriskutsu bat, zeinak izugarrizko eragina duen gure bizimoduan, batez ere andre edo emakumearen estatusaren inguruan; eta oro har, soldata truk lan egiten ez dutenen artean. Alegia, soldatapeko ez den lana, ez baita lan bezala kontsideratzen. Edo diruz ordaindutako mendekotasunetik kanpo ibili garenok.
Galdera litzateke: zer da lana? Zer da lan egitea? Ez naiz gogoratzen zeini irakurri nion honako iritzi hau:
Eskuartean dugun erronka “lana” eta “enplegua” bereiztea da. Gure gizartean ez dago lan eskasia, pentsatuz horrekin denok nahi dugula lana egin, sortzaileak izan, iraun, geure komunitateak garatu… Arazoa bestelakoa da, “enpleguarena”, enpresa pribatu edo instituzioen funtzionario postutan aritzea.
Esaterako, etxeko lanetan jardutea, gaixoak edo haurrak zaintzea, mila eratako lan boluntarioetan aritzea. Edo idaztea, hitzaldiak prestatzea eta ematea. Gizarte berri eta zuzenago baten alde borrokatzea. Hori guztia ez al da lana? Afizioz eta ez ofizioz (edo baita ere ofizioz) egindako esfortzua zergatik ez da lana?
Zergatik lotzen da lana ogibidearekin soil-soilik, eta ez eginahal edo jarduerarekin, eta batez ere bere funtzio sozialarekin (kapitalismoak ez luke funtzionatuko etxeko andreen paper erreproduktiborik gabe). Zergatik kirolari profesional baten jarduera (diru truk egiten duena) lantzat hartzen da, eta gauza berbera disfrutatzeagatik edo ondokoak libertitzeagatik baina ezer kobratu gabe egiten bada, berriz ez? Malibu hondartzetako surflariek alferrontzi ospea dute, baina haietatik goi-mailako profesionalak izatera heltzen direnek, berriz, ez. Soldatarik gabe ala soldatapeko, hor dago koska! Esango luke idazle profesionalak.
Neure burua intelektualtzat hartzeari irrigarri deritzot, eta hala ere, eman izan ditut konferentziak intelektualez inguraturik; eta haiekiko gaitasunei inbidiarik ez, diferentzia bakarra, nik musu-truk hitz egiten nuela eta haiek ez. Ni militante iritzi emaile, eta haiek aditu edo profesionalak…
Errobotikak mundua gobernatzen ez duen bitartean, lan egitea beharrezkoa da. Are, errobotikak ez du amatuko gizakien lan beharrekin! Lan egin gabe, ezingo genuke bizi, bizkarroi gisa, beste baten kontura ez bada. Lana gizakiari itsatsita dago itzala argiari bezala. Eta norberak dagokiona ez badu egiten, beste norbaitek egiten diolako da. Segur aski zerbaiten truk. Beste kupeleko sagardoa da, zer nolako lana eta zertarako.
Idazle profesionalak, katedratikoak, poliziak eta militarrak, lantegietako eta azpiegituretakoak, eta oro har soldatapekoak, langileak omen. Etxeko andreak, handik eta hemendik nola edo hala bizi direnak, eta ni bezalako iraultza sozialaren kausari dedikaturiko “denbora osoko” aktibistak ?
Eta patroien edo estatuaren soldataren morrontzatik libraturiko lan sozialaren eremua sortuko bagenu? Horretarako aski litzateke herritar guztientzako oinarrizko soldata ezartzea, zeinen bitartez gure oinarrizko bizi baldintzak ziurtatuak leudekeen eta gogozko aktibitatera jo genezakeen. Hortik aparte, eta gehiago nahi luketenek, gain-sariarekin loturiko zereginak hartu beharko lituzkete.
Horrela uztartuko genuke egin nahi den aktibitatea egiteko denbora eta gizartearekiko erantzukizuna betetzea. Edo beste modura esanda: pertsona bezala libre bizi, kapitalaren eta jabego pribatuaren morrontzatik ihes eginez.
Bestaldetik, lana beharrezkoa dela onartzeak ez du esan nahi lan guztiak eta beren bitartez sortzen diren produktu guztiak beharrezkoak direnik. Bestelako gizarte batean ez genituzke onartu behar giza duintasuna urra lezaketenak, lan arriskutsuegiak, kutsatzaileak edo kriminalak. Hots, armadetan, armagintzan eta antzeko zereginetan lan egitea.
Gazte garaian, plusbalia (Marxen terminologia erabiliz) sortzeko asto-lana egiteaz gain, lan asko egindakoa naiz; baina, garai horietan ere, lan gehiago egiten nuen patroiek langileria, edo langile mundua, osatzen genuenon odola zurrupa ez ziezaguten.
Lehen eta orain.
Iraultzarako bizi naiz zentzu zabalean. Nire indarren eta osasunaren arabera ez dut erretiratzeko asmorik.
BELAUNALDI KONTUAK
Badakit belaunaldi bakoitzak bere eskarmentutik ikasten duela. Baina aurrekoen akatsetik ikasten ez duena haien erruak errepikatzera kondenatuta dago. Bi adibide. Bat: Egun kapitalismoa krisi larrian murgilduta dago, ez betirako, ordea. Eta aurre egiten ez badiogu, esan bezala, aurretik eramango gaitu. Horrela izan da aurreko krisialdietan eta horrela izango da oraingoan ere. Bi: Gerra zibil odoltsu baten ondoren ezarritako diktadura luze eta anker hark sortu zizkigun kalteak estaltzeko, “borrón y cuenta nueva” inposatuz oroimena zikiratu zuten berberek (edo oinordekoek), gaur egun, ETAren biktimak (direnak direla) martiri gisan aldaretan jarri nahi dituzte. Baina, argi eta garbi diot: Meliton, sagar ustel hura ETAk hil izanak ez du demokraziaren martiri bihurtzen. Ezta beste asko ere.
Simone de Beauvoir-en Emakume hautsia berrirakurri dut. Bere garaian gustura irakurri nuela gogoratzen dut. Alabaina, ez dut oroitzapen garbirik zer nolako burutazioak sortu zizkidan. Oraingoan, zahartzaroak berez dakarren gainbeherarekin, eta batez ere heriotzari aurrez aurre begiratzearekin egin dut topo.
Izan ere, ez da berdina gazte zarelarik heriotza zure jarduerari atxikitako kontingente edo zoritxarrari lotutako auzi bezala begi-bistatzea, (esate baterako, pareta eskalatzen istripua izatearen balizko arriskua aintzat hartzea, baita borrokaren zurrunbiloan hila suertatzea ere), eta ezinbesteko edo saihestu ezinezko akabera antzematea: sexu grinaren apaltzeak dakarren bizimodu gazi-geza, indar fisikoaren beherakadak sortzen dizun besteekiko mendekotasuna, intelekturen lausotzeak dakarren munduarekiko isolamendua, bakardadeari izua izateak… horrek guztiak sortzen digun desanparoa.
…………
Bizilegea da heriotza; askotan, nahi baino lehenago heldu ohi da. Oraingoan bizitza luze eta oparo baten ondoren harrapatu du Alain Krivine laguna.
Bizitza eta herioa, biak ala biak dira hausnartzeko gaiak.
Heriotzaren gainean Leon Trotskik bere testamentuan idatzita utzi zuen hausnarketa dut gogoan eta gogoko. Hau da, materialista dialektiko baten ikuspegitik egindako arrazoinamendua. Izan ere, sinestunak Jainkoaren asmoetan ikusten du bizitzaren zentzua eta heriotzaren ezinbestekotasuna; ateoak, berriz, bizitzari zentzua hartu nahi dio pentsamendu arrazionaletik. Iraultza helburu dugunok, bizimodu iraultzaileak sustrai sendoa ematen bizitzari zukua atera ahal izateko, eta bizitzen segitzeko gehigarri bat.
Internazionalistak izateaz gain, nazioarteko militantzia eraman izan dugunok, joandako edo eroritako burkideak ditugu geografia eta egoera desberdinetan.
Horietako bat dut Alain Krivine.
Hildako horiek modu bortitz edo traumatikotik izan direnean, heriotzak tonu epikoa hartzen du, heroikoa agian. Maitasunez eta adeitasunez gogoratzen dugu burkidea, laguna, manifestazio, greba, matxinada edo iraultza baten oldarraldian eroritakoa. Baita ere, ziega ilun batean, torturaren eraginez edo errepresio hiltzailearen eraginez hildakoa. Hala ere, ez du min gutxiago ematen, burkidea adinez eramana, edo gaixotasunez beharbada, bere azken hatsa ematen duenean. Horrela joan zaigu Alain Krivine.
Asmoz iraultzaile baina iraultzarik gabeko garaiotan, bizitzea egokitu zaigunok gure izate iraultzaileari ahal bezala eusten saiatzen gara; ekinbide politiko eta intelektualki kritikoa mantenduz; beti ere, jendarte kontsumista eta burgestu batean; non, ez dela asko, lau haizetara aldarrikatzen baitzen “Historiaren amaiera”; eta, hortaz, utopiaren amaiera, jendartearen eraldaketa iraultzailearen edozein ahaleginaren hutsaltasuna. Aldarrikapen horren arabera, kapitalismoa eta demokrazia ordezkatzailea lirateke jendartearen eta izate humanoaren lorpen gorena. Horren kontra borrokatu zuen Alain Krivine, eta berarekin batera beste asko.
Asko hitz egin da gure belaunaldiaren porrotaz, baina zein belaunaldik bete ditu beren asmo kuttunenak, belaunaldi oso batek asmo bertsuak izatea litekeena balitz? XIX. mendean Xenpelarrek “lege eder bat jarri bizi gaitezen garbi” desiratzen zuen, desioa bete gabe hil zen. Parisko komuna zaleak hormaren aurka edo Kaledonia Berrian bukatu zuten esklabu gisa. Eta Errusiar iraultza, yada urte asko usteldua, Berlineko harresiaren birrintzearekin bukatu zen.
Aitortu behar, gure belaunaldiko askori, XX. mendeko 68kook amets egin genuela “iraultza eder eta total” hura zapuztu egin zitzaigula. Mundu iraultzaren ordez, neoliberalismoa -kapitalismo basatia- eta gurean diktadura frankistari ordezkatu zion erregimena, ez dela heltzen bi pezetako (edo euro xentimoko) demokrazia izatera. Hala ere, hain oker ibili ginen asmoz eta ekinez? Hizkera militarrean, bataila bat galdu genuen, baina iraultza sozialaren erronkak hor dirau. Iritzi horretakoa zen Alain Krivine, eta nik bat egiten dut berarekin.
Alain Krivinek esan berria zuen 68ko belaunaldia fisikoki zein politikoki hila dagoela, baina bere horretan irauten dutenek badutela oraindik borrokan jarraitzeko grinarik, baita belaunaldi berriekin txertatzeko zioa ere. Iritzi horrekin azkeneraino eutsi dio bere militantziari.
Duela urte batzuk zendua den Stephen Hawking-ek askotan adierazi zuen ez ziola beldurrik heriotzari; alabaina, bizitzea merezi zuela eta ez zuela presarik hiltzeko.
Irakurle arruntek segur aski Krivine eta Hawking-en artean ez dute antzemango loturarik edo antzekotasun handirik. Bata, gauchista petoa, 68ko Parisko maiatzean bere une loriatsuena bizitakoa, eta ondorengo borroka internazionalistaren eremu gutxituan askorentzat ispilu izandakoa; bestea, arrakasta handiko zientzialaria, denboraren joan-etorrian fisikoki ahultzen zihoan heinean, intelektualki handitzen joan zena, mundu osoa aho bete hortz utziz.
Biak ala biak Prometeoren oinordekoak, iraultzaile petoak fisikan zein politikan. Unibertsoa zein mundua beste modu batera ulertzera engaiatuak, eta egoera okerrenean ere bizitzea merezi duela sinesgarri egin dutenak.
Krivinek bere bizitza osoan denbora gutxi egin du kartzelan; halaz ere, bizitza osoa ziega ilunetan prisioner izan zen August Blanqui-ren oinordekotzat du bere burua. Hawking-i gorputza bihurtu zitzaion kartzela. Batak zein besteak adimen irudimentsuari esker gainditu zituzten ezintasunaren mugak gizaki askeak bihurtuz.
Biak ateoak, gainera. Bata, marxista materialista; bestea, “ez dago zerurik edo beste bizitzarik ordenagailu apurtuentzat” adierazi zuen zientzialaria.
Biak ere gizarte justuago baten aldekoak. Komunard iraultzailea, Parisko Komunaren eta Manifestu komunistaren jarraitzailea bata; bestea, “denek izan dezakete luxuz beteriko bizitza bat makinek sorturiko aberastasuna banatzen bada, edo gehienek miseria gorrian amai dezakete makinen jabeek lortzen badute aberastasunaren banaketa zapuztea”, halako manifestu iraultzailea egiteko gai izan zena.
Eta egunotan heriotzatik bizitzatik baino hurbilago gauden milaka eta milaka jubilatu kalera atera gara, bizi garen artean duintasunez bizi nahi dugula adieraziz. Gora gu eta gutarrak, jubilatu martxosuak!
Ni, jakina, osasuna lagun aurrera egiteko asmoz nabil, eta horren isla dira ondorengo orriak
MILITANTZIAREN ALDEKO ALDARRI XUMEA
“Ezkertiar edo/eta abertzale-edo bestela,
akrata punk antisistema-errebelde eta erradikal
izateko modu bat galtzeko zorian dagoela”
Juan Luis Zabala
Ezkerreko izaera, militantzia, desagertzen edo eraldatzen, desplazatzen edo birkokatzen ari al da? Ezbairik gabe,bai. Beti izan da horrela.
Duela zenbait urte Rossana Rossenda italiar emakume ezkertiarrari galdetu zioten: zertan datza, zure ustez, komunista edo ezkertiar edo iraultzaile edo dena delakoren izatearen benetako arrazoia edo mamia? Berak erantzun: datorrenetik datorrela injustiziaren eta zapalkuntzaren aurrean ozen eta garbi esatea: hau ez da onargarria! Eta kontsekuenteki obratzea edo jardutea!
Eta gure gizartean zapalkuntza, miseria eta desberdintasun handia dago, ikusi nahi duenarentzat, bederen. Are, antropozemoak sorturiko aldaketa klimatikoak eta naturaren kutsatzeak eta gizakioi espezie bezala oso ataka gaitzean jartzen gaitu.
Alabaina,gure inguru nazional, estatal eta europarrean gehiengo soziala asebetea egongo balitz ere, ezkerreko jendea ezin gara goxo egon gure gizartearekin, muturka baizik, jakinik munduko bi herena prekarietatean, are miseria gorrian, bizi dela eta gure ongi-egotea horrekin lotuta dagoela.
Duela urte batzuk idatzi nuen: munduan zehar, egunero, goseak eta parasitoak handitutako sabelen jabe diren milioika haurren begi ederrak hutsaren ortzian galduta daudela jakiteak adierazten dit mundu honetan bidegabekeria eta injustizia gehiegi dagoela, eta ez dela patu txarren ondorioa, mundu osoan nagusi den sistema baten eragina eta ondorioa bazik.
Hori garbi ikusi dugu duela gutxi Erroman egin den biltzarrean. Mandatariek ez dute bukatu nahi izan gosearekin, negozioa egin baizik. Gure mandatariak, Eusko Jaurlaritzatik hasi eta Europako Nagusiekin jarraituz, justizia sozialaz zein garapen jasangarriaz hitz egiten dutenean, gezurretan ari dira. Asmo horiek, oso modu xumean izan ezik, oro har sistema kapitalistan bateraezinak baitira!
Zer esan, gure begien aurrean Palestinako Gazan ikusten ari garenaz? Halako basakeria, doilorkeria, bilaukeria! Ez dut hitzik nire amorrua adierazteko!
Horra zenbait arrazoi borrokan jarraitzeko.
Eginahal horretan ez gaude bakarrik, ez hemen ez munduan. XXI. Mendearen hasieran BESTE MUNDU BAT POSIBLE DA!aldarria, gure kontzientziak astindu zituen“ez dago zer eginik” marmar desmobilizatzailea gezurtatuz. 20 urte geroago Fridays For Future (Ostiralak etorkizunaren alde) gazte mugimenduak naturarekiko gure ezaxolatasuna salatzen du.
Bitxia, Bilboko alkate txit agurgarriaren ezinegona bere hiri maitagarrian egunero bi manifestazio gauzatzen direlako herritarren bizimodua (trafikoarena hobe esanda) oztopatzen dutelako. Seinale borroka bere aniztasunean bizirik jarraitzen duela!
Mundu berri hori gauzatu ahal izateko gizaki eta herrien arteko berdintasuna dugu helburu eta helmuga. Horregatik, sozialismoa edo jartzen diogun izena jartzen diogula, egungo gizartea baino harantzago begiratzen dugu, etorkizun post-kapitalista batera, zeinean propietate sozialak pisu garrantzitsua izango duen eta ekonomia pertsonen zerbitzuan eta naturarekiko orekarekin jarriko den.
Gure asmoak UTOPIKOAK al dira? Utopia ortzi-muga dugu, norabidea markatzen digun horizontea, eta badakigu hurbiltzen garen heinean urrutiratu egiten zaigula. Fukuyama eta enparauek esango dute nahi dutena, historia ez da inoiz amaitzen.
Utopia helburu, oraina abiapuntu. Gaur egun, horrek suposatzen du Eko-sozialismoaren xederekin bat datozen ongizatearen estatuaren lorpenak defendatzea. Alabaina, ahaztu gabe, pertsona guztientzat eskubide guztiak bermatzea eta naturarekiko oreka ekologikoa ziurtatzea ezinezkoa dela neoliberalismoaren markoan, ezta kapitalismo abegikorrago (Ongizate Estatua delako) batean ere.
