EHPMk deitutako “1080 € ibilaldiaren” kronika argitaratzen dugu

2023KO MAITZAREN 23 EGUNAREN KRONIKA

Gaur Arabako zutabea atera da Aguraindik, eta oso goizeko, 9:30etarako, Aguraingo udaletxe aurrean ba ziren 14 Aguraindar ibiltari, talde zabal batekin batera. Gasteiztik beste 19 ibiltari heldu gara. Horrela osatu da Arabako zutabea.

Alkatea eta bere talde politikoa konbidatuta zegoen ibiltariei agurra ematera: ez dira azaldu. EHBILDU-ko zinegotziak bai, hauek azaldu dira eta eskerrik asko eman dizkiogu.

Horrela hasi dugu lehen etapa. Udaletxetik 33rok irten gara beste 40ren bat pentsiodun eta aguraindar babesarekin. Herriko kale nagusitik pasatu, gero plazako azokatik, eta zuzenean hartu dugu Dulantzirako bidea.

Hara joateko, Gazeo, Langarika, Gereñu eta Adanatik pasatu behar dugu. Arabar herri txikiak dira baina nortasun haundikoak. Aletegia ederra da Lautada. Geure aurrean bere jantzi dotoreenarekin ikusi dugu: soloak ederrak gariarekin, garagarrarekin eta oloarekin. Gure aurrean Lautadako nekazarien lana, Ama-Lurra dotore jantzita azaldu zaizkigu. Mitxoletak han- hemenka gari artean paparrekoak bailiran, ¡irriparrez edo!: dudarik gabe nekazariari eta ibiltariari zuzenduta.

Eguna goibel irten arren oso gustura ibili gara 32 lagunak osatu dugun kuadrilla.

Gazeo herritik Langarikara joan gara eta han argazki bat eginez Gereñura eta beste argazki bat, azkenik Adanan ere beste argazki bat. Herri hauek nekazari-herriak dira eta bestakoak eta pasa diren kotxe eta traktore askok agurtu eta bere babesa adierazten digute.

Horrela herritik herri ibili gara Dulantziraino. Ordubietan herriko kale nagusietatik pasatuta udaletxera ailegatu gara.

Bertan Udal zinegotziak genituen zai, Alkatea ere bai. EHBILDU, Independenteak eta PNVko zinegotziak egon dira, gainontzekoak ez dute azaldu nahi izan. Udal leihoan gure peto eta Arabako lepoko zapi pentsionista jarrita zegoen. Udal karguekin baterra Dulantziarrak ere baziren, batez ere Nagusien Gizarte Etxeko jubilatu talde ederra. Guztira ehun inguru. Oso pozgarria izan da. Alkatek, Joseba Koldo Garitagoitiak udal osoaren izenean ongietorria eman digu, eta EHPM- MPEHren ekimena goraipatu du. Esan du beharrezkoa dela gizartearentzako pentsiodunok aldarrikatzen ditugun eskubideak eta miresteko dela ematen ari garen eredua. Eskerrak eman dizkiogu alkaterari eta egon diren zinegotziei, baita herritar eta jubilatu guztiei. Taldeko argazkia egitera konbidatu dugu jende guztia eta ederki atera da.

BIZKAIKO ZUTABEA

Gimnasioko koltxoneta lodien gainean eroso lo egin eta afaria egin genuen lokalean bertan gosaldu ondoren, Udaletxeko plazan agertu gara 8etan puntuan, gure harridurarako, bi txitulari eta aurreskua dantzatzen ari zen bikote bat (emakumea eta gizona), gu Ibiltariak agurtzeko. Hunkigarria.

Zornotza eta Durango arteko errepidea, normalean trafiko dentsitate handiko eremua dena, atzoko ibilbidea baino kezkagarriagoa egin zaigu, baina trafikoa arintzeko hiru geldialdi tekniko egin ditugunez, ezbeharrik gabe konpondu dugu arazoa.

Iurretara iristean 70 bat lagun genituen zain, eta gutxi Durangoko beste hainbeste pentsiodun.

Momentu horretan 200 bat laguneko tropela osatu dugu Durangoko udaletxeraino. Manifestazio alaia izan da, eta ohiko kontsigna hauek oihukatu ditugu etengabe: 1.080 gutxieneko pentsioa, 1.080 osatu ahal da, % 100eko alarguntasun-pentsioa kobratu behar da. Udaletxeko plazan, pentsiodunez gainezka, Ima Garrastatxu Urbaneja alkateak hitz zirraragarriak izan ditu pentsiodunen aldarrikapenen alde. Jarraian, pentsiodun hirukote batek Kristina Mardaras bertsolariak idatzitako habanera bat abestu du, Urkiolako aldapetarantz jarraitzeko.

Izurtza izan da hurrengo geltokia, non Eva Maria Muñoz Irasuegui alkateak mundu pentsiodunaren aldarrikapen guztiak babestu ditu, batez ere genero arrakalaren aurkako aldarrikapen guztiak.

Mañarian Ainara Otxotorena Iriartek egin digu harrera. Gainera, urteak bete ditu, eta pentsiodunen aldarrikapenen aldeko hitzak ere eskaini dizkigu, guztiok merezi dugulako bizimodu duina, eta Gasteizera iristeko animozko hitz batzuk eskaini dizkigu. Azkenean, Martxa osoa koruan, dagokion “Zorionak” abestu diogu.

Indarberritzeko eta 6 kilometroko mendate bat igotzeko, hamaiketako txiki bat egin dugu. Urkiolan atseden txikia egitea tokatzen zen. Oso freskagarria izan da Otxandiorako jaitsiera, baso hostotsu batek inguratzen duen errepide batetik.

Otxandion, dultzainek girotuta, soinu ezberdina entzuten zen, txistuarena, trikitixarena, ederra izan da. Herriko plazan, udaletxearen aurrean, Egoitz Garmendia Vega alkateak mugimendu pentsiodunari laudoriozko hitzak eskaini dizkio mugimendu eredugarri gisa, eta indar handia transmititzen dugu, datozen belaunaldiek gure eredua jarraituko dutela.

GIPUZKOAKO ZUTABEA

Gaua Eskoriatzako polikiroldegiko gimnasioan pasa dugu, jubilatu etxean oso ongi afaldu ondore. Gosaldu ere bertan, primeran: kafea, esnea, ogi xigortuak, olioa, fruta, e.a. nahi beste. Dena atzoko talde berak prestatua. GATZ BIDEtik gatzaren museora iritsi gara hamabiak eta laurdenetan.

Han bertako arduraduna den Aitor Larrañagak (oso prestatua eta aditua), ordu ta erdiz museua ikusi eta argitasun guztiak eman dizkigu, oso modu alai eta atseginean. Nekazaritzako ingeniaria da bera.

Herri proiektu bikaina gauzatzen ari dira, eta bertan sortzen den materialarekin, pausoz pauso osatzen ari direna, gatza sortzearen prozesu osoa (ura, gatza, zuhaitzak, eta abar). Jada hiru lanpostu sortu dituzte. Prozesuan energia berriztagarriak erabiltzen dituzte. Herriarentzat ikusgarria den museoa horren adierazgarri. Museotik, Gatzagako herrian altxaferoekin egin digute ongi etorria eguerdiko ordu biak inguruan.

Ondoren bertako frontoian bazkaria 33 ibiltarientzat. Juanito, Ina, Eusebio, eta Perikok prestatutako paella ederra, entsalada, fruta, kafeak, eta baita txupitoak ere, errege-erreginen pare.

Laurak inguruan irten gara Landa aldera, Dorleta Santutegitik pasatuz, Arlabango errepidetik Landara iritxi gara trenbide zaharretik, seirak inguruan.

Aurretik eleizaren arduradun, Marian Oleagak bizkotxo eder batekin ongietorria eman digu. Ondoren lotarako koltxoi eta zakuak prestatu eta ETXE ZURI jatetxerako bidea hartu du afaltzeko.

Oinezkoak bidea egiten duten bitartean haurreko kotxedak eta kamionetak karreterara eta herriz herri propaganda jarraitua bi egunez, egiten ari dira.

ONDORIOAK

Bigarren etapa ere oso emaitza onak eman ditu. Herri askotako zinegotzi eta alkateak atera dira. Herriko jendea hurbildu da. Zutabeak osorik diraute. Ez dira sortu inolako arazorik. Gure 1080 euroko aldarrikapena zabaltzen doa lau haizetara. Benetan ez da makala.

PENTSIODUNAK AURRERA. Bihar gehiago eta hobeto.

Una respuesta a «EHPMk deitutako “1080 € ibilaldiaren” kronika argitaratzen dugu»

  1. EHPM apartekoa da, ez dago beste parekorik. Aupa gure mugimendua! Aupa Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua! Aurrera! Atzo Zornotzatik Durangora garraiolariek, taxilariek, anbulantziek, Aspaceko zerbitzuek, autobusek… agurtu gintuzten. Eta langileek euren enpresetako leihoetatik. Animo! Eta bihar Gasteizen elkartuko gara.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *