EHPMk deitutako «1080 € ibilaldiaren» kronika argitaratzen dugu

2023KO MAITZAREN 22 EGUNAREN KRONIKA

Bilboko Udaletxeko eskilaretan Bizkaiko pentsiodunak ondo antolatuta azaldu dira. Parte hartze haundia izan du 1080 IBILALDIAK, gaurko zutabe bietan. Eskilaretan ibiltariak jarri dira eta denen txalo artean prentsari eta bertako pentsiodunei hitz batzuk zuzenduz atera dira: eskubideei bidea zabaltzen…

Bilboko lehen kaleak zeharkatu ditugu 500 pentsiodun ingururekin. Lehen agur afektiboa Atxuriko eskolako patioan zeuden haurrengandik etorri da. Ondoren, Abusu Ikastolako ikasleek Martxako kideak agurtu nahi izan dituzte, gure lehen etapan animatzeko.

Ordu berean, goizeko 12etan, Bergaran ere astelehenero bezala 12:00 elkarretaratzea izan da eta gaurkoak parte hartze zabalagoa izan du. Ohar batzuk eman eta , habian jarri dira Gipuzkoako ibiltariak. Ondo ornituta azaldu dira, kirok-zapatilak, bisera, makilak, motxila, lo egiteko sakua, esterilak eta abar. Badoaz nagusien eskubideei bidea zabaltzera.

Bizkaiko zutabea Basaurira iritxi da: ez da Udalbatzaren harrerarik izan, baina bai pentsiodun talde handi batek, eta une horretan Eugenio Basauriko pentsiodun zendu-berria gogoratu dugu.

Galdakaora iritsitakoan, pentsiodun ugarik hartu gaituzte herrian zehar kalejira eginez, herriko pentsiodunek gure elkartasun amorratuagatik agurtu gaituzten baraualdira iritsi arte.

Jarraian, jatetxera joan gara, eta bertan, menu goxo batekin, indarberritu ahal izan dugu Zornotzarantz ateratzeko. Iñigo Hernando Arriandia, Galdakaoko alkatea, bazkaldu dugun lokalera etorri eta agur t`erdi bat eman digu.

Zornotzarako etorrera apoteosikoa izan da: talde batek kilometro pare bat aurreratu ditu, eta kilometro bat falta zenean 8 trikitixarekin eta 10 panderorekin hartu gaituzte, denekin herriko plazara joateko.

Xabier Irakuis bertsolariak bertso batekin gozatu gaitu, eta Soinu Txiki taldeak beste bi piezarekin. Txoriak Txori abestuz amaitu dugu ekitaldia. Dutxa eta afari goxoa.

Gipuzkoako zutabea. Hantxe aritu dira Itziar Usandizaga eta Joxean Igartiburu dinamizatzen bien artean, eta Jesusmari Olabarria irrintzilaria, Jesus Elorza txalapartaria (eta Bergarako alkate ohia), eta bertsolariak ere izan dira: Inigo Urrutia (EHU-UPVko irakaslea) eta Maite Ariztegi (Diputatu Ohia).

Ondoren Bergarako alkateak, Gorka Artolak, hitzegin du animoak emanez eta gure helburuekin erabat bategin du (Udalaren Balkoian 1080€ko aldarrikapena ipini dute).

San Josepe elkarteko jubilatuek agertu eta babesa eman diote IBILALDIARI. Sindikatuak ere babestu gaituzte (ELA, LAB eta ESK).

Bertako ekitaldiak Goiena TB eta D.V. Ko kazetariek jaso dute.

Bergaratik irteeran ehun ta hogei lagunetik gora ginen. Tipa tipa Elorregi auzora 13:30etan heldu gata, eta han oñatiarrak gehitu zaizkigu.

Hortik Arrasateko Zigarrola auzoko jubilatuen etxera, non San Miguel Jaunak, jubilatuen elkarteko buruak, hartu gaitu (14:30 ziren horrezkero), 60 ibiltari iritsi gara.

Bazkaldu eta arratsaldeko hiru t`erdietan abiatu gara Arrasateko Udalera. Maitane Muñozek ongizateko zinegotzia buruak hartu gaitu. Sasoibide elkartekoen eta Nagusilan Kontseilukoena babesa izan dugu.

Arrasateko udaletxekoak eskertu eta Aretxabaleta aldera. Han seiretan EHBilduko Garikoitz Iturbe eta Jon Albisua eta beste kide batzuen harrera izan dugu. Segidan Eskoriatzara, arratsaldeko 7rak inguruan, eta taldea 65 ibiltarira igo da.

Aitori Zubizarretak eta bere talde eskoriatzarrak, dena prestatu digute: lo egiteko lekua behar guztiekin, baita ere afaria ere jubilatuen etxean.

ONDORIOAK

Harro esan dezakegu ekimen berri hau irmotasunez eta gogo biziz hasi dela. Etorkizunari aurrez aurre, erabakitasunez eta itxaropen handiz begiratzen dion gizarte kolektiboren bat baldin badago, paradoxikoa izan arren, zeren iragan luzeena daukagunok gara, hori Euskal Herriko Pentsiodun Mugimendua da. Lehen etapa bikain atera da. GUTXIENEKO PENTSIOA 1080- ORAIN ETA HEMEN

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *