“Emakume zaintzaileak: gaixotzen diren lanak, alde batera uzten diren eskubideak”

Jarraian, Arantza Urkaregiren testua argitaratzen dugu, berak irakurria apirilaren 28an Bilbon egindako kontzentrazioan. Emakume zaintzaileen lan-osasunari buruz egiten duzun hausnarketa bereziki garrantzitsua eta beharrezkoa iruditzen zaigu.

EMAKUME ZAINTZAILEEN LAN OSASUNA

Gaur, apirilaren 28an, Lan Segurtasunaren eta Osasunaren aldeko Nazioarteko Eguna da. Lanaren Nazioarteko Erakundeak 2003tik ospatzen du egun hori, eta laneko istripuen eta gaixotasun profesionalen prebentzioa sustatzea du helburu. Eta egun horretaz baliatu nahi dut, emakume zaintzaileen lan-osasunaz hitz egiteko.

LAB, ESK, Steilas, EHNE etxalde, HIRU eta CGT Nafarroa sindikatuek argitaraturiko agirian, “sektore feminizatuek egoera bortitzena pairatzen dutela” salatu dute, eta horrelakoa gehitu dute: “Lan batzuek hil egiten dute; beste batzuek, aldiz, ez dute bizitzen uzten”. Oso baieztapen egokia emakume zaintzaileem egoera adierazteko.

Istripu hilgarri gutxi ezagutzen ditugu egoitzetan edo etxeetan, non menpeko pertsonak zainduak diren. Baina zaintzale diren emakume horiek lan-osasun ona al dute? 

Zaintza-lanak oso gogorrak dira, bai alderdi fisikoan, bai psikologikoan. Lantokiari lotutako arriskuak daude (suteak, erorikoak eta kolpeak, edo agente biologikoen eta substantzia kimikoen eraginpean egotea). Baina, batez ere, arrisku-faktore espezifikoak daude, bereziki psikosozialak eta ergonomikoak, mendekotasuna duten pertsonek zuzeneko arreta etengabea behar dutelako. 

Arrisku psikosozialak, hala nola estresa, edozein motatako indarkeria eta txandakako eta gaueko lanaren ondoriozko asaldurak. Edota egindako esfortzu fisikoaren ondoriozko bizkarrezurreko gaixotasunak, muskulu-arazoak, … 

Home Nurse Senior Man

Arrisku horien aurrean, OSALANek Jardunbide Egokien Gidak argitaratzen ditu, non prebentzio-neurri ezberdinak planteatzen dira, hala nola:

  • Lan-karga planifikatzea, adinekoei laguntzeko eta entzuteko zereginak barne.
  • Gaueko txandan lan-karga behar bezala doitzea.
  • Langileek zereginen plangintzan, lanaren banaketan eta abarretan parte hartzea. 

Aplikatzen al dira neurri horiek? Bat ere ez. Eta ez da ezer gertatzen, ez baitago gida horiek eta Laneko Segurtasunaren Legea betetzeko kontrolik. 

Egoera are larriagoa da zaintza lana etxean egiten denean, hala nola Etxez Etxeko Arreta Zerbitzuko langileak eta Etxeko Langileak. 

Etxe askotan ez dago ohean dagoen pertsona bat altzatzeko tresnarik, ez dago ohe artikulaturik, … eta guzti horrek esfortzu fisiko handia eskatzen die langileei, osasun-arazoak sortuz. Eta horiei gehitu behar diegu bakarrik lan egiteak, denbora-faltak, estresak eta abarrek sorturiko arazoak osasunari dagokionez.

Etxez Etxeko Arreta Zerbitzuaren kasuan, enpresek eskaintzen dute zerbitzua. Legez, lan-arriskuen prebentzio-delegatuak izan behar dituzte. Ez dakit dauden. Baina, edozein kasutan, aukera izango al dute etxeetara sartzeko ea neurri prebentiboak betetzen diren egiaztatzeko?

Berriz ere, etxeko langileek dute egoerarik okerrena. Lan-harremana kontratatzailearen eta kontratatuaren artekoa delako (kontratua dagoenean, hain zuzen  etxeko langile asko paperik ez duten eta kontraturik gabe lan egiten duten emakume migratuak baitira, askotan salatu dugun modian). 

Espainiako Gobernuak, 2024ko irailean, familia-etxeko zerbitzuaren eremuan segurtasuna eta osasuna nola babestu arautzen duen Errege Dekretua onartu zuen, non langile horiei laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan babes eraginkorra izateko eskubidea aitortzen zaien. 

Eta, noren ardura da eskubide hori bermatzea? Kontratatzailearena. Enplegatzaileak egin beharko du, adibidez, familia-etxean arreta-zerbitzuak ematen dituzten langileen segurtasunerako eta osasunerako arriskuen hasierako ebaluazioa. 

Enplegatzaileak borondatea izan arren, ebaluazio hori egiteko formakuntza behar duzu. Gutariko edonor egon daiteke egoera horretan. Uste duzue, gai izango garenik ebaluazio hori egiteko? Nik behintzat, ez.

Etxeko Langileen Elkarteak aurkeztutako alegazioetan dioen bezala, “Lan Ikuskaritzak lan-baldintzak kontrolatzeko zereginean jardun ez duen bitartean, edozein lege-xedapenen eraginkortasuna hutsaren hurrengoa izango da”. 

Azken finean, ez da bermatzen lan-osasunaren eskubidea, adierazpen hutsa besterik ez da.

Laneko osasunerako eskubidea aitortzeak Lan Ikuskaritza eta OSALAN inplikatzea eskatzen du zaintzako langileen lan- eta osasun-baldintzen kontrola gauzatzeko, bai arreta-zentroetan, bai etxeetan. Eta horretarako ez du balio inork betetzen ez dituen gidak argitaratzea, besterik gabe. 

OSALANek, emakume zaintzaileei bermatu behar die lan-osasunerako eskubidea.

Views: 116
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude