Energia ez da negozio bat: eskubide bat da

Puntu eta jarrai

Etxean ordaintzen den gerra

Estatu Batuek eta Israelek Iranen aurka piztutako gerra ez da urruneko gatazka bat. Ondorioak zuzenean iristen dira gure fakturetara, erosketa-saskira eta berokuntzara. Petrolio upelaren prezioa, gatazka hasi zenetik muturreko aldakortasunaren menpe, 200 dolarrera ere irits daiteke gerra luzatzen bada, sektoreko analistek ohartarazi dutenez. Europako Banku Zentralak ere ohartarazi du inflazioa %4,4ra irits daitekeela 2026an. Eta ongarriek, gas naturalaren menpekoek, elikagaien prezioa garestitzen dute mahaira iritsi aurretik ere.

Diru-sarrera finkoak: betikoak kolpatuta

Gehien sufritzen dutenak, berriro ere, diru-sarrera finkoak dituztenak dira: pentsiodunak. Kostuak inori pasatzeko aukerarik gabe, eta autokontsumoan edo efizientzia energetikoan inbertitzeko tarterik gabe, inflazio energetikoa eguneroko bizitzaren kolpe zuzena da. Erosteko ahalmena galtzea da. Bizitza baldintzak okertzea.

Onura pribatuak, kostu kolektiboak

Bien bitartean, enpresa energetiko handiek etekinak pilatzen jarraitzen dute. Repsol burtsan balio historikoetara iritsi da egunotan. Eta sektoreko patronalak —Repsol, Moeve eta BP buru dituela— krisia baliatzen du zergak jaisteko eskatzeko.

Negozioa pribatua da. Kostua, herritarrentzat.

Gobernuak energiaren BEZa jaistea bezalako neurriak iragarri ditu. Baina zergak jaisteak diru-bilketa gutxiago dakar: diru gutxiago osasun publikorako, gizarte-zerbitzuetarako, mendekotasunerako edo pentsioetarako. Krisiak gerrek eta merkatuek sortzen dituzte; ondorioak, berriz, guk ordaintzen ditugu.
Hori ez da babes soziala. Kostua lekuz aldatzea da.

Mendekotasun egiturazkoa

Hau ez da krisi koiuntural bat. Euskal Herriak hamarkadetan daraman egiturazko mendekotasunaren ondorioa da. Baliabide fosiletan pobrea den lurraldea gara, eta horrek kolpe bakoitzaren aurrean zaurgarri bihurtzen gaitu.
Irtenbidea badago: energia propioak, berriztagarriak, eta kontrol publiko zein komunitarioa. Ez betikoen negozio berde gisa, baizik eta burujabetzaren oinarri gisa.

Atzerapen instituzionalak

Martxoaren 12an, EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuen Gasteizko Legebiltzarrean, energia berriztagarrien hedapenari buruz. Eztabaida beharrezkoa da. Baina datuak hor daude: 2019ko legeak 2021erako plan bat agintzen zuen, eta oraindik ez da onartu.
Bost urteko atzerapena.
Lakuak atzeratu eta luzatu egiten du, eta lobby elektrikoen esku uzten du bidea. Bitartean, mendekotasun energetikoa garesti ordaintzen jarraitzen dugu.

Benetan behar dena

Behar dena ez da neurri partzialik. Benetako babes soziala behar da: pentsioen blindatzea, tarifa sozial eraginkorrak eta etxebizitza publiko eraginkorra.
Eta trantsizio energetikoa. Baina ez edozein modutan: justizia sozialarekin, herritarren parte-hartzearekin, eta merkatuen erritmoari men egin gabe.

Amaitzeko

Gerrak beste batzuek erabakitzen dituzte. Fakturak hemen ordaintzen ditugu.

Eta gu, nork zaintzen gaitu?

Guk geuk. Elkarrekin.

Views: 97
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude