ENPATIA ETA ZAINTZA UHOLDEA GURE ESKU DAGO

Joseba Barriola ( Maixu )

Zarata, kutsadura, larrialdi klimatikoa, ekosistemen degradazioa, pandemien ugaritzea, krisi energetikoa, berriztagarrien mugak, Trump eta antzekoen harrokeria eta buru- eskasia, George Floiden esperientzia samina, Finantza sistemaren hekatombea, pobrezia eta prekarietatea eta gosea…. Garbi esan beharra dago gogorra datorrela. Garbi esan, daramagun produkzio egarria eta kontsumo egarria zulo beltzean amaituko direla. Zurikeritan ibiltzeak larria dena larriagotu egiten du. Desastrerako bidea markatu dutenak (banku multinazionalak eta gainontzeko multinazional handiak eta horien zerbitzuan aritu diren gobernuak) elikatzea, eta mantentzea, desastre handiagoetara eramango gaitu.

Zer egin? Bene-benetan, dugun tresnarik eraginkorrena, eraikuntza bizigarria hedatzeko armarik nagusiena “enpatia eta zaintza uholdea da”. Eta hori ez dago instituzioen eskutan, hori herriko jende xehea, langile, hemengo eta hangoa…herritarren elkar hartzean dago, eta hori gure eskutan dago. Ez da erreza. Baina beste biderik ez dut ikusten. Bide bat, maitasunez landua, poztasuna ekarriko diguna, eta bizitza duina (ez pribilegiozko bizitza) izateko baliabide materialak bermatuko diguna. Adibideak:

1.- Pentsionista jendea. Adin honetako jendea bi multzo handitan banatu daiteke: nahiko autonomia dutenak eta erresidentziaren edo eguneko zentroaren premia dutenak.

Autonomoak direnak: premiazkoa da, noski, 1080 euro, pentsionen arrakala –emakumeen eta bereziki alargunen aurkakoa— deuseztea, kopagoarekin amaitzea, pentsio publikoak defenditzea. Hitz batez, instituzioei, gobernuei exijitzea.

Baina adinekoen bizitza duina, beste guztiena bezala, ez da bakarrik lan alokatuaren soldata duina eta etxeko lan debaldekoaren

balorizazioa. Bizitza aisialdia da eta ikastea ere bada, artea, kultura, adiskidetasuna, amodioa, sexua, osasuna, festa, eta bada ere amaiera eta berrastea, sufrimendua eta heriotza. Eta hori guk nahi badugu gure eskutan egon daiteke, edo utzikeriaz gobernuen edota negozioa baizik bilatzen duten desioen manipulatzaileen eskutan utz dezakegu. Adibidez, utzi behar al dugu Espainiako gobernuko instituzioen (kasu honetan Insersoren) esku, pentsionisten “oporrak” antolatzea? Turismo ziztrina, kutsagarria, joaten garen lurraldearen leku-hotel abogianteetan, janaria kaskarra…bai nahiko merke, baina oporrak bezala (nahiz eta bakoitzak asma dezakeen bere martxa) desastre hutsa dira. Zergatik erabaki behar du gobernuak nolako oporrak eta non eta noiz nahi ditugu egin? Insersoren oporrak pentsionistak engainatzeko, infantilizatzeko, botoak eskuratzeko, turismoaren negozioari temporada bajan arnasa emateko eta gure imaginazioa ankilosatzeko baizik ez dira.

Gure esku baldin badago gure aisialdia, zergatik ez antolatu zuzenean jubilatuen elkartetik elkartera, pentsionisten mugimenduko taldeen artean, Euskal Herriko edo Katalunyako edo Espainiako herriak eta herri horietako martxa bertako pentsionisten eskutik ezagutzeko moduak? Zenbat pentsionistak izan dira 3-4-5-6 aldiz La Manga del Mar Menorren desastre ekologikoa elikatzen eta ez dute batere ezagutzen Euskal Herriko Iparraldea? Insersoko autobusetan nork entzun du noizbait gidari euskaldunen bat edo Benito Lertxundi edo Laboa edo Leteren edo euskal kanta herrikoiak? Inoiz. Nork antolatzen du hori dena? Zer pozoina antiekologikoa, antieuskalduna, antisolidarioa inokulatzen digute holakoekin? Ez al da Insersoko bidai manipulatuetan (horrek botoak ematen omen ditu) dirua gastatzea baino premiazkoagoa alargunak hilean 500-600€ kobratu beharrean, 1.080 kobra dezatela?

Bizitzeko alaitasunaren, artearen, lurraren ezagutzaren disfrutea ez utzi gobernuen eskutan. Ba ditugu pentsionista artistak, antolatzaileak, esperientzia handiko bidaiari abentureroak izandakoak, bizipen eta memoria handikoak eta kontalari apartak. Gure esku dago. Exijitu bai, eta gainera, eta batez ere elkarri

zaintzen den herria eraikitzea. Bakoitza saia daiteke edozein eremutan gogoeta osatzen. Hauxe nere azken gogoeta:

Instituzioei esijitu behar zaie, nola ez. Baina, funtsean, bizitza duina gure eskuz eraikitzen dugu, elkarrekin, elkarri zainduz, eta bizitza eremu guztitan (elikadura, sexualitatea, ezagutza, artearen sorkuntza eta disfrutea, lurraren zaintza eta ekosistema osasuntsuen gozamena, denbora lasai hartzeko abagunea, korrikan eta estresatuak ibiltzearen ukazioa etabar….) Zuzen gure esku elkarrekin hartuta, joango gara aurrera, eta aurre egingo diogu datorren garai gogorrari.

Views: 2
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude