Etxez etxeko laguntzako langileok herriari:

COVID-19 gurera etorri aurretik euren etxeetan dauden eta beharrak dituzten pertsonei eman diegu zerbitzua, batez ere pertsona nagusiekin egiten dugu lan.

Lehenagotik geneukan laneko osasun falta oso nabaria da osasun krisi honetan, eta aurreko egoera guztiz ageriko bihurtu da orain. Langilek, daramatzagu egoera hau salatzen, lan ikuskaritzan sartutako salaketen bidez, hitzarmen kolektiboaren negoziaketan lan osasuneko baldintzak txertatzen, lan osasuneko komiteetan egoeraren jarraipena egiten…

Udaletxeetako zaintza zerbitzua egiten dugu eta 50 urte inguruko andreak gara ia-ia guztiok. Garbitzaileak, etxeko langileak, egoitzetakoak… burkide ditugu, eta egoera honek sortu duen babesgabezian kide dira. 

Udaletxe gehienek zerbitzua pribatizatu egin zuten, eta aldi berean, gure lan-baldintzak eta osasuna mutuen esku utzi zituzten. Normalean, dauzkagun lan-baldintzen erantzule inor ez dela ikusi dugu, ez enpresek ezta mutuek ezta udaletxeek ere ez dutelako euren gain hartu gure egoera: zaintzaileen azpikontrata gara, eta finean nor izango da ba arduradun? Mendekotasuna kudeatzen duen Foru Aldundia, gure zerbitzua kontratatzeko eskumena duen udaletxea, Eusko Jaurlaritza?

Osasun krisian zehar zerbitzua ematen egon gara eta gaude etengabe, Espainiako Gobernuak gure lana funtsezkotzat jo zuelako, eta horrelako zerbitzuak indartu behar zirela esan zuelako. Segurtasun neurririk gabe egon gara lanean, aste batzuen ostean, segurtasun neurri eskasekin, eta gaur egun, esan daiteke nolabait osasuna babesteko tresnak dauzkagula. Guk argi daukagu nortzuk direnak zuzeneko erantzule.

Enpresetako batzuk, COVID konfirmatuak zeuden zerbitzuetara joateko agindu ziguten (horretarako babesik izan gabe), beste batzuek, aldiz, EPIak lortzeko euren esku zegoena egin dute: osasun sareak EPIen banaketa geldiarazita zuen. Eta nola ez, berriz ere, andreok izan gara euskal erakunde publikoen memoria ariketan azkenak, babesik gabe, gure osasuna arriskuan jarriz lehenengo lerroan lan egiten jarraitu behar izan dugu eta.

Erabiltzaile batzuk birusaren eraginez hil egin dira, langile batzuk isolamenduan daude, beste batzuk ingresatuta, babesik gabe lana egiten ibili direlako; gainera, erabiltzaile askok babesik ez geneukala ikusita atea itxi eta zerbitzuaren eskaera bertan behera utzi dute. Datuak biltzen ari gara, etorkizunean gertatutakoa zenbakietan ere adierazi ahal izateko, ez da lan erraza eta zailtasunak dauzkagu horiek lortzeko. COVID19arekin kontaktu zuzena izan dutenak sintomarik erakusten ez badute ez dira isolamenduan jartzen, ez dizkigute testak egiten kontaktu zuzena izan arren sintomarik erakusten ez badugu… eta pertsona ahulenetakoekin egiten dugu lan, batez ere, 70 urtetik gorako nagusiekin.

Etxez etxeko laguntzako langileok euskal erakundeei: egin zaitezte kudeatzen dituzuen zerbitzuen arduradun! Sar gaitzazue zuen politikan!

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *