Euskal Herriko emakume pentsiodunen komunikatua

Langun emakume eta gizon pentsiodunak: Azaroaren 25a, osteguna, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Eguna da.

Bizi garen sistema patriarkala gizonek emakumeek baino gehiago balio dutelako ideian oinarritzen da; izan ere, balio sistema horrek bizitzaren esparru guztietan eragiten du, eta emakumeen aurkako mota askotako diskriminazio- eta indarkeria-ekintzetan islatzen da.

Adineko emakumeak ez gaude genero-indarkeriatik salbu.

Askotan, familian eta gizartean, baita asistentzia-guneetan ere, tratu txar psikologikoak jasaten ditugu: umiliazioak, sinesgarritasun falta, irainak, diruaren kontrola, abandonua, isolamendua, etab.

Era berean, ez gaude tratu txar fisikoetatik libre, hala nola jipoiak, medikalizazio jarraitua, sexu-abusuak eta baita hilketa ere. Askotan, duela urte askotatik jasaten dugu indarkeria, isilean, hitz egiteko edo salatzeko beldurrez. Horrek kalte sakonak eragiten ditu autoestimuan, osasunean eta gure bizi-kalitatean.

Gainera, adineko emakume askok indarkeria ekonomikoa jasaten dugu diru-sarrera propiorik ez dugulako edo baliabide gutxi ditugulako. Emakumeen aurkako indarkeria da bikotekidearen diru-sarreren mende egon behar izatea, edo hilabete amaierara beren diru-sarrerekin iritsi ezin izatea. Adibidez: EHko emakume askok kotizazio gabeko 400 €ko pentsioak dituzte; 63.000 alargunek 1080 € baino gutxiago kobratzen dute eta horietatik laurdenek 700 € baino gutxiago.

Emakume pentsiokideak: Negoziatzen ari den Pentsioen Erreformak ahaztu egiten gaitu! Ez dago neurrirk soldatetan eta pentsioetan genero-arrakala desagerrarazteko. Ez da alarguntza-pentsioa aipatzen, ezta emakume asko miseriatik ateratzeko behar den gutxieneko pentsioa ere.

Emakume pentsiodunak, etxean eta etxetik kanpo gogor lan egin dugunok, askotan psikologikoki, fisikoki eta ekonomikoki tratu txarrak jasan ditugunok, baliotsuak gara, eta ez dugu gehiago isilik jarraitu nahi indarkeria mota guztiak jasaten.

Horregatik guztiagatik, datorren ostegunean, azaroaren 25ean, EHko herri eta hiriburuetan egingo diren manifestazio feministetan masiboki parte hartzera gonbidatzen ditugu emakume eta gizon pentsiodun guztiak, emakumeak eta gizonak berdintasunean eta askatasunean elkarrekin bizi ahal izateko gizartearen alde.

Gasteizen, manifestazioa 19:00etan aterako da Iparraldetik. Manifaren hasierako zatian emakume-taldeak kokatuko dira, eta, ondoren, talde mistoa.

Emakume pentsiodunok 20 minutu lehenago elkartuko gara Iparralderen aurrean, zapi arrosa lepoan jantzita, eta emakumeen hasierako blokean sartuko gara, guretzat esleitutako lekuan.

Astelehena, 2021-11-22

PENTSIONISTAK: EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIARIK EZ!

EMAKUME PENTSIONISTAK: AURRERA!

Spread the love

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *