Eusko Jaurlaritzari ez zaio Korrika24 gustatu, ezta EAJri, PSOEri eta CCOOri ere

Euskara Gara!
Jesús Mari Soubies Garateren testua
Korrika24ren aurkako kritikek eragindako gogoeta
Hizkuntza bat ez da errealitatetik aparte bizi
Eusko Jaurlaritzari ez zaio Korrika24 gustatu, ezta EAJri, PSOEri eta CCOOri ere. Euskararekin zerikusirik ez duten kartel eta motiboek gogaitu egin dituzte. Hizkuntza batek, kasu honetan gureak, euskarak, gai sozial, politiko eta laboralekin zerikusirik ez balu bezala. Frogatu dugu, gaztelaniaz ez ezik, euskara tresna guztiz egokia dela era guztietako bidegabekeria sozialak salatzeko.
Non dago arazoa?
Herria euskara masiboki defendatzen eta, gainera, Korrika baliatuz arazoak plazaratzen… Non ikusten duzue arazoa? Zuek bietako bat: edo ez zarete hemengoak edo urrun bizi zarete. Ez dut ulertzen nola erabiltzen duzuen zuen posizioa AEKren aurka egiteko, erakunde horrek 50 urte baitaramatza Euskal Herri osoan euskara kemenez irakasten eta 40 urte baino gehiago herri honen eta bere hizkuntzaren harrotasuna zabaltzen Korrikaren 24 edizioetan.

Zerk molestatu zaituzte zehazki?
1976ko martxoaren 3an eraildako gure kideen argazkiak, 2655. kilometroan ikusgai jarri zirenak? Edo agian euskal gehiengo sindikalak 2656. kilometroan erakutsitako gutxieneko soldata? Edo Azpeitiko pentsiodunek 3087. kilometroan aldarrikatutako gutxieneko pentsioa? Edo Israelek egiten jarraitzen duen genozidioa salatzen zuen Palestinako bandera handia? Edo Arabako Mendiak Aske-ren kartelak, edo Tubos Reunidos eta Maderas de Llodio enpresetako borrokan ari diren langileei emandako babesa, edo Txagorritxu-Osakidetzako sukaldarien borroka? Edo, agian, gazteek etxebizitzaren arazoa salatzeko erabili zituzten kartelak?
Euskarak etorkizuna du arazoek konponbidea badute
Hori da kontua: euskarak etorkizun osasuntsua izango du Korrikan agertu ziren arazo horiek guztiek konponbidea badute; gazteek, emakumeek, langileek eta etorkinek etorkizun duina badute. AEK-k dioen bezala, hemen ez zaio inori betorik jartzen; beraz: “tipi tapa korrika”, arazoak konpontzera, Eusko Jaurlaritzako jaun-andreok. Betoak jartzen, zuek zarete benetako txapeldunak.
Protagonismoa herriarena izan delako errezeloa al duzue?
Ez ote da izango errezeloa duzuela protagonismoa herriarena izan delako, eta zuek, egia esan, nahiko desentonatu duzuela, eta dezente gainera. Carlos Gardelek Volver tangon kantatzen duen bezala: “iraganarekin berriro topo egitearen beldur zarete, zuen politikarekin berriz aurrez aurre jartzen den iragan horren beldur… trantsizioko traizio handi harekin”.
Egia esan, agerian geratu da ez zaretela batere eroso egon. CCOOren modura jokatzea erabakitzen baduzue, aurrera; gainerakook, herritarrok, arduratuko gara zuek utzitako kilometroak hartu eta ekonomikoki estaltzeaz.
EUSKARA GARA!
Txalo bero bat AEKri

PNV eta PSOE eta CCOO kritikatzea ondo eta zilegia da.
Baina CCOO botatzearekin ez zaie ez euskarari, ezta Korrikari ere mesede egiten. Merezi dutela? Bai, noski baietz, eta euskararen aurkako jarrera duten guztiak bota beharko lirateke ere, hala PNV, Nafarroako Parlamentua, hainbat udaletxe eta dozenaka partehartzaile oportunistak (beste aldetik, Palestinako genozidak defendatzera bai atera zen ihaz…!).
CCOOrekin dauden arazo larriak konpontzea ez dagozkio aek-ri! Lan hori LAB-i eta Bilduri dagokie, ez Korrikari. Baina LAB eta Bildu koldarrak dira, ez dute “konfrontaziorik” nahi, PNVrekin ondo moldatu behar direlako, PNVren botoak lortzeko.
Galdera da: zer irabazten dugu? Eta zer galdu? Zenbat urte behar izan ditu Korrikak CCOO bezalako taldeen parte hartzea lortzeko? Pauso sinbolikoa dela? Itxurakeria dela? Bai, parte hartzen duten asko eta asko bezala.
Eta oinarrizko galdera: zer estrategia dugu euskara normalizatzeko? Gure zuloan sartu eta “los últimos de Filipinas” bezala desagerpenaren zai egon. Zeren ematen du hori dela helburua. Sekta euskaltzalea gotortu. Bikain. Alternatibarik gabe. Auto-inmolazioa. Super-azkarrak. Herritarren %15en mixeria 2035an desagertzeko!
Korrikaren amaierako jaia Bilbon sektarismo horren adierazgarria izan zen. “Gazteak” ziren soilik? Ez! Sortu-Bilduri lotutako gazte kontrolatuak ziren. Gazte euskaltzale askoz gehiago dago, askoz aktiboagoak, askoz libreagoak, askoz anitzagoak. Baina Sortu-Bilduk kontrola berreskuratu du eta bere boterea erakutsi behar zuen. Bere estrategia instituzionalista-PNVzalearen porrota ezkutatzeko.
Korrikaren deriba komertzialean sumatzen da ere. Sortu-Bildu PNVren kopia da. 2010etik PNV x 2 ditugu. Hauekin etorkizuna idatzita dago. Zer esango lukeen Jon Idigorasek…
Sortu-Bilduk euskararen mundua okupatzen jarraitzen du, bere estrategia falta inposatuz. Berria ondoren, aek beste adibidea bihurtu da. Sortu-Bilduren eremu sektarioa da orain, kontrolpeko pertsonak baino ez onartuz, adimenik gabeko jarrera desmobilizatzailea burutzeko. Eta horrela gabiltza.
2026k Korrikaren gainbeheraren hasiera markatzen du.
Euskararen etorkizunerako funtsezkoa da erabiltzea gizartearen ahalik eta espazio zabalenetan. Gaur egun, arazo larriak ditugu hori normaltasunez egin ahal izateko. Gizartearen eremu publikoa eta Administrazioa bereziki espazio estratejikoak dira euskara erabiltzeko, euskararentzat arnasgune funtzional funtsezkoak dira, beste espazio askotan euskara erabiltzeko tresnak jartzearekin batera.
Azken 40 urteetan euskal administrazioetan euskara normalizatzeko eraikitzen joan den araudiaren kontrako eraso judizial oso oldarkorra ari gara sufritzen azken urte hauetan Kontseiluak eta euskalgintzako beste eragile askok salatu duten bezala.
Oldarraldi horren dinamika hau da: euskararen aldeko araudia bera edo honen aplikazioa epaitegietan errekurritu, judizializatu, eta araudia indargabetu, Legebiltzarrak, edo udalek erabakitakoa baliorik gabe utziz. Norbaitek pentsa dezake hori sistemaren dinamika normala dela bainan askok Kontseiluak dioenarekin bat gatoz; Kontseiluaren iritziz, epai horien bidez botere judiziala hizkuntza-politiken joko-arauak aldatzen ari da, euskararen ofizialtasunaren mugak murriztuz eta, beraz, normalizazio prozesua oztopatuz eta herritarren eskubideak kaltetuz.
Eta zer ikusirik du aurreko guztiak CCOO eta Korrikarekin?
Ba oldarraldi judizial horren errekurtso- sustatzaile aktiboenetako bat CCOO izan dela eta dela. Gurpiletan harriak jartzen, beti. Eta egia da ez direla bakarrak, eta Korrikan beste askoren postureoa dagoela. Egia da euskara aurrera egiteko gizarte anitzaren atxikimendua behar dela, Korrikan eta bizitzan, bainan gero arnas hartzeko zailtasunak dituenari ez kendu arnasgaikua ito dadin, CCOOk tamalez egiten duen bezala.
Zerbaiti edo norbaiti erantzunez gero, ez da zilegi izena seudonimo baten atzean gordetzea; artikuluaren idazleak argi jartzen du bere izen-abizenak.