Funtsezkoaren alde: erantzun argia

Puntu eta jarrai

Esaten dizutenean “guztiaren aurka” zaudela, garaia da azaltzeko zeren alde gauden

Urteetan zehar kantinela bera entzun dugu: “zuek guztiaren aurka zaudete”. Bitxia da boluntariotzari bizitza eskaini diotenek, gizarte bidezkoago baten alde nekaezin borrokatu dutenek, hau entzun behar izatea. Min ematen du, batez ere, udaletako teknikariengandik edo gizarte-zerbitzuetako profesionalengandik datorrenean; izan ere, horiek errealitatea zuzenean ezagutzen dute, baina nahiago dute jaten ematen dien eskuari kosk ez egitea, nahiz eta jakin esaten dutena ez dela egia.

Bada, iritsi da garaia argitzeko zeren alde gauden.

Alde gaude

Benetako gizarte-babeseko euskal sistema publikoa

Pentsio duinak, ez apurrak, bermatuko dituen sistema bat defendatzen eta sustatzen dugu. Zainketen Euskal Legea, zaintza-lana benetan aintzat hartu eta baloratuko duena. Kalitatezko osasun publikoa, unibertsala eta erabat publikoa.

Begirada feminista politika publikoetan

Genero-arrakalari aurre egitea ez delako aukera bat, beharra baizik. Izan ere, emakumeak ezin dira izan pentsio-sistemaren kaltetu nagusiak, ezta ordaindu gabeko zainketen erantzule bakarrak ere.

Hizkuntza-eskubideak

Pertsona orok euskaraz bizitzeko eta arreta jasotzeko aukera izan behar du, batez ere arlo publikoan eta zainketen arloan. Bizitza, hizkuntza eta eskubideak erdigunean jarriko dituen Euskal Herriaren aldeko apustua egiten dugu.

Gure Ikuspegia: Argia eta Eraldatzailea

Euskal Herrian gizarte-babes publikoko eredu propio, solidario eta iraunkorra eraikitzea. Justizia sozialean, genero-ekitatean eta herritarren parte-hartzean oinarritutako eredua, gaurko beharrei eta biharko erronkei ikuspegi subiranotik erantzuteko gai izango dena.

Gure proposamenaren zutabeak

Kudeaketa Publiko Benetakoa: Zerbitzu publiko unibertsalak, doakoak eta kalitatezkoak, publikotik kudeatuak benetako partaidetza sozialarekin, ez publikoz mozorrotutako enpresa pribatuekin.

Justizia Soziala Ñabardurarik gabe: Aberastasuna modu eraginkorrean birbanatzea eta oinarrizko eskubideak, hala nola pentsioak, zaintzak eta osasuna, modu ekitatiboan eskuratzea.

Feminismo Aplikatua: Genero-ikuspegia, emakumeei bereziki eragiten dieten egiturazko desberdintasunak desagerrarazteko.

Belaunaldien arteko elkartasuna: Duintasunez eta komunitatean zahartzeko eskubidea, inor atzean utzi gabe.

Benetako subiranotasuna: Gure errealitate sozial, ekonomiko eta kulturalera egokitutako euskal sistema eraikitzeko tresna propioak.

Parte-hartze demokratikoa: Herritarren inplikazio aktiboa beren eskubide sozialen defentsan.

Euskararen normalizazioa: Benetako presentzia eraginkorra komunikazio-hizkuntza gisa zerbitzu publiko guztietan.

Gure Helburuak: Zehatzak eta Handinahiak

1. Pentsioen euskal sistema publikoa: murrizketa eta pribatizazioen aurka nahikoa, duina eta blindatua.

2. Zainketen Euskal Legea: Zainketak eskubide gisa aitortu, baloratu eta bermatuko dituena, lan-baldintza duinekin

3. Euskal osasun publikoa: unibertsala, doakoa, hurbila eta kudeaketakoa, % 100 publikoa

4. Genero-arrakala desagerraraztea: pentsioetan, zaintzetan eta osasunerako sarbidean

5. Gizarte-mobilizazioa: Aliantzak mugimendu sozial, sindikal eta feministekin.

6. Berezko araugintza-gaitasuna: Gure ongizate-eredua diseinatzeko eta kudeatzeko.

7. Euskara normalizatua: Zerbitzu publiko guztietan komunikazio-hizkuntza gisa


Noski, Alde gaude

Zintzotasunaz: Ez dadila negoziorik egin zainketekin eta osasunarekin.

Baldintza duinak: Soldata justuak emakume langileentzat eta ratioak egoiliarrak duintasunez artatzea ahalbidetzen dutenak.

Gardentasunarena: Publikoaren eta pribatuaren artean ate birakaririk ez egotea.

Benetako konpromisoaz: EAE eta Nafarroa gobernatzen dutenek pertsonentzat lan egin dezatela, ez lobbyentzat.

Arlo publikokoak, salbuespenik gabe: Osasuna eta Osakidetza publikoak izatea eta ez pribatizatzea.

Guztion ETB batetik: ez bakarrik EAJren batzoki batetik.

Benetan axola duen ia guztiaren alde gaude. Galdera da: zergatik nahiago dute batzuek honen guztiaren aurka egon?

Views: 159
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude