Urriaren 1a, igandea, adinekoen nazioarteko eguna da

Urriaren 1ean, igandea, adinekoen nazioarteko eguna ospatuko da. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ohar hau bidali digu:
URRIAK 1: ADINEKOEN NAZIOARTEKO EGUNA
Beste urte batez, MPEH kalera aterako gara eskubideak adinarekin iraungitzen ez direla aldarrikatzeko.
Adinekook bizi-baldintza duinak izateko eskubidea dugu, pentsio publiko, duin eta nahikoak, zerbitzu publiko unibertsalak eta gure arreta- beharrak beteko dituen zaintza-sistema publikoa eskainiz.
Baina eskubide horiek gaur egun ez daude bermatuta; EAEn eta Nafarroan 200.000 pentsiodun baino gehiago 1080 euro baino gutxiagoko pentsioekin bizi dira, eta horrek ez die oinarrizko beharrei aurre egiten uzten.
Bizitza-kostuaren gaur egungo hazkundeak bereziki eragiten die errenta txikienei; adineko pentsiodunek gero eta zailtasun gehiago dituzte hilaren amaierara iristeko eta kalitatezko elikadura, sendagaiak eta baldintza klimatiko eta mugikortasun egokiko etxebizitza eskuratzeko aukera bermatzeko.
Gobernu exekutibo desberdinen asmo pribatizatzaile eta ekonomizistek irizpide merkantilistetan oinarritutako negozio- eta irabazi-eredu bat ekarri dute. Egoitza- zerbitzuen eta arreta- eta zaintza-zerbitzuen pribatizazioak garestitu egiten ditu, lan- baldintzak eta prestazioen kalitatea okertu.
Bitartean, Foru-Aldundiek eta gobernuek diskurtso autokonplazenteak egiten jarraitzen dute arazoak ezkutatzeko.

Horregatik guztiagatik, egoitzetako erabiltzaileen senitartekoen elkarteok, EHPMarekin batera, honako hau eskatzen dugu:
- EAEko eta Nafarroako gobernuei mendekotasuna artatzeko sistema publiko hurbil eta kalitatezkoa garatzea.
- EAEren kasuan, egoitzei buruzko dekretuaren zirriborroa aldatzea, elkarrizketaren eta gizarte-eragileen parte-hartzearen bidez.
- Gutxieneko pentsioa 1080 eurora berehala osatzea.
- Gure aldarrikapenak babestea, galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko, genero-arrakala ezabatzeko eta murrizketen erreformak eta erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak indargabetzeko. Urriaren 2an, astelehena, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta ohiko herrietan mobilizatuko gara.
HELDUAK BORROKAN BIZITZA DUINAREN ALDE
Euskal Herria 2023ko urriak 1
