Gizarte Zerbitzuen eta Mendekotasunaren politika instituzionala Sektore pribaturako negozioa da

Gizarte-zerbitzuak eta Lehen Mailako Osasun Arreta funtsezko zerbitzuak dira. Osasun-sisteman sartzeko atea dira.
Azken urteotan, pertsona ahulenen egoerak, hobera egin beharrean, okerrera egiten du egunetik egunera Euskal Herrian, pribatizazioak sortzen duen diru-gosearen ondorioz, benetako pobrezia areagotzen delako.
Euskadin, Gizarte Zerbitzuen Legeak ezartzen dituen eskakizunak ere ez ditugu betetzen.
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema, mendekotasunari ematen dion arretari dagokionez, apurtutako sistema bat da, non 250 udalek baino gehiagok esku hartzen duten eta hiru diputazio dauden. Hori guztia hainbat eskumenekin. Lehen mailako arreta udalei dagokie, eta bigarren mailako arreta edo arreta espezializatua, batez ere, aldundiei, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak eskumen batzuk dauzkan.

Batasun falta horrek kohesioa eta koherentzia kentzen dizkio herritar guztientzat berdintasunezkoak izan beharko luketen zerbitzuak emateari, eta ezberdintasun handia eragiten du hiru lurraldeetan, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko udaletan ere.
Ezinbestekoa da pertsonen zaintza norberaren etxean indartzea. Funtsezkoa da baliabide publiko nahikoak erabiltzea etxeko laguntza zerbitzuko (oso feminizatuta dagoen sektorea) zaintza-zerbitzuko langileen plantillak handitzeko eta lan-baldintzak hobetzeko. Era berean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako, Informazio, Diagnostiko eta Orientazio Zerbitzuetako langileen estaldura sustatzea, baita mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko beste zerbitzu batzuena ere.
Gizarte-politikak erdigunean izango dituzten politika publikoak behar ditugu, zaintzaileek eta mendekotasuna duten pertsonek bizitza duina izan dezaten.
Eustat Euskal Estatistika Erakundeak argitaratutako datuen arabera, Euskadin 65 urtetik gorako 112.531 pertsona bizi dira bakarrik, eta horietatik 84.400 emakumeak dira, %74. Biztanleen Udal Erroldaren administrazio-erregistroetan egiaztatu da udal-informazio demografikoa eguneratuta dagoela.
Pertsona asko dauzkagu bakarrik bizi direnak eta inork artatzen ez dituenak, babesgabetasun-egoeran daudenak. Euskal instituzioetako agintariek badakite nora eta nola iritsi mendekotasuna daukan pertsona bakoitzarengana, behar bezala artatzeko. Gizarte-zerbitzu publiko eta kalitatezkoetarako baliabideak daude. Egin ezazue, Gasteizko Gobernuaren politikariok!

Arreta pertsonaleko zerbitzuak ezin dira familian bakarrik geratu, betebehar publikoa dira eta erantzukizun publikoa dute. Gainera, gizarte-zerbitzu guztiek itzulkin ekonomikoa dute, enplegua sortzen laguntzen dute, gizarte justuagoa sortzen dute eta ezberdintasuna murrizten dute.
Osasun Publikoa ez da saltzen, Osasun Publikoa defendatu egiten da!
Gutxieneko pentsioa: 1.080 euro. Gutxieneko soldata: 1.200 euro!
Emakume pentsionistok aurrera!!!
2021eko ekainaren 7a, astelehena
