Iheska dabiltzan patronalak, pobretzen duten gerrak eta osasun publikoa arriskuan: Pentsionisten Mugimenduaren astea

EHPM aldizkariaren laburpena · 2026ko martxoaren 28a

Larunbat honetan argitaratzen ditugu asteko albisteak eta informazioak, 2026ko martxoaren 28ko datarekin. Bertan aztertzen dira patronalen erresistentziak gutxieneko soldata propioaren aldarrikapenaren aurrean, Ekialde Ertaineko gerraren ondorio ekonomiko eta humanoak, euskal osasun publikoaren narriadura, Korrika 24ren amaiera, zaintzen arloko berrikuntza soziala eta Balear Uharteetako HELaren aurrerapena.

1 – Patronalak: Ez 1.500 €ko gutxieneko soldatari

Confebaskek eta CENek uko egin zioten ELAk eta LABek egindako deialdietara joateari, EAEn eta Nafarroan 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa negoziatzeko, martxoaren 17ko greba orokorrak erakutsitako babes soziala alde batera utzita. ELAk eta LABek jarrera hori probokatzailetzat eta langileekiko mespretxuzkotzat jo dute. Gasteizko eta Iruñeko gobernuak ere kritikatu dituzte jarrera ekidistantean mantentzeagatik. Aldi berean, Nafarroan CENek, UGTk eta CCOOk elkarrizketak hasi dituzte hitzarmenen gutxieneko kategoriak kopuru horretara hurbiltzeko. Borroka luzea izango da: gutxieneko soldata propioa eta gutxieneko pentsioak LGSra osatzea babes sozial handiko aldarrikapenak dira, eta ekimen eta mobilizazio berriak eskatuko dituzte.

2 – Gerra ekialde ertainetan: Klase herrikoiek ordaintzendute faktura

Duela hilabete, AEBek eta Israelek Iranen aurkako bonbardaketak hasi zituzten, eta handik gutxira Israelek Libano partzialki okupatu zuen. Milaka pertsona hil dira eta milioika lekualdatu, gehienak zibilak, nazioarteko irismena duen krisi humanitario eta ekonomiko batean. Estatuko Gobernuak bi Errege Lege Dekretu onartu zituen erantzun gisa. EHPMk positiboki baloratu zituen sektore ahulenak babesteko neurri batzuk, baina egiturazko erabakiak eskatu zituen: 2025ean bankuek eta enpresa energetikoek %6,8 eta %4,8 ordaindu zuten Sozietateen gaineko Zergan, dagokien %30 eta %25aren ordez; ordaintzen ez dutena ezkutu sozialaren kostuaren bikoitza da. Mugimenduak LGS eta gutxieneko pentsio duinak eskatzen ditu, baita gastu militarra ezabatzea ere.

3- Osakidetza narriadura larria eta programatua

OPA Herri Plataformak euskal osasun publikoaren egiturazko gainbehera salatu zuen Gurutzetako Ospitalearen aurrean: murrizketa jarraituak, langile falta, medikurik gabeko zentroak eta itxaron zerrenda onartezinak Lehen Arretan eta Osasun Mentalean. Aurten 500 milioi euro baino gehiago bideratuko dira sektore pribatura, eta dagoeneko hiru herritarretik batek aseguru mediko pribatua du. Plataformak zerbitzu itxiak berriro irekitzea, plantillak indartzea, herritarren parte hartzea bultzatzea eta hizkuntza eskubideak bermatzea eskatzen du. Apirilaren 18rako manifestazioak deitu ditu Bilbon 12:00etan Jesusen Bihotzean, Gasteizen 12:00etan Bilbo plazan eta Donostian 17:00etan Boulevardean.

4 – Korrika 24 bihar amaituko de Bilbon

Martxoaren 19an Atharratzen hasi eta Korrika 24k bihar amaituko ditu Euskal Herriko zazpi lurraldeetan zehar egindako 2.175 kilometroak, Euskara gara lelopean, 3.436 parte hartzailerekin eta ibilbidean zehar milaka lagunen babesarekin. Bilboko pentsiodunen mugimendua harreran izango da: 10:45ean kokatuko da udaletxearen aurrean, eta Korrika 11:10ean pasatuko da bertatik. Euskararen aldeko ekimen eredugarria da, eguneroko erabileran jarraipena izan behar duena.

5 – Tansis LAB III. topaketa : Zaintzak eta Gizarte berrikuntza

Iruñean egin da mugaz gaindiko proiektu hau, Interreg POCTEFA programaren barruan kokatua, 1,9 milioi euroko aurrekontuarekin eta %65ean FEDER funtsekin finantzatua. Helburua da landa eremuetan zaintzen berrikuntza sustatzea, zahartzeari, mendekotasunari eta nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko. Gaur egun, Bizitza Luzeari buruzko Gizarte Berrikuntzako Mugaz Gaindiko Agenda lantzen ari dira. Nafarroako Pentsiodunen Mugimenduak proiektuaren oinarrian dauden ideiak positiboki baloratzen ditu, baina Foru Gobernuari eskatzen dio asmo onetatik ekintzetara pasatzeko: aurrekontu, azpiegitura eta langile gehiago zerbitzu publiko unibertsal eta kalitatezkoetarako, bai landa eremuan bai hiri eremuan, etxez etxeko arreta eta eguneko zentro publikoak indartuz.

6 – HEL – Balear uarteetan: Sinadura bilketa martxan

Martxoaren 17tik aurrera sinadurak biltzen ari dira Herri Ekimen Legegile baten alde, 60 urtetik gorako pertsonek Balear Uharteetan jasotzen dituzten gutxieneko pentsioak LGSren pare osatzeko. Lau hilabeteko epean gutxienez 7.500 sinadura bildu behar dira. Dagoeneko hitzaldiak eta batzarrak egin dira Mallorcako, Menorcako eta Eivissako 26 herritan, eta mozioak aurkezten ari dira udaletan eta uharteetako kontseiluetan. PP Vox zenbait udalerritan aurka agertu da, gero eta zailtasun handiagoarekin jarrera hori herritarren aurrean justifikatzeko. Balearretako pentsiodunek determinazioz eta ilusioz ekin diote ekimenari.

Views: 207
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude