Martxoak 17: Patronalari eta faxismoari aurre egin diezaiogun!

Joxe Iriarte, Bikila. Alternatibaren partaidea.

Hitzaurrea

Martxoaren 17ko greba orokorraren atarian, Joxe Iriarte “Bikila”-k Euskal Herriko langile mugimenduaren erronkak eta egungo testuinguru politiko eta soziala aztertzen ditu. Patronalaren presioaren, krisi sistemikoaren eta faxismoaren gorakadaren aurrean, mobilizazio bateratuaren eta borroka antolatuaren beharra azpimarratzen du ondoko iritzi artikuluan.

Joxe Iriarte, Bikila. Alternatibaren partaidea.

XXI. mendean sartuta, esango nuke bidegurutze historiko batean gaudela. Krisia kapitalismoaren planen arabera bideratuz gero, langile klaseak (eta horien barnean, emakumeak), eta oro har gizarte osoak eta ingurumenak, okerrera joko dute modu katastrofikoan. Eta horri gehitu behar zaio gerra giroan murgilduta gaudela. Norbaitek pentsa dezake hitz hori (“katastrofikoa”) gehiegizkoa dela, agian apokaliptikoa, baina eguna joan, eguna etorri, gero eta gehiago erabiltzen da ekonomista kritikoen, ekologisten, zientzialarien (eta ez beti ezkerrekoak) eta gaur egungo munduak daraman norabidearekin urduri dauden pertsonen artean.

Beraz, iritzi zaigu garaia egoerari aurre egiteko. Alabaina, Josep Fontana historialariak arrazoi osoz zioenez, “ez da posible boterearekin konfrontazio arrakastatsua izatea, aurre egingo dion kontzientzia kolektibo indartsu bat gabe, eta kontzientzia hori beti da errealitatearen ezagutzaren eta informazioaren emaitza”.

Errealitateak, ordea, bi maila ditu: historikoa eta koiunturala. Ezin da oraina ezagutu iragana ezagutu gabe. Horregatik izan da hain garrantzitsua 1976ko martxoaren 3an gertatutakoa gure memorian txertatuta izatea. Koiuntura hartan langile mugimenduak bi arazoei aurre egitea egokitu zitzaion: bere errebindikazioak aldarrikatzea eta diktadurari erantzutea. Gaur egun, arazo berari aurre egin behar zaio: lanbide arteko gutxieneko soldata ziurtatzea eta ia ate joka ari diren frankismoaren oinordekoei erantzutea. Eta modu bakarra da langile mugimenduaren fronte bakarra eratzea eta, bide batez, herri honen gehiengoa antolatzea.

Atzo eta gaur ziurtatu dezakegu ez askatasun politikoak ez hobekuntza ekonomikoak ez direla izan talde menderatzaileen kontzesioa, borroka gogor, eraldaketa sakon eta, nola ez bada, errebolta edo iraultzen bidez lorturikoak baizik.

Alabaina, lorpen horiek ez daude inoiz bermatuak, eta ahalegin handiz lorturikoa gal daiteke kontrarreforma eta kontrairaultzen bidez, baldin eta klase menderatzaileek uste badute indar nahikoa dutela egoera beren interesen aldera aldarazteko. Horixe gertatzen ari da azken hogei urteotan, eta 2008ko krisiaren ondoren areagotu egin da. Horregatik da garrantzitsua, behin eta berriro, kalera ateratzea gure eskubideen alde.

Ongizate estatua posible izan zen batera eman zirelako, alde batetik, ekonomiaren egoera nahiko ona (gerra ondorengo hondamenari aurre egiteko estatuaren esku-hartzearen ondorioz), eta, bestetik, kontzesio garrantzitsuak egin ezean, eztanda iraultzaileak gertatuko ote ziren beldur zelako burgesia.

70eko hamarkadan, burgesiak, mundu mailan, norabidea aldatu zuen Reaganen eta Thatcherren lidergopean. 80ko hamarkadan, langile mugimendu antolatuak kolpe gogorra jasan zuen, eta bere gotorleku sozialak desartikulatuak gelditu ziren; sozialdemokraziak neoliberalismoaren ikuspegia onartu zuen, eta geratzen zitzaion behialako erreformismoaren apurra bidean utzi zuen.

Eta tsunami neoliberalaren ateak oso-osorik ireki ziren, aurreko garaiko lorpenak uholde moduan eramanez.

Hamaika arrazoi daude greba orokorra egiteko!

Denok dakigu burgesiaren boterea diruaren jabegoan eta estatuaren nagusi izatean datzala. Aitzitik, langileek, sindikatuek, ezker sozial eta politikoek ezin dute ahaztu beren benetako boterearen iturria, funtsean, lantegietan eta kalean mobilizatzeko ahalmenean dagoela. Eta greba orokorra dugu, haren mugak kontuan harturik, tresnarik eraginkorrenetakoa. Noski, baldin eta ekintza isolatu gisa ez bada ulertzen, eta borroka egun horien ondoren sindikatuak neguko kasernetara edo betiko martxara itzultzen ez badira.

Krisiak eztanda egin zuenetik ia lelo bera errepikatzen tematu gara, eta ez dugu etsiko: kapitalismoak eta bere instituzio ekonomiko eta politikoek aurrea hartu dute eta gerra deklaratu digute, gerra soziala, klaseen artekoa. Eta horri maila berean erantzun behar diote ezkerreko alderdi politikoek, sindikatuek edota kalteturiko mugimendu sozialek.

2020ko U-30eko greba helburu, herrietako greba batzordeetan eta mobilizazio gune zabaletan murgilduta ibili ginenok konprobatu genuen zein eraginkorra eta transbertsala izan zen grebaren antolaketa, eta horrek guztiak zer garrantzi duen hura lantegietan ez ezik herri arloan ere gauzatzeko. Oraingoan ere bide horretatik ekin diezaiogun.

Sindikatuetako ekintzaileak, gazte prekarioak, ikasle eta jubilatuok, era guztietako aktibista sozialak, feministak, grebarekin engaiatutako herritar xumeak, eta, nobedadea, komertzio eta ostalaritzako langile eta nagusiak… denok batera, ahaleginean, greba antolatzen, argudioak lantzen, norberaren errebindikazioak txertatzen, konplizitateak saretzen: hitz batez, herria egiten. Zoragarria, esperientzia.

Krisiak, gorabeherak gorabehera, luze joko du, eta konpontzen bada, planetaren lurralde eta zoko guztietan ematen ari den indar harremanen lehiak erabakiko du norabidea. Beraz, ez gara onik aterako krisi egoeratik, gizakia eta natura muturreko egoera batera eraman duen sistema hori pikutara bidaltzen ez badugu eta, aldi berean, beste gizarte mota bat sortzeko pauso sendoak egiten ez badira. Bide batez, borroka dugu (batua eta zabala) gerra giroari eta faxismoari aurre egiteko modurik eraginkorrena.

Martxoaren 17ko greba izan dadila orain 50 urte Gasteizen lortu genuenaren errepikapena. Langile mugimendua izatea frankismoari (orain faxismoari) azken kolpea eman ziona.

Views: 148
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude