Menopausiaren medikalizazioak minbiziak, iktusak, infartuak eta dementziak ekarri zituen

Angel Bidaurrazaga Vandierdonck .Medikuntzan doktorea, EHUko irakasle ohia. Bilbo.


Prozesu naturalak gaixotasun merkaturagarri bihurtzea medikuntza garaikidearen praktika eztabaidagarrienetako bat da. Angel Bidaurrazaga mediku eta irakasleak aztertzen du nola bihur dezakeen farmazia-industriak menopausia bezalako trantsizio biologiko normal bat beharrezkoak ez diren tratamenduen merkatu onuragarri. Ángel Bidaurrazagaren artikuluak Juan Ramón Laporteren “Crónica de una sociedad intoxicada” liburuan daude jasota, non bizitzaren medikalizazioa eta bere ondorio sanitario eta ekonomikoak sistematikoki dokumentatzen diren.

2024ko abuztuak 7

Menopausia ez da gaixotasun bat, bizitza osasuntsu bateko beste atal bat baizik.

Menopausia eta gaztetasunaren elixirra

Lehenengo eta behin, menopausia ez da gaixotasun bat, bizitzako beste atal bat baino. Emakume guztiak helduko dira noizbait eta, beraz, merkatu handi bat zabal daiteke bizitzako aldaketa hori gaixotasuntzat jotzen bada, bizitzaren medikalizazioa eredu hartuta.

Hilerokoa galtzen denean, obulutegien funtzioa gutxitzen da eta estrogeno gutxiago ekoizten dute. Estrogenoen jaitsierak beroaldiak eragin ditzake eta beste seinale batzuekin jarraitzeko aukerak ere bai, hala nola, hotzikarak, izerdia eta inurridurak. Sintoma hauek aldatu egin daitezke eta, agian, tratatu beharko dira irauten duten bitartean, baina ezin dira patologikotzat hartu.

1960ko urteetan estrogenoak hartu ziren menopausiaren beroaldiak eta baginitisak ekiditeko. 1974tik aurrera, ikerketa batzuk agertu ziren, esaten zutenak hormona horiek hartuz gero arrisku handiak zeudela bihotz infartuak, enboliak eta umetokiko minbiziak garatzeko. Eragin hauek aurreikusiak ziren, bazekitelako estrogenoek tentsio arteriala eta koagulazioa igotzen dutela. Progesteronaren faltan estrogenoak hartuta, umetokiko zelulen biderketak ez dauka mugarik eta, beraz, minbizia agertzeko aukerak biderkatzen dira (hamar aldiz). Hau jakitean, estrogenoekin progestageno pixka bat bateratzea proposatu zen, menopausiari “aurre” egiteko, beste hormona bat erantsita: TSHa. Baina estrogeno naturalak patentatu ezin direnez, larruazalean partxe bidez jartzea otu zitzaien, partxeak bai zeudelako patentatuta.

estrogeno naturalak patentatu ezin direnez, larruazalean partxe bidez jartzea otu zitzaien, partxeak bazeudelako patentatuta

Formula hirukoitz hori: TSH, progestagenoa eta estrogenoa batera, gaztetasunaren elixirra bezala saldu zen, hezurrak gogortuz hausturak saihestuko zituelakoan, arteriak gaztetuko zituelakoan eta, neuronak kitzikatuz, Alzheimerrari iskin egingo ziolakoan. Nahiz eta sintomarik ez eduki, TSHa emakume menopausiko guztientzat ona zela esaten zen. Horrela, AEBn eta Britainia Handian, emakumeen ia erdiek hartu zuten menopausiaren ondoren; Espainiako estatuan, aldiz, %20k.

1993an ikerketa handi bat egin zen AEBn. Bertan, 27.000 emakume (horietatik 16.000 umetokiarekin eta 11.000 umetokirik gabe) prestatu ziren TSH hartzeko. 2002ko udan ikerketa eten zuten, TSH hartzen zutenen artean gertatzen ari ziren titi-guruinetako minbiziengatik eta iktusengatik. Beste ikerketa batzuek ere minbizi, iktus eta enbolia arriskuak baieztatu zituzten. AEBn kalkulatzen da TSH-k hamar urtetan 60.000 titi-guruinetako minbizi kasu gehiago eragin zituela. 2003 urtean, 60 urtetik gorako emakumeengan infartu arriskua handitzen zuela aurkitu zen.

Gaztetasunaren elixirrak, beraz, minbiziak, iktusak, infartuak eta dementziak ekarri zituen. Horri gehitu behar zaizkio kaltzitonina eta veraliprida neuroleptikoa, emakumeei gomendatzen zaizkienak osteoporosia eta tristura tratatzeko; beste aukera txar bi. Hala ere, oraindik, menopausia gaixotasun gisara iragartzen da telebistan eta eztabaida politikoetan, horrela entzun nion nik behintzat Espainiako ezker federalistako hautagai (emakume) bati EAEko hauteskunde kanpainan.

Views: 90
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude