“NORMALTASUN BERRIAREKIKO” PENTSIODUNEN MUGIMENDUA

Nekane Berriotxoa

Maria Serrano

Miguel Barcenilla

Azken hilabeteotan COVID 19ak sorrarazi duen osasun hondamendia berebiziko laztasunez eragin du adinekoengan, batez ere zaharretxeetan bizi direnen artean, eta nabarmena izan da osasun eta zainketa alorretako zerbitzu publikoak izan direla emandako erantzunaren protagonista, non gehienak emakumeak diren.

Horrez gain, gezurtaturik geratu dira ekimen pribatua beti publikoa baino “eraginkorragoa” dela zabaltzen duten mito neoliberalak. Sektore guztietan besteren bizitzak mantentzeko lehendabiziko lerroetan aritu dira pertsona ugari, arrisku mordoa egon arren. Hala ere, horien lanbideak azken krisialditik balioa galdu eta prekarizatu egin dituzte etengabe: osasun langileak, sektore guztietako garbiketako langileak, pertsonak zaintzen duten eta etxez etxeko langileak (horietako batzuk esklabotza egoeran eta intimitate apurrik gabe bizitzen, zaindutako pertsonaren gela berean bizi baitira), landa eremuetako jornalari migratzaileak, etab.

Oso zabaldurik dago beharrezkoa dela alor publiko indartsu baten pertzepzioa nahi badugu pertsonen bizitza erdigunean jartzea, zaurgarrien eskubideak bermatzea, zainketen unibertsaltasuna, batez ere emakumeei egokitzen zaien lan mota horretan eta gizartea bizirik irauteko ezinbesteko direla frogatu dutenen lanak eta soldatak duintzea. Horregatik, beharrezkoa da pribatizazio mota guztiak eten eta lehengoratzea, esaterako: gizarte zerbitzuak, hezkuntza, ikerkuntza, energia alorra eta azken hamarkadetan burututako bestelakoak. Izan ere, argi geratu da pribatizazio horiek ez dutela horrelako zerbitzurik hobetzen, luzarora gastu publikoa gehitzen dela enpresa pribatuen mesedetan eta langileen enplegua eta eskubideak kaskartzen direla era mingarri batean.

Osasun krisiaren eta konfinamendu neurrien ondorioz etorriko da zalantzarik mundu mailako ekonomia atzeraldi larri bat, berebiziko gogortasunez Espainiako estatuan. Izan ere, bertako ekonomiak jasaten du, baita hazkunde baldintzetan ere, egiturazko langabezia tasa handiak. Konfinamenduaren ondorioz, apirilean Espainiako estatuan langabetuak3.89O.OOO milioi izatera iritsi ziren, Estatuko enplegu-zerbitzu publikoaren arabera (SEPE), aldi baterako enplegu-erregulazio espedienteen (ABEEE) laguntzak 3 milioi langilek jasotzen zituzten, eta, milioi erdi autonomok bestelako laguntzak. Europar Batasunak (EB) maiatzean kalkulatu zuen 2O2Oan Espainiako estatuan BPG %9 jaitsi eta langabezia %19 izatera iritsiko dela. Gainera, 2O21ean langabezia tasa beste estatu batzuetan baino motelago jaitsiko da, eta kalkulatzen da %17 izango dela datorren urtean.

Egoera horretan neurri positiboak hartu dira pertsonen eta estatuen alde, baina adierazi behar da horrelako neurriei erabateko betoa jarri zitzaiela 2OO8ko krisialdian, esaterako, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera eta EBk estatuei emateko aukera duen zuzeneko finantzazioa. Kontua da neurri neoliberal horiek progresiboki erakusten dutela dagoen araua dela enpresa txikiei laguntza kredituak ematea banketxe pribatuen bitartez, automobilgintzari emandako 3.5OO milioi euroko laguntzak edo konbateko 348 ibilgailu blindatu erosteko  2.10O milioi euro. Horietako edozein diru-kopuru hezkuntzako inbertsio planerako (2.OOO €) edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrerako aurrekonturako jarritakoa baino gehiago da. Era berean, politikarien eta prentsaren  iritziak betiko normaltasun neoliberal zaharkitura itzultzera bideraturik daude, non funtzionarioei  nahiz pentsiodunei pribilegiatu batzuk izatea leporatzen dieten hileroko diru-sarrera bermaturik dutelako. Edo, komunikabideetan beste horrenbeste egiten dute gutxi-gutxika ahazturik uzten dituztenean konfinamenduan alor publikoak eta prekarizatutako lanbideak jokatu duten rola, enpresen susperraldiaren mesedetan. 

Horregatik beharrezkoa da kaleetan eta iritzi publikoan mantentzea pentsiodunen mugimenduak luzaroan egin dituen aldarrikapenak, horrela guztiontzat pentsio sistema publiko duin bat egon dadin, betiere krisialdi honek lehen mailan utzi dituen premiazko honako beharrak gehituta:

1.- Egoitza eta zainketarako sistema publiko unibertsala eraikitzea. Pribatizazioak lehen zeuden egoerara itzuli eta adinekoentzako etxez etxeko laguntzarako sare publiko bat osatzea. Egoiliarrentzako baldintza duinak izan, beharrezko langileak hornitu eta zainketarako ratioak aldatzea. Langileen lan baldintzak eta soldatak duinak izatea. Era berean, beharrezkoa izango da emakume haiek (gehienak migratzaileak) egiten duten lanaren balorazio soziala eta ekonomikoa, langileak gisa dituzten eskubide guztiak arautuz eta onartuz. Hortaz, gizarte zerbitzuak ezin dira negoziorako gaia izan.

2.- Osasun sare publikoa indartzea. Aurreko krisialdian langile eta ohe kopuruan egindako murrizketak lehenago zeuden egoerara itzultzea. Oinarrizko arreta berehala hobetzea profesionalen eskakizunak eta mobilizazioak kontuan hartuta. Osasun pribatuarekiko hitzarmenak berrikusi eta kontrolatzea.

3.- Pentsioen sistema publiko baten alde,  egun eta gerora ere bermatua, Eta, horretarako beharrezkoa da:

– Pentsioak aurrekontu orokorren bitartez finantzatzea,  kotizazioen bidez  ezin badira  ordaindu.

 – 2O11ko eta 2O12ko erreformen ezaugarri atzerakoiak indargabetzea, izan ere, lege horiek diseinatu zituzten pentsioen estaldura neurri gogorrez murrizteko datozen hamarkadetan. Horrek berekin ekarriko luke iraunkortasun faktorea indargabetzea, KPIren arabera pentsioak berritzea, erretiratzeko adina berriro 65 urtean jartzea eta pentsioa kalkulatzeko egin zuten urte kopuru igoera berrikustea.

4.- Pentsiodun guztiontzat bizitza duin bat bermatzea: Gutxieneko pentsioa 1O8O eurokoa izatea, Europako Gutun Sozialak adostutakoa betetzeko..

5.- Soldatetan eta pentsioetan  dagoen genero arrakalarekin amaitzea. Horretarako derrigorrez bete beharreko legeak promulgatuko dira, berdintasuna bermatuko dutenak, emakumea eszedentzia eskatzera behartuta izan dadin saihestuz (familiako adin txikiko eta nagusikoak zaintzeko kasuetan). Horregatik benetako kontziliazioa eskatzen dugu.

6.- Arlo publikoa sendotu eta krisialdiak sorrarazitako zor publikoari aurre egiteko beharrezkotzat jotzen dugu Estatuaren diru-sarrerak gehitzea. Horretarako ezinbesteko izango da:

– Zerga-sistema errotik erreformatzea. Beharrezkoa da zerga-sistema aldatzea, non diru gehiago dutenek gehiago ordainduko duten. Ezin dugu onartu errentaren parte-hartzean %49 duten soldatapekoek Estatuaren diru-sarreretan %7O edo gehiago izatea. EAEn, adibidez,  azken hamar urteotan lan-errentetatik lortutako diru-bilketa %18 gehitu zen, baina enpresen, profesionalen eta kapitalaren errentetatik lortutakoa %33 gutxitu zen. Hortaz, diru-bilketaren zama ezin da gutxiago dutenen kontura egin.

– Gehitu egin behar da sozietateen zerga-tasa erreala, 2O19an 2OO7an baino zerga gutxiago biltzen zuen bakarra baita, nahiz eta enpresa etekinak gehitu ziren. Kapitalari eta finantza eragiketei tasak ezarri behar zaizkie. Espainiako estatuan presio fiskala areagotu behar da, Europako batezbestekoaren baino 6 puntu gutxiago baita.

-Iruzurraren (kalkulatzen da urtean 3O.OOO milioi €ko iruzurra dagoela) eta ihes fiskalaren (kalkulatzen da paradisu fiskaletan ezkutatuko dirutza 14O.OOO € direla) aurkako borroka eragingarria, ezkutuko ekonomiaren aurkakoa (Estatuaren BPGren %2O da) eta zergak ez ordaintzea saihestea.

Views: 1
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude