OSASUNA GAIXOTASUN EZA BAINO ASKOZ GEHIAGO DA

Egilea – Arantza Urkaregi Etxepare
Osasunaren Munduko Erakundeak (OME), bere Konstituzioan (1946), honela definitu zuen osasuna: “erabateko ongizate fisiko, mental eta sozialeko egoera, eta ez bakarrik afekziorik edo gaixotasunik eza”. Definizio hori egia bihurtzea eta herritar guztiei osasuna bermatzea zeregin konplexua da, eta diziplinarteko erantzunak eskatzen ditu, baita “ongizate fisiko, mental eta soziala” kontzeptuari buruzko definizio argiagoak ere, gizarte-kolektibo desberdinen errealitateari lotutako kontzeptuak baitira.
60 urte baino gehiagoren ondoren, definizio horrek indarrean jarraitzen du, eta medikuntzaren ideia asistentzialistaren aurka borrokatzeko eta gaixotasunik ezaz haratago doan osasun-kontzeptu baten alde egiteko modu gisa aldarrikatu nahi dut.
Garrantzitsua iruditzen zait, Carme Valls Llobet-ek (1) salatzen duen bezala, emakumeen gorputza gehiegi medikalizatzen delako. Berak bi arlotan kokatzen du salaketa hori: alde batetik, menopausia, herrialde garatuetan gaixotasun gisa tratatzen baita, gertakari arrunt eta unibertsal gisa baino gehiago; eta, bestetik, osasun mentala. Azken honetan jarriko dut arreta.
OMEren datuen arabera, 60 urtetik gorako pertsonen % 15 inguruk osasun mentaleko gaitzen bat du. 65 urtetik aurrera, nahasmendu gehiago agertzen dira emakumeen artean, batez ere depresio-nahasmenduak eta antsietatea.
Carme Valls Llobet-ek dioenez, “farmazietan, psikofarmakoen % 85 emakumeei saltzen zaizkie, eta % 15, berriz, gizonei”. Eta hauxe gehitzen du: “Depresio eta antsietate handiagoa al dago emakumeen artean, edo nolabaiteko joera al dago emakumeek diskriminazio-egoeren eta betiko zaintzaileen paperaren gogortasuna jasaten laguntzeko, beraien kexak eta eskaerak psikofarmakoekin isilaraziz? Diagnostiko egokirik eza edo beharrezkoak diren gizarte-zerbitzurik eza, edo zaintzaileen zeregin sistematikoa, ezin dira era sistematikoan antsietatearekin nahastu” (2).

Era berean, mina edo nekea eragiten duten prozesu asko (emakumeen kontsultarako lehen bi arrazoiak) gutxitan diagnostikatzen dira protokolorik edo baliabiderik ez dagoelako, eta horrek tratamendu antsiolitiko edo antidepresibo gehiegi izatea errazten du.
Emakumeen eta gizonen artean sorturiko neke- eta ondoez-kausa gehienak baldintza biologiko, psikologiko, sozial eta ingurumenekoen arteko elkarreragin-aukera zabalari zor zaizkio, eta horiek ez dute modu berean eragiten gizonen eta emakumeen artean. Emakumeek egin behar duten lanaldi bikoitz edo hirukoitzak eragiten duen estres fisiko eta mentalak, familia osoko eta inguruko zaintzaile gisa etengabe egiten duten lan emozionalak, janaririk ezak edo etxeko lanaren gainkarga amaigabeak, ez al dute eraginik emakumeen osasun-egoeran?
Gehiegizko medikalizaziorako joera hori ez da aldatu azken urteotan, Gurutzetako Ospitalean egindako “Psikiatriako eta Osasun Mentaleko Larrialdietako asistentziaren analisia genero-ikuspegitik: 2017-2019 hirurtekoa” gaiari buruzko azterlanean – Emakunderen beka baten bidez finantzatua – agerian geratu den bezala. Hain zuzen, ondorioetako batek horrela dio: “Medikuntza konbentzional biologizistak, medikuen prestakuntzan pisu handia duenak, ez du aintzat hartzen ez ikuspegi psikosoziala, ez genero-ikuspegia, zeina munduko biztanleriaren % 51ren bizitzan nabarmen desberdina den, bai lan-esparruan (prekarietate eta pobrezia handiagoa), bai etxean, non zaintzale gehienak emakumeak baitira”.
Horren ondorioz, diagnostiko berdinetan, emakumeek medikalizazio handiagoa jasoko dute, eta batez ere antsiolitikoak eta antidepresiboak agintzen zaizkie.
Bakardadea eta tristura ez dira depresioa, antidepresiboen bidez konpontzen ez diren eta konponbide konplexuagoak behar dituzten gizarte-arazoak baizik. Eta konponbide horiek ezin dira lortu ez telefonoz, ez 5 minutuko kontsultan. Gai horiei heltzea oso lotuta dago Lehen Mailako Arretaren egoerarekin. Langile gehiago behar dira, lan-baldintza hobeak dituztenak eta genero-ikuspegiari buruzko prestakuntza espezifikoa dutenak.
Osasuna medikazioa baino gehiago da, eta emakumeok jasaten ditugun urraketa- eta diskriminazio-egoeren gainerako kausei –bai materialei bai sinbolikoei– erantzun behar die. Besteak beste, miseriazko pentsioak dituzten emakume pentsiodun askok pairatzen duten pobrezia.
Gai hauei helduko al diete Euskal Osasun Itunaren aldeko Mahaian?
(1) 75 urteko endokrinologoa, medikuntzan genero-ikuspegia txertatzearen beharra aldarrikatzeko aitzindaria.
(2) La medicalización del cuerpo de las mujeres y la normalización de la inferioridad. Carme Valls Llobet. Emakundek antolaturiko Sare Kongresua (2008).

Gain medikazioaz gehiago jakiteko irakurri Joan Ramón Laporteren ” Crónica de una sociedad intoxicada”.
Emakumeak, zaharrak eta txiroak dirá polimedilazazioren biktima nagusiak.