“Pandemia honek argi utzi digun ondorioetako bat da pertsona, osasuna eta bizitza duina direla lehengo”

Gizarteak azken hilotan izan dituen aldaketek ez dute eten sektore desberdinek urtetan abiatu dituzten borrokak. Horietako bat da Goierriko Pentsiodunek indarrean dutena. Izurriteak eragindako egoerak ez du bide hori eten eta pasa den ekainaren 1ean, Ordiziako plazan egiten duten ohiko elkarretaratzea egin zuten (astelehenero, goizeko 11etan biltzen dira). Egoera berriari buruz Iñaki Aizpururekin hitz egin dugu.
Azken ia hiru hilabeteetan, Covid-19aren eraginez, gure gizarteak pentsaezina zen erronka bati aurre egin behar izan dio, eta bizitzeko modua era aldatu egin da. Zer iritzi diozu horri?
Onerako aldatuko ez den arazoetako bat, besteak beste, milaka Pentsiodunen pobrezia egoera da, gehienetan emakumeena, eta sortu diguten krisi sozioekonomikoari aurre egiteko orduan, kaltetuetako batzuk izaten jarraituko dugu. Gipuzkoan, bakarrik, 4000tik gora dira 700 euro baino gutxiago kobratzen duten pentsiodunak. Beraz, uste dugu, orain inoiz baino gehiago, Pentsiodunon aldarrikapenei ere erantzun bat eman behar dietela gobernu ezberdinak.
Pertsona helduenek egoera lazgarria bizi dute.
Krisi honekin, Adinekoen Egoitzetan zegoen egoera larria egiaztatu da. Gipuzkoako Foru Aldundiak berak emandako datuen arabera, kutsaduragatik 167 pertsona hil dira eta beste asko susmagarri gisa hil dira (1000tik gora HEHn; hildako guztien %56 adinekoen egoitzetan hil dira). Espainian 19.000 pertsona baino gehiago hil dira Adinekoen Egoitzetan.
Badakigu gehienak bakarrik hil direla, ingurukoen azken agurraren kontsolarik gabe. Gure elkartasuna eta laguntza familia horientzat guztientzat.
Egoitzak aipatu dituzue zuen agirian eta, lehenago ere egoera ez zen ona.
Gogoan izan behar da 243 egunetan baino gehiagotan greba egin dutela Gipuzkoako Adinekoen Egoitzetako langileek; salatu egin dute, egoitza horietako, lan eta bizi duintasunik eza. Hemendik gure besarkada eta elkartasuna beraientzat ere. Egoitzek duintasunez bizitzen jarraitzeko izan behar dute, adinekoon eskumena da; adinekook beste herritarren eskubide berdinak ditugu
Gertatu dena iragarritako drama baten kronika da. Non daude errudunak?
Balizko egoera berri honetan zein da zuen postura orain?
Osasun krisia pasatu ondoren (zoritxarrez hildako gehiegi jarri ditugu bidean) erantzun beharreko ondorioetako bat, besteak beste, Osasun, Zaintza eta Pentsio Publiko Duinak guztiontzat izatea izan behar du. Izurrite horrek argi utzi digun ondorioetako bat da lehenik pertsona, osasuna eta bizitza duina dela. Denok konturatu gara gure bizitza dela lehena.
Horregatik, berriro, gure aldarrikapen justuak kalean ere defendatzeko, Hego Euskal Herriko Pentsiodunen kontzentrazioei helduko diegu astelehenetan. Hauek dagoeneko hasi ziren maiatzaren 18an hainbat herri eta hiriburuetan. Ordizian hasi gara berriro Goierriko pentsiodunok kontzentratzen; horretarako behar diren osasun baldintza guztiak beteaz. Beraz, herriko erretiratu eta pentsiodunak ez ezik, Goierrikoak ere gonbidatzen ditugu, astelehenetako Pentsiodunon kontzentrazioetara, denak ere egoera duinean bizitzeko aukera izan dezagun.
