Pentsio duinak, bidezko soldatak eta erabakitzeko eskubidea!

gaurgeroa.eus
Pentsio duinak eskatzen ditugunean, bizitzeko aukera emango diguten soldatak eskatzen ditugunean, energia eskuragarria, industria indartsua eta komunikazio eraginkorrak eskatzen ditugunean, Nafarroako eta Gasteizko gobernuen erantzuna beti bera da: “Eskumenak Madrilen daude”.
Behin eta berriz, horma bera jo genuen. Esan digute gure baliabideak eta Nazio-gaitasunak sistema zentralista batek mugatzen dituela, eta sistema horrek ez dituela gure beharrak ezagutzen eta lehenesten. Bitartean, gure ekonomiari, ongizateari eta etorkizunari buruzko funtsezko erabakiak nola hartzen diren ikusten jarraitzen dugu, gurekin kontatu gabe.
Subiranotasuna behar dugu erabakitzeko
Ez da auzi politikoa bakarrik; duintasun kontua da. Nola da posible beste batzuek erabakitzea zer pentsio merezi ditugun, zer soldata diren nahikoak edo nola antolatu behar den gure industria? Gurea kudeatzeko gaitasuna duen herria gara, baina oinarrizko tresna falta zaigu: erabakitzeko eskubidea.
Horregatik, Gaurgeroak dei egiten die herritar guztiei datorren larunbatean Bilbon Gure Esku Dagok deitutako mobilizazioan parte hartzera. Ahotsa altxatzeko garaia da, gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea duen herri gisa onar gaitzatela exijitzekoa.

