POSIBLE AL DA ZERBITZU PUBLIKOAK INDARTZEA ZERGAK IGO GABE? (I)



Arantza Urkaregi Etxepare

Covid-19 pandeniak ondorio ezberdinak sortarazi ditu, horien artean, diru-sarreren jaitsiera. Maiatza arteko diru-bilketaren jaitsiera %21,8 izan da EAEn, 2019ko maiatzakoarekin alderatuz. Urteko diru-bilketa osoaren jaitsiera %20koa izango dela estimatzen da, EAEn, 3.000 milioi € inguruko gutxiago.

Aldi berean, Covid-19 pandeniak agerian utzi du gure zerbitzu publikoen ahuldadea, bai osasun-zerbitzuena zein adineko pertsonen arretarako gizarte-zerbitzuena. Beraz, pandemiatik atera beharreko beste ondorio bat da gure zerbitzu publikoak sendotu eta indartu behar ditugu. Eta horretarako, ezinbestekoa da diru-sarrerak handitzea.

Eta ahaztu gabe Covid-19 pandeniak gogor kolpatu dituela egoera zaurgarrienean ziren pertsonak: langile prekarioak, paperik gabeko migranteak, etxerik gabekoak, eta abar luze bat- Eta, beraz, gizarte-babeserako inbertsio publiko gehiago beharko dugu.

Hauxe da aurre egin behar diogun errealitatea: diru-sarrera gutxiago eta behar sozial gehiago zein zerbitzu publikoak indartu beharra.

Urkullu jaunak dio ez duela zergak igoko, baina ez duela murrizketarik egingo. Bi gauzak batera ezinezkoak dira. Diru-sarrera gutxiagorekin ezin da aurrekontuetan aurreikusitako proiektu guztiak aurrera eramatea. Eta proiektu batzuk atzeratu eta beste batzuk bertan behera utzi beharko dira. Gainera, behar berriei erantzuteko proiektu berriak abian jarri beharko dira.

EAJk eta PSEk osaturiko Foru Gobernuek zein funtziotan dagoen Eusko Jaurlaritzak, diru-sarrera gehiago biltzeko beharra aipatzen zaien bakoitzean, beraien erantzuna da, alde batetik, Europako funtsen zain daudela, jakin behar dela zenbat diru jasoko dugun Europatik, eta bestetik, zorpetzea handitu beharko dela. Baina zergak igotzeaz ez dute hitz egin nahi. Eta zergen bidez lortzen dira diru-sarreren %90 baino gehiago.

Europako funtsak diote, baina ez dakigu zenbat jasoko dugun eta zein baldintzatan, dohainik ez dira izango. Eta zorpetzea ezinbestekoa izango da. Kontua da zorpetzea zertan inbertitzeko?

Orain arte ikusi duguna izan da gero eta diru gehiago azpiegitura erraldoiak egiteko, dela Abiadura Handiko Trena dela (amaitu gabe eta konexiorik izango ez duena datozen 10 urteotan, eta jadanik 6.500 milioi € kostatu zaiguna, aurreikusitakoa baino 2.300 milioi € gehiago), Lamiakoko itsasadar azpiko tunela (Bizkaiko Foru Aldundiak 8,9 milioi € iragarri ditu soilik proiektua egiteko). Eta gero eta diru gehiago, etorkizuna kolokan duten ziurgabetasun handiko proiektuentzat (Bizkaia Dorreko Nazioarteko Ekintzailetza Zentrorako 11,5 milioi gehiago jarri ditu Bizkaiko Foru Aldundiak edo 19 milioi € Energy Intelligence Center-erako).

Proiektu horiek aurrera jarraitzen dute diru-sarrera gutxiago izan arren. Eta bitartean, Osakidetzako Lehen Arretako osasun-langileei muzin egiten diote, adineko egoitzetan ez dago bermatuta bi orduko arreta egoiliar guztientzat, Diru Sarrera Bermatzeko Errentatik kanpo milaka pertsonak jarraitzen dute,…

Zorpetzea ona izan daiteke, baldin eta gizarte-beharrei erantzuteko baldin bada. Edozein kasutan, zorpetzea diru-sarrerak arin lortzeko bidea da, erabili beharko duguna, baina interesekin bueltatu beharreko dirua da, eta beraz, datozen urteotan diru-sarrera gehiago beharko ditugu. 

Azken finean, Covid-19 pandemiak egindako gizarte-ondorio larriei aurre egiteko Europako funtsak beharko ditugu, zorpetzea ezinbestekoa izango da, baina baita zergak igotzea, ez zerga guztiak ezta pertsona guztiei, baizik eta ahalmen ekonomikoa handiena duten enpresei eta aberatsei, baina horretaz hurrengo artikuluan jardungo dut.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *